Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

31. IKASKETARAKO ARTIKULUA

Eskertu dezagun otoitz egiteko ohorea

Eskertu dezagun otoitz egiteko ohorea

«Nire otoitza izan bedi zure aurrean intsentsua bezala» (SAL 141:2).

sjj 47. KANTA Aitari otoitz egin

ZER AZTERTUKO DUGU? *

1. Nola sentiarazten gaitu Jehobari otoitz egiteko aukera izateak?

 ZERU-LURRAK sortu dituenak sekulako oparia egin digu: Berari otoitz egin ahal izatea. Pentsa: Jehobari gure bihotza ireki ahal diogu edozein momentutan eta edozein hizkuntzan; ez dugu hitzordurik behar. Kartzelan edota ospitaleko ohe batean bagaude ere, otoitz egiten diogunean, ziur egon gaitezke gure Aitak entzungo digula. Zalantzarik gabe, opari hau izugarrizko ohorea da.

2. Nola erakutsi zuen Dabid erregeak otoitz egiteko aukera asko estimatzen zuela?

2 Dabid erregeak asko estimatzen zuen otoitz egiteko aukera. Jehobari kantatu zion: «Nire otoitza izan bedi zure aurrean intsentsua bezala» (Sal 141:1, 2). Dabiden garaian, apaizek kontu handiz prestatzen zuten intsentsua Jehobaren adorazioan erabiltzeko (Ir 30:34, 35). Dabidek otoitzak intsentsuarekin konparatu zituenenean, Jehobari esango ziona ondo prestatu nahi zuela adierazi zuen. Horixe da bihotz-bihotzez guk ere nahi duguna: Jehobarentzat gure otoitzak atseginak izatea.

3. Zein modutara egin beharko genuke otoitz eta zergatik?

3 Otoitzean Jehobari hitz egiten diogunean, ez dugu edozein modutara egin nahi. Errespetu osoz hitz egin nahi diogu. Pentsatu dezagun Isaias, Ezekiel, Daniel eta Joanek ikusi zituzten gauza harrigarrietan. Ikuskari hauek ezberdinak dira, baina denek antzeko zerbait dute. Denetan Jehoba errege gorena dela adierazi zuten. Isaiasek Jehoba «tronu altu eta garai batean eseria ikusi zuen» (Is 6:1-3). Ezekielek Jehoba bere zeruko gurdian eserita ikusi zuen eta inguruko argitasunak «ortzadarraren itxura zuen» (Ez 1:26-28). Danielek «egunetako zaharra» zuriz jantzia ikusi zuen eta haren tronutik sugarra ateratzen zen (Dn 7:9, 10, Du). Eta Joanek Jehoba tronuan eseria ikusi zuen eta inguruan esmeralda antzeko ortzadarra zuen (Ap 4:2-4). Jehobaren aintza paregabean hausnartzean, alde batetik, berari otoitz egitea izugarrizko ohorea dela gogoratzen dugu eta, beste aldetik, miresmen eta begirune handiz hitz egin behar diogula ikasten dugu. Baina, zeri buruz egin dezakegu otoitz?

«EGIZUE OTOITZ HONELA»

4. Zer ikasten dugu otoitzei buruz Mateo 6:9, 10⁠etik?

4 Irakurri Mateo 6:9, 10. Mendiko hitzaldian, Jesusek bere ikasleei Jehobari gustatzen zaizkion otoitzak nola egin behar zituzten esan zien. «Zuek, egizue otoitz honela» esan ondoren, Jehobaren helburuarekin harreman zuzena duten gaiei buruz hitz egin zuen lehenengo: bere izenaren santutzea, bere etsai guztiak suntsituko dituen Erreinuaren etorrera eta etorkizunean lurra eta gizakiei ekarriko dizkien bedeinkapenak. Gure otoitzetan horrelako gauzak aipatzean, Jainkoaren borondatea guretzat inportantea dela erakutsiko dugu.

5. Aproposa al da otoitzetan geure gauzei buruz hitz egitea?

5 Otoitzaren hurrengo zatian, Jesusek geure gauzei buruz hitz egitea aproposa dela erakutsi zuen. Eguneroko janaria emateko, bekatuak barkatzeko, tentaldietatik babesteko eta gaiztoaren sareetan ez erortzen laguntzeko eskatu dezakegu otoitzean (Mt 6:11-13). Jehobari horrelako gauzei buruz hitz egiten diogunean, bere laguntza eta onespena behar eta nahi ditugula adierazten dugu.

Zeri buruz egin dezake otoitz senarrak bere emaztearekin? (Ikusi 6. paragrafoa) *

6. Otoitz ereduan esandako gauzei buruz bakarrik egin al dezakegu otoitz? Azaldu.

6 Jesusek ez zuen nahi bere jarraitzaileek berak esandako otoitz eredua hitzez hitz errepikatzea. Beste otoitz batzuetan, egoera bakoitzean zituen kezkei buruz hitz egin zion Jehobari (Mt 26:39, 42; Jn 17:1-26). Beraz, ondo dago guk ere Jehobari gure kezkei buruz hitz egitea. Erabaki onak hartzeko jakinduria eta ulermena eskatu ditzakegu (Sal 119:33, 34). Lan zailen bat egiteko eskatzen badigute, nola burutu dezakegun jakiteko laguntza ere eskatu dezakegu (Es 2:6). Gurasoek seme-alaben alde egin dezakete otoitz eta seme-alabek gurasoen alde. Gainera, denok egin beharko genuke otoitz biblia-ikasle eta predikatzean aurkitzen ditugu pertsonen alde. Noski, otoitzetan eskatu baino zerbait gehiago egin behar dugu.

Zer arrazoi ditugu Jehoba goresteko eta berari eskerrak emateko? (Ikusi 7-9 paragrafoak) *

7. Zergatik goretsi beharko genuke Jehoba otoitzean?

7 Gogoratu dezagun gure otoitzetan Jehoba gorestea ere oso garrantzitsua dela. Inork baino gehiago merezi du gure gorespena. Izan ere, «ona» eta «barkabera» da, «bihozbera eta errukiorra, haserregaitza, onginahiz eta leialtasunez betea» (Sal 86:5, 15). Beraz, Jehoba goresteko arrazoi asko ditugu nor den, nolakoa den eta zer egiten duen jakinda.

8. Zer arrazoi ditugu Jehobari eskerrak emateko? (104. Salmoa 12-15, 24)

8 Ematen dizkigun gauza zoragarrietan pentsatzean, Jehoba goresteaz gain, berari eskerrak emateko gogoa pizten zaigu. Adibidez, lore lirainetan ikusten ditugun kolore biziak, janari goxo mota ugari edo lagun maiteekin denbora pasatzeko aukera paregabea eskertzen dizkiogu. Gure Aita maiteak hori eta askoz gehiago ematen digu zoriontsuak izan gaitezen (Irakurri 104. Salmoa 12-15, 24). Eta bereziki eskertzen diogu ematen digun janari espiritual amaigabea eta etorkizunerako esperantza zoragarria.

9. Nola gogoratu dezakegu Jehobari eskerrak ematea? (1 Tesalonikarrei 5:17, 18)

9 Oso erraza izan daiteke Jehobak gure alde egindako guztia ahaztea. Zer egin dezakegu gogoratzeko? Eskatutako gauzen zerrenda bat egin eta noizean behin begiratu Jehobak nola erantzuten dituen ikusteko. Orduan, eskerrak emateko otoitz egin (Irakurri 1 Tesalonikarrei 5:17, 18). Normalean, nola sentitzen gara besteek eskerrak ematen dizkigutenean? Pozik eta maitatuak, ezta? Jehoba ere oso pozik sentitzen da eskerrak ematen dizkiogunean (Kol 3:15). Baina bada Jehobari esker ona adierazteko beste arrazoi inportante bat.

ESKERRAK EMAN JEHOBARI BERE SEME MAITEARENGATIK

10. 1 Pedro 2:21⁠aren arabera, zergatik eskertu beharko genioke Jehobari Jesus lurrera bidali izana?

10 Irakurri 1 Pedro 2:21. Asko eskertu beharko genioke Jehobari bere Seme maitea guri irakasteko bidali izana. Jesusen bizitza aztertuz, Jehoba ondo ezagutzeko eta berarengana gerturatzeko aukera izan dezakegu. Jesu Kristoren sakrifizioan fedea erakusten badugu, Jainkoarekin bakean egon eta bere lagun minak izan gaitezke (Erm 5:1).

11. Zergatik egiten dugu otoitz Jesusen izenean?

11 Jehobari eskerrak ematen dizkiogu bere Semearen bidez otoitz egin dezakegulako. Jehobak Jesus erabiltzen du otoitzean eskatzen dioguna emateko. Jesusen izenean hitz egiten badiogu, Aitak entzun eta erantzungo digu. Jesusek esan zuen: «Nire izenean eska dezazuen guztia emango dizuet, Aitaren aintza Semearen bidez azal dadin» (Jn 14:13, 14).

12. Zer beste arrazoi dugu Jehobari eskerrak emateko?

12 Jesusen sakrifizioari esker, Jehobak gure bekatuak barkatzen dizkigu. Bibliak honako hau dio Jesusi buruz: «Hain handia da gure apaiz nagusia, ezen Jainko handiaren eskuinaldean eseria baitago zeruan» (Heb 8:1). Jesus gure «laguntzailea da Aitaren aurrean» (1 Jn 2:1). Jehobari gure ahuleziak ulertzen dituen eta «gure alde erreguka ari den» apaiz nagusia eman digu. Zenbat eskertzen diogun hain eskuzabala izatea! (Erm 8:34; Heb 4:15). Inperfektuak garenez, Jehobarengana otoitzean hurbiltzeko behar-beharrezkoa dugu Jesusen sakrifizioa. Dudarik gabe, ezingo diogu Jehobari inoiz nahikoa eskertu eman digun opari bikaina: bere Seme maitea!

ZURE ANAI-ARREBEN ALDE OTOITZ EGIN

13. Nola erakutsi zuen Jesusek hil aurreko gauean bere ikasleak maite zituela?

13 Hil aurreko gauean, Jesus luze eta zabal aritu zen Jehobarekin bere ikasleei buruz hitz egiten. Hauek «Gaiztoarengandik babesteko» eskatu zion bere Aitari (Jn 17:15). Hori maitasuna, hori! Nahiz eta proba latzak pasatzear zegoela jakin, bere apostoluengatik kezkatuta zegoen.

Zer eskatu dezakegu otoitzean gure anai-arreben alde? (Ikusi 14-16 paragrafoak) *

14. Nola erakutsi dezakegu gure anai-arrebak maite ditugula?

14 Jesusek egin zuen bezala, gure anai-arreben alde otoitz egiteko ohitura izan behar dugu eta ez geure buruan bakarrik pentsatu. Hori egiten badugu, Jesusek elkar maitatzeko emandako agindua betetzen egongo gara eta anai-arrebak zenbat maite ditugun erakutsiko diogu Jehobari (Jn 13:34). Gure anai-arreben alde otoitz egitea ez da denbora galtzea. Izan ere, Jainkoaren Hitzak dio: «Indar handia du zintzoaren otoitz sutsuak» (St 5:16).

15. Zergatik behar dituzte gure anai-arrebek gure otoitzak?

15 Gure anai-arrebak gure otoitzen beharrean daude zailtasun handiei aurre egin behar dietelako. Besteak beste, gaixotasunak, hondamendi naturalak, gerrak eta pertsekuzioa jasateko Jehobaren laguntza behar dute. Beste batzuek anai-arreba hauei laguntzeko gogor egiten dute lan. Egin dezagun otoitz hauen alde ere. Ezagutzen al duzu gaizki pasatzen ari den norbait? Zergatik ez duzu zure otoitzetan izenez aipatzen? Jehobari beraiek laguntzeko eskatzen badiozu, benetan maite dituzula erakutsiko duzu.

16. Zergatik egin behar dugu otoitz aurrea eramaten duten anaien alde?

16 Kongregazioan aurrea eramaten duten anaiek asko estimatzen dituzte beraien alde egindako otoitzak eta izugarri laguntzen diete. Horixe izan zen Paulok sentitu zuena: «Egin otoitz […] nire alde ere, Jainkoak hitz egokia ahoan jar diezadan, berri onaren misterioa ausardiaz adierazteko» (Ef 6:18, 19). Gaur egun ere, aurrea eramaten lanean gogor ari diren anaia asko daude. Maitasuna erakutsiko diegu Jehobari beraien lana bedeinkatzeko eskatzen badiogu.

BESTEEN IZENEAN OTOITZ EGITEN DENEAN

17, 18. Noiz eskatu ahal digute besteen izenean otoitz egiteko eta zer izan behar dugu kontuan?

17 Batzuetan, besteen izenean otoitz egiteko eskatzen digute. Adibidez, pentsa arreba batek beste bat bere biblia-ikastarora gonbidatzen duela eta otoitz egiteko eskatzen diola. Ikaslea ez badu ondo ezagutzen, agian nahiago du bukaerako otoitza egin. Horrela, ikasleari buruzko informazio gehiago izango du bere alde otoitz egiteko.

18 Anaia baten kasuan, beharbada, kongregazioko edo predikatzeko bileretan otoitz egiteko eskatzen zaio. Horrelako momentuetan, bilera horren helburua zein den kontuan izan behar du. Ez luke inoiz otoitza kongregazioari aholku eman edota iragarkiak egiteko erabili behar. Kongregazioko bilera gehienetan, kanta eta otoitzak guztira bost minutu iraun behar du. Beraz, argi geratzen da ez direla oso luzeak izan behar, bereziki lehen otoitza baldin bada (Mt 6:7).

GURE BIZITZAN OTOITZAK LEHENTASUNA IZAN BEHAR DU

19. Zerk lagunduko digu Jehobaren epai egunerako prest egoten?

19 Jehobaren epai eguna gerturatzen ari denez, otoitzak lehentasun are handiagoa izan behar du gure bizitzan. Jesusek esan zuen: «Egon erne eta erregutu uneoro, gertatuko diren horiei guztiei ihes egiteko» (Lk 21:36). Otoitz egiteko ohitura badugu, espiritualki erne egongo gara eta Jainkoaren epai eguna etortzen denean, prest harrapatuko gaitu.

20. Nola izan daitezke gure otoitzak usain gozoko intsentsua bezalakoak?

20 Gogoratu dezagun artikulu honetan zer ikusi dugun. Izugarri estimatzen dugu otoitz egiteko ohorea. Jehobaren helburuarekin harreman zuzena duten gauzei buruz egin behar dugu otoitz bereziki. Gainera, bere Semea eta Erreinuagatik eskerrak ematen dizkiogu. Gure anai-arreben alde ere otoitz egiten dugu. Eta, noski, ez dago gaizki gure behar fisiko eta espiritualak asetzeko eskatzea. Otoitzean zer esango dugun ondo-ondo pentsatzen dugunean, ohore paregabe hau asko estimatzen dugula erakusten ariko gara. Horrela, gure hitzak usain gozoko intsentsua bezain atseginak izango dira Jehobarentzat (Es 15:8).

sjj 45. KANTA Bihotzeko gogoetak

^ Jehobari otoitz egitea izugarrizko ohorea da eta asko eskertzen dugu aukera hori. Gure otoitzak Jehobarentzat intsentsua bezalakoak izatea nahi dugu: atseginak eta usain gozokoak. Zer esan dezakegu otoitzetan? Besteen izenean otoitz egitera gonbidatzen bagaituzte, zer hartu behar dugu kontuan? Horixe da artikulu honek aztertuko duena.

^ IRUDIAREN AZALPENA: Senar batek bere emaztearekin otoitz egiten du eta beraien alaba eskolan babesteko, adineko gurasoak zaintzeko eta biblia-ikasle bati laguntzeko eskatzen du.

^ IRUDIAREN AZALPENA: Anaia gazte batek Jehobari eskerrak ematen dizkio otoitzean Jesusen sakrifizioa, lur ederra eta janari goxoa emateagatik.

^ IRUDIAREN AZALPENA: Arreba batek Jehobari Zuzendari-batzordea bere espirituarekin bedeinkatzeko eta hondamendiak eta pertsekuzioa jasaten dutenak laguntzeko eskatzen dio otoitzean.