Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

19. IKASKETARAKO ARTIKULUA

Apokalipsia: Zer esan nahi du zuretzat?

Apokalipsia: Zer esan nahi du zuretzat?

«Zorionekoak mezu profetiko hau irakurri eta entzuten dutenak» (AP 1:3).

sjj 15. KANTA Goretsi Jehobaren Lehen Semea!

ZER AZTERTUKO DUGU? *

1, 2. Zein da Apokalipsia liburuan interesa agertzeko arrazoi bat?

 IKUSI al duzu inoiz beste norbaiten argazki bilduma? Argazkiak pasa ahala, aurpegi gehienak ezezagunak dira zuretzat. Baina batek zure arreta deitzen du. Zergatik? Zu agertzen zarelako. Noiz eta non atera zen eta argazkian dauden pertsona guztiak nortzuk diren gogoratzen saiatzen zara. Bat-batean, argazki hori oso berezia da zuretzat.

2 Apokalipsia liburua argazki hori bezalakoa da. Zergatik? Gutxienez, bi arrazoirengatik. Lehenengoa, biblia-liburu hau guretzat idatzia izan zelako. Bere lehen bertsetean dio: «Hau da Jainkoak Jesu Kristori egin zion agerpena, honek bere zerbitzariei laster gertatuko dena erakuts ziezaien» (Ap 1:1). Beraz, liburu hau ez dago mundu guztiari zuzendua, Jainkoaren zerbitzariei baizik. Jainkoaren herriaren parte garenez, ez gaitu harritzen liburu txundigarri honetako profezien betetzean parte hartzen ari garela ikusteak. Beste hitz batzuetan, ez gaitu harritzen argazkian gaudela ikusteak.

3, 4. ⁠Apokalipsia⁠liburuaren arabera, noiz beteko ziren bertako profeziak eta zer eragin izan beharko luke gugan?

3 Zein da Apokalipsia liburuan interesa agertzeko bigarren arrazoia? Profezia hauek beteko ziren garaia. Joan apostoluak «Jaunaren egunean» beteko zirela esan zuen (Ap 1:10). Hitz horiek idatzi zituenean, K.o. 96. urtea zen eta «Jaunaren eguna» oraindik oso urruti zegoen (Mt 25:14, 19; Lk 19:12). Biblia-profezien arabera, egun hori 1914. urtean hasi zen, Jesu Kristo zeruan errege bezala agintzen hasi zenean. Handik aurrera, Jainkoaren herriarekin zerikusia duten Apokalipsia liburuko profeziak betetzen hasi ziren. Argi dago «Jaunaren egunean» bizitzen ari garela, bai horixe!

4 Zirrara sortzen duen garaian bizi garenez, Apokalipsia 1:3⁠ko aholkuari arreta berezia jarri behar diogu: «Zorionekoak mezu profetiko hau irakurri eta entzuten dutenak, eta bertan idatziari jaramon egiten diotenak, beteko den garaia hurbil baitago!». Hala da, profezia «irakurri», «entzun» eta honi «jaramon egin» behar diogu. Baina, zeri zehazki?

ZURE ADORAZIOA ONARGARRIA DELA ZIURTATU

5. Nola azpimarratzen du Apokalipsia liburuak gure adorazioak Jehobarentzat onargarria izan behar duela?

5 Apokalipsia liburuaren hasiera-hasieratik ikusten dugu Jesu Kristok ondo ezagutzen duela kongregazioetan zer gertatzen den (Ap 1:12-16, 20; 2:1). Nola dakigu hori? Asia Txikiko zazpi kongregaziori bidali zizkien mezuengatik. Hor, garai hartako kristauen adorazioa Jehobarentzat onargarria izateko, zer egin behar zuten esan zien. Aholku horiek gaur egun kristau guztiok ere jarraitu behar ditugu. Orduan, zer ikasten dugu? Gure liderrak, Jesu Kristok, ederki ezagutzen duela gure egoera espirituala. Bere babes, zaintza eta gida dugu, eta dena ikusten du. Gainera, badaki zer egiten jarraitu behar dugun gure adorazioa Jehobarentzat onargarria izateko. Berak emandako zer aholkuri egin behar diogu jaramon gaur egun?

6. a) Apokalipsia 2:3, 4⁠ko Jesusen hitzen arabera, zer arazo zuen Efesoko kongregazioak? b) Zer ikasten dugu hemendik?

6 Irakurri Apokalipsia 2:3, 4Ez dugu galdu behar hasieran Jehobari genion maitasuna. Jesusek Efesoko kongregazioari bidali zion mezuan, beraiengan ikusitako bi gauza on aipatu zituen: iraupena erakutsi zutela eta, zailtasunak izan arren, Jehobaren zerbitzuan tinko jarraitu zutela. Hala ere, hasieran zuten maitasuna galdu zuten. Jehobak beraien adorazioa onartzea nahi bazuten, maitasun hori berriro piztu behar zuten. Guk ere irauteko beharra dugu, baina horren atzean motibazio egokia egon behar da: bihotzeko maitasuna eta esker ona. Jainkoari inporta zaiona ez da bere zerbitzuan zer egiten dugun bakarrik, zergatik egiten dugun ere inporta zaio (Es 16:2; Mk 12:29, 30).

7. a) Apokalipsia 3:1-3 pasartearen arabera, zer arazo ikusi zuen Jesusek Sardesko kongregazioan? b) Eta guk, zer egin behar dugu?

7 Irakurri Apokalipsia 3:1-3Erne eta esna segi behar dugu. Sardesko kongregazioak beste arazo mota bat zuen. Iraganean espiritualki lanean ibili ziren arren, orain Jehobaren zerbitzuan erdi lo zeuden. Horregatik, Jesusek esnatzeko eta erne egoteko esan zien. Zer ikasten dugu guk? Egia da Jehoba ez dela guk egindakoaz ahazten (Heb 6:10). Baina nahiz eta Jehobaren zerbitzuan iraganean gauza asko egin, ezin dugu horretaz bizi. Lehen baino mugatuago egon arren, gogoan izan dezagun «Jaunaren lanean» lanpetuta egon eta azkeneraino erne eta esna segi behar dugula (1 Ko 15:58; Mt 24:13; Mk 13:33).

8. ⁠Apokalipsia 3:15-17⁠kontuan hartuz, zer ikasi dezakegu Laodizeako anai-arrebei zuzendutako hitzetatik?

8 Irakurri Apokalipsia 3:15-17Jehoba bihotz-bihotzez eta sutsu adoratu behar dugu. Jesusek beste arazo bati buruz hitz egin zien Laodizeako kongregaziokoei. Beraien adorazioan «epelak» bihurtu ziren. Erakusten zuten apatiagatik, «gizagaixo» eta «errukarriak» deitu zituen. Horregatik, Jehobaren adorazioan sutsuak izateko agindu zien (Ap 3:19). Zer ikasten dugu guk? Gure sua itzaltzen ari bada, bizitu dezagun. Nola? Jehobari eta bere erakundeari diogun esker ona handituz (Ap 3:18). Ez dezagun inoiz Jehobaren zerbitzua bigarren postura pasa bizimodu eroso bat lortzearren.

9. Jesusek Pergamo eta Tiatirako kristauei bidalitako mezuen arabera, zer arrisku saihestu behar dugu?

9 Apostaten irakaspenak baztertu behar ditugu. Jesusek Pergamoko batzuei beraien aurka zerbait zuela esan zien: banaketak eta sektak bultzatzen ari zirela (Ap 2:14-16). Tiatirako anai-arreba batzuei, berriz, «Satanasen barrunbeak» edo gauza sakonak baztertzeagatik ederki egiten ari zirela esan zien. Gainera, egiari tinko eustera animatu zituen (Ap 2:24-26). Bi kongregazio hauetako kristau ahulek irakaspen faltsuak onartu zituztenez, damutu egin behar zuten. Zer ikasten dugu guk? Jehobaren pentsaeraren aurka dagoen edozein irakaspen baztertu behar dugula. Apostatak «itxuraz jainkozale agertu» daitezke, baina egiten dutenarekin guztiz kontrakoa erakusten dute (2 Tm 3:5, EABLB). Jainkoaren Hitzaren ikasle finak bagara, askoz ere errazagoa egingo zaigu irakaspen faltsu horiek antzeman eta baztertzea (2 Tm 3:14-17; Ju 3, 4).

10. Zer gehiago ikasi dezakegu Jesusek Pergamo eta Tiatirako kongregazioei esandakotik?

10 Moralgabekeria mota guztiak zeharo baztertu behar ditugu. Jesusek Pergamo eta Tiatirako anai-arrebei zerbait gehiago esan zien. Kongregazioko batzuek ez zuten jokabide moralgabea baztertzen (Ap 2:14, 20). Zer ikasten dugu guk? Ezin dugula pentsatu egian urte asko eramateagatik edo ardura bereziak izateagatik Jehobak guk jokabide moralgabea izatea onartuko duenik (1 Sm 15:22; 1 P 2:16). Munduko arau moralak gero eta gehiago okertu arren, Jehobaren arau moral gorenei eutsi behar diegu. Hori da Jehobak gugandik espero duena (Ef 6:11-13).

11. Zer ikasi dugu orain arte? (Ikusi « Gaur egun ikasten duguna» taula)

11 Zer ikasi dugu orain arte? Jehobak gure adorazioa onartzen duela ziurtatu behar dugula. Gure adorazioa ez onartzeko arrazoiren bat dagoela konturatzen bagara, berehala egin behar ditugu beharrezko aldaketak (Ap 2:5, 16; 3:3, 16). Baina Jesusek zerbait gehiago esan zien kongregazioei. Ikus dezagun zer izan zen.

PERTSEKUZIOAREN AURREAN IRAUTEKO PREST EGON

Zerutik jaurtia izan ondoren, zer egin du Satanasek Jainkoaren herria erasotzeko? (Ikusi 12-16 paragrafoak)

12. Zer ikasi dezakegu Jesusek Esmirna eta Filadelfiako kongregazioei emandako mezutik? (Apokalipsia 2:10)

12 Ikus dezagun Jesusek Esmirna eta Filadelfiako kongregazioei emandako mezua. Pertsekuzioaren beldur ez izateko esan zien, leial irauten bazuten, saria jasoko baitzuten (Irakurri Apokalipsia 2:10; 3:10). Zer ikasten dugu gaur egun? Guk ere pertsegituak izatea espero behar dugula eta leial irauteko prest egon behar garela (Mt 24:9, 13; 2 Ko 12:10). Zergatik da hain inportantea mezu hau?

13, 14. Zer eragin izan dute Jainkoaren herriarengan Apokalipsia 12. kapituluko gertakariek?

13 Apokalipsia liburuak gaur egun, Jaunaren egunean, Jainkoaren herria pertsegitua izango zela esaten du. 12. kapituluak Jainkoaren Erreinua jaio eta berehala, zeruetan gerra hasiko zela aipatzen du. Mikel, hau da, aintzatua izan zen Jesu Kristo, eta bere gudarosteek Satanas eta bere deabruen aurka borroka egingo zuten (Ap 12:7, 8). Jainkoaren etsaiek porrot egin eta lurrera jaurtiak izango ziren. Eta, honen ondorioz, ikaragarrizko sufrimendua eragingo zieten lurra eta bertan biziko zirenei (Ap 12:9, 12). Baina, zer ekarriko zion honek Jainkoaren herriari?

14 Apokalipsia liburuak Satanasek nola erreakzionatuko zuen esaten digu. Ezin duenez zerura berriro igo, lurrean geratzen diren gantzutuen aurka amorru biziz dabil. Izan ere, Jainkoaren Erreinuaren ordezkari dira eta «Jesusen testigantza leial egiten dute» (Ap 12:17; 2 Ko 5:20; Ef 6:19, 20). Nola bete da profezia hau?

15. Nortzuk dira Apokalipsia 11. kapituluko «bi testiguak» eta zer gertatu zitzaien?

15 Satanasek predikazioan aurrea eramaten zuten anaia gantzutuen aurkako erasoa bultzatu zuen. Hauek, hil zituzten «bi testiguak» irudikatzen zituzten (Ap 11:3, 7-11). * 1918⁠an, ardura zeramatenen arteko zortzi anaiari akusazio faltsuak leporatu eta urte askotarako kondenak ezarri zizkieten. Giza ikuspuntutik, gantzutu hauen lana hilda zegoen.

16. Nahiz eta harrigarria izan, zer gertatu zen 1919⁠an, baina zer egiten aritu da Satanas geroztik?

16 Apokalipsia 11⁠ko profeziak dio denbora labur baten ondoren, bi testiguak bizira itzuliko zirela. Harrigarria zirudien arren, hurrengo urtean bertan, 1919⁠ko martxoan, anaia hauek kargurik gabe aske geratu ziren. Segituan, lanean jarri ziren berriro. Baina Satanasek ez zuen amore eman eta Jainkoaren herria erasotzen jarraitu zuen. Geroztik, «ibaia» bezalako pertsekuzioa bultzatu du (Ap 12:15). Horregatik, «iraupena eta fedea» erakutsi behar du gutako bakoitzak (Ap 13:10, EABLB).

JEHOBAK EMANDAKO LANEAN BURU-BELARRI ARITU

17. Satanasek erasotu arren, espero gabeko zer laguntza jaso du Jainkoaren herriak?

17 Apokalipsia 12. kapituluak espero gabeko tokietatik laguntza etorriko zela aurresan zuen. Profeziak dio lurrak pertsekuzioaren «ibaia irentsi» egingo zuela (Ap 12:16). Eta horixe izan da gertatu dena. Batzuetan, Satanasen munduko elementu egonkorrenek, sistema judizial batzuek adibidez, laguntza eman dute. Epaiketetan, behin eta berriz, Jainkoaren herriaren aldeko erabakiak hartu dituzte eta, horrela, neurri bateko askatasuna baimendu dute. Nola erabili da askatasun hori? Jehobak emandako lanean gehiago egiteko aukerak bete-betean erabiliz (1 Ko 16:9). Zein da lan hori?

Zer bi mezu ari da zabaltzen Jainkoaren herria? (Ikusi 18 eta 19 paragrafoak)

18. Zein da gure lan nagusia azken egun hauetan?

18 Jesusek, azkena etorri baino lehen, bere jarraitzaileek «Jainkoaren erregetzaren» berri ona mundu osoan barrena zabalduko zutela aurresan zuen (Mt 24:14). Horretarako, aingeru baten edo aingeru talde baten laguntza jasotzen dute. Aingeru honek «betiko balio duen mezua iragarri behar zien lurreko bizilagun guztiei, nazio, arraza, hizkuntza eta herri guztiei» (Ap 14:6).

19. Zer beste mezu zabaldu behar dute Jehoba maite dutenek?

19 Erreinuaren berri ona ez da Jainkoaren herriak zabaldu behar duen mezu bakarra. Apokalipsia 8 tik 10 era kapituluetan deskribatzen den aingeruen lanean ere lagundu behar dute. Hor Jainkoaren Erreinua baztertzen dutenek izango zituzten zoritxarrak aipatzen dira. Horixe da Jehobaren lekukoak zabaltzen ari diren epai-mezua. Mezu hau «kazkabarra eta sua» bezalakoa da eta Satanasen mundu maltzurraren elementu batzuen aurkako epaia da (Ap 8:7, 13). Azkena gertu dagoela eta Jehobaren haserre-egunean bizirik ateratzeko aldaketa handiak egin behar dituela jakin behar du jendeak (So 2:2, 3). Baina mezu hau ez zaienez batere gustatzen, ausardia behar dugu. Gainera, larrialdi handian azken epai-mezua are gogorragoa izango da (Ap 16:21).

MEZU PROFETIKOARI JARAMON EGIN

20. Zer ikusiko dugu hurrengo bi artikuluetan?

20 Dudarik gabe, Apokalipsia liburuko profeziari jaramon egin behar diogu. Izan ere, profezia horretan parte hartzen ari gara (Ap 1:3). Baina nola egin aurre pertsekuzioari eta, era berean, ausardiaz predikatzen jarraitu? Bi ideia hauek lagunduko digute: lehena, Apokalipsia liburuak Jainkoaren etsaiei buruz dioenak eta, bigarrena, leial mantentzen bagara jasoko ditugun bedeinkapenak. Horixe da hurrengo bi artikuluetan ikusiko duguna.

sn 27. KANTA Jarri Jehobaren alde

^ § 5 Oso garai berezian bizi gara! Gaur egun Apokalipsia liburuko profeziak betetzen ari dira. Ba al dute gurekin zerikusirik? Artikulu honek eta hurrengo biek Apokalipsia liburuaren ikuspegi orokor bat emango digute. Liburu honetan dauden aginduak obeditzen baditugu, Jehobak gure adorazioa onartzen jarraituko duela ikusiko dugu.