Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

4. IKASKETARAKO ARTIKULUA

Zergatik egoten gara Oroitzapenean?

Zergatik egoten gara Oroitzapenean?

«Egizue hau nire oroigarri» (LK 22:19).

sjj 20. KANTA Seme maitea eman duzu

ZER AZTERTUKO DUGU? *

1, 2. a) Noiz gogoratu ohi dugu hil den norbait bereziki? b) Zer ezarri zuen Jesusek hil aurreko gauean?

 MAITE dugun norbait aspaldi hil arren, oraindik ere gogoan daukagu. Bere heriotzaren urtemugan normalean oroitzapen asko etortzen zaizkigu burura.

2 Urtero-urtero asko maite dugun norbaiten heriotzaren urtemuga ospatzen dugu, Jesu Kristorena (1 P 1:8). Gizakiak bekatu eta heriotzatik libratzeko erreskatea ordaintzera etorri zen eta mundu osoan zehar milioika pertsonek bere heriotza gogoratzen dute (Mt 20:28). Izan ere, horixe zen Jesusek bere jarraitzaileek egitea nahi zuena. Hil aurreko gauean, afari berezi bat ezarri, eta agindu zuen: «Egizue hau nire oroigarri» (Lk 22:19). *

3. Zer aztertuko dugu artikulu honetan?

3 Jesu Kristoren Oroitzapenean egoten direnen artetik gutxi batzuek bakarrik daukate zerura joateko itxaropena. Baina lurrean bizitzeko itxaropena duten milioika pertsona ere egoten dira. Zergatik daude bi talde hauek urtero Oroitzapena ospatzeko irrikan? Zertan laguntzen digu bertan egoteak? Artikulu honetan, erantzunak aztertuko ditugu. Ikus dezagun lehenbizi zergatik egoten diren gantzutuak Oroitzapenean.

ZERGATIK EGOTEN DIRA GANTZUTUAK OROITZAPENEAN?

4. Zergatik parte hartzen dute gantzutuek Oroitzapeneko ogitik eta ardotik?

4 Urtero, gantzutuak gogotsu daude Oroitzapenean partehartzaile bezala egoteko. Zergatik da egokia beraiek ogitik jan eta ardotik edatea? Jesus lurrean egon zen azken gauean gertatu zena jakiteak hau erantzuten lagunduko digu. Pazko afariaren ondoren, Jaunaren azken Afaria izenez ezaguna izatera iritsi den ospakizuna ezarri zuen Jesusek. Bere 11 apostolu leialen artean ogia eta ardoa pasa eta jateko eta edateko esan zien. Orduan, Jesusek bi itun edo akordio horiei buruz hitz egin zien: Itun berria eta Erreinurako ituna * (Lk 22:19, 20, 28-30). Itun hauei esker, apostoluak eta gizon-emakume kopuru zehatz bat zeruan errege eta apaiz izateko bidea ireki zen (Ap 5:10; 14:1). Lurrean geratzen diren gantzutuak bi itun hauen parte dira, eta beraiek bakarrik jan eta edan dezakete ogitik eta ardotik Oroitzapenean.

5. Zer egin behar dute gantzutuek jaso duten esperantzaz gozatu ahal izateko?

5 Zer beste arrazoi dute gantzutuek Oroitzapenean egon nahi izateko? Ospakizun honek beraien esperantzari buruz pentsatzeko aukera ematen die. Jehobak aparteko itxaropena eman die: zeruan hilezkorra eta ustelezina den biziaz gozatzea. Berpiztutako Jesusekin eta gainontzeko gantzutuekin batera zerbitzatzea eta batez ere, Jehoba bera ikusi ahal izatea (1 Ko 15:51-53; 1 Jn 3:2). Hau guztiaz zeruan gozatzeko gonbidapena jaso dute. Baina zeruan onartuak izateko, hil arte leial mantendu behar dute (2 Tm 4:7, 8). Asko pozten ditu zeruan bizitzeko duten esperantzan pentsatzeak (Tt 2:13). Zer esan dezakegu beste ardiei buruz? (Jn 10:16). Zergatik egoten dira beraiek Oroitzapenean?

ZERGATIK EGOTEN DIRA BESTE ARDIAK OROITZAPENEAN?

6. Zergatik egoten dira beste ardiak Oroitzapenean?

6 Beste ardiak ere Oroitzapenean egoten dira, ez partehartzaile bezala, ikusle bezala baizik. 1938⁠an lehenengo aldiz luzatu zitzaien Oroitzapenean egoteko gonbidapena lurrean bizitzeko esperantza dutenei. Aldizkari honen 1938⁠ko martxoaren 1⁠eko aleak esan zuen: «Guztiz egokia da beste ardiak bilera honetan egotea eta egiten dena ikustea. […] Beraientzako ere une alaia izan behar luke». Ezkontza batean, gonbidatuek poz-pozik ikusten dute ospakizuna. Beste ardiei gauza bera gertatzen zaie Oroitzapenean ikusle bezala egoten direnean.

7. Zergatik daude beste ardiak Oroitzapeneko hitzaldia entzuteko irrikan?

7 Beste ardiek ere beraien esperantzari buruz pentsatzen dute. Mila urteko erregetzan Jesu Kristo eta 144.000 agintariek gizaki leialen alde egingo dutena azaltzen da Oroitzapeneko hitzaldian. Horregatik, beste ardiak entzuteko irrikan egoten dira. Jesu Kristo erregea buru dutela, zeruko agintariek Lurra paradisu eta gizakiak perfektu bihurtzen lagunduko dute. Zein ederra den Oroitzapenean egoten diren milioika ikusleentzat etorkizunean biblia-profeziak nola beteko diren imajinatzea, adibidez Isaias 35:5, 6; 65:21-23 eta Apokalipsia 21:3, 4⁠an agertzen direnak. Maite dituztenekin batera mundu berrian daudela imajinatuz, itxaropena eta Jehoba zerbitzatzeko determinazioa indartzen dituzte (Mt 24:13; Ga 6:9).

8. Zer beste arrazoirengatik egoten dira beste ardiak Oroitzapenean?

8 Ikus dezagun beste ardiek Oroitzapenean egoteko daukaten beste arrazoi bat. Gantzutuei maitasuna eta babesa erakutsi nahi diete. Jainkoaren Hitzak, gantzutuen eta lurrean bizitzeko esperantza dutenen artean lotura estua egongo zela aurresan zuen. Aztertu ditzagun adibide batzuk.

9. Nola azaltzen du Zakarias 8:23⁠ko profeziak beste ardiek gantzutuekiko sentitzen dutena?

9 Irakurri Zakarias 8:23. Profezia honek adibide eder batekin erakusten du beste ardien eta euren anai-arreba gantzutuen arteko lotura. «Judu» eta «zuekin» hitzak talde berari buruz ari dira, lurrean geratzen diren gantzutuei buruz (Erm 2:28, 29). «Hizkuntza arrotz bakoitzeko hamar gizonek» beste ardiak irudikatzen dituzte. Gantzutuei «heldu» edo leialki lotzen dira, adorazio garbian elkarrekin parte hartuz. Beraz, Oroitzapenean egonez, beste ardiek gantzutuekin daukaten lotura estua erakusten dute.

10. Zer egin du Jehobak Ezekiel 37:15-19, 24, 25⁠eko profezia betetzeko?

10 Irakurri Ezekiel 37:15-19, 24, 25. Nola bete du Jehobak profezia hau? Gantzutuak eta beste ardiak hautsi ezina den lotura batean elkartuz. Profezia honek bi makil aipatzen ditu. Zerura joateko itxaropena dutenak, «Judako» makila bezalakoak dira (tribu honetatik aukeratzen ziren Israelgo erregeak), eta lurrean bizitzeko itxaropena dutenak, «Efraimgo» makila bezalakoak dira. * Jehobak honakoa promestu zuen bi taldeei buruz: «Biak bat izango dira nire eskuan». Beraz, euren errege Jesu Kristoren agindupean elkartuta zerbitzatzen dute. Urtero, gantzutuak eta beste ardiak Oroitzapenean egoten dira «artzain bakarraren gidaritzapean» dagoen «artalde bakarra» bezala, eta ez bi talde desberdin bezala (Jn 10:16).

11. Nola laguntzen diete Mateo 25:31-36, 40⁠ko ardiek Jesu Kristoren anaiei?

11 Irakurri Mateo 25:31-36, 40. Nor irudikatzen dute parabola honetako «ardiek»? Azken egunetan bizi diren eta lurrean bizitzeko esperantza duten pertsona zuzenak dira, hau da, beste ardiak. Jesu Kristoren anaiek sekulako ardura daukate: Mundu-mailan predikatzeko eta irakasteko lana burutzea, eta beste ardiek batez ere lan honetan laguntzen diete (Mt 24:14; 28:19, 20).

12, 13. Zer gehiago egiten dute beste ardiek Jesu Kristoren anaiei babesa erakusteko?

12 ⁠Zer gehiago egiten dute beste ardiek Jesu Kristoren anaiei babesa erakusteko? Oroitzapenaren aurreko asteetan interesa duten pertsonak gonbidatzeko mundu-mailako kanpainan parte hartzen dute (Ikusi « Zer moduz doaz oroitzapen garairako prestaketak?» taula). Munduko kongregazio guztietan Oroitzapena ospatzeko antolaketak ere egiten dituzte, nahiz eta kongregazio gehienetan gantzuturik ez egon. Beste ardiak hunkituta eta poz-pozik daude gantzutuei horrela laguntzeagatik. Badakite gantzutuen alde egiten dutena berari egingo baliote bezala ikusten duela Jesusek (Mt 25:37-40).

13 Zer esperantza dugun axola gabe, zer beste arrazoi dugu Oroitzapenean egoteko?

ZERGATIK EGOTEN GARA DENOK OROITZAPENEAN?

14. Nola erakutsi digute Jehoba eta Jesusek maitasun handia?

14 Asko eskertzen dugu Jehoba eta Jesusek erakutsi diguten maitasuna. Jehobak era askotan erakutsi digu maite gaituela. Baina nabarmenena bere seme kuttuna guregatik sufritzera eta hiltzera bidali izana da (Jn 3:16). Jesusek ere maitasun handia erakutsi zuen bere bizia guregatik emateko prest egonez (Jn 15:13). Inoiz ezingo diegu Jehoba eta Jesusi eman diguten maitasuna ordaindu. Baina gure esker ona egunero bizitzeko moduarekin erakutsi dezakegu (Kol 3:15). Eta Oroitzapenean egon nahi dugu, erakutsi diguten maitasuna gogoratzeko eta guk diegun maitasuna erakusteko.

15. Zergatik estimatzen dute gantzutuek eta beste ardiek erreskatearen oparia?

15 Asko estimatzen dugu erreskatearen oparia (Mt 20:28). Gantzutuentzat erreskatea oso baliotsua da, honi esker beraien itxaropen ederra bete ahal izango delako. Jesu Kristorengan duten fedeagatik Jehobak zuzenak direla esan eta bere seme-alabak egin ditu (Erm 5:1NWT; 8:15-1723). Beste ardiek ere erreskatea eskertzen dute. Jesu Kristoren sakrifizioan duten fedean oinarrituta, Jainkoaren aurrean garbi egon daitezke, zerbitzu sakratu bat eman ahal diote, eta «larrialdi handitik» ateratzeko esperantza dute (Ap 7:13-15). Bi taldeek erreskatearengatik eskertuta daudela erakusteko modu bat urtero-urtero Oroitzapenean egotea da.

16. Zein da Oroitzapenean egoteko beste arrazoi bat?

16 Oroitzapenean egoteko dugun beste arrazoi bat Jesus obeditu nahi izatea da. Gure esperantza zein den axola gabe, gutako bakoitzak Jesusek Oroitzapena ezarritako gauean emandako agindua serio hartzen dugu: «Egizue hau nire oroigarri» (1 Ko 11:23, 24).

NOLA LAGUNTZEN DIGU DENOI BERTAN EGOTEAK?

17. Nola laguntzen digu Oroitzapenak Jehobarengana hurbiltzen?

17 Jehobarengana hurbiltzen gara (St 4:8). Ikasi dugun bezala, Oroitzapenak Jehobak eman digun esperantzan eta erakutsi digun maitasun handian hausnartzeko aukera ematen digu (Jr 29:11; 1 Jn 4:8-10). Etorkizunerako dugun esperantza ziurra dela eta Jainkoaren maitasunak hutsik egiten ez duela gogoan badugu, Jehobari diogun maitasuna handitu eta berarekin dugun adiskidetasuna estutu egingo da (Erm 8:38, 39).

18. Zer egitera bultzatzen gaitu Jesusen ereduan hausnartzeak?

18 Jesusen eredua imitatzera bultzatzen gaitu (1 P 2:21). Oroitzapenaren aurreko egunetan, Jesusen lurreko azken asteari, heriotzari eta berpizkundeari buruzko biblia-pasarteak irakurtzen ditugu. Gero, Oroitzapeneko hitzaldiak Jesusek digun maitasuna gogorarazten digu (Ef 5:2; 1 Jn 3:16). Jesusen sakrifizio ereduari buruz irakurri eta hausnartzeak berak jokatu zuen bezalaxe jokatzera bultzatzen gaitu (1 Jn 2:6).

19. Nola iraun dezakegu Jainkoaren maitasunean?

19 Jainkoaren maitasunean irauteko dugun determinazioa handitu egiten da (Ju 20, 21). Obeditzeko, bere izena santu egiteko, eta bere bihotza pozteko ahal dugun guztia eginez irauten dugu Jainkoaren maitasunean (Es 27:11; Mt 6:9; 1 Jn 5:3). Bizi gaitezen egunero Jehobari «Zure maitasunean iraun nahi dut betiko!» esanez. Oroitzapena ospatzeak determinazio hau izaten lagunduko digu.

20. Zer arrazoi ditugu Oroitzapenean egoteko?

20 Oroitzapenean egoteko arrazoi onak ditugu, zeruan edo lurrean bizitzeko itxaropena dugun axola gabe. Urtero egun horretan elkartzen garenean, maite dugun norbaiten heriotza gogoratzen dugu, Jesu Kristorena. Eta, batez ere, maitasun ekintzarik handiena gogoratzen dugu: Jehobak bere semea erreskate moduan guregatik eman izana. Aurten, 2022⁠ko apirilaren 15⁠ean, ostiralean, ospatuko da Oroitzapena. Jehoba eta bere semea maite ditugu. Beraz, Jesusen heriotzaren urtemugan ez dago Oroitzapenean egotea baino gauza garrantzitsuagorik.

sjj 16. KANTA Goretsi Jehoba bere Seme gantzutuagatik

^ Zeruan nahiz lurrean bizitzeko itxaropena izan, urtero-urtero Oroitzapena ospatzeko irrikan gaude. Artikulu honetan Bibliak ospatzeko ematen dituen arrazoiak aztertuko ditugu. Gainera, bertan egoteak zertan laguntzen digun ikusiko dugu.

^ Hitz hauek horrela ere itzuli dira: «Hau egizue ene orhoitzapenetan» (Bible Saindua, Jean Duvoisin) eta «Neure gomutaz egizue» (Euskal Biblia, Jaime Kerexeta).

^ Itun berria eta Erreinurako itunari buruzko informazio gehiago nahi baduzu, ikusi «Llegaran a ser un reino de sacerdotes» («Vous deviendrez “ un royaume de prêtres “») artikulua aldizkari honen 2014⁠ko urriaren 15⁠eko alean, 15-17 orrialdeetan.

^ Ezekiel 37. kapituluan agertzen den bi makilen profeziari buruzko informazio gehiago nahi baduzu, jo La adoración pura de Jehová: ¡por fin restaurada! (Le culte pur de Jéhovah enfin rétabli !) liburura, 130-135 orrialdeak, 3-17 paragrafoak.