Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

22. IKASKETARAKO ARTIKULUA

Bizitzan erabaki onak hartzeko jakinduria

Bizitzan erabaki onak hartzeko jakinduria

«Jauna baita zuhurtzia ematen duena» (ES 2:6).

sjj 89. KANTA Entzun, obeditu eta bedeinkapenak jaso

ZER AZTERTUKO DUGU? *

1.⁠ Esaera Zaharrak 3:13, 15⁠aren arabera, zergatik behar dugu guztiok Jainkoarengandik datorren jakinduria?

 INPORTANTEA den erabaki bat hartzean, jakinduria behar-beharrezkoa dela dakigunez, Jehobari eskatzen diogu otoitzean (St 1:5). * Salomon erregeak honakoa idatzi zuen jakinduriari buruz: «Gauzarik baliotsuena ere ez da beraren pareko» (Irakurri Esaera Zaharrak 3:13, 15). Noski, Salomon ez zen edonolako jakinduriaz ari, Jehobarengandik datorrenaz baizik (Es 2:6). Nola laguntzen digu jakinduria mota honek gaur egungo arazoei aurre egiten? Horixe da artikulu honek erantzungo duena.

2. Nola bihurtu gaitezke zuhur?

2 Zuhur izateagatik oso ezagunak izan zirenen irakaspenak aztertu eta praktikan jartzen baditugu, gu ere zuhur bihurtu gaitezke. Jakinduria handia erakutsi zuten bi gizonen ereduak aztertuko ditugu artikulu honetan zehar. Lehenengo, Salomonen eredua ikusiko dugu. Bibliak dio: «Jainkoak jakinduria eta zuhurtzia handia eman zizkion Salomoni» (1 Erg 5:9 [4:29, NWT]). Eta gero, Jesusen eredua aztertuko dugu. Bere jakinduria paregabea izan zen (Mt 12:42). Honakoa aurresan zen berari buruz: «Beraren gainean kokatuko da Jaunaren Espiritua: jakinduriaz eta adimenez beteko du» (Is 11:2).

3. Zer aztertuko dugu artikulu honetan?

3 Salomon eta Jesusen jakinduria-iturria Jainkoa zenez, eman zituzten aholkuak arlo askotan oso praktikoak dira. Artikulu honetan hiru aztertuko ditugu: dirua, lana eta geure burua ikusteko modua. Ikus dezagun nola izan gaitezkeen orekatsuak arlo horietan.

DIRUARI BURUZKO IKUSPUNTU OREKATSUA

4. Zer desberdintasun zegoen Salomon eta Jesusen artean?

4 Salomon izugarri aberatsa izan zen, eta nahi zuen luxu guztiez gozatzen zuen (1 Erg 10:7, 14, 15). Jesusek, aldiz, oso gauza gutxi zituen. Adibidez, ez zuen etxe propiorik (Mt 8:20). Hala ere, bien jakinduria-iturria Jehoba zenez, biek gauza materialei buruzko ikuspuntu orekatsua izan zuten.

5. Diruari buruzko zer ikuspuntu orekatsu izan zuen Salomonek?

5 Salomonek dirua «babesa» dela onartu zuen (Koh 7:12NWT). Eguneroko bizitzarako behar dugu eta, noizean behin, gustatzen zaizkigun gauzak erosteko ere erabili dezakegu. Baina Salomonek, aberatsa izan arren, dirua baino gauza inportanteagoak badaudela esan zuen. Adibidez, «hobe izen ona aberastasun ugari baino», idatzi zuen (Es 22:1). Dirua maite dutenak ez direla ia inoiz asetzen konturatu zen (Koh 5:9, 11 [5:10, 12, NWT]). Gure konfiantza diruan jartzea arriskutsua dela aitortu zuen, begien itxi-ireki batean desagertu daitekeelako (Es 23:4, 5).

Oztopo al dira gauza materialak gauza espiritualei lehentasuna emateko? (Ikusi 6 eta 7 paragrafoak) *

6.⁠ Mateo 6:31-33⁠ pasartearen arabera, gauza materialei buruzko zer ikuspuntu orekatsu izan zuen Jesusek?

6 Jesusek gauza materialei buruzko ikuspuntu orekatsua zuen. Gauza onez disfrutatzen bazekien, adibidez, jan-edanaz (Lk 19:2, 6, 7). Esaterako, bere lehen miraria ura primerako ardo bihurtzea izan zen (Jn 2:10, 11). Hil zen egunean ere, jantzi garesti bat zeraman soinean (Jn 19:23, 24). Baina gauza materialak ez ziren Jesusen lehentasuna. Izan ere, bere jarraitzaileei esan zien: «Ezin da inor bi nagusiren morroi izan […] Ezin zaitezkete Jainkoaren eta diruaren morroi izan» (Mt 6:24). Gainera, Jainkoaren Erreinuari lehentasuna ematen badiogu, Jehobak behar ditugun gauza guztiak emango dizkigula irakatsi zuen (Irakurri Mateo 6:31-33).

7. Nola lagundu zion anaia bati diruari buruzko ikuspuntu orekatsua izateak?

7 Diruari buruzko Jainkoaren aholkuei kasu egitea anai-arreba askorentzat oso lagungarria izan da. Adibidez, Daniel izeneko anaia ezkongabeak dio: «Gaztetxoa nintzenean, Jehoba zerbitzatzea nire bizitzako gauza inportanteena izango zela erabaki nuen». Bizitza sinplea eramateak proiektu teokratiko desberdinetan bere gaitasuna eta denbora erabiltzeko aukera eman dio. Gainera, honakoa dio: «Benetan, hartu nuen erabakiaz ez naiz sekula damutu. Bai, egia da, sekulako dirutza irabaziko nuke hori izan balitz nire bizitzako lehentasuna. Baina, nolatan egingo nuke hainbeste lagun zoragarri? Nolatan izango nuke Jehobari onena emateagatik sentitzen dudan lasaitasun eta poza? Munduko urre guztia ezin da konparatu Jehobak eman dizkidan bedeinkapenekin». Zalantza izpirik gabe, gure onerako da diruaren ordez gure bizitzan gauza espiritualak lehen postuan jartzea.

LANARI BURUZKO IKUSPUNTU OREKATSUA

8.⁠ Kohelet 5:17, 18⁠aren arabera, nola dakigu Salomonek lanari buruzko ikuspuntu orekatsua zuela?

8 Salomonek lan gogorraren ondorioz datorren poza «Jainkoaren dohaina» dela esan zuen (Irakurri Kohelet 5:17, 18 [5:18, 19, NWT]). Lan gogorrak dakarren «nekeak beti du bere irabazia», idatzi zuen (Es 14:23). Bazekien, bai, zertaz ari zen, oso langilea izan baitzen! Herrixkak eta jauregiak eraiki zituen, mahastiak landatu, lorategiak atondu eta urtegiak egin zituen (1 Erg 9:19; Koh 2:4-6). Bai, hori lan gogorra izan zen, eta seguru pozik sentitzeko modukoa zela. Baina, Salomonek bazekien benetako zoriona sentitzeko beste zerbaitetan ere lan egin behar zuela: Jehobarentzat egin behar zuen lan. Hori, besteak beste, zazpi urte iraun zuen tenpluaren eraikuntza gainbegiratuz egin zuen (1 Erg 6:38; 9:1). Bi lan mota hauetan parte hartu ondoren, Jehobarentzat lan egitea askoz ere inportanteagoa zela ondorioztatu zuen: «Esanak esan, eta bukatzeko, izan begirune Jainkoari eta bete beronen aginduak» (Koh 12:13).

9. Nola mantendu zuen Jesusek lana bere lekuan?

9 Jesus gizon langilea izan zen. Gaztetan, arotz lanetan aritu zen (Mk 6:3). Etxean asko zirenez, gurasoek asko eskertuko zioten egiten zuen lana. Perfektu izanda, arotz lanetan trebea izango zen eta seguru bezero asko edukitzeko aukera zuela. Lanaz asko gozatuko zuen! Hala ere, gogor lan egiten saiatzeaz gain, gauza espiritualetarako denbora hartzen zuen (Jn 7:15). Gero, Jehoba denbora osoz zerbitzatzen hasi zenean, honakoa esan zien bere jarraitzaileei: «Ahalegin zaitezte, ez galtzen den janariagatik, baizik eta irauten eta betiko bizia ematen duen janariagatik» (Jn 6:27). Mendiko hitzaldian ere, honakoa esan zuen: «Pilatu zeruan zeuen aberastasunak» (Mt 6:20).

Nola mantendu dezakegu lana eta gauza espiritualen arteko oreka? (Ikusi 10 eta 11 paragrafoak) *

10. Zer erronka izaten dute batzuek lanean?

10 Jainkoarengandik datorren jakinduriak lanari buruzko ikuspuntu orekatsua izaten laguntzen digu. Kristauoi Bibliak lan gogorra egiteko eta gure lana ondo egiten saiatzeko esaten digu (Ef 4:28). Lanean nagusiek langile finak eta zintzoak garela ikusten dute, eta zenbat eskertzen duten esaten digute agian. Imajinatu gure nagusiak Jehobaren lekukoei buruzko ikuspuntu hobea izan dezan, intentzio onarekin lanean ordu gehiago sartzen hasten garela. Baina, gero, familiarentzat eta Jehobarentzat nahikoa denbora ez dugula konturatzen gara. Gure kasua hori bada, orain da aldaketak egiteko eta oreka bilatzeko garaia.

11. Nola ikasi zuen anaia batek lanari buruzko ikuspuntu orekatsua izaten?

11 William izeneko anaia gazte batek lana bere tokian uztea zein garrantzitsua den ikusi du. Denbora batez, adindun batentzat egiten zuen lan eta honakoa dio berari buruz: «Oso orekatsua da bere lanean, guztiz eredugarria. Gogor egiten du lan eta bere bezeroek langile fina izateagatik iritzi oso ona dute berari buruz. Lan eguna amaitzean, badaki lana atzean uzten eta Jehobari eta familiari eman behar dion denbora eta arreta ematen. Eta, badakizu zer? Ezagutzen dudan gizonik zoriontsuenetarikoa da!». *

GEURE BURUARI BURUZKO IKUSPUNTU OREKATSUA

12. Nola erakutsi zuen Salomonek bere burua modu orekatsuan ikusten zuela, baina nola aldatu zuen ikuspuntu hori?

12 Jehoba leialki adoratzen zuen garaian, Salomonek modu orekatsuan ikusten zuen bere burua. Gaztea zenean, umila zen, mugak zituela onartzen zuen eta Jehobari gida eskatzen zion (1 Erg 3:7-9). Bere erregetzaren hasieran, argi eta garbi ikusten zuen harroputz bihurtzearen arriskua. «Harropuzkeriaren ondoren hondamendia, handikeriaren ostean erorketa», idatzi zuen (Es 16:18). Tamalez, berak emandako aholkua ez zuen jarraitu eta Jainkoaren legeei kasurik ez egiten hasi zen. Adibidez, legeak honakoa zioen erregeari buruz: «Ez du emakume askorik izango, haren bihotza desbidera ez dadin» (Dt 17:17). Baina Salomonek 700 emazte eta 300 ohaide izan zituen, gehienak Jehoba adoratzen ez zutenak! (1 Erg 11:1-3). Agian Salomonek pentsatuko zuen: «Lasai, badakit zertan ari naizen». Ez dakigu. Baina, denborarekin, Jehoba desobeditzeagatik ondorio latzak jasan behar izan zituen (1 Erg 11:9-13).

13. Zer ikasi dezakegu Jesusen jarrera apaletik?

13 Jesus beti izan zen apala eta bere burua modu orekatsuan ikusten zuen. Lurrera etorri baino lehen, gauza zoragarri asko egin zituen Jehobaren zerbitzuan. Izan ere, «beraren bidez sortu zituen Jainkoak zeru-lurretan diren gauza guztiak» (Kol 1:16). Bataiatu zenean, bere Aitarekin bizi izandako gauza guztiak gogoratuko zituen seguraski (Mt 3:16; Jn 17:5). Baina guzti honek ez zuen harroputz bihurtu. Ez zen beste inoren gainetik jarri. Bere ikasleei esan zien lurrera ez zela zerbitzatua izatera etorri, «zerbitzari izatera baizik, bere bizia guztien alde ordainsaritzat ematera» (Mt 20:28). Gainera, modestia erakutsiz, ezin zuela ezer bere kabuz egin onartu zuen (Jn 5:19). Bai apala zela Jesus! Guretzat eredu bikaina, dudarik gabe.

14. Zer ikasten dugu Jesusengandik geure burua modu egokian ikusteari buruz?

14 Jesusek bere jarraitzaileei euren burua modu egokian ikusten lagundu zien. Adibidez, behin esan zien: «Zuen buruko ileak ere denak zenbatuak dauzka Jainkoak» (Mt 10:30). Ideia hau oso kontsolagarria da geure burua modu negatiboan ikusteko joera badugu. Jesusen hitzek gure Aita gutaz asko kezkatzen dela eta bere aurrean oso baliotsuak garela erakusten dute. Beraz, Jehobak bera adoratzen uzten badigu eta mundu berrian betiko bizitzea merezi dugula uste badu, zergatik pentsatu oker dagoela?

Zer aukera eta bedeinkapen galdu ditzakegu geure buruaz ikuspuntu orekatsua ez badugu? (Ikusi 15. paragrafoa) *

15. a) Zer oreka bilatzera animatu gintuen aldizkari honek? b) 24. orrialdeko irudiek erakusten duten bezala, zer gauza on galduko ditugu geure buruan gehiegi pentsatzen badugu?

15 Duela 15 urte inguru, aldizkari honek orekatsuak izatea gomendatu zigun: «Geure buruari buruz gehiegi pentsatzen badugu, harroputz bihurtuko gara. Gutxiegi pentsatzen badugu, aldiz, desanimatu egingo gara. Horregatik, ikuspuntu orekatsua izan beharko genuke, gure gaitasunak eta mugak kontuan hartuz. Arreba batek horrela azaldu zuen: “Ez naiz munduko pertsonarik okerrena, ezta onena ere. Nire gauza onak eta txarrak ditut, mundu guztiak bezala”». * Zein ona den geure buruaz modu orekatsuan pentsatzea, ezta?

16. Zergatik ematen dizkigu Jehobak aholku onak?

16 Jehobak, bere hitzaren bidez, aholku onak ematen dizkigu. Asko maite gaituenez, gu zoriontsu izatea nahi du (Is 48:17, 18). Benetan zoriontsu egingo gaituen erabakia Jehoba gure bizitzan lehen postuan jartzea da. Hala egitean, dirua, lana, eta geure buruan arreta gehiegi jartzeak dakartzan arazoez libratuko gara. Segi dezagun zuhur izaten eta Jehobaren bihotza pozten! (Es 23:15).

sjj 94. KANTA Jainkoaren Hitzarengatik esker ona

^ § 5 Salomon eta Jesusek jakinduria handia zuten. Jakinduria honen iturria Jehoba zen. Artikulu honetan, eman zituzten aholku batzuk aztertuko ditugu. Hauek dirua, lana eta geure burua ikusteko moduan ikuspuntu orekatsua izaten lagunduko digute. Gainera, gaur egungo anai-arreba batzuei aholku hauek praktikan jartzeak nola lagundu dien ikusiko dugu.

^ § 1 ZER ESAN NAHI DU? Biblian, jakinduria eta zuhurtzia hitzak gai jakin bati buruzko ezagutza eta ulermena erabiliz, zentzu onez jokatzearekin lotuta daude. Ezagutza eta ulermenean oinarrituz, arazoak konpontzeko, arriskuak saihesteko, helburuak lortzeko eta aholku emateko gaitasuna da.

^ § 11 Ikusi aldizkari honen 2015⁠eko otsailaren 1⁠eko «Cómo disfrutar del trabajo duro» («Comment prendre plaisir à travailler dur») artikulua.

^ § 15 Ikusi aldizkari honetako 2005⁠eko abuztuaren 1⁠eko «La Biblia nos ayuda a sentirnos satisfechos» («La Bible peut vous aider à trouver la joie») artikulua.

^ § 53 IRUDIEN AZALPENAK: John eta Tom kongregazio berean zerbitzatzen duten bi anaia gazte dira. Johnek denbora asko pasatzen du autoa zaintzen. Tomek aldiz, anai-arrebak predikatzera eta bileretara eramateko erabiltzen du berea.

^ § 55 IRUDIEN AZALPENAK: John ordu estrak sartzen ari da. Bere nagusia pozik egotea nahi du. Beraz, eskatzen dion bakoitzean, lan gehiago egiten geratzen da. Arratsalde berean, kongregazioko laguntzailea den Tom, adindun batekin sendotze-bisita bat egitera joaten da. Bere momentuan, Tomek asteko arratsalde batzuk Jehoba zerbitzatzeko erabiliko zituela esan zion bere nagusiari.

^ § 57 IRUDIEN AZALPENAK: Johnek arreta guztia bere buruarengan jartzen du. Tomentzat gauza espiritualak dira inportanteenak. Biltzar-areto bateko berrikuntza lanean lagun berriak egin ditu.