43. IKASKETARAKO ARTIKULUA
Jakinduria kaleetan oihuka dabil
«Kaleetan aldarrika dabil Jakinduria, ibilbideetan oihuka» (ES 1:20).
sjj 88. KANTA Azaldu niri zure bideak
ZER AZTERTUKO DUGU? *
1. Nola erantzuten dio jende askok jakinduriaren oihuari? (Esaera Zaharrak 1:20, 21)
HERRIALDE askotan, ohikoa izan da gure anai-arrebak kaleetan argitalpenak eskaintzen ikustea. Agian zuk ere parte hartu duzu lan honetan. Hala bada, Esaera Zaharrak liburuak erabiltzen duen irudi hau etorriko zitzaizun burura: jakinduria kaleetan eta plazetan oihuka (Irakurri Esaera Zaharrak 1:20, 21). Biblia eta argitalpenetan dagoen jakinduria benetakoa da, Jehobarena. Bizirako bidean ibiltzen hasteko behar diren aholkuak daude bertan. Zein pozik jartzen garen norbaitek argitalpen bat onartzen duenean! Baina ez dute denek egiten. Batzuek nahiago dute Bibliak esaten duena ez jakin. Beste batzuek barre egiten digute Biblia modaz pasata dagoela uste dutelako. Badira Bibliako arau moralak kritikatzen dituztenak ere, zorrotzegiak garela eta jendea epaitzen dugula pentsatzen dutelako. Hala ere, Jehobak jakinduria mundu guztiaren eskura jartzen jarraitzen du. Nola?
2. Non aurkitu dezakegu benetako jakinduria, baina zer nahiago du jende gehienak?
2 Jehobak bere jakinduria Biblian jarri du eta lurreko biztanle gehienen eskura dago. Gainera, Jehobaren laguntzari esker, Biblian oinarritutako argitalpenak 1.000 hizkuntza baino gehiagotara itzultzen dira. Entzuten dutenentzat, hau da, irakurri eta praktikan jartzen dutenentzat oso lagungarria da. Hala ere, jende gehienak nahiago du oihu horri kasurik ez egin. Erabakiak hartzerako orduan, beraien bihotzari edo besteek esaten diotenari egiten diote kasu. Gainera, Bibliak esaten duena egiten dugunez, agian mespretxatu eta guzti egiten gaituzte. Artikulu honetan jendeak horrela zergatik jokatzen duen ikusiko dugu. Baina, lehenik, aztertu dezagun Jehobaren jakinduria nola lortu.
JAKINDURIAREN OINARRIA JEHOBAREN EZAGUTZA DA
3. Zer da benetako jakinduria?
3 Zer da jakinduria? Dakizkigun gauzetan oinarrituta erabaki onak hartzeko gaitasuna da. Baina benetako jakinduria hori baino gehiago da. Bibliak dio: «Jehobaren beldur izatea jakinduriaren hasiera da, eta Santuenaren ezagutza ulermena da» (Es 9:10, NWT). Beraz, erabaki inportanteen oinarria Jehobaren pentsaera, hau da, «Santuenaren ezagutza» izan behar da. Nola lortu dezakegu hori? Biblia eta Biblian oinarritutako argitalpenak ikasiz. Horrela, benetako jakinduria erakutsiko dugu (Es 2:5-7).
4. Zergatik da Jehoba benetako jakinduriaren iturria?
4 Jehoba da benetako jakinduria eman dezakeen bakarra (Erm 16:27). Zergatik esan dezakegu Jehoba dela benetako jakinduriaren iturria? Lehenik eta behin, bera da Sortzailea eta sortu duen guztia ezagutu eta ulertzen du (Sal 104:24). Bigarrenik, bere jakinduria egiten duen guztian ikusten da (Erm 11:33). Eta hirugarrenik, Jehobaren aholkuak praktikan jartzea gure onerako da beti (Es 2:10-12). Benetako jakinduria lortu nahi badugu, egiten dugun guztian eta erabakiak hartzean hiru ideia hauek hartu behar ditugu kontuan.
5. Zer ondorio ekarri du jendeak Jehobaren jakinduria baztertzeak?
5 Predikatzean, jende askok naturan diseinu zoragarria dagoela esaten digu. Baina ez dute Jehobak sortu duenik pentsatzen. Horren ordez eboluzioaren ondorioa dela esaten dute. Beste batzuek, berriz, Jainkoarengan sinesten dute, baina Bibliako arauak zaharkituta daudela esaten dute eta nahiago dute gauzak euren modura egin. Zer ondorio ekarri du honek? Hobetu al da mundua jendeak konfiantza Jainkoarengan jarri ordez bere buruan jartzeagatik? Benetan zoriontsuak al dira? Ba al dute etorkizunerako esperantzarik? Gure inguruan ikusten dugunak hitz hauek egia direla erakusten du: «Jakintza, adimena eta burubidea, Yauberen aurka ezer ez dira» (Es 21:30, Ol, euskara batura egokituta). Beraz, ez al da logikoa Jehobari bere jakinduria eskatzen jarraitzea? Baina, tamalez, jende gehienak ez du hori egiten. Zergatik?
ZERGATIK BAZTERTZEN DUTE JAKINDURIA?
6. Esaera Zaharrak 1:22-25ko pasartearen arabera, nortzuk baztertzen dute benetako jakinduria?
6 Askok ez dute «ibilbideetan oihuka» ari den jakinduria entzun nahi. Bibliak jakinduria baztertzen duten hiru talde aipatzen ditu: «esperientzia falta» dutenak, «burlariak» eta «ergelak» (Irakurri Esaera Zaharrak 1:22, NWT *; 1:23-25). Ikus dezagun gertutik zergatik baztertzen duten pertsona hauek Jainkoaren jakinduria eta beraiek bezalakoak ez izateko zer egin behar dugun.
7. Zergatik aukeratzen dute batzuek «esperientzia falta» izaten jarraitzea?
7 «Esperientzia falta» dutenak inuzenteak izaten dira eta erraza da beraiek engainatu edo konbentzitzea (Es 14:15). Predikatzean, askotan, horrelako pertsonak aurkitzen ditugu. Adibidez, politikariek eta erlijioburuek milioika pertsona engainatzen dituzte. Honetaz konturatzen diren batzuk harritu eta haserretu egiten dira. Baina Esaera Zaharrak 1:22ko esperientzia gabeko pertsonek horrela jarraitzea aukeratzen dute (Jr 5:31). Nahi dutena egin nahi dute. Ez dute Bibliak esaten duena ikasi nahi, ezta obeditu nahi ere. Jende askok Quebec-eko Lekuko batzuek predikatzen aurkitu zuten emakume baten iritzi bera daukate. Berak esan zuen: «Apaizak engainatu bagaitu, bere arazoa da, ez gurea!». Argi dago askok nahiago dutela ezjakintasunean bizi, baina guk ez dugu horrelakoak izan nahi (Es 1:32; 27:12).
8. Zer egin behar dugu bizitzan esperientzia egokia lortzeko?
8 Bibliak esperientzia falta izaten jarraitu ordez, «pertsona helduak» izateko esaten digu (1 Ko 14:20). Bizitzan esperientzia egokia lortzeko, Biblia printzipioak praktikan jarri behar ditugu. Hori egiteak arazoak saihesten eta erabaki onak hartzen laguntzen digula ikusten joango gara apurka-apurka. Zer esaten dute gutaz orain arte hartu ditugun erabakiek? Agian denbora batez Biblia ikasten eta bileretara joaten aritu zara, baina oraindik ez diozu zeure burua Jehobari eskaini eta ez zara bataiatu. Pentsatu: «Zergatik ez ditut pauso horiek eman?». Bataiatuta bagaude, hobetzen ari al gara predikatzeko eta irakasteko lanean? Biblia printzipioetan oinarritzen al ditugu gure erabakiak? Nola tratatzen ditugu besteak? Jesusek egingo lukeen bezala? Hobetzeko beharra ikusten badugu, gogora dezagun Jehobak esaten diguna, «heldugabea zuhurrarazten» baitu (Sal 19:8 [19:7, NWT]).
9. Nola erakusten dute «burlariek» jakinduria baztertzen dutela?
9 Jainkoaren jakinduria baztertzen duen bigarren taldea «burlariak» dira. Batzuetan, predikatzean, horrelakoekin egiten dugu topo. Asko gustatzen zaie besteez burlatzea (Sal 123:4). Bibliak azken egunetan horrelako asko egongo zirela aurresan zuen (2 P 3:3, 4). Lot-en suhiek bezala, gaur egungo pertsona batzuek ez diete Jainkoaren abisuei kasurik egiten (Has 19:14). Biblia printzipioak obeditzen dituzten pertsonez barre egiten dute. Burlari hauek beraien desio txarren arabera bizi dira (Ju 7, 17, 18). Ez al dira horrelakoxeak apostatak eta Jainkoa baztertu duten beste batzuk?
10. 1. Salmoa 1aren arabera, nola ziurtatu dezakegu ez garela burlariak bihurtzen?
10 Nola ziurtatu dezakegu ez garela burlariak bihurtzen ari? Adibidez, jarrera kritikoa daukatenekin ez ibiliz (Irakurri 1. Salmoa 1, NWT *). Ondorioz, ez dugu apostatek esaten duten ezer irakurri edo entzungo. Orduan, kontuz ibili behar dugu guztiaz kexaka ez hasteko eta Jehobaren jokabidea eta bere erakundearen instrukzioak zalantzan ez jartzeko. Horrelako jarrera ez izateko, pentsatu: «Instrukzio edo azalpen berri bat jasotzean, negatiboa den zerbait esan behar al dut normalean? Aurrea daramatenen akatsak bilatzeko joera al dut?». Horrelako joerak berehala zuzentzen baditugu, Jehoba pozik egongo da gurekin (Es 3:34, 35).
11. Zer pentsatzen dute «ergelek» Jehobaren arau moralei buruz?
11 Jakinduria baztertzen duen hirugarren taldea «ergelak» dira. Pertsona hauek ergelak dira, Jehobaren arau moralak baztertuz, beraiei ongi iruditzen zaiena egiten dutelako (Es 12:15). Jakinduriaren iturria, Jehoba, baztertu egiten dute (Sal 53:2 [53:1, NWT]). Predikatzean horrelakoekin topo egiten dugunean, Bibliako arauak errespetatzeagatik zorrotz kritikatzen gaituzte. Baina beraiek ez dute eskaintzeko ezer hoberik. Bibliak dio: «Zuhurtzia eskuraezina da burugabearentzat, ez da gauza jendaurrean ahoa zabaltzeko» (Es 24:7). Ergelak ezin du aholku onik eman. Ez da harritzekoa, beraz, Jehobak «ergelarengandik urrundu zaitez» esatea (Es 14:7, Ol, ortografia egokituta).
12. Zerk lagunduko digu ergelak ez izaten?
12 Gu ez gara Jainkoaren aholkuak gorrotatzen dituztenak bezalakoak. Horren ordez, Jehobaren pentsaera eta arau moralak maite ditugu. Maitasun hori handitzeko, obeditzearen eta ez obeditzearen ondorioak konparatu ditzakegu. Zer-nolako arazoak ditu jendeak ergel-ergel Jehobaren arauak baztertzen dituenean? Ez al zaizu iruditzen zure bizitza askoz hobea dela Jainkoari obeditzeagatik? (Sal 32:8, 10).
13. Behartzen al gaitu Jehobak bere aholkuak obeditzera?
13 Jehobak guztion eskura jartzen du jakinduria, baina ez du inor onartzera behartzen. Hala ere, ez entzutearen ondorioak azaltzen dizkigu (Es 1:29-32). Berari ez obeditzea aukeratzen dutenei esaten die: «Zeuen jokaeraren fruituak jango dituzue». Lehenago edo beranduago, daramaten bizimoduak sufrimendua ekarriko die eta, denborarekin, Jehobak suntsitu egingo ditu. Jehobaren aholkuak entzun eta praktikan jartzen dituztenei aldiz, honakoa promesten die: «Baina nire esana entzuten duena lasai biziko da, seguru eta zoritxarraren beldurrik gabe» (Es 1:33).
JEHOBAREN AHOLKUAK GURE ONERAKO DIRA
14, 15. Zer irakasten digu Esaera Zaharrak 4:23ak?
14 Jehobaren aholkuak praktikan jartzea gure onerako da beti. Ikusi dugun bezala, bere jakinduria esku-eskura jartzen digu. Adibidez, Esaera Zaharrak liburuan, beti funtzionatzen duten eta gure bizitza hobetzen duten aholkuak ditugu. Ikusi ditzagun hauetako lau.
15 Zure bihotz sinbolikoa babestu. Bibliak dio: «Zaindu arreta osoz gogo-bihotzak, berauengandik sortzen baita bizia» (Es 4:23). Zer egin behar dugu gure bihotz fisikoa babesteko? Batetik, dieta osasuntsua jarraitu behar dugu. Bestetik, ariketa fisikoa egin behar dugu. Eta, azkenik, ohitura kaltegarriak baztertu behar ditugu. Era berean, gure bihotz sinbolikoa babesteko ere zenbait gauza egin behar ditugu. Batetik, Biblia egunero irakurri, bileretarako ongi prestatu eta bertan gaudenean komentarioak eman. Bestetik, aktibo mantendu behar dugu predikatzeko ohitura izanez. Eta, azkenik, gure pentsaera zikindu dezaketen ohitura kaltegarriak baztertu behar ditugu, adibidez, entretenimendu moralgabea edo lagun txarrekin ibiltzea.
16. Zergatik da lagungarria Esaera Zaharrak 23:4, 5?
16 Pozik egon daukazunarekin. Bibliak aholku hau ematen digu: «Ez ibili ahaleginetan aberastasunaren atzetik, utzi horretan pentsatzeari. Begien itxi-ireki batean desagertu da! Hegoak hartu eta han doa airean arranoaren antzera» (Es 23:4, 5). Dirua eta aberastasunak erraz galdu daitezke. Hala ere, pertsona askok, bai pobreek, baita aberatsek ere, dirua irabaztea besterik ez dute buruan. Horregatik, askotan, edozer gauza egiteko prest egoten dira, nahiz eta hori lortzeko beraien izen ona, harremanak, baita osasuna ere kaltetu (Es 28:20; 1 Tm 6:9, 10). Bibliak, bestalde, diruari buruzko ikuspuntu orekatsua izaten laguntzen digu. Honek diru-gosetik babesten gaitu eta, horri esker, zoriontsu gara (Koh 7:12, NWT).
17. Nola lortu dezakegu Esaera Zaharrak 12:18an aipatzen den zuhurren mihia?
17 Pentsatu hitz egin aurretik. Kontuz ibiltzen ez bagara, gure hitzek min handia egin dezakete. Bibliak dio: «Berritsuen mihia ezpata zorrotza, zuhurrena osasunbidea» (Es 12:18). Besteen akatsei buruz gaizki esaka ibiltzen ez garenean, ingurukoekin ondo eramaten gara (Es 20:19). Gure hitzak mingarriak izan ordez sendagarriak izateko, Jainkoaren Hitzak esaten duenarekin bete behar dugu bihotza (Lk 6:45). Biblian irakurritakoan hausnartzen badugu, gure hitzak freskagarriak izango dira besteentzat, «zuhurtzi iturri» (Es 18:4).
18. Nola laguntzen digu Esaera Zaharrak 24:6ak ongi predikatzen eta irakasten?
18 Erakundearen gida jarraitu. Bibliak aholku lagungarri hau ematen digu: «Zeren neurri egokiak hartuta gerran egiten da, eta kontseilu asko dagoen tokian, han gauzak ongi joango dira» (Es 24:6, Ur, euskara batura egokituta). Predikatzean eta irakastean printzipio hau jarraitzen badugu, gauzak ongi joango zaizkigu. Gure modura egin beharrean, ematen zaizkigun kontseiluak jarraitu behar genituzke. Gida hau bileretan jasotzen dugu eta, besteen aurkezpen eta hitzaldiak ikusiz, asko ikasi dezakegu. Gainera, erakundeak jendeari Biblia ulertzen laguntzeko tresna onak ematen dizkigu, adibidez, bideoak eta argitalpenak. Ikasten ari al zara tresna hauek ondo erabiltzen?
19. Zer pentsatzen duzu Jehobak ematen duen jakinduriari buruz? (Esaera Zaharrak 3:13-18)
19 Irakurri Esaera Zaharrak 3:13-18. Zenbat eskertzen ditugun Jainkoaren Hitzeko aholku paregabeak! Auskalo nolakoa izango zen gure bizitza hauek gabe! Artikulu honetan Esaera Zaharrak liburuak ematen dituen aholkuetako batzuk ikusi ditugu. Noski, Biblia osoa Jehobaren jakinduriaz beteta dago. Segi dezagun, orduan, geure bizitzan aholkuak praktikan jartzen. Jende gehienak ez dio Jainkoaren jakinduriari baliorik ematen, baina guk badakigu jakinduriari tinko eusten badiogu, zoriontsu izango garela.
sn 52. KANTA Zaindu zure gogo-bihotzak
^ Jehobarengandik datorren jakinduria mundu honek eskaini dezakeen edozer baino askoz ere baliotsuagoa da. Artikulu honetan, Esaera Zaharrak liburuan azaltzen den irudi interesgarri bat aztertuko dugu: jakinduria kaleetan oihuka aritzearena. Nola lortu dezakegu benetako jakinduria? Zergatik ez diote kasurik egin nahi batzuek? Zergatik da ona jakinduriari entzutea?
^ Esaera Zaharrak 1:22, NWT: «Noiz arte maitatuko duzue esperientzia falta duzuenek esperientzia falta? Noiz arte disfrutatuko duzue burlariek burla egiteaz? Noiz arte gorrotatuko duzue ergelek ezagutza?».
^ 1. Salmoa 1, NWT: «Zoriontsua gaiztoen aholkuaren arabera ibiltzen ez dena, bekatarien bidean gelditzen ez dena, burlarien eserlekuan esertzen ez dena».