Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

23. IKASKETARAKO ARTIKULUA

Gurasook, lagundu zuen seme-alabei Jehoba maitatzen

Gurasook, lagundu zuen seme-alabei Jehoba maitatzen

«Maita ezazu Jauna, zeure Jainkoa, bihotz-bihotzez, gogo osoz eta adimen guztiz» (MT 22:37).

sjj 134. KANTA Seme-alabak: Jehobak emandako altxorrak

ZER AZTERTUKO DUGU? *

1, 2. Azaldu nola hartzen duten garrantzi handiagoa biblia-printzipio batzuek gure bizitzako egoera aldatu ahala.

 EZKONTZAREN egunean, senargai dotorea eta emaztegai liraina Biblian oinarritutako hitzaldia entzuten ari dira. Askotan entzun dituzte ezkon-bizitzarako printzipio hauek baina, oraingoan, beste begi batzuekin ikusten dituzte. Zergatik? Hemendik aurrera praktikan jarri beharko dituztelako.

2 Gauza bera gertatzen da kristau bikote bat guraso bihurtzen denean. Askotan entzun dituzte haurren heziketari buruzko hitzaldiak. Baina, momentu honetatik aurrera, biblia-printzipio horiek begi desberdinekin ikusiko dituzte. Izan ere, orain beraien haurtxoak hezi behar dituzte. Zer ardura polita! Gure bizitzako egoera aldatzen doan heinean, printzipio batzuk garrantzi handiagoa hartu dezakete. Horregatik, Jehobaren zerbitzariok «egunero» irakurri eta hausnartzen dugu Biblia, Israelgo erregeei agindu zitzaien bezala (Dt 17:19).

3. Zer aztertuko dugu artikulu honetan?

3 Gurasook, kristau batek izan dezakeen ohorerik handienetariko bat duzue: zuen seme-alabei Jehobari buruz irakastea. Baina hori informazioa ematea baino gehiago da. Jehoba bihotz-bihotzez maitatzen irakastea da. Baina zer egin dezakezue zuen seme-alaben bihotzetan sentimendu hori pizteko? Artikulu honetan lau printzipio lagungarri aztertuko ditugu (2 Tm 3:16). Gainera, aholku hauek guraso batzuei nola lagundu dieten ikusiko dugu.

GURASOENTZAKO LAU PRINTZIPIO LAGUNGARRI

Beti Jehobaren gida bilatzen baduzu eta eredu ona bazara, zer eragin izango duzu zure seme-alabengan? (Ikusi 4 eta 8 paragrafoak)

4.⁠ Santiago 1:5⁠aren arabera, zein da gurasoei lagundu ahal dien printzipio bat?

4 1. printzipioa: Bilatu Jehobaren gida. Eskatu Jehobari jakinduria zuen seme-alabei bera maitatzen laguntzeko (Irakurri Santiago 1:5). Jainkoa da aholku emateko pertsona egokiena. Hainbat arrazoi daude hau horrela dela esateko. Adibidez, alde batetik, bera da eskarmentu handiena duen gurasoa (Sal 36:10 [36:9, NWT]). Eta bestetik, berak ematen dizkigun aholkuak gure onerako dira beti (Is 48:17).

5. a) Nola laguntzen die Jehobaren erakundeak gurasoei? b) Bideoa ikusi ondoren, zer ikasi duzu Amorim senar-emazteengandik haurrak hezteari buruz?

5 Zer laguntza ematen dizue Jehobak seme-alabei bera maitatzen irakasteko? Behar duzuen janari espirituala ematen dizue bere Hitza eta erakundearen bidez (Mt 24:45). Adibidez, urteetan zehar familientzako aholku praktiko ugari eman ditu eta orain gure webgunean eskuragarri daude. * Gainera, zuen haurrak heztean Jehobaren aholkuak praktikan nola jarri jakiteko bideo asko prestatu ditu erakundeak (Es 2:4-6). *

6. Zer sentitzen dute guraso batzuek Jehobaren erakundeak eman dien laguntzari buruz?

6 Guraso askok Jehobaren erakundearen bidez jaso duten laguntza izugarri eskertu dute. Adibidez, Joe izeneko anaiak dio: «Hiru seme-alaba egian heztea ez da lan makala. Emaztea eta biok Jehobari eskatzen genion laguntza. Askotan, egoera zehatz bati aurre egiteko, behar genuen artikulu edo bideoa momentu aproposenean iristen zen. Jehobarengana gida bila jotzeak bizia salbatu digu». Bideo eta artikulu hauei esker, Joe eta bere emazteak seme-alabak Jehobarengana gerturatzen ari direla ikusi dute.

7.⁠ Erromatarrei 2:21⁠aren arabera, zergatik da inportantea gurasoak eredu ona izatea?

7 2. printzipioa: Zer ikusi, hura ikasi. Seme-alabek ikusten dutena egiten dute. Beraz, eredu ona izan. Noski, gurasoak ez dira perfektuak (Erm 3:23). Baina, hala ere, beraien seme-alabentzat eredugarri izaten saiatu behar dute (Irakurri Erromatarrei 2:21). Bere haurrei buruz hitz egiten, aita batek dio: «Esponjak bezalakoak dira, inguruan duten guztia xurgatzen dute». Honakoa ere aitortzen du: «Irakasten diezuna zuk egiten ez baduzu, segituan esango dizute». Gure seme-alabek Jehoba maitatzea nahi badugu, lehenik argi ikusi behar da guk geuk zenbat maite dugun.

8, 9. Zer ikasten dugu Andrew eta Emmak esandakotik?

8 Seme-alabei Jehoba maitatzen irakasteko modu asko daude. 17 urte dituen Andrew izeneko anaiak dio: «Nire gurasoek beti azpimarratzen zidaten zein garrantzitsua den Jehobari otoitz egitea. Aitak gauero-gauero nirekin egiten zuen otoitz, nahiz eta batzuetan dagoeneko nik egina nuen. Gurasoek beti gogorarazten zidaten: “Jehobarekin nahi duzun guztietan hitz egin dezakezu”. Gurasoen ereduak eragin handia izan du nigan eta, orain, Jehoba Aita bezala ikusi eta lasai-lasai otoitz egin ahal diot». Gurasook, ez ahaztu Jehobari diozuen maitasunak zuen seme-alabengan zenbateko eragina izan dezakeen.

9 Emma izeneko arreba bati gertatutakoak asko irakasten digu. Bere aitak familia abandonatu eta ama zorretan itota utzi zuen. «Amak batzuetan ez zuen familia zaintzeko nahikoa diru», dio Emmak. «Baina, hala ere, beti esaten zigun Jehobak bere zerbitzariak zaindu eta behar dutena ematen diela. Bere bizimoduak horretaz konbentzituta zegoela erakusten zuen. Ama horrelakoxea zen; zer esan, hura egin». Zer ikasi dezakegu? Nahiz eta egoera oso zaila izan, gurasoek eredu ona izaten jarraitu dezakete (Ga 6:9).

10.⁠ Deuteronomioa 6:6, 7⁠aren arabera, zer aukera izaten zituzten guraso israeldar askok beraien seme-alabekin hitz egiteko?

10 3. printzipioa: Zuen seme-alabekin sarri hitz egin. Jehobak antzinako israeldarrei beraien seme-alabekin maiz hitz egiteko esan zien (Irakurri Deuteronomioa 6:6, 7). Gurasoek egunean zehar aukera asko zituzten seme-alabekin hitz egiteko eta beraien bihotzetan Jehobarenganako maitasuna pizteko. Adibidez, semeak ordu asko pasako zituen aitarekin laborantza lanetan eta alabak, berriz, amarekin josten eta beste etxeko lan batzuetan. Elkarrekin lan egiteak gauza inportante askori buruz hitz egiteko aukera ematen zien guraso eta seme-alabei. Esaterako, Jehoba zein ona den eta familiari zenbat laguntzen zion aztertu zezaketen elkarrekin.

11. Gaur egun, noiz da gurasoek seme-alabekin hitz egiteko momentu ona?

11 Gaur egun egoera oso bestelakoa da. Toki askotan gurasoek eta seme-alabek ezin dute elkarrekin denbora asko pasa, gurasoak lanean daudelako eta seme-alabak eskolan. Baina gurasoek seme-alabekin hitz egiteko aukerak bilatu behar dituzte (Ef 5:15, 16NWT; Flp 1:10NWT). Horretarako aukera paregabea familia-adorazioa da. Alexanderrek 15 urte ditu eta honakoa dio: «Aitak beti familia-adorazioa antolatzen du eta ez du inoiz uzten ezerk oztopa dezan. Ikasketa amaitzean, solasean aritzen gara».

12. Zer eduki behar dute kontuan familiaburuek familia-adorazioan zehar?

12 Familiaburu bazara, zer egin dezakezu seme-alabek familia-adorazioaz gehiago disfrutatu dezaten? Zergatik ez duzue elkarrekin Gozatu bizitzaz betirako! liburua aztertzen? Tresna aparta izan daiteke elkarrizketa atseginak sortzeko. Zure seme-alabek bihotza ireki eta pentsatzen dutena esatea nahi duzunez, ez erabili denbora hau sermoia bota edo errieta egiteko. Bibliarekin bat ez datorren iritziren bat badute, ez eskandalizatu. Horren ordez, eskertu benetan pentsatzen dutena esateko konfiantza izatea. Animatu zurekin lasai-lasai hitz egiten jarraitzera. Barru-barruan dutena ezagutzean bakarrik jakingo duzu nola lagundu.

Nola erabili dezakete gurasoek kreazioa seme-alabei Jehobaren ezaugarriei buruz irakasteko? (Ikusi 13. paragrafoa)

13. Zer beste aukera dituzte gurasoek seme-alabei Jehobarengana gerturatzen laguntzeko?

13 Gurasook, bilatu aukerak zuen seme-alabei Jehobarengana gerturatzen laguntzeko. Ez pentsatu beraiekin Biblia ikasten ari zarenean soilik egin dezakezunik; edozein momentu aprobetxatu dezakezu. Lisa izeneko ama batek dio: «Seme-alabek inguruan zuten edozein gauza, Jehobari buruz hitz egiteko erabiltzen genuen. Adibidez, txakurrarekin jolastean barrez lehertzen zirenean, Jehobak, guk bezala, umore handia duela eta bizitza maite duela esaten genien».

Gurasook, ondo ezagutzen al dituzue zuen seme-alaben lagunak? (Ikusi 14. paragrafoa) *

14.⁠ Esaera Zaharrak 13:20⁠aren arabera, zergatik da garrantzitsua gurasoek seme-alabei lagunak aukeratzen laguntzea?

14 4. printzipioa: Lagun onak aukeratzen lagundu. Bibliaren arabera, lagunek izugarrizko eragina izan dezakete, bai onerako baina baita txarrerako ere (Irakurri Esaera Zaharrak 13:20). Gurasook, ondo ezagutzen al dituzue zuen seme-alaben lagunak? Denbora pasatzen al duzue beraiekin? Zer egin dezakezue Jehoba maitatzen duten lagunak izan ditzaten? (1 Ko 15:33). Ongi aukeratzen laguntzeko, gonbidatu espiritualki ondo dauden batzuk zuekin gauza desberdinak egitera (Sal 119:63).

15. Zer egin dezakete gurasoek seme-alabei lagun onak aukeratzen laguntzeko?

15 Tony izeneko anaiak, bere emaztearekin batera, seme-alabei lagun onak aukeratzen nola lagundu dieten azaltzen du. «Urteetan zehar», dio Tonyk, «adin eta jatorri desberdinetako anai-arrebak gonbidatu ditugu etxera zerbait jatera edota familia-adorazioan parte hartzera. Honek Jehoba pozik zerbitzatzen duten anai-arrebak ezagutzeko aukera bikainak eman dizkigu. Hauen artean, gure etxean gelditu diren eskualde-arduradun, misiolari eta beste anai-arreba batzuk daude. Beraien bizipenak entzuteak eta Jehoba zerbitzatzeko gogor eta sutsu lan egiten zutela ikusteak, sekulako eragina izan du beraiengan; Jehobarengana gerturatu ditu». Gurasook, eginahalak egin itzazue zuen seme-alabei lagun onak aukeratzen laguntzeko.

EZ GALDU ESPERANTZA!

16. Zer gertatzen da zure seme edo alabak Jehoba zerbitzatu nahi ez badu?

16 Baina zer gertatzen da munduko ahalegin guztiak egin ondoren, zure seme edo alabak Jehoba ez zerbitzatzea aukeratzen badu? Ez pentsatu guraso bezala porrot egin duzunik. Gogoratu Jehobak denoi aukeratzeko askatasuna eman digula; norberaren erabakia da Jehoba zerbitzatu ala ez. Beraz, zure seme edo alabak Jehoba uztea erabaki badu, ez galdu esperantza. Baliteke egunen batean bueltatzea. Gogoan izan seme galduaren parabola (Lk 15:11-19, 22-24). Baina norbaitek esan dezake: «Hori parabola bat besterik ez da. Ez da bizitza errealean gertatzen». Nola ezetz? Gertatuko ez da ba? Ikus dezagun zer pasa zitzaion Elie izeneko anaiari.

17. Zergatik animatzen zaitu Elieren bizipenak?

17 Bere gurasoei buruz hitz egiten, Eliek dio: «Asko saiatu ziren nire bihotzean Jehoba eta bere Hitzarekiko maitasuna pizten. Baina 15 bat urterekin errebelde bihurtu nintzen». Ezkutuan gauza txarrak egiten hasi zen eta gurasoen laguntza espirituala baztertu egin zuen. Etxetik alde egin ondoren, gauza okerragoak egiten hasi zen. Hala ere, batzuetan, lagun bati Jehobari buruz hitz egiten zion. «Elkarrizketa horien ondorioz», dio Eliek, «Jehobari buruz gehiago pentsatzen hasi nintzen. Honi esker, gurasoek nire bihotzean landaturiko haziak poliki-poliki loratzen hasi ziren». Denborarekin, egiara bueltatu zen. * Imajinatu zein pozik sentituko ziren gurasoak txiki-txikitatik Jehobari buruz irakatsi izanaz! (2 Tm 3:14, 15).

18. Zer pentsatzen duzu seme-alabei Jehoba maitatzen irakasten dieten gurasoei buruz?

18 Gurasook, Jehobak ohore paregabea eman dizue: bere adoratzaileen hurrengo belaunaldia heztea (Sal 78:4-6). Ez da lan xamurra. Horregatik, zorionak zuen seme-alabak Jainkoarengana gerturatzeko egiten duzuen esfortzuagatik! Jarraitu beraien bihotzetan Jehobarenganako maitasuna pizten. Bera obeditzen irakatsi. Hala egin ezkero, gure zeruko Aita harro sentituko da zuetaz (Ef 6:4).

sjj 135. KANTA «Izan zuhur» seme-alabok

^ § 5 Guraso kristauek asko maite dituzte beraien seme-alabak. Horregatik, fisikoki eta emozionalki zaintzeko esfortzu handiak egiten dituzte. Baina, beste guztiaren gainetik, ahal duten guztia egiten dute beraien haurrek Jehoba maitatu dezaten. Artikulu honetan, gurasoei lagungarri izango zaizkien lau biblia-printzipio ikusiko ditugu.

^ § 5 Aholku hauek aurkitzeko jo ¡Despertad! aldizkariko «Ayuda para las familias» (Réveillez-vous ! > De l’aide pour les familles) artikulu sailera.

^ § 5 Ikusi Jehobak seme-alabak hezten irakatsi zigun bideoa jw.org webgunean.

^ § 17 Ikusi aldizkari honen 2012⁠ko apirilak 1⁠eko «La Biblia les cambió la vida» («La Bible transforme des vies») artikulua.

^ § 58 IRUDIAREN AZALPENA: Aita batek bere semearen lagunak ezagutu nahi dituenez, semearekin eta bere lagun batekin saskibaloian ari da.