Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

28. IKASKETARAKO ARTIKULUA

Erreinua martxan dago!

Erreinua martxan dago!

«Gure Jaunari eta beronen Mesiasi dagokie orain munduaren erregetza» (AP 11:15).

sjj 22. KANTA Etor bedi Jainkoaren Erreinua!

ZER AZTERTUKO DUGU? *

1. Zertaz gaude ziur eta zergatik?

 GAUR egungo munduaren egoera ikusita, zaila egiten al zaizu hobera egingo duela pentsatzea? Familiak desegiten ari dira. Jendeak, inoiz baino gehiago, bereari bakarrik begiratzen dio eta gero eta biolentoagoa da. Pertsona asko ez dira agintean daudenez fidatzen. Baina honek guztiak egoerak hobera egingo duela sinestera eraman zaitzake. Zergatik? «Azken egunetan» jendea nolakoa izango zen aurresan zelako eta zehatz-mehatz betetzen ari delako (2 Tm 3:1-5). Profezia honek Jesu Kristo Jainkoaren Erreinuaren errege izaten hasi dela frogatzen du. Zintzoak direnek ezin dute ukatu betetzen ari denik. Baina hau ez da Erreinuari buruzko profezia bakarra. Azken urte hauetan bete diren beste profezia batzuk berrikusteak fedea indartuko digu.

Puzzle bateko piezek elkarrekin irudi bat osatzen duten bezala, Daniel eta Apokalipsia biblia-liburuetako profeziek elkarrekin irudi bat osatzen dute. Honek Jehobaren denboralerroan non gauden argi erakusten du (Ikusi 2. paragrafoa)

2. Zer aztertuko dugu artikulu honetan eta zergatik? (Azaleko irudiari buruz komentatu)

2 Hona hemen artikulu honetan aztertuko ditugun profeziak: 1) Jainkoaren Erreinua noiz hasi zen agintzen esango diguna, 2) Jesus zeruan Jainkoaren Erreinuaren errege bihurtu dela adierazten dutenak, eta 3) Jainkoaren Erreinuaren etsaiak suntsituak izango direla erakutsiko digutenak. Profezia hauek puzzle baten piezak bezalakoak dira eta elkartzean, Jainkoaren denbora-lerroan non gauden ulertzen laguntzen digute.

NOLA JAKIN DEZAKEGU ERREINUA NOIZ EZARRI ZEN?

3. Zer ziurtatzen digu Daniel 7:13, 14⁠ko profeziak?

3 Daniel 7:13, 14⁠ko profeziak Jesu Kristo Jainkoaren Erreinuko agintari ezin hobea izango zela ziurtatzen digu. Herri guztietako jendeak poz-pozik zerbitzatuko zuen eta errege bezala ez zen inoiz ordezkatua izango. Daniel liburuko beste profezia batek Jesusek Erreinua zazpi denboraldien amaieran jasoko zuela aurresan zuen. Jakin al dezakegu noiz iritsiko zen momentu zoragarri hori?

4. Nola laguntzen digu Daniel 4:7-14 [4:10-17, NWT] pasarteak Jesu Kristo noiz agintzen hasi zen jakiten? (Ikusi paragrafoko oharra ere)

4 Irakurri Daniel 4:7-14 [4:10-17, NWT]. «Zazpi urte» edo denboraldiek (ikusi 13. bertseteko oharra) 2.520 urte iraun zuten. K.a. 607⁠an hasi ziren. Urte horretan Babiloniarrek Jerusalemen Jehobaren tronuan eserita zegoen azken erregea kendu zuten. Zazpi denboraldiak K.o. 1914⁠an amaitu ziren. Urte horretan legezko eskubidea duena, hau da, Jesu Kristo, Jainkoaren Erreinuaren tronuan ezarri zuen Jehobak (Ez 21:30-32 [21:25-27, NWT]). *

5. Nola izan daiteke lagungarria «zazpi denboraldien» profezia ulertzea?

5 Nola laguntzen digu profezia honek? «Zazpi denboraldien» profezia ulertzeak, Jehobak bere hitza beti garaiz betetzen duela ziurtatzen digu. Bere Erreinua momentu zehatz batean ezarriko zuela erabaki zuen eta momentu hori iritsi zenean, hala egin zuen. Beraz, beste profeziak ere berak pentsatutako egunean beteko ditu. Jehobaren eguna «berandu gabe» iritsiko da, bai horixe! (Hab 2:3).

NOLA DAKIGU JESUS JAINKOAREN ERREINUAREN ERREGE DELA?

6. a) Zerk erakusten du Jesus zeruan agintzen ari dela? b) Nola ziurtatzen digu hau Apokalipsia 6:2-8⁠ko profeziak?

6 Hil baino lehen, Jesusek bere jarraitzaileei zeruan errege izango zenean lurrean zer gertatuko zen kontatu zien. Besteak beste, gerrak, goseteak eta lurrikarak aipatu zituen. Gainera, «han eta hemen» gaixotasunak eta izurriteak egongo zirela aurresan zuen. Hori betetzen ikusi dugu adibidez, COVID-19 pandemiarekin. Gertakari hauek Jesu Kristoren presentziaren seinale direla dio Bibliak (Mt 24:3, 7; Lk 21:7, 10, 11). Hil eta zerura igo zenetik 60 urte baino gehiago pasa ondoren, Joan apostoluari gauza hauek gertatuko zirela ziurtatu zion berriro (Irakurri Apokalipsia 6:2-8). Jesus 1914⁠an errege izendatua izan zenetik ikusten ari gara gertaera hauek.

7. Zergatik areagotu dira lurrean arazoak Jesus errege izaten hasi zenetik?

7 Zergatik egin zuen okerrera munduko egoerak Jesus errege izaten hasi zenean? Apokalipsia 6:2⁠ak detaile inportante bat aipatzen du. Jesusek izan zuen lehen eginkizuna Satanas eta bere deabruen aurka gerra egitea izan zen. Apokalipsia 12⁠ak Satanasek porrot egin zuela eta bera eta bere deabruak lurrera jaurtiak izan zirela esaten du. Amorru biziz dagoenez, Satanasek sekulako arazoak ekarri dizkio gizadi osoari (Ap 12:7-12).

Albiste txarrak entzuteak ez gaitu pozten, baina Bibliako profeziak betetzen ari direla ikusteak Jainkoaren Erreinua martxan dagoela ziurtatzen digu (Ikusi 8. paragrafoa)

8. Nola laguntzen digu Erreinuari buruzko profeziak betetzen ari direla ikusteak?

8 Nola laguntzen digute profezia hauek? Munduko gertaerek eta pertsonen jarrera aldaketak Jesus errege izaten hasi dela frogatzen dute. Beraz, jendea berekoia dela eta gorrotoz betea dagoela ikustean, dezepzionatuta sentitu beharrean, gogoratu dezagun biblia-profezia betetzen ari dela. Erreinua martxan da! (Sal 37:1). Eta Harmagedon gerturatu ahala, ez dezagun pentsatu munduko egoerak hobera egingo duenik, okerrera baizik (Mk 13:8; 2 Tm 3:13). Gure Aitak mundua zergatik dagoen hain gaizki ulertzen laguntzen digu. Ez al da eskertzekoa?

NOLA IZANGO DIRA SUNTSITUAK JAINKOAREN ERREINUAREN ETSAIAK?

9. Nola deskribatzen du azken potentzia Daniel 2:28, 31-35 pasarteak eta noiz sortu zen?

9 Irakurri Daniel 2:28NWT *; 2:31-35. Gaur egun profezia hau betetzen ari da. Nabukodonosorren ametsa «egunen azken zatian» gertatuko zela esan zen, hau da, Jesu Kristo agintzen hasi ondoren. Jesusen lurreko etsaien artean, «burdinazko eta buztinezko oinek» irudikatzen duten mundu potentzia dago. Hau azkena izango zen eta orain agintzen ari da. Potentzia hau, Angloamerikar aliantza, Lehen Mundu Gerran Britainia Handiak eta Estatu Batuak harreman berezi bat izaten hasi zirenean sortu zen. Nabukodonosorren ametsaren irudiaren arabera, potentzia honen eta aurreko potentzien artean, gutxienez bi desberdintasun daude.

10. a) Nola irudikatzen du Danielen profeziak Angloamerikar potentzia? b) Zer arrisku saihestu behar dugu? (Ikusi « Erne ibili buztinarekin!» taula)

10 Lehen desberdintasuna. Aurreko potentziak urrea eta zilarra bezalako metal sendoek irudikatzen dituzte. Potentzia Angloamerikarra berriz, burdin eta buztinaren arteko nahasketak irudikatzen du. Buztinak «gizadiaren ondorengotza» edo jende arrunta sinbolizatzen du (Dn 2:43NWT, oharra). Gaur egun argi eta garbi ikusten den bezala, hauteskundeek, eskubide zibilen aldeko kanpainek, protesta jendetsuek eta sindikatuek zaila egiten diote nahi duena lortzea.

11. Nola ziurtatzen digu amaieratik gertu gaudela Angloamerikar potentzia agintean egoteak?

11 Bigarren desberdintasuna. Oinek irudikatzen duten Angloamerikar potentzia Bibliak aurresaten duen azkena da. Honen ondoren ez da inoiz gehiago beste giza gobernurik egongo. Jainkoaren Erreinuak beste gobernu guztiekin batera suntsituko du Harmagedonen (Ap 16:13, 14, 16; 19:19, 20NWT). *

12. Nola ematen digu kontsolamendua eta esperantza Daniel liburuko profeziak?

12 Nola laguntzen digu profezia honek? Daniel liburuko beste profezia batzuek ere argi uzten dute azken egunetan bizi garela. Duela 2.500 urte baino gehiago, Danielek Babiloniaren ondorengo lau potentziek Jainkoaren herriarengan eragin handia izango zutela aurresan zuen. Gainera, Angloamerikar potentzia azkena izango zela aipatu zuen. Honek kontsolatu eta esperantza ematen digu. Zergatik? Jainkoaren Erreinuak laster giza gobernu guztiak suntsituko dituelako eta lur osoaren gain gobernatuko duelako (Dn 2:44NWT).

13. Zer irudikatzen dute Apokalipsia 17:9-12⁠ko «zortzigarren erregea» eta «hamar erregeek», eta nola bete da profezia hori?

13 Irakurri Apokalipsia 17:9, 10, 11 (NWT *), 12. Lehen Mundu Gerran izandako triskantzak beste biblia-profezia baten betetzea ekarri zuen. Munduko agintariek etorkizun baketsua ziurtatu nahi zuten. Horretarako, 1920⁠ko urtarrilean, Nazioen Liga sortu zuten, eta hau, 1945⁠eko urrian, Nazio Batuen Erakundeak ordezkatu zuen. Honi «zortzigarren erregea» deitzen zaio. Baina erakunde hau ez da mundu mailako potentzia bat. Izan ere, duen indarra eta eragina babesa ematen dioten botere politikoetatik dator. Bibliak sinbolikoki botere hauei «hamar errege» deitzen die.

14, 15. a) Zer esaten du Apokalipsia 17:3-5 pasarteak «Babilonia Handiari» buruz? b) Zer gertatzen ari da gaur egun erlijio faltsuarekin?

14 Irakurri Apokalipsia 17:3-5. Ikuskari baten bidez, Joan apostoluak emagaldu bat ikusi zuen, eta «Babilonia Handia» deitzen zaio. Hau mundu mailako erlijio faltsuaren inperioa da. Erlijio faltsuak denbora luzez munduko agintariekin elkarlanean aritu dira, beraien bedeinkapena emanez. Hala ere, laster, Jainkoak «bere asmoa bete behar dutela» sartuko die buruan botere politiko hauei. Nola beteko da Jainkoaren asmoa? Botere politiko hauek, hau da «hamar erregeek», erlijio faltsuak erasotu eta suntsituko dituzte (Ap 17:1, 2, 16, 17).

15 Nola dakigu Babilonia Handiari suntsitua izateko gutxi falta zaiola? Gogora dezagun Eufrates ibaiak antzinako Babilonia neurri batean babesten zuela. Gaur egun ere, Babilonia Handiak «uren» babesa jasotzen du. Apokalipsia liburuaren arabera, «ur horiek» erlijio faltsuaren milioika jarraitzaileak dira (Ap 17:15). Honetaz gain, urak «agortu» egingo zirela ere esaten du (Ap 16:12). Horixe da gaur egun gertatzen ari dena. Jende asko erlijio faltsuak utzi eta bere arazoen konponbidea beste nonbait bilatzen ari da.

16. Nola laguntzen digu Babilonia Handia eta Nazio Batuei buruzko profeziak ulertzeak?

16 Nola laguntzen digute profezia hauek? Nazio Batuak agertzea eta erlijio faltsuaren jarraitzaileak gero eta gutxiago izatea, azken egunetan bizi garela ziurtatzen diguten bi arrazoi gehiago dira. Babilonia Handiaren urak agortzen ari direla ikusi dugu, baina bere amaiera beste nonbaitetik etorriko da. Lehen esan bezala, «hamar erregeei», hau da, Nazio Batuei babesa ematen dieten botere politikoei, Jainkoak «bere asmoa bete behar dutela» sartuko die buruan. Erlijio faltsuaren amaiera bat-batekoa izango da, espero gabekoa (Ap 18:8-10). * Suntsiketa honek mundua hankaz gora jarri eta arazoz josiko du. Baina Jainkoaren herriak pozik egoteko gutxienez bi arrazoi izango ditu: Jehobaren aspaldiko etsai hau betiko desagertuko da eta gure salbamena gertu egongo da! (Lk 21:28).

ETORKIZUNARI KONFIANTZAZ BEGIRATU

17, 18. a) Nola jarraitu dezakegu gure fedea indartzen? b) Zer aztertuko dugu hurrengo artikuluan?

17 Danielek azken egunetan benetako ezagutza handia izango zela aurresan zuen. Eta halaxe gertatu da! Gure garaian betetzen ari diren profeziak ulertzen ditugu orain (Dn 12:4, 9, 10). Hauek modu hain zehatzean betetzen ari direla ikustean, Jehoba eta bere Hitza gero eta gehiago miresten ditugu (Is 46:10; 55:11). Beraz, jarraitu dezagun gure fedea indartzen. Nola? Biblia sakonki aztertuz eta besteei Jehobarekin harreman ona izaten lagunduz. Berarengan konfiantza dutenak babestuko ditu eta «bake betea» emango die (Is 26:3).

18 Hurrengo artikuluan, azken egunetako kristau kongregazioari buruzko profeziak aztertuko ditugu. Ikasiko dugun bezala, profezia hauek ere azken egunetan bizi garela frogatzen dute. Gaur egun, Jesus, gure erregea, bere jarraitzaileak gidatzen ari dela esateko froga gehiago ikusiko ditugu.

sn 17. KANTA Aurrera lekukook!

^ Historiako momentu oso bereziak bizitzen ari gara! Jainkoaren Erreinua agintzen ari da, biblia-profezia askok aurresan bezala. Artikulu honetan hauetariko batzuk ikusiko ditugu. Alde batetik, Jehobarengan dugun fedea indartuko digute eta, bestetik, orain eta etorkizunean lasai egoten eta Jehobarengan konfiantza izaten lagunduko digute.

^ Ikusi Gozatu bizitzaz betirako! liburuko 32. ikasgaiko 4. ideia eta jw.org webgunean Jainkoaren erreinua 1914. urtean hasi zen agintzen bideoa.

^ Daniel 2:28NWT: «Baina, bada zeruan sekretuak azaltzen dituen Jainko bat, eta berak adierazi dio Nabukodonosor erregeari egunen azken zatian gertatuko dena. Hau da zure ametsa, eta ohean izan zinela buruan izan zenituen ikuskariak».

^ Danielen profeziari buruzko informazio gehiago nahi baduzu, ikusi La Atalaya (La Tour de Garde) aldizkariaren 2012⁠ko ekainaren 15⁠eko alea, 14-19 orrialdeak.

^ Apokalipsia 17:11NWT: «Eta bazen baina dagoeneko ez den basapiztia, zortzigarren errege bat da ere; zazpietatik ateratzen da eta suntsiketara doa».

^ Laster gertatuko denari buruzko xehetasun gehiago jakin nahi badituzu, ikusi El Reino de Dios ya está gobernando (Le Royaume de Dieu en action !liburuaren 21. kapitulua.