Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

3. IKASKETARAKO ARTIKULUA

Zer ikasi dezakegu Jesusen malkoetatik?

Zer ikasi dezakegu Jesusen malkoetatik?

«Jesusek negarrari eman zion» (JN 11:35).

sjj 17. KANTA «Nahi dut»

ZER AZTERTUKO DUGU? *

1-3. Zergatik egon gaitezke batzuetan negar-malkotan?

 NOIZ izan da negar egin duzun azken aldia? Batzuetan, pozik gaudelako egiten dugu negar. Baina gehienetan, bihotzean sentitzen dugun minagatik egiten dugu negar. Adibidez, maite dugun norbait heriotzean galtzen dugunean. Lorileik, Estatu Batuetan bizi den arrebak dio: «Nire alabaren heriotzagatik izugarrizko mina sentitzen nuen. Momentu horietan, ezerk ez ninduen kontsolatzen. Bihotza guztiz hautsia nuen eta ez nekien nolatan jarraitu zezakeen taupadak ematen». *

2 Negar egiteko beste arrazoi batzuk ere izan ditzakegu. Hiromik, Japoniako aitzindari batek, aitortu zuen: «Noizean behin, predikatzean aurkitzen dudan jendearen apatiagatik desanimatzen naiz. Batzuetan, negar-malkotan, Jehobari laguntza eskatzen diot, ea egiaren bila dabilen norbait aurkitzen dudan».

3 Sentitu al zara inoiz arreba hauek bezala? Gehienok bai (1 P 5:9). Denok nahi dugu Jehoba «pozik» eta «oihu alaiz» zerbitzatu, baina agian, malkotan egiten dugu dolua, desanimoa, edo gure leialtasuna probapean jartzen ari den egoera batengatik (Sal 6:7 [6:6, NWT]; 100:2). Zer egin dezakegu horrelako sentimenduek itotzen bagaituzte?

4. Zer aztertuko dugu artikulu honetan?

4 Asko ikasi dezakegu Jesusen eredutik. Batzuetan, berak ere emozio sakonen ondorioz, «negarrari eman zion» (Jn 11:35; Lk 19:41; 22:44; Heb 5:7). Gogoratu ditzagun momentu horiek, eta ikusi dezagun zer ikasi dezakegun. Negarra eragiten diguten egoeretan zer egin dezakegun ere ikusiko dugu.

NEGAR EGIN ZUEN BERE LAGUNENGATIK

Jesus bezala, doluan daudenen ondoan egon (Ikusi 5-9 paragrafoak) *

5. Zer antzeman dezakegu Jesusi buruz Joan 11:32-36 pasartean?

5 Kristo ondoren, 32. urteko neguan, Jesusen lagun on bat, Lazaro, gaixotu eta hil egin zen (Jn 11:3, 14). Gizon honek bi arreba zituen, Maria eta Marta, eta Jesusek familia osoa asko maite zuen. Bi ahizpak lur jota sentitzen ziren anaiaren heriotzagatik. Hil zenean, Jesusek Maria eta Marta bizi ziren herrira bidaiatu zuen, Betaniara. Marta, Jesus zetorrela entzun orduko, korrika atera zitzaion bidera. Imajinatu nolako pena sentituko zuen Jesusi hau esatean: «Jauna, hemen izan bazina, gure neba ez zen hilko» (Jn 11:21). Handik gutxira, Jesusek Maria eta besteak malkotan ikusi zituenean, «negarrari eman zion» (Irakurri Joan 11:32-36).

6. Zergatik egin zuen Jesusek negar une horretan?

6 Zergatik egin zuen Jesusek negar momentu horretan? Perspicacia para comprender las Escrituras (Étude perspicace des Écritures) entziklopediak dio: «Lazaro bere lagunaren heriotzaren ondorioz eta bere arreben bihozminaren eraginez, Jesusi barruak zirrara egin eta negarrari eman zion». * Jesus seguraski bere lagun maitearen azalean jarriko zen. Alde batetik, Lazarok gaixotasunean zehar sentitu zuen mina imajinatuko zuen eta bestetik, heriotza gertu zuela konturatzean sentituko zuen egonezinean pentsatuko zuen. Gainera, Maria eta Marta bere anaiaren heriotzarengatik zenbat sufritzen ari ziren ikustean, negarrez hasi zen. Lagun min bat edo familia-kide bat heriotzean galdu baduzu, zalantzarik gabe antzeko zerbait sentituko zenuen. Aztertu ditzagun pasarte honetatik atera ditzakegun hiru ikasgai.

7. Zer erakusten digute Jesusen malkoek Jehobari buruz?

7 Jehobak ondo ulertzen du nola sentitzen zaren. Jesus bere Aitaren «izatearen irudia» da (Heb 1:3). Negar egitean, bere Aitak sentitzen zuena erakutsi zuen (Jn 14:9). Maite duzun norbait galdu baduzu, ziur egon Jehobak zure mina ikusten duela eta gainera sentitzen duzunagatik pena handia duela. Zure bihotz hautsia sendatu nahi du (Sal 34:19 [34:18, NWT]; 147:3).

8. Zergatik egon gaitezke ziur Jesusek maite ditugunak berpiztuko dituela?

8 Jesusek maite dituzunak berpiztu nahi ditu. Negar egin baino lehentxeago, Jesusek Martari honakoa ziurtatu zion: «Piztuko da zure neba». Martak sinetsi egin zion (Jn 11:23-27). Marta Jehobaren zerbitzari leiala zenez, bazekien mende batzuk lehenago Elias eta Eliseo profetek jendea berpiztu zutela (1 Erg 17:17-24; 2 Erg 4:32-37). Eta segur aski izango zuen Jesusen berpizkundeen berri (Lk 7:11-15; 8:41, 42, 49-56). Ez izan zalantzarik, zuk ere maite dituzun hildakoak berriro ikusiko dituzu. Bere lagunak kontsolatzean Jesusek botatako malkoak horren froga dira. Berpizkundea martxan jartzeko irrikan dago!

9. Jesusek bezala, nola lagundu ditzakezu doluan daudenak? Adibide bat eman.

9 Doluan daudenei laguntza eman. Jesusek Marta eta Mariarekin batera negar egin baino gehiago egin zuen. Entzun eta kontsolatu egin zituen. Guk ere gauza bera egin dezakegu doluan daudenen alde. Danek, Australian bizi den adindun batek, dio: «Emaztea galdu nuenean, laguntza behar nuen. Bikote asko egon ziren edozein momentutan ni entzuteko prest. Barruan nuena ateratzen utzi zidaten, eta ez ziren lotsatu negarrez hasten nintzenean. Laguntza praktikoa eskaini zidaten, indarrik gabe nengoenean kotxea garbitu, erosketak egin eta janariak prestatuz, besteak beste. Gainera, askotan egiten zuten otoitz nirekin. Benetako lagunak eta “larrialditarako jaiotako” anaiak zirela frogatu zuten» (Es 17:17).

NEGAR EGIN ZUEN BERE BIZILAGUNENGATIK

10. Zer kontatzen du Lukas 19:36-40 pasarteak?

10 33. urteko Nisanaren 9⁠an Jesus Jerusalemera iritsi zen. Hirira gerturatu ahala, jendetza bat elkartu eta jantziak zabaldu zituzten bidean Jesus beraien errege bezala onartzen zutela adieraziz. Zein momentu alaia! (Irakurri Lukas 19:36-40). Beraz, bere ikasleak harrituta geldituko ziren ondoren gertatu zena ikustean. «Jesus hurbildu eta hiria ikustean, negarrez hasi zen berarengatik». Begiak malkoz beteta, Jerusalemgo biztanleek izango zuten etorkizun iluna aurresan zuen (Lk 19:41-44).

11. Zergatik egin zuen Jesusek negar Jerusalemgo biztanleengatik?

11 Zergatik sentitu zen Jesus hain gaizki? Nahiz eta harrera ona jasotzen ari zen, dagoeneko bere herrikideek orokorrean Erreinuaren mezua ez zutela onartuko erakutsi zutelako. Jerusalem suntsitua izango zen eta bizirik atera zitezkeen juduak esklabu bihurtuko ziren (Lk 21:20-24). Tamalez, Jesusek esan bezala, gehiengoak baztertu egin zuen. Nola erantzuten dio jende gehienak Erreinuaren mezuari zure inguruan? Gutxi batzuek bakarrik erantzuten badute, zer ikasi dezakezu Jesusen malkoetatik? Ikus ditzagun hiru ikasgai gehiago.

12. Zer erakusten digute Jesusen malkoek Jehobari buruz?

12 Jehobari jendea inporta zaio. Jesusen malkoek Jehobari jendea zenbat inporta zaion gogorarazten digute. Izan ere, «ez baitu inor galtzerik nahi, denok bihozberritzea baizik» (2 P 3:9). Gaur egun lagun hurkoa maite dugula erakusten dugu berri onekin beraien bihotza ukitzeko ahaleginak behin eta berriz eginez (Mt 22:39).

Jesus bezala, predikatzeko ordutegia moldatzeko prest egon (Ikusi 13 eta 14 paragrafoak) *

13, 14. Nola erakutsi zuen Jesusek errukia eta nola landu dezakegu guk?

13 Jesusek gogor lan egin zuen. Jendeari zion maitasuna aukera zuen bakoitzean irakatsiz erakutsi zuen (Lk 19:47, 48). Zerk bultzatu zuen hori egitera? Beraiengatik sentitzen zuen errukiak. Batzuetan, hainbestek entzun nahi zioten, non Jesusek eta ikasleek «ezin zuten otordurik ere egin» (Mk 3:20). Gizon batek gauez entzun nahi izan zionean ere, Jesus orduan hitzegiteko prest egon zen (Jn 3:1, 2). Hasieran entzun zion jende gehiena ez zen bere jarraitzaile bihurtu. Baina entzun zuten guztiek oso testigantza ona jaso zuten. Gaur egun guk ere guztiei berri onak entzuteko aukera eman nahi diegu (Eg 10:42). Hau lortzeko, agian, gure predikazioan aldaketa batzuk egin beharko ditugu.

14 Aldaketak egiteko prest egon. Beti ordu berean predikatzen badugu, zaila izango da berri onak entzun nahi dituen jendea aurkitzea. Matilda izeneko aitzindari batek dio: «Senarra eta biok jendea ordu desberdinetan bilatzen saiatzen gara. Goizean goiz, negozio eremuan predikatzen dugu. Eguerdi aldean, kalean jende asko dabilenean, gurditxoak jartzen ditugu. Egunak aurrera egin ahala, etxean jende gehiago aurkitzen dugula konturatu gara». Komeni zaigun ordutegia jarraitu ordez, jende gehiena topatuko dugunean predikatzeko prest egon behar dugu. Horrela egiten badugu, ziur egon gaitezke Jehoba gurekin pozik egongo dela.

NEGAR EGIN ZUEN BERE AITAREN IZENAGATIK

Jesusek bezala, zailtasunen aurrean Jehobari laguntza erregutu (Ikusi 15-17 paragrafoak) *

15. ⁠Lukas 22:39-44⁠ pasartearen arabera, zer gertatu zen Jesus hil aurreko gauean?

15 33. urteko Nisanaren 14⁠ko gauean, Jesus Getsemaniko baratzera joan zen. Han bihotza ireki zion Jehobari otoitzean (Irakurri Lukas 22:39-44). Momentu zail horietan, «deiadar handiz eta negar-malkoz egin zion otoitz eta erregu» (Heb 5:7). Zer eskatu zion Jehobari hil aurreko gau hartan? Leial mantentzeko eta bere nahia egiteko indarra. Jehobak bere semearen erregua entzun zuen eta aingeru bat bidali zuen indartzeko.

16. Zergatik zegoen Jesus hain kezkatuta Getsemaniko baratzean otoitz egiten zuten bitartean?

16 Zergatik egin zuen Jesusek negar Getsemaniko baratzean otoitz egiten ari zen bitartean? Jendeak bere Aitaren izena errespetatzen ez zuela pentsatzeak izugarri kezkatzen zuelako. Gainera Jainkoaren izena aldarrikatzeko erantzukizuna sekulako ardura zela sentitzen zuen. Zure leialtasuna probapean jartzen ari den egoera larri bat bizitzen ari bazara, zer ikasi dezakezu Jesusen malkoetatik? Berriro ere, ikus ditzagun beste hiru ikasgai.

17. Zer erakusten digu Jehobak Jesusen otoitzei erantzun izanak?

17 Jehobak zure erreguak entzuten ditu. Jehobak Jesusek bihotz-bihotzez eskatutakoa entzun zuen. Zergatik? Jesusen kezka nagusia bere Aitari leial izatea eta bere izena aldarrikatzea izan zelako. Zure kezka hori bera bada, Jehobak laguntza eske egiten dizkiozun otoitzak erantzungo ditu (Sal 145:18, 19).

18. Zergatik esan dezakegu Jesus ondo ulertzen gaituen laguna dela?

18 Jesusek ondo ulertzen ditu zure sentimenduak. Atsekabetuta gaudenean, asko eskertzen dugu ondo ulertzen gaituen lagun batek kontsolatzea, bereziki antzeko egoera bizi izan badu. Jesus lagun hori bezalakoa da. Badaki zer den ahul sentitzea eta laguntza beharrean egotea. Ondo ulertzen gaitu pattal sentitzen garenean, eta «une egokian» behar dugun laguntzaz arduratuko da (Heb 4:15, 16). Getsemaniko baratzean Jesusek aingeru baten laguntza onartu zuen bezala, guk ere Jehobak ematen duen laguntza onartzeko prest egon behar dugu. Laguntza hori argitalpen, bideo, hitzaldi edo lagun heldu edo adindun baten bisita animagarriaren bidez etorri daiteke.

19. Zer laguntza ematen digu Jehobak? Kontatu bizipen bat.

19 Jehobak bere bakea emango dizu. Nola laguntzen digu Jehobak? Otoitz egitean, «guk pentsa dezakeguna baino handiagoa den Jainkoaren bakea» jasoko dugu (Flp 4:6, 7). Bake horrek lasaitzen eta argi pentsatzen laguntzen digu. Luz izeneko arreba batek horrelako zerbait bizitu zuen. Berak dio: «Askotan sentitzen naiz bakar-bakarrik. Eta gainera, batzuetan, Jehobak ez nauela maite pentsatzen dut. Hori gertatzean, segituan kontatzen diot Jehobari nola sentitzen naizen. Otoitzari esker, hobeto sentitzen naiz». Horrelako bizipenek argi erakusten dute otoitzaren bidez bakea izan dezakegula.

20. Zer ikasi dugu Jesusek isuritako malkoetatik?

20 Zein kontsolagarria eta praktikoa izan den Jesusek zergatik egin zuen negar aztertzea! Maite dugun norbait heriotzean galtzean, Jehoba eta Jesus gure alboan egongo dira eta guk ere gauza bera egin dezakegu doluan daudenen alde. Jehoba eta Jesusek errukia erakusten dutenez, ezaugarri eder hori erakutsiz predikatu eta irakatsi nahi dugu. Jaungoikoak eta bere Seme maiteak gure sentimenduak eta ahuleziak ulertzen dituzte eta aurrera egiten lagundu nahi digute. Hori jakiteak kontsolatu egiten gaitu. Jehobak gure «begietako malkoak xukatuko dituela» hitzeman du (Ap 21:4). Beraz, jarrai dezagun ikasitakoa praktikan jartzen promes zoragarri hori betetzen ikusi arte.

sjj 120. KANTA Imitatu Jesusen goxotasuna

^ Izan zituen bizipenengatik, Jesusek batzuetan negar egin zuen. Artikulu honetan, horietako hiru momentu ikusiko ditugu eta bere malkoetatik zer ikasi dezakegun aztertuko dugu.

^ Izen batzuk aldatu egin dira.

^ Ikusi Perspicacia para comprender las Escrituras, 2. libk., 96. or. (Étude perspicace des Écritures, 2. libk., 34. or.)

^ IRUDIEN AZALPENAK: Jesusek Maria eta Marta kontsolatu nahi izan zituen. Guk ere gauza bera egin dezakegu maite duten norbait heriotzean galdu dutenekin.

^ IRUDIEN AZALPENAK: Jesus Nikodemori gauez irakasteko prest egon zen. Biblia-ikastaroa gure ikasleei komeni zaien orduan zuzendu behar genuke.

^ IRUDIEN AZALPENAK: Jesusek Jehobari leial mantentzeko indarra eskatu zuen otoitzean. Guk ere gauza bera egin behar dugu zailtasunen aurrean.