Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

44. IKASKETARAKO ARTIKULUA

Mantendu bizi-bizi zure esperantza

Mantendu bizi-bizi zure esperantza

«Jarri zure esperantza Jehobarengan» (SAL 27:14NWT).

sjj 144. KANTA Eduki bistan saria

ZER AZTERTUKO DUGU? *

1. Zer esperantza eman digu Jehobak?

 JEHOBARI esker, betiko bizitzeko esperantza zoragarria dugu. Batzuk zeruan biziko dira izaki espiritual hilezkor bezala (1 Ko 15:50, 53). Gehienak aldiz, lurrean biziko dira osasuntsu eta zoriontsu (Ap 21:3, 4). Esperantza bat edo bestea eduki, oso preziatua da guretzat.

2. Zertan oinarritzen da gure esperantza, eta zergatik esan dezakegu hori?

2 Biblian aipatzen den «esperantza» hitzak «gauza onak gertatuko direla espero izatea» esan nahi du. Gure esperantza Jehobarengandik datorrenez, ziurtatuta dago beteko dela (Erm 15:13). Badakigu zer promestu duen, eta ezin duenez gezurrik esan, bere promesak beti betetzen ditu (Zen 23:19). Ziur gaude esan duena betetzeko nahia eta boterea dituela. Beraz, gure esperantza ez da guk imajinatu nahi dugun zerbait edo amets bat. Probetan eta errealitatean oinarrituta dago.

3. Zer aztertuko dugu artikulu honetan? (27. Salmoa 14NWT)

3 Gure Aitak maite gaitu, eta berarengan konfiantza izatea nahi du (Irakurri 27. Salmoa 14NWT *). Gure esperantza bizi-bizia denean, zailtasunei aurre egin ahal diegu. Gainera, etorkizunera ausardiaz eta pozik begiratu dezakegu. Ikus dezagun nola babesten gaituen esperantzak. Horretarako, aztertu dezagun zergatik konparatu dezakegun esperantza aingura batekin eta kasko batekin. Gero, nola indartu dezakegun ere ikasiko dugu.

GURE ESPERANTZA AINGURA BAT BEZALAKOA DA

4. Zergatik da esperantza aingura bat bezalakoa? (Hebrearrei 6:19)

4 Hebrearrei idatzi zien eskutitzean, Paulo apostoluak esperantza aingura batekin konparatu zuen (Irakurri Hebrearrei 6:19). Itsasoan askotan ibili zenez, Paulok bazekien itsasontzia noraezean ez joateko aingura beharrezkoa dela. Behin, itsasontzian zihoala izugarrizko ekaitza sortu zen. Haitzen aurka ez joateko, marinelek aingurak nola bota zituzten ikusi zuen (Eg 27:29, 39-41). Bizitzan ekaitza bezalako arazoak ditugunean, aingurak itsasontziari tinko eusten dion bezala, esperantzak Jehobarengandik ez urruntzeko eusten digu. Izan ere, esperantzak gauzak hobetuko direla argi edukitzen laguntzen digu. Gainera, gogoratu dezagun Jesusek pertsegituak izango ginela esan zuela (Jn 15:20). Beraz, etorkizunerako dugun esperantzan hausnartzeak, datorrena datorrela, Jehoba tinko zerbitzatzen laguntzen digu.

5. Nola lagundu zion Jesusi itxaropenak heriotzari aurre egiten?

5 Heriotza krudela izango zuela jakin arren, esperantzak leial mantentzen lagundu zion Jesusi. Kristo ondorengo 33. urteko Mendekostean, Pedro apostoluak Salmoetan idatzirik zegoen profezia bat aipatu zuen. Bertan, Jesusek izango zuen lasaitasuna eta konfiantza deskribatzen zen: «Esperantzarekin biziko naiz, ez bainauzu Hilobian utziko, ezta zure zerbitzari leiala usteltzen utziko ere. […] Zure aurrean alaitasun osoz beteko nauzu» (Eg 2:25-28NWT; Sal 16:8-11). Hilko zela jakin arren, ziur zegoen Jainkoak berpiztuko zuela. Gainera, bere Aitarekin zeruan berriro elkartuko zela pentsatzeak pozez betetzen zuen (Heb 12:2, 3).

6. Zer esan zuen anaia batek esperantzari buruz?

6 Dugun itxaropenak anai-arreba askori tinko irauten lagundu die. Hauetako bat Ingalaterran bizi zen Leonard Chinn anaia izan zen. Lehen mundu gerran armak ez hartzeagatik kartzelan sartu zuten. Bi hilabetez egon zen guztiz isolatuta. Gero, oso lan gogorrak egitera behartu zuten. Bizitakoan pentsatuz, idatzi zuen: «Arazoen aurrean irauteko, esperantza zein inportantea den ikasi nuen. Jesusen, apostoluen eta profeten ereduek eta Bibliako promesa ederrek itxaropen izugarri polita ematen digute etorkizunerako, eta tinko irauteko determinazioa handitu besterik ez dute egiten». Leonard-entzako esperantza aingura bat izan zen, eta guretzat ere hala izan daiteke.

7. Nola sendotzen dute probaldiek gure esperantza? (Erromatarrei 5:3-5; Santiago 1:12)

7 Probaldiak gainditzean, Jehoba gure ondoan dagoela eta bere onespena dugula konturatzen gara. Honek izugarri handitzen du gure esperantza (Irakurri Erromatarrei 5:3-5; Santiago 1:12). Orain dugun esperantza egia ezagutu genuenean baino sendoagoa da. Satanasen helburua probaldiek gu itotzea da, baina Jehobaren laguntzarekin den-denak gainditu ditzakegu.

GURE ESPERANTZA KASKO BAT BEZALAKOA DA

8. Zertan dira antzekoak esperantza eta kaskoa? (1 Tesalonikarrei 5:8)

8 Bibliak gure esperantza buruko edo kasko batekin konparatzen du baita ere (Irakurri 1 Tesalonikarrei 5:8). Soldaduek etsaien kolpeetatik burua babesteko eramaten zuten. Gure borroka espiritualean, Satanasen erasoetatik babestu behar dugu burua. Gure pentsaera zikintzeko asmotan, maltzurkeriaz diseinatutako ideia eta tentazioekin bonbardatzen gaitu. Soldaduaren burua kaskoak babesten zuen bezala, itxaropenak gure pentsaera babesten du. Honi esker, Jehobari leial izan gaitezke.

9. Zer gertatzen da jendeak esperantzarik ez duenean?

9 Betiko bizitzeko itxaropenak bizitzan zentzudunak izaten laguntzen digu. Baina, gure esperantza ahultzen bada eta geure desioetan bakarrik pentsatzen badugu, gure benetako helburua, betiko bizitzea, ahaztu dezakegu. Horixe gertatu zitzaien lehen mendeko kristau korintoar batzuei. Jainkoaren oinarrizko promesa batean fedea galdu zuten: berpizkundearen itxaropenean (1 Ko 15:12). Pauloren arabera, etorkizunerako itxaropenik ez dutenek, beraien desioak gauza guztien gainetik jartzen dituzte (1 Ko 15:32). Gaur egun jende asko topera bizi da, plazerretan bakarrik pentsatuz. Baina gu desberdinak gara. Jainkoaren promesetan konfiantza daukagu. Esperantzaren kaskoak plazerretan eta geure buruan bakarrik ez pentsatzen laguntzen digu. Horrela, Jehobarekin harreman estu-estua izaten jarraitu dezakegu (1 Ko 15:33, 34).

10. Nola babesten gaitu itxaropenak geure buruaz izan ditzakegun ideia okerretatik?

10 Zer beste gauzetatik babesten gaitu gure itxaropenak? Geure buruaz izan ditzakegun ideia okerretatik. Adibidez, Jainkoa ez dela inoiz gurekin pozik egongo. Agian noizbait pentsatu duzu: «Ni ez naiz betiko biziko direnen artean egongo. Ez naiz inoiz Jainkoak espero duenera iritsiko. Ez dut neurria ematen». Horrelako zerbait izan zen Jobi bere lagun faltsu batek, Elifazek, buruan sartu nahi izan ziona. Esan zuen: «Nola izan liteke garbia gizakia? […] Bere aingeruez ere ez bada Jainkoa erabat fidatzen, zeruak ere ez badira aski garbi haren begietan» (Jb 15:14, 15) A zer gezur galantak! Gogora ezazu pentsaera horren atzean nor dagoen: Satanas deabrua. Badaki putzu horretan sartzen bazara, zure itxaropena ito egingo dela. Horren ordez, bota gezur horiek zakarrontzira eta Jainkoaren promesetan pentsatzen jarraitu. Ez izan zalantzarik Jehobak zu betiko bizitzea nahi duela eta horretan lagundu nahi zaituela (1 Tm 2:3, 4).

ESPERANTZA BIZI-BIZI MANTENDU

11. Zergatik izan behar dugu pazientzia gure itxaropena betetzen den bitartean?

11 Gure esperantza bizi-bizi mantentzea ez da beti erraza izaten. Jainkoak bere promesak betetzeko zain gauden bitartean, baliteke pazientzia galtzea. Baina, pentsatu dezagun: Jehoba beti bizi izan da, eta beti biziko da. Beraz, denborari buruz duen ikuspuntua, gurearekin konparatuz, zeharo desberdina da (2 P 3:8, 9). Bere helburua modu egokienean beteko du, baina ez du zertan guk espero dugun momentuan izan behar. Zerk lagundu gaitzake gure esperantza bizi-bizi mantentzen Jainkoaren promesak pazientziaz itxaroten ditugun bitartean? (St 5:7, 8).

12. ⁠Hebrearrei 11:1, 6⁠aren arabera, nola daude lotuta fedea eta esperantza?

12 Jehobarengandik gertu bagaude, gure esperantza bizi-bizi mantenduko da, bera baita gure esperantza egia bihurtuko duena. Bibliak fedea eta itxaropena oso lotuta daudela dio. Izan ere, Jainkoarengana hurbiltzen denak sinetsi egin behar duela eta «haren bila dabiltzanei saria ematen diela» esaten du bertan (Irakurri Hebrearrei 11:1, 6). Jehoba guretzat zenbat eta errealagoa izan, orduan eta konfiantza handiagoa izango dugu bere promesa guztiak beteko dituela. Segidan, Jehobarekin dugun adiskidetasuna sendotzeko modu praktiko batzuk ikusiko ditugu. Horrela, gure itxaropena bizi-bizi mantenduko da.

Otoitzak eta hausnarketak gure esperantza sendo mantenduko dute (Ikusi 13-15 paragrafoak) *

13. Nola hurbildu gaitezke Jainkoarengana?

13 Jehobari otoitz egin eta Biblia irakurri. Nahiz eta ezin dugun Jehoba ikusi, berarengana gerturatu gaitezke. Nola? Entzungo digun ziurtasun osoarekin, berarekin otoitzean hitz eginez (Jr 29:11, 12). Berari entzuteko berriz, bere Hitza irakurri eta hausnartu behar dugu. Hori egitean, bere zerbitzari leialak iraganean nola lagundu zituen ikusten dugu. Ondorioz, gure itxaropena gero eta sendoagoa izango da. Jainkoaren Hitzean «idatzia dagoen guztia gure ikasbiderako dago idatzia, geure eroapenaz eta Liburu Santuek ematen duten adoreaz itxaropenari euts diezaiogun» (Erm 15:4).

14. Zergatik da beharrezkoa Jehobak besteen alde zer egin duen hausnartzea?

14 Hausnartu Jehobak nola bete dituen bere promesak. Gogoratu dezagun Abraham eta Sararekin gertatutakoa. Haurrak izateko garaia pasata zuten. Baina, hala ere, Jainkoak haur bat izango zutela promestu zien (Has 18:10). Nola erantzun zuen Abrahamek? Bibliak dioenez, «sinetsi egin zuen […] herri askoren aita» izango zela (Erm 4:18). Nahiz eta giza ikuspuntutik ez zuen ez hanka eta ez bururik, ziur zegoen Jehobak egindako promesa beteko zuela. Eta ez zion hutsik egin (Erm 4:19-21). Zer ikasten dugu horrelako pasarteetatik? Jehobarentzat ez dagoela ezinezkorik. Beraz, ziur egon gaitezke bere promesak beti betetzen dituela.

15. Zergatik gogoratu beharko genuke Jainkoak gure alde egindakoa?

15 Gogoratu Jehobak zure alde egindakoa. Pentsatu Bibliako promesak zure bizitzan betetzen nola ikusi dituzun. Jesusek hainbat promesa egin zituen. Adibidez, Jehobak bizitzeko beharrezkoa eta, eskatu ezkero, espiritu santua ere emango digula esan zuen (Mt 6:32, 33; Lk 11:13). Jehobak promesa hauek bete ditu eta, seguraski, zure alde bete dituen beste batzuk ere etortzen zaizkizu burura. Adibidez, barkatu, kontsolatu eta espiritualki elikatuko gaituela promestu du (Mt 6:14; 24:45; 2 Ko 1:3). Jainkoak orain arte gure alde egindakoan hausnartzen badugu, etorkizunean ere egingo duela argi izango dugu.

ITXAROPENEAN ALAI

16. Zergatik da esperantza opari zoragarria?

16 Betirako bizitzeko esperantza Jainkoaren opari zoragarria da. Beteko duela ziur gaudenez, momentu hori iristeko irrikitan gaude. Aingura bat bezalakoa da noraezean ez ibiltzen laguntzen digulako. Ondorioz, zailtasunen, pertsekuzioaren, baita heriotzaren aurrean ere, tinko mantentzen gara. Kasko bat bezalakoa da gure pentsaera babesten duelako. Ondorioz, gaizki dagoena baztertzen eta ongi dagoena egiten dugu. Biblian oinarritutako esperantza honek Jehobarengana gerturatzeaz gain, berak zenbat maite gaituen erakusten digu. Zein ona den esperantza bizi-bizi mantentzea!

17. Nola laguntzen digu itxaropenak alai bizitzen?

17 Erromatarrei idatzitako gutunean, Paulo apostoluak esan zuen: «Bizi zaitezte itxaropenean alai» (Erm 12:12). Paulok alai bizitzeko arrazoiak zituen. Bazekien leial mantentzen bazen, betiko biziko zela zeruan. Gu ere itxaropenean alai bizi gaitezke, badakigulako Jehobak bere promesak betetzen dituela. Salmogileak idatzi zuen bezala: «Zorionekoa […] bere Jainko Jauna itxaropen duena! Jaunak […] beti eusten dio bere hitzari» (Sal 146:5, 6).

sjj 139. KANTA Ikusi zeure burua mundu berrian

^ Jehobak etorkizunerako esperantza zoragarria eman digu. Esperantza hau bizi-bizi mantendu behar dugu. Zergatik? Artikulu honetan hau egiteko arrazoi batzuk aztertuko ditugu. Gure bizitzari zentzua ematen dio, eta probetatik harago ikusten laguntzen gaitu. Zailtasun handiak izan arren ere, leial mantentzeko indarra ematen digu, gainera gure pentsaera kaltetu dezaketen ideia okerretatik ere babesten gaitu.

^ 27. Salmoa 14NWT: «Jarri zure esperantza Jehobarengan; izan ausarta eta bihotzez indartsu. Bai, jarri zure esperantza Jehobarengan».

^ IRUDIAREN AZALPENA: Kaskoak soldaduaren burua babesten du, eta aingurak itsasontziari tinko eusten dio. Era berean, gure esperantzak geure pentsaera babesten du, eta zailtasunen aurrean tinko mantentzen laguntzen digu. Arreba batek konfiantzaz otoitz egiten dio Jehobari. Anaia bat Jehobak Abrahami egindako promesak nola bete zituen hausnartzen ari da. Beste anaia bat Jehobak nola lagundu dion gogoratzen ari da.