1922: Duela ehun urte
«EMAN diezazkiogun eskerrak Jainkoari, halako garaipena ematen digulako Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez!» (1 Ko 15:57). Hitz hauek 1922ko urteko aipua izateko aukeratu ziren, eta Bibliaren Ikasleei Jehobak beraien leialtasuna sarituko zuela gogoratu zien. Ez dago dudarik; Jehobak urte hartan bertan saritu zituen. Beraien liburuak inprimatzen eta koadernatzen hasteko aukera eman zien, baita Erreinuaren egiak irratiz zabaltzeko ere. Gainera, ospatu zen biltzar historiko batekin Jehoba bere herria bedeinkatzen ari zela argi ikusi zen berriro. Cedar Point-en izan zen (Ohio, AEB) eta Jehobaren erakundean sekulako eragina izan du gaurdaino.
«SEKULAKOA IRUDITU ZITZAIGUN»
Predikatze lana zabaltzen ari zenez, anai-arrebek argitalpen gehiago behar zituzten. Aldizkariak Brooklyneko Betelen inprimatzen zituzten, baina azal gogorreko liburuak egiteko kanpoko enpresen beharra zuten. Hilabete batzuetan zehar, ezin izan zen predikatzeko nahikoa liburu inprimatu. Beraz, Rutherford anaiak fabrikako arduradunari, Robert Martin anaiari, liburuak inprimatzeko aukerarik ba al zuten galdetu zion.
«Sekulakoa iruditu zitzaigun», gogoratzen du Martin anaiak, «liburuak produzitzeko fabrika oso bat ireki beharko baitzen». Anaiek Brooklyneko Concord kaleko 18an behar zuten tokia alokatu zuten eta behar zen tresneria lortu zuten.
Hartutako erabakia ez zitzaion mundu guztiari gustatu. Liburuak inprimatu izan zizkigun enpresa bateko presidenteak fabrika berria bisitatu zuen. Esan zuen: «Liburuak inprimatzeko primerako tresneria duzue. Baina inork ere ez daki nola erabili. Sei hilabetetan hau dena txatarra besterik ez da izango».
«Esandakoak zentzuzkoa ematen zuen», esan zuen Martin anaiak, «baina ez zuen Jauna kontuan hartu, eta bera beti egon da gurekin». Martin anaia ez zebilen oker. Handik gutxira egunean 2.000 liburu inprimatzen ziren.
IRRATI BIDEZKO EMANALDIAK
Beraien liburuetako batzuk inprimatzeaz gain, berri onak zabaltzeko metodo berri bat erabiltzen hasi ziren: irrati emanaldiak. 1922ko otsailaren 26a zen, igande arratsaldea, eta Rutherford anaiak lehen aldiz irratian hitz egin zuen. «Orain bizi diren
milioika lagun ez dira inoiz hilko» hitzaldia eman zuen KOG irratian, Los Angelesen (Kalifornia, AEB).Programak 25.000 entzule inguru izan zituen. Hauetako batzuek eskerrak emateko gutunak bidali zituzten. Santa Anan, Kalifornian, bizi zen Willard Ashford izan zen bat. Rutherford anaia zoriondu zuen aurkezpen «entretenigarri eta interesgarri» harengatik. Honakoa ere idatzi zuen: «Etxean hiru gaixo ditugu eta ezin dira atera. Beraz, ezinezkoa izango litzateke zu entzutera joatea, nahiz eta ondoko etxean izan».
Hurrengo asteetan emanaldi gehiago egin ziren. The Watchtower, (gaur egungo Talaia) aldizkariaren arabera, «urtearen amaierarako, gutxienez 300.000 pertsonek entzun [zuten] mezua irrati bidez».
Jendearen erantzuna ikusita, Bibliaren Ikasleek beraien irrati etxea eraikitzea erabaki zuten. Brooklyngo Beteletik oso urruti ez dagoen Staten Island-en egin zuten. Hurrengo urteetan, WBBR irrati etxeari esker, Erreinuaren mezua txoko guztietara zabaldu zuten.
«ADV»
The Watchtower aldizkarian, ekainak 15eko alean, Cedar Pointen (Ohio) biltzar bat egongo zela iragarri zen. Irailak 5etik 13ra ospatu zen eta Bibliaren Ikasleak ilusioz beteta hurbildu ziren hara.
Bere lehen hitzaldian Rutherford anaiak esan zuen: «Guztiz konbentzituta nago Jaunak […] biltzar hau bedeinkatuko duela eta lurrean inoiz eman den testigantza handiena emango dela». Hizlariek, behin eta berriz, anai-arrebak predikatzera animatu zituzten.
Irailak 8an, ostiralean, 8.000 bat lagun gerturatu ziren auditoriora Rutherford anaiaren hitzaldia entzuteko irrikitan. Gonbidapenetan azaltzen ziren «ADV» letren esanahia azalduko zuela espero zuten. Eseri zirenean, batzuek mintzaleku gainean lotuta zegoen oihal handi bat ikusi
zuten. Tulsatik (Oklahoma, AEB) etorri zen Arthur Claus anaiak eserleku on bat aurkitu zuen. Ez zen erraza, zeren eta biltzarrean ez zegoen, ez mikrofonorik, ezta altabozik ere. Beraz, ondo entzutea zaila zen.«Ez genuen ezer galdu nahi eta adi-adi geunden»
Etenaldirik ez egoteko, Rutherford anaiaren hitzaldian zehar, berandu zetorren inork ezingo zuela auditorioan sartu esan zuen biltzarburuak. Goizeko 9:30tan Rutherford anaiak Mateo 4:17ko Jesusen hitzak aipatuz hasi zuen hitzaldia: «Gainean baituzue Jainkoaren erregetza». Jendeak Erreinuari buruz nola entzungo zuen azalduz, honakoa esan zuen: «Jesusen arabera, bere presentzian, jende uzta bat zuzenduko zuen. Benetakoak eta leialak bilduko zituen».
Claus anaia auditorio nagusian eserita zegoen eta gogoratu zuen: «Ez genuen ezer galdu nahi eta adi-adi geunden». Baina, bat-batean, ondoezik sentitu zen eta auditoriotik atera behar izan zuen. Ez zuen nahi, bazekielako ez ziotela berriro sartzen utziko.
Minutu gutxi batzuk pasa ondoren, hobeto sentitzen hasi zen. Auditoriora gerturatzen ari zela, txalo zaparrada bat entzun zuen. Zer gertatu zen jakiteko irrikitan, hitzaldia entzuten bukatuko zuela erabaki zuen, nahiz eta horretarako teilatura igo behar izan. Garai hartan 23 urte zituen eta teilatura igotzeko modua aurkitu zuen. Sabaiko leihoak irekita zeuden eta hurbiltzean «handik ederki entzuten zela» konturatu zen.
Baina Arthur ez zen teilatuan zegoen bakarra. Bere lagun batzuk ere han zeuden. Hauetako bat, Frank Johnson, arrapaladan hurbildu eta galdetu zion: «Ba al dek labana zorrotzik?».
«Nola ez ba», erantzun zuen Arthurrek.
«Gure otoitzen erantzuna haiz», erantzun zuen Frankek. «Ikusten al dek oihal handi hau? Pankarta bat dek. Iltze horiekin helduta zegok. Adi Epaileari. * “Anuntziatu, anuntziatu” esaten dikenean, moztu itzak lau soka hauek».
Beraz, Arthur eta besteak, labana eskutan, seinalea entzuteko zain geratu ziren. Rutherford anaia berehala iritsi zen hitzaldiaren momentu gorenera. Emozioz beterik eta gogotsu, seguraski ia-ia oihu eginez, honakoa esan zuen: «Izan Jaunaren benetako lekuko leialak. Segi borrokatzen Babilonia guztiz suntsitua izan arte. Zabaldu mezua han eta hemen. Munduak jakin behar du Jehoba Jainkoa dela eta Jesu Kristo erregeen Erregea, eta jaunen Jauna. Hau da egunen eguna. Erregea agintean da! Zuek publizitate-agenteak zarete. Beraz, anuntziatu, anuntziatu, anuntziatu Erregea eta bere Erreinua!».
Orduantxe Arthur eta beste anaiek sokak moztu eta pankarta nahiko arin ireki zen. «ADV» letrek ingeleseko «Advertise» hitzaren laburdura osatzen dute eta anuntziatu esan nahi du. Pankartan idatzita zegoen: «Anuntziatu Erregea eta Erreinua».
LAN INPORTANTEA
Cedar Pointeko biltzarrak anai-arrebei Erreinuko predikazioari lehentasuna ematen lagundu zien, eta prest zeudenek pozik parte hartu zuten. Oklahomako aitzindari batek idatzi zuen: «Predikatzen genuen eremuan jendeak ikatz meategietan lan egiten zuen eta oso pobrea zen». Golden Age aldizkariko mezua entzutean, askotan jendeak negar egiten zuela kontatu zuen. Bizitakoa honela laburbildu zuen: «Zer ohorea den beraiek kontsolatzea».
Bibliaren Ikasleek argi zuten Jesusen Lukas 10:2ko hitzak zein inportanteak ziren: «Uzta ugaria da, baina langileak gutxi». Urtea bukatzean, han eta hemen Erreinuaren mezua anuntziatzeko determinazioa inoiz baino handiagoa zen.
^ Rutherford anaiari batzuetan «Epailea» deitzen zitzaion Missourin (AEB) noizbehinka epaile lanak egin zituelako.