Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

5. IKASKETARAKO ARTIKULUA

Aprobetxatu denbora ahalik eta ondoen

Aprobetxatu denbora ahalik eta ondoen

«Ibili arretaz ergelen moduan ez jokatzeko, zentzudunen antzera baizik, denbora ahalik eta ondoen aprobetxatuz» (EF 5:15, 16NWT).

sn 49. KANTA Jehoba da gure babeslekua

ZER AZTERTUKO DUGU? *

1. Nola pasa dezakegu denbora Jehobarekin?

 ASKO gustatzen zaigu maite ditugun pertsonekin denbora pasatzea. Zein polita den senar-emazteentzat elkarrekin ilunabarra lasai-lasai pasatzea. Gazteek ere beraien lagunekin egoteaz asko gozatzen dute. Eta guztiok gure anai-arrebekin egotea maite dugu. Baina, gehien-gehien atsegin duguna, Jehobarekin denbora pasatzea da. Nola egiten dugu hau? Otoitz eginez, Biblia irakurriz eta bere helburu eta ezaugarri ederretan hausnartuz. Zein baliotsua den Jehobarekin pasatzen dugun denbora! (Sal 139:17).

2. Zer zailtasun izan ohi ditugu?

2 Nahiz eta Jehobarekin denbora pasatzea gustatu, ez da beti erraza. Zergatik? Oso lanpetuta bizi garelako. Lanak, familia zaintzeak eta beste gauza batzuek, berez, denbora hartzen digute. Horregatik, agian, otoitz egiteko, ikasteko eta hausnartzeko nahiko denborarik ez dugula uste dugu.

3. Zer gehiagok hartu dezake gure denbora?

3 Badago konturatu gabe denbora gehiegi hartu dezakeen beste zerbait. Adi-adi ez bagaude, berez gaizki ez dauden gauzek denbora lapurtu dezakete. Adibidez, entretenimenduak. Denok dugu noizbehinka ondo pasatzeko zerbait desberdina egiteko beharra. Baina nahiz eta entretenimendua egokia izan, denbora gehiegi hartzen badigu, gauza espiritualetarako denbora gutxi izango dugu. Entretenimenduak ezin du beste guztiaren gainetik egon (Es 25:27; 1 Tm 4:8).

4. Zer aztertuko dugu artikulu honetan?

4 Artikulu honetan hiru galdera erantzungo ditugu: Zergatik da beharrezkoa lehentasunak jartzea? Zer egin dezakegu Jehobarekin pasatzen dugun denbora hobeto aprobetxatzeko? Eta, nola lagunduko digute artikulu honetan emandako aholkuek?

ERABAKI ONAK HARTU ETA LEHENTASUN EGOKIAK JARRI

5. Nola lagunduko dio gazte bati Efesoarrei 5:15-17 aholkuak bizimodurik onena aukeratzen?

5 Aukeratu bizimodurik onena. Gazteek askotan pentsatzen dute: «Zer egingo dut neure bizitzarekin?». Alde batetik, eskolako irakasleek eta Lekuko ez diren familia kideek goi-mailako hezkuntza gomendatzen diete, horrela etorkizunean lanpostu on bat lortzeko eta diru asko irabazteko. Bizimodu horrek denbora asko kenduko die. Beste aldetik, gurasoek eta kongregazioko lagunek Jehoba bete-betean zerbitzatzera animatzen dituzte. Zerk lagunduko dio gazte bati erabaki onena hartzen? Efesoarrei 5:15-17 (NWT *) irakurri eta hausnartzeak (Irakurri). Gazte, hausnartzeko, galdetu zeure buruari: «Zein da “Jehobaren nahia”?» Zer erabakik poztuko du? Zerk lagunduko dit denbora ahalik eta ondoen aprobetxatzen?». Gogoratu: «Garai txarrak» dira eta Satanasen munduaren amaiera oso gertu dago. Beraz, izan zentzuduna eta Jehoba zu gehiago maitatzera bultzatuko duen bizimodua aukeratu.

6. Zer aukeratu zuen Mariak, eta zergatik izan zen aukerarik onena?

6 Jarri lehentasun egokiak. Denbora ondo aprobetxatzeko, batzuetan, bi gauzen artean bati eman behar diogu lehentasuna, nahiz eta biak ondo egon. Hau argi ulertzeko, pentsa dezagun Jesus Marta eta Mariaren etxera joan zenean gertatutakoan. Jesus bere gonbidatua izango zelako hain pozik zegoen Marta, sekulako otordua prestatu zuela. Martak lehentasuna horri eman zion bitartean, Mariak bere maisuaren ondoan eseri eta irakatsi zuena entzun zuen. Dudarik gabe Martaren asmoak ezin hobeak ziren, baina Mariak «alderik onena aukeratu» zuen (Lk 10:38-42). Denborarekin, Mariak egun hartan jandakoa ahaztuko zuen, baina ez zuen sekula ahaztuko Jesusengandik ikasi zuena. Mariarentzat Jesusekin pasa zuen denbora oso baliotsua zen. Guk ere asko estimatzen dugu Jehobarekin pasatzen dugun denbora. Baina, nola aprobetxatu dezakegu ondo denbora hori?

ONGI APROBETXATU JEHOBAREKIN PASATZEN DUZUN DENBORA

7. Zergatik dira hain garrantzitsuak otoitza, ikasketa eta hausnarketa?

7 Gogoratu otoitza, ikasketa eta hausnarketa gure adorazioaren parte direla. Otoitz egitean, hainbeste maite gaituen Aitarekin komunikatzen ari gara (Sal 5:8 [5:7NWT]). Bibliatik ikasten dugunean, jakinduria iturri den «Jainkoa ezagutzera» iristen gara (Es 2:1-5). Hausnartzean, Jehobaren izaera politean eta guretzat eta kreazio osoarentzat duen helburuan pentsatzen dugu. Ez dago dudarik, gure denbora otoitzean, ikasketan eta hausnarketan erabiltzea egin dezakegun gauzarik onena da. Baina, nola atera mamia horretan pasatzen dugun denborari?

Bilatu al dezakezu zure ikasketa pertsonala egiteko toki eta momentu aproposa? (Ikusi 8 eta 9 paragrafoak)

8. Nola erabili zuen Jesusek denbora basamortuan, eta zer ikasi dezakegu?

8 Ahal bada, toki lasaia bilatu. Jesusek bere predikatze-lana hasi baino lehen, 40 egun eman zituen basamortuan (Lk 4:1, 2). Leku lasai hartan, Jesusek otoitz egin eta Jehobak berarentzat zuen borondatean hausnartu zuen. Honek laster izango zituen probetarako prestatu zuen. Zer ikasten dugu? Familia handi baten parte bazara, agian ez zaizu erraza egiten lasai egoteko toki eta momentu aproposa aurkitzea. Hala bada, zergatik ez duzu etxetik kanpo bilatzen? Hori da, Jehobarekin denbora pasatzeko, Juliek egiten duena. Senarrarekin batera Frantzian bizi da apartamentu txiki batean, eta zaila egiten zaio distraziorik gabe eta bakarrik egotea. «Egunero joaten naiz parkera bueltatxo bat ematera», dio Juliek. «Han, bakarrik eta kontzentratuta, lasai-lasai hitz egin dezaket Jehobarekin».

9. Oso lanpetuta egon arren, nola erakutsi zuen Jesusek Jehobarekin zuen harremana estimatzen zuela?

9 Jesus oso lanpetuta bizi zen. Herriz herri joaten zenean, jende askok jarraitzen zion, eta denek bere denbora eta arreta nahi zuten. Behin, bera ikusi nahian, «herri osoa bildu zitzaion atarian». Baina hala ere, Jehobarekin zuen harremana zaintzeko denbora hartu zuen. Eguzkia esnatu baino lehen, «bazter bakarti batera joan zen», bere Aitarekin denbora pasatzeko (Mk 1:32-35).

10, 11. ⁠Mateo 26:40, 41⁠aren arabera, zer aholku eman zien Jesusek bere ikasleei, baina zer gertatu zen?

10 Jesusen azken gauean, bere lurreko zerbitzua amaitzear zegoela, berriro ere otoitz egiteko eta hausnartzeko toki lasai baten bila ibili zen, eta Getsemaniko landan aurkitu zuen (Mt 26:36). Gau hartan, Jesusek bere ikasleei aholku inportante bat eman zien.

11 Getsemanira iritsi zirenean, oso berandu zen, gauerdia baino beranduago agian. Jesusek bere ikasleei «zaudete erne» esan, eta otoitz egitera joan zen (Mt 26:37-39). Otoitz egin ondoren, beraiengana hurbiltzean, lotan aurkitu zituen. Orduan berriro ere esan zien: «Zaudete erne eta egizue otoitz» (Irakurri Mateo 26:40, 41). Jasan zuten presio eta tentsioagatik oso nekatuta zeudela konturatu zen. Horregatik errukiz beterik gizakia «ahula» dela esan zien. Hala ere, otoitz egitera joan zen beste bitan, itzultzerakoan otoitz egiten egon beharrean, lotan aurkitu zituen (Mt 26:42-45).

Hartu al dezakezu denbora nekatuegi ez zaudenean otoitz egiteko? (Ikusi 12. paragrafoa)

12. Zer egin dezakegu otoitz egiteko kezkatuegi edo nekatuegi bagaude?

12 Aukeratu momentu aproposa. Batzuetan, otoitz egiteko kezkatuegi edo nekatuegi sentitzen bazara, lasai ibili, ez zara bakarra. Zer egin dezakezu? Egunaren amaieran otoitz egiteko nekatuegi egoten zarela konturatzen bazara, ideia ona izan daiteke lehentxeago egiteko ohitura hartzea. Oso lagungarria izan daiteke ere otoitz egiteko postura aldatzea. Eta kezkatuegi edo animorik gabe bazaude, zer? Kontaiozu Jehobari nola sentitzen zaren. Dudarik gabe zure Aitak, errukiz beterik, ulertuko zaitu (Sal 139:4).

Saiatu al zaitezke bileran zaudenean mezuak eta emailak ez erantzuten? (Ikusi 13 eta 14 paragrafoak)

13. Nola oztopatu dezakete telefono eta tabletak Jehobarekin pasatzen dugun denbora?

13 Ikasten ari zarenean kontzentrazioa mantendu. Otoitz egiteaz gain, Jainkoaren Hitza aztertzeak eta bileretan egoteak Jehobarengana gerturatzen gaitu. Nola aprobetxatu dezakegu ondo horretan ematen dugun denbora? Galdetu zeure buruari: «Zerk oztopatu dezakete nire kontzentrazioa ikasten edo bileretan nagoenean?». Agian, telefonoak edo tabletak? Bertan jasotzen ditudan dei, email edo mezuek? Gaur egun, milioika pertsonek erabiltzen dituzte tresna praktiko hauek. Ikerlari batzuen arabera, kontzentratzen saiatzen ari garenean, telefono bat inguruan edukitzeak bakarrik, despistatu egin gaitzake. «Egiten ari zaren horretan ezin duzu kontzentratu», dio aditu batek. «Burua beste nonbait daukazu». Biltzarretan, askotan, gailu elektronikoak besteek programa trabarik gabe entzun ahal izateko moduan jartzeko eskatzen digute. Zergatik ez dugu gauza bera egiten gure gailuek gu ez despistatzeko eta Jehobarekin pasako dugun denbora ondo aprobetxatzeko?

14. ⁠Filipoarrei 4:6, 7⁠aren arabera, nola lagunduko digu Jehobak kontzentratzen?

14 Eskatu Jehobari kontzentratzeko laguntza. Urduri edo kezkatuta bazaude, zaila da ikastean edo bileran zaudenean kontzentratua egotea, baina behar-beharrezkoa da. Horregatik, burua beste nonbaitera joan zaizula ikusten baduzu, otoitz egin Jehobari, eskatu zure «gogo-bihotzak» zainduko dituen bakea (Irakurri Filipoarrei 4:6, 7).

JEHOBAREKIN PASATZEN DUGUN DENBORAK ASKO LAGUNTZEN DIGU

15. Nola laguntzen digu Jehobarekin denbora pasatzeak?

15 Jehobarekin hitz egiteko, berari entzuteko eta berari buruz hausnartzeko denbora hartzeak asko lagunduko digu. Nola? Lehenik, erabaki onak hartzen lagunduko digu. Bibliak dio: «Zuhurrekin ibiltzen dena zuhur bihurtzen da» (Es 13:20). Ez dago inor Jehoba baino zuhurragorik, bera baita jakinduriaren iturri. Beraz, berarekin denbora pasatzen dugunean, zuhur bihurtzen gara eta Jehoba poztuko duten erabakiak hartzeko hobeto prestatuta egongo gara.

16. Nola laguntzen digu Jehobarekin denbora pasatzeak irakasle hobeak izaten?

16 Bigarrenik, irakasle hobeak izango gara. Biblia-ikastaro bat zuzentzean, daukagun helburu inportante bat ikaslea Jehobarengana hurbiltzea da. Jehobarekin zenbat eta gehiago komunikatu, orduan eta maiteagoa izango dugu. Beraz, errazagoa izango zaigu Jehobari diogun maitasuna gure ikasleari transmititzea. Hauxe bera egin zuen Jesusek. Bere Aitari buruz hitz egitean, oso hitz goxo eta maitekorrak erabili zituenez, bere ikasleak Jehoba maitatzera iritsi ziren (Jn 17:25, 26).

17. Nola sendotzen dute geure fedea otoitzak eta ikasketa pertsonalak?

17 Hirugarrenik, gure fedea sendotu egingo da. Zer gertatzen da Jehobari gida, kontsolamendua eta laguntza eskatzen diogunean? Erantzuten digun bakoitzean, gure fedea sendotu egiten dela (1 Jn 5:15). Ikasketa pertsonalak ere gure fedea sendotu dezake. Izan ere, «mezuaren entzutetik dator fedea» (Erm 10:17, EABLB). Baina, ikastea bakarrik ez da nahikoa. Zer gehiago egin behar dugu?

18. Zergatik hausnartu behar dugu? Eman adibide bat.

18 Ezinbestekoa da ikasitakoan hausnartzea. Ikusi dezagun 77. Salmoaren idazleari gertatutakoa. Oso kezkatuta eta urduri zegoen berak eta herriak Jehobaren onespena galdu zutela pentsatzen zuelako. Ezin zuen lorik ere egin (3-9 bertsetak [2-8, NTW]). Zer egin zuen? Jehobari esan zion: «Zuk egindako guztiak buruan darabiltzat, zure egintza handiak hausnartzen ditut» (13. bertseta [12, NTW]). Noski, salmogileak ondo zekien Jehobak iraganean zer egin zuen bere herriaren alde. Baina, hala ere, honakoa galdetu zion bere buruari: «Jainkoa bere gupidaz ahaztu ote da? Haserrez bihotza itxia ote du?» (10. bertseta [9, NTW]). Orduan, Jehobaren ekintzetan eta iraganean erakutsitako errukian hausnartu zuen (12. bertseta [11, NTW]). Honi esker, ziur zegoen Jehobak ez duela inoiz bere herria utziko (16. bertseta [15, NTW]). Jehobak gure alde eta bere herriaren alde egindakoan hausnartzen dugunean, gure fedea sendotuko da.

19. Zer beste modutan laguntzen digu Jehobarekin denbora pasatzeak?

19 Laugarren, eta inportanteena, Jehobari diogun maitasuna handituko da. Zertara bultzatuko gaitu maitasunak? Jehoba obeditzera, bere alde sakrifizioak egitera eta zailtasunen aurrean irautera (Mt 22:37-39; 1 Ko 13:4, 7; 1 Jn 5:3). Zein polita eta baliotsua den, maitasunari esker, Jehobarekin dugun adiskidetasuna! Ez dago parekorik! (Sal 63:1-8).

20. Zer egingo duzu Jehobarekin denbora pasatzeko?

20 Otoitza, ikasketa eta hausnarketa gure adorazioaren parte direla ikusi dugu. Beraz, Jesusek egin zuen bezala, bilatu dezagun Jehobarekin denbora pasatzeko momentu eta toki aproposa. Eskatu Jehobari kontzentratzeko laguntza eta distrazioak alde batera utzi. Gure denbora ahalik eta hobekien aprobetxatzen badugu, Jehobak mundu berrian betirako bizitzarekin sarituko gaitu (Mk 4:24).

sjj 28. KANTA O, Jehoba, nor da zure laguna?

^ Norbait ezagutzeko denbora behar dugu. Gauza bera gertatzen da Jainkoarekin. Jehoba dugun lagunik onena da. Bere adiskidetasuna guretzat oso berezia denez, bera hobeto ezagutu nahi dugu. Horretarako behar-beharrezkoa dugu denbora hartzea. Baina oso lanpetuta bizi gara. Orduan, nondik atera dezakegu denbora, eta zertan lagunduko digu Jehobarengana hurbiltzeko denbora hartzeak?

^ Efesoarrei 5:15-17NWT: «Beraz, ibili arreta handiz ergelen moduan ez jokatzeko, zentzudunen antzera baizik, denbora ahalik eta ondoen aprobetxatuz, garai txarrak baitira. Horregatik, utzi zentzugabe izateari eta ulertu Jehobaren nahia zein den».