1. IKASKETARAKO ARTIKULUA
Jehobarengana jotzen dutenei ez zaie ezer falta
2022KO URTEKO AIPUA: Jehobarengana jotzen dutenei ez zaie ezer falta (SAL 34:11).
sn 22. KANTA «Jehoba dut artzain»
ZER AZTERTUKO DUGU? *
1. Zer egoera zailean zegoen Dabid?
DABID arriskuan zegoen. Saul, Israelgo errege boteretsua, bera hil nahian zebilen. Dabidek, ihesean, janaria behar zuen eta Nob izeneko hirian gelditu zen. Bertan, bost ogi besterik ez zituen eskatu (1 Sm 21:1, 2, 4 [21:1, 3 NWT]). Gero, bere gizonekin batera, leize batean aurkitu zuen babesa (1 Sm 22:1). Zergatik iritsi zen Dabid honelako egoera batera?
2. Nola jarri zuen Saulek bere burua egoera oso arriskutsuan? (1 Samuel 23:16, 17)
2 Saul jeloskor zegoen jendeak Dabid atsegin zuelako eta borroka asko irabazi zituelako. Saulek bazekien bere desobedientziagatik Jehobaren onespena galdu zuela eta honek Dabid aukeratu zuela Israelgo hurrengo erregea izateko (Irakurri 1 Samuel 23:16, 17). Hala ere, Saul oraindik errege zenez, armada handia zuen eta jende asko zegoen bere alde. Beraz Dabidek bere bizia salbatzeko ihes egin behar izan zuen. Benetan uste al zuen Saulek Dabid errege izateko Jainkoaren asmoa geldiaraziko zuela? (Is 55:1). Bibliak ez du esaten, baina ziur gaude Saul bere burua egoera oso arriskutsuan jartzen ari zela. Izan ere, Jainkoaren aurka daudenek porrot egiten dute beti!
3. Nola sentitu zen Dabid egoera zailean egon arren?
3 Dabid ez zen handinahia. Ez zuen Israelgo errege izatea aukeratu. Jehobak eman zion eginkizun hori (1 Sm 16:1, 12, 13). Saul Dabid izugarri gorrotatzera iritsi zen. Baina Dabidek ez zion Jehobari arriskuan egoteagatik errurik bota. Ez zen janari gutxi edukitzeagatik eta leize batean ezkutatu behar izateagatik kexatu. Horren ordez, leize horretan bertan seguruenik aipu nagusiko hitzak konposatu zituen kanta eder batean: «Jaunarengana jotzen dutenei ez zaie ezer falta» (Sal 34:11 [34:10, NWT]).
4. Zer galdera erantzungo ditugu eta zergatik dira inportanteak?
4 Gaur egun Jehobaren zerbitzari askori janaria eta bizitzeko beste gauza batzuk falta izan zaizkie. * Hau hala izan da azken pandemian bereziki. Eta «larrialdi handia» gainean dugula, garai oraindik latzagoak espero ditzakegu (Mt 24:21). Hau dena kontuan hartuta, erantzun ditzagun lau galdera hauek: Zer zentzutan ez zitzaion «ezer falta» Dabidi? Zergatik ikasi behar dugu dugunarekin pozik egoten? Zergatik egon gaitezke ziur Jehobak zainduko gaituela? Eta nola prestatu gaitezke orain etorkizunerako?
«EZ ZAIT EZER FALTA»
5, 6. Nola laguntzen digu 23. Salmoa 1-6 pasarteak Jainkoaren zerbitzariei ez zaiela «ezer falta» ulertzen?
5 Zer esan nahi zuen Dabidek Jehobaren zerbitzariei ez zitzaiela «ezer falta» esan zuenean? 23. Salmoan antzeko hitzak erabili zituenez, hobeto ulertzen lagunduko digu (Irakurri 23. Salmoa 1-6). Dabidek Salmoa honela hasten du: «Jauna dut artzain: ez zait ezer falta». Hortik aurrera, Dabidek benetan baliotsuak diren gauzak aipatzen ditu: Jehoba gure artzain bezala onartzeagatik, disfrutatu ditzakegun bedeinkapen espiritual ugariak. Jehobak «bide egokitik» darama, eta garai on eta txarretan bere ondoan leialki jarraitzen du. Jehobaren «larre guritan» egon arren, badaki arazoak ere izango dituela. Batzuetan, desanimatu egin daiteke, «ibar beltz ilunetan» ibiliko balitz bezala, eta etsaiak izango ditu. Baina Jehoba bere artzaina duenez, Dabidek «ez du inolako gaitzen beldurrik».
6 Orduan, zer zentzutan ez zuen Dabidek «ezer falta» izan? Espiritualki, behar zuen guztia zuen. Bere zoriona ez zen gauza materialen araberakoa, pozik sentitzen zen Jehobak ematen zionarekin. Dabidentzat inportanteena Jainkoaren bedeinkapena eta babesa ziren.
7. Lukas 21:20-24 pasartearen arabera, zer zailtasun pasa zituzten Judean lehen mendean bizi ziren kristauek?
7 Dabiden hitzetatik gauza materialei buruzko ikuspuntu egokia izatea zein inportantea den ikusten dugu. Noski, hauetaz disfrutatzen dugu, baina ez dute gure bizitzako gauza garrantzitsuena izan behar. Judean bizi ziren lehen mendeko kristauek ongi ulertu zuten hori (Irakurri Lukas 21:20-24). Jerusalem «gudarostez inguratua» ikusiko zutela abisatu zien Jesusek, eta orduan «mendietara» «ihes egiteko» esan zien. Hori eginez bizirik jarraituko zuten, baina sakrifizio handiak egin beharko zituzten. Duela urte batzuk, Talaiak honakoa esan zuen: «Soroak eta etxeak utzi zituzten, bertan zituzten ondasunak ere jaso gabe. Jehobaren babesean eta laguntzan konfiantza izanez, bere adorazioa inportanteak ziruditen beste gauza guztien aurretik jarri zuten».
8. Zer ikasten dugu Judean bizi ziren lehenengo kristauei gertatutakotik?
8 Zer ikasten dugu Judean bizi ziren lehen mendeko kristauei gertatutakotik? Lehen aipatutako Talaiak ikasgai inportante bat azpimarratu zuen: «Etorkizunean, ondasunei buruz dugun ikuspuntua proban jarriko da. Zer da guretzako inportanteena, ondasunak edo Jehobaren alde egoteagatik jasoko dugun salbamena? Gure ihesaren ondorioz, zailtasun eta gabezia batzuei aurre egin beharko diegu agian. Behar den guztia egiteko prest egon behar dugu Judeako lehen mendeko adiskideek beraien ihesean egin zuten bezala». *
9. Nola animatzen zaitu Paulok hebrearrei emandako aholkuak?
9 Imajinatu al dezakezu zein zaila izango zen kristau horientzat ia-ia dena atzean utzi eta berriro hastea? Fedea izan behar zuten Jehobak oinarrizko gauzak emango zizkien konfiantza izateko. Baina bazuten lagunduko zien zerbait. Erromatarrek Jerusalem setiatu baino bost urte lehenago, Paulo apostoluak aholku baliotsuak eman zizkien hebrearrei: «Ez izan diru-gose; egon pozik duzuenarekin, Jainkoak esana baitu: “Ez zaitut utziko, ez baztertuko”. Beraz, uste osoz esan dezakegu: “Jauna dut neure alde, ez naiz beldur: zer egin dezake nire kontra gizakiak?”» (Heb 13:5, 6). Pauloren aholkua jarraitu zutenentzat errazagoa izango zen bizi ziren toki berrian bizitza sinpleago bat eramatean pozik egotea. Ziur zeuden Jehobak behar zutena emango ziela. Pauloren hitzek konfiantza bera izan dezakegula ziurtatzen digute.
«POZIK EGON BEHAR DUGU»
10. Zer «sekretu» kontatu zigun Paulok?
10 Paulok antzeko aholkua eman zion Timoteori, baita guri ere. Honakoa idatzi zuen: «Beraz, janariak eta jantzia euki ezkero, honenbestez pozik egon behar dogu» (1 Tm 6:8, Ke, ortografia egokituta). Zer esan nahi du horrek? Ezin dugula bazkari eder batez gozatu, etxe polit bat eduki, edo noizean behin arropa berria erosi? Paulok ez zuen hori esan. Daukagunarekin pozik egon behar dugula esan nahi zuen. Hori zen Paulok Filipoarrei 4:12an aipatutako «sekretua». Daukagun gauzarik kuttunena gure Jainkoarekin dugun adiskidetasuna da eta ez gauza materialak (Hab 3:17, 18).
11. Zer ikasten dugu Moisesek israeldarrei esandakotik kontent egoteari buruz?
11 Gure ustez behar batzuk ditugu, baina Jehobak daki benetan zer behar dugun. Begira zer esan zien Moisesek israeldarrei basamortuan 40 urte pasa ondoren: «Gogoan izan Jaunak zeuen Jainkoak egintza guztietan bedeinkatu zaituztela eta basamortu izugarri honetan egin duzuen ibilaldiaz arduratu dela; zeuekin izan duzue berrogei urte hauetan eta ez zaizue ezer falta izan» (Dt 2:7). 40 urte haietan zehar, Jehobak mana eman zien jateko, eta Egiptotik ateratzean zeramaten arropa ez zitzaien gastatu (Dt 8:3, 4). Batzuentzat agian, hori ez zen nahikoa izan, baina Moisesek israeldarrei behar zuten guztia izan zutela gogoratu zien. Jehoba pozik egongo da kontent izaten ikasten badugu. Ematen digun gauza txikiena ere bere bedeinkapena bezala ikusi eta esker ona erakustea nahi du.
JEHOBAK ZAINDUKO ZAITUEN KONFIANTZA IZAN
12. Zerk erakusten du Dabidek Jehobarengan jarri zuela konfiantza, eta ez berarengan?
12 Dabidek bazekien Jehoba leiala dela eta bera maite dutenetaz biziki arduratzen dela. 34. Salmoa konposatu zuenean bere bizia arriskuan zegoen arren, fede biziz «Jehobaren aingerua» bere «inguruan» zegoela nabaritu zuen (Sal 34:8 [34:7, NWT]). Dabidek agian zelaian kanpaturik dagoen eta adi-adi etsaia etorriko den begiratzen ari den soldaduarekin konparatu zuen Jehobaren aingerua. Nahiz eta soldadu ausarta izan eta Jehobak errege izango zela promestu, ez zuen konfiantza habaila edo ezpata erabiltzeko zuen trebetasunean jarri (1 Sm 16:13; 24:13 [24:12, NWT]). Dabidek Jainkoarengan jarri zuen konfiantza. Zergatik? Jehobaren «aingerua begirune diotenen inguruan, arriskuetatik ateratzeko» prest dagoelako. Noski, ez dugu espero mirari bidez guztiz babesturik egotea. Baina badakigu Jehobarengan konfiantza jartzen dutenek ez dutela betirako kalterik jasango.
13. Magog herrialdeko Gog gure aurka etortzen denean, zergatik izango gara itxuran garaitzeko errazak, baina zergatik ez dugu beldurrik izan beharko? (Ikusi azaleko irudia)
13 Hemendik gutxira, Jehobaren babesean dugun konfiantza proban jarriko da. Magog herrialdeko Gog, hau da, nazioen arteko koalizio bat, Jainkoaren herriaren aurka etortzen denean, itxuran gure biziak arriskuan egongo dira. Orduan konbentzituta egon beharko dugu Jehobak salbatuko gaituela. Nazioentzat babesik gabe dauden ardi koitadu batzuk besterik ez gara izango (Ez 38:10-12). Ez dugu armarik, ezta gerrarako prestakuntzarik ere izango. Beraz, nazioek oso erraz garaituko gaituztela pentsatuko dute. Ez dute ikusiko guk fede biziz ikusi dezakeguna: Izugarrizko aingeru pila, Jainkoaren herriaren inguruan kanpaturik gu babesteko prest. Nolatan ez dituzte ikusiko? Ez dutelako ikusmen espiritualik. A zer sorpresa hartuko duten zeruko gudarosteak gu laguntzera etortzen direnean! (Ap 19:11, 14, 15).
PRESTATU ORAIN ETORKIZUNERAKO
14. Zer egin dezakegu orain etorkizunerako prestatzeko?
14 Zer egin dezakegu orain etorkizunerako prestatzeko? Lehenengo, gauza materialei buruzko ikuspuntu egokia izan behar dugu, zeren egun batean atzean utzi beharko ditugu. Gainera, daukagunarekin kontent egon behar dugu eta Jehobarekin dugun adiskidetasunak izan behar du gure poz handienaren iturria. Jainkoa zenbat eta hobeto ezagutu, orduan eta konbentzituago egongo gara Magog herrialdeko Gogen erasotik gu babesteko ahalmena duela.
15. Iraganeko zer bizipenek irakatsi zioten Dabidi Jehobak ez ziola inoiz huts egingo?
15 Dabidi lagundu zion beste zerbait ere guretzat lagungarria izan daiteke. Azter dezagun. Dabidek esan zuen: «Dasta eta ikus zein ona den Jauna: zorionekoa berarengan babesa duena!» (Sal 34:9 [34:8, NWT]). Dabidek Jehobarengan konfiantza jartzeko zuen arrazoia azaltzen dute hitz hauek. Dabidek askotan jarri zuen Jehobarengan konfiantza, eta Jainkoak ez zion inoiz huts egin. Gaztea zenean, Goliat erraldoi filistearraren aurka borroka egin behar izan zuen eta soldadu basati hari honakoa esan zion: «Nire esku jarriko zaitu Jaunak gaur bertan» (1 Sm 17:46). Beranduago, Dabid Saul erregearen zerbitzura egon zen eta hau bera hiltzen saiatu zen behin eta berriz. Baina Jehoba Dabidekin zegoen (1 Sm 18:12). Iraganean Jehobaren laguntza sentitu zuenez, Dabidek bazekien momentu hartako zailtasunekin ere lagunduko ziola.
16. Nola «dastatu» dezakegu Jehoba ona dela?
16 Jehobaren gida zenbat eta gehiago bilatu orain, orduan eta ziurrago egongo gara etorkizunean gu salbatzeko gai izango dela. Fedea eta gogoa izan behar ditugu Jehobarengan konfiantza jartzeko. Adibidez, laneko nagusiari biltzarrera joateko egun libreak, edo bilera guztietan egon edo gehiago predikatzeko ordutegi egokia eskatzeko. Baina imajinatu laneko nagusiak ezetz esaten digula eta lana galtzen dugula. Benetan sinesten al dugu Jehobak ez gaituela utziko, ez baztertuko eta oinarrizko gauzak emango dizkigula beti? (Heb 13:5). Denbora osoko zerbitzuan dauden anai-arreba askok kontatu dezakete gehien behar zutenean Jehobak nola lagundu dien. Jehoba leiala da.
17. Zein da 2022ko urteko aipua, eta zergatik da egokia?
17 Jehoba alboan badugu, ez dugu etorkizunaren beldur izateko arrazoirik. Erreinua gure bizitzan lehen tokian jarri ezkero, Jehobak ez gaitu utziko. Datozen egun zailetarako prestatu eta Jehobarengan dugun konfiantza indartu behar dugu. Hau gogorarazteko Zuzendari-batzordeak 2022ko urteko aipua 34. Salmoa 11an [34:10, NWT] oinarritu du: Jehobarengana jotzen dutenei ez zaie ezer falta.
sjj 38. KANTA Jehobak sendotuko gaitu
^ 2022rako urteko aipua 34. Salmoa 11n oinarrituta dago: Jehobarengana jotzen dutenei ez zaie ezer falta. Jehobaren zerbitzari leial askok materialki oso gutxi dute. Orduan, zergatik esan daiteke ez zaiela «ezer falta»? Eta nola lagunduko digu bertset hau ulertzeak etorriko diren garai latzetarako?
^ Ikusi aldizkari honen 2014ko irailak 15eko alearen «Preguntas de los lectores» («Questions des lecteurs») artikulua.
^ Ikusi La Atalaya edo La Tour de Garde aldizkariko, 1999ko maiatzaren 1eko, 19. orrialdea.