Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

53. IKASKETARAKO ARTIKULUA

Anaia gazteok, kristau heldu izatera iritsi zaitezte

Anaia gazteok, kristau heldu izatera iritsi zaitezte

«Izan zaitez adoretsu, izan gizon» (1 ERR. 2:2).

sjj 135. KANTA «Izan zuhur» seme-alabok

ZER AZTERTUKO DUGU? a

1. Zer egin behar du anaia batek arrakasta izateko?

 DABID erregeak honakoa esan zion Salomoni: «Izan zaitez adoretsu, izan gizon» (1 Err. 2:1-3). Gaur egungo anaia guztiek ondo egiten dute aholku hau praktikan jartzen dutenean. Arrakasta izateko, Jainkoaren arauak obeditzen eta Biblia printzipioak euren bizitzako arlo guztietan praktikan jartzen ikasi behar dute (Luk. 2:52). Zergatik da hain inportantea anaia gazteentzat kristau heldu izatera iristea?

2, 3. Zergatik da garrantzitsua anaia gazte batentzat kristau heldu izatera iristea?

2 Anaiek ardura garrantzitsu asko dituzte bai familian, baita kongregazioan ere. Anaia gazte, ziurrenik etorkizunean izan ahal dituzun ardurei buruz pentsatu duzu. Beharbada aitzindari, kongregazioko laguntzaile eta beranduago adindun izateko helburuak dituzu. Eta, agian, ezkondu eta seme-alabak izan nahi dituzu (Efe. 6:4; 1 Tim. 3:1, NWT). Helburu hauek lortzeko eta arrakasta izateko, kristau heldua izan behar duzu. b

3 Zerk lagunduko dizu kristau heldua izatera iristen? Badaude garatu beharko dituzun abilezia garrantzitsu batzuk. Orduan, zer egin dezakezu orain etorkizunean izan ahal dituzun hainbat arduretarako prest egoteko eta arrakasta izateko?

KRISTAU HELDUA IZATERA IRISTEKO URRATSAK

Jesusen ezaugarri paregabeak imitatzeak kristau heldua izatera iristen lagundu ahal dizu (Ikusi 4. paragrafoa)

4. Non aurkitu ahal dituzu imitatu ditzakezun eredu onak? (Ikusi irudia ere)

4 Aukeratu imitatu ditzakezun eredu onak. Biblia anaia gazteek imitatu ditzaketen eredu onez beteta dago. Iraganeko gizon hauek Jainkoa maitatzeaz gain, bere herria hainbat modutan zaindu zuten. Zure familian eta kongregazioko kristau helduen artean eredu onak ere aurkitu ditzakezu (Heb. 13:7, NWT). Eta, noski, Jesu Kristoren eredu perfektua ere baduzu (1 Ped. 2:21). Eredu hauek arretaz aztertzen dituzun heinean, pentsatu gizon hauen ezaugarri bikainetan (Heb. 12:1, 2). Ondoren, nola imitatuko dituzun erabaki.

5. Nola garatu dezakezu pentsatzeko gaitasuna, eta zergatik da hau garrantzitsua? (119. Salmoa 9)

5 Garatu eta «babestu […] pentsatzeko gaitasuna» (Esa. 3:21, NWT). Pentsatzeko gaitasuna duen anaiak bere aukerak arretaz aztertzen ditu ezer erabaki aurretik. Beraz, gogor lan egin abilezia hau izateko eta mantentzeko. Zergatik? Mundu honetako gazteek euren ideia eta emozioak jarraituz hartzen dituztelako erabakiak (Esa. 7:7; 29:11). Gainera, telebista, pelikula, Internet eta sare sozialek zure pentsatzeko eta jokatzeko moduan eragina izan dezakete. Orduan, zerk lagundu zaitzake pentsatzeko gaitasuna izaten? Hasteko, Biblia printzipioak ezagutu eta hauek lagungarriak zergatik diren pentsatu. Ondoren, ikasitakoa Jehoba poztuko duten erabakiak hartzeko erabili (Irakurri 119. Salmoa 9). Hau egiten ikasteak izugarri lagunduko dizu kristau heldu izatera iristen (Esa. 2:11, 12; Heb. 5:14, NWT). Azter dezagun nola lagundu ahal zaituen pentsatzeko gaitasunak hurrengo bi egoeretan: 1) arrebak tratatzeko moduan eta 2) janzkera eta apaintzearekin lotutako erabakiak hartzean.

6. Nola lagunduko dio pentsatzeko gaitasunak anaia gazte bati arrebei errespetua erakusten?

6 Pentsatzeko gaitasunak emakumeei errespetua erakusten lagunduko dizu. Normala da anaia gazte batek arreba batengan interesa izatea; ez dago ezer txarrik horretan. Hala ere, anaia gazte batek ez badu arreba batekin ateratzeko eta berarekin ezkontzeko intentziorik, orduan ez du interes erromantikoa erakutsiko duen ezer esan, idatzi edo egingo (1 Tim. 5:1, 2). Arreba batekin ateratzen ari bada, arrebaren izen ona babestuko du berarekin bakar-bakarrik inoiz ez geratuz, heldua den beste norbait beraiekin batera egoten ez bada (1 Ko. 6:18).

7. Zer modutan lagundu ahal dio pentsatzeko gaitasunak anaia gazte bati nola jantzi eta apaindu erabakitzean?

7 Anaia batek pentsatzeko gaitasuna garatu duela erakusteko beste modu bat janzterakoan eta apaintzerakoan erabaki onak hartzea da. Askotan, arropa diseinatzaile eta beraien estiloa zabaltzen duten askok ez dute Jehoba errespetatzen edo beharbada bizimodu moralgabea eramaten dute. Beraien pentsaera moralgabea diseinatzen duten arropa estiloan nabaritzen da, oso estua den edo gizonei emakume itxura emateko joera duen arropa diseinatuz. Zer jantzi erabakitzean, kristau heldua izatera iristen ari den anaia gazte batek Biblia printzipioak eta kongregazioko eredu onak jarraituko ditu. Honakoa galdetu ahal dio bere buruari: «Erakusten al dute nire erabakiek zentzu ona dudala eta besteak errespetatzen ditudala? Konturatzen al dira besteak nire janzkerari erreparatuz Jainkoa zerbitzatzen dudala?» (1 Ko. 10:31-33; Tit. 2:6). Pentsatzeko gaitasuna duen anaia gazteak anai-arreben errespetua lortzeaz gain, Jehobaren errespetua ere lortuko du.

8. Nola ikasi dezake anaia gazte batek fidagarria izaten?

8 Izan fidagarria. Fidagarria den anaia gazte batek bere eginkizun guztiak arduraz betetzen ditu (Luk. 16:10). Azter dezagun Jesusen eredu perfektua. Berak ez zuen inoiz axolagabekeriaz edo arduragabekeriaz jokatu. Horren ordez, Jehobak eman zizkion eginkizun guztiak bete zituen, nahiz eta hauetako batzuk zailak izan. Pertsonak maitatu zituen, batez ere bere dizipuluak, eta beraien alde bizia emateko prest egon zen (Joan 13:1). Beraz, imitatu Jesus eta gogor lan egin ematen dizuten edozein eginkizun betetzeko. Ez bazaude ziur eman dizuten arduraren bat nola bete behar duzun, izan apala eta eskatu laguntza anaia helduei. Eta ez zaitez inoiz konformatu ahalegin minimoa egitearekin (Erm. 12:11). Alderantziz, bete zure eginkizuna «Jaunarentzat bezala eta ez gizakientzat» (Kol. 3:23). Noski, ez zara perfektua. Beraz, modestia erakutsi eta egiten duzun edozein akats onartu (Esa. 11:2, NWT).

GARATU LAGUNGARRIAK IZANGO ZAIZKIZUN ABILEZIAK

9. Zergatik garatu behar ditu anaia gazte batek praktikoak diren abileziak?

9 Kristau heldua izatera iristeko, praktikoak diren abileziak garatu beharko dituzu. Honek kongregazioko eginkizunak onartzen, zeure burua edo familia mantentzeko lan bat izaten, eta besteekin harreman osasuntsuak izaten lagunduko dizu. Azter ditzagun oinarrizko abilezia batzuk.

Ondo irakurtzea eta idaztea lagungarria izango da bai zuretzat bai kongregazioarentzat (Ikusi 10 eta 11 paragrafoak)

10, 11. Anaia gazte batek ondo irakurri eta idazten duenean, zer probetxu atera dezake bai berak, baita kongregazioak ere? (1. Salmoa 1-3) (Ikusi irudia ere)

10 Ikasi ondo irakurtzen eta idazten. Bibliaren arabera, zoriontsua eta arrakastatsua den gizonak Biblia irakurtzen eta honetan hausnartzen du egunero-egunero (Irakurri 1. Salmoa 1-3). Biblia egunero irakurriz, Jehobaren pentsaera ezagutzera iritsiko da eta irakurritakoa praktikan nola jarri ikasiko du (Esa. 1:3, 4). Horrelako anaiak behar dira kongregazioetan. Zergatik?

11 Irakasteko eta Biblian oinarritutako aholkuak emateko gai diren anaien laguntza behar dute anai-arrebek (Tit. 1:9). Ondo irakurtzen eta idazten baduzu, besteen fedea sendotuko duten hitzaldi eta iruzkin lagungarriak prestatzeko gai izango zara. Gainera, ikastean, eta kongregazioko bileretan eta biltzarretan hitzaldiak entzutean, ohar lagungarriak hartu ahal izango dituzu. Ohar hauek zure fedea sendotzen eta besteei animatzen lagunduko dizute.

12. Zerk lagunduko dizu komunikatzaile ona izatera iristen?

12 Ikasi besteekin ondo komunikatzen. Anaiek ondo komunikatzen ikasi behar dute. Komunikatzaile ona den anaiak besteak entzun eta ulertzen ditu (Esa. 20:5). Hori lortzeko, besteen ahots tonu, aurpegi keinu eta gorputz portaeraren atzean dagoena ulertzen ikasi dezakezu. Baina ezingo duzu hau egiten ikasi, ez baduzu besteekin denborarik pasatzen. Besteekin komunikatzeko, gailu elektronikoak, esaterako, posta elektronikoak eta mezuak etengabe erabiltzen badituzu, zailagoa egingo zaizu besteekin aurrez aurre komunikatzea. Beraz, saiatu besteekin aurrez aurre hitz egiteko aukerak sortzen (2 Joan 12).

Ona da lana aurkitzen lagunduko dizun abileziaren bat ikastea (Ikusi 13. paragrafoa)

13. Zer gehiago ikasi behar du anaia gazte batek? (1 Timoteori 5:8) (Ikusi irudia ere)

13 Ikasi zeure burua mantentzen. Anaia batek bere burua eta bere etxekoak mantentzeko gai izan behar du (Irakurri 1 Timoteori 5:8). Herrialde batzuetan, anaia gazteek lan zehatz bat nola egiten den ikasten dute euren aita edo beste familia kide batengandik. Beste leku batzuetan, anaia batzuek eskola garaian ogibide bat ikasten dute. Dena dela, ona izango da zuretzat lan bat aurkitzen lagunduko dizun abileziaren bat ikastea (Eg. 18:2, 3; 20:34; Efe. 4:28). Gogor lan egiteaz eta hasten duzuna amaitzeaz ziurtatu. Hala egiten baduzu, besteen aurrean izen ona izatea lortuko duzu, eta errazagoa egingo zaizu lan bat aurkitzea eta mantentzea. Aztertu ditugun ezaugarri eta abileziak anaia batek etorkizunean izan ditzakeen eginkizunak betetzeko oso garrantzitsuak dira. Azter ditzagun horietako batzuk.

PRESTATU ETORKIZUNEKO EGINKIZUNETARAKO

14. Nola prestatu daiteke anaia gazte bat denbora osoko zerbitzua hasteko?

14 Denbora osoko zerbitzua. Kristau heldu asko gaztetan hasi dira denbora osoko zerbitzuan. Anaia gazte batentzat aitzindaritza lagungarria da izaera desberdina dutenekin elkarlanean aritzen ikasteko. Irabazitako dirua modu egokian erabiltzen eta duena baino gehiago ez gastatzen ikasten ere lagunduko dio (Flp. 4:11-13, NWT). Denbora osoko zerbitzuan hasteko modu on bat aitzindari laguntzaile bezala zerbitzatzea da. Hau aitzindaritza erregularra hartzeko prestaketa bat izan da askorentzat. Gainera, aitzindari erregular bezala zerbitzatzeak hainbat ate ireki ditzake denbora osoko zerbitzuan, esaterako, eraikuntzan boluntario izatea edo Betelen zerbitzatzea.

15, 16. Zerk lagunduko dio anaia gazte bati kongregazioko laguntzaile edo adindun izateko baldintzak betetzen?

15 Kongregazioko laguntzaile edo adindun izatea. Anaia guztiek adindun izatera iristeko beharrezkoak diren baldintzak betetzeko helburua izan beharko lukete. Bibliak hau lortzen saiatzen ari den anaiak «eginkizun ona nahi duela» dio (1 Tim. 3:1). Anaia batek adindun bezala zerbitzatu aurretik, kongregazioko laguntzaile bezala zerbitzatzeko baldintzak bete behar ditu. Laguntzaileek modu askotan laguntzen diete adindunei. Laguntzaile eta adindunek apalki zerbitzatzen dute kongregazioan eta gogotsu parte hartzen dute predikazioan. Anaia gazteek adoleszentziaren amaiera aldera kongregazioko laguntzaile bezala zerbitzatzeko baldintzak bete ditzakete. Eta ondo prestatuta dagoen laguntzaile gazte bat 20 urtetik aurrera ere adindun izendatua izan daiteke.

16 Kongregazioko laguntzaile edo adindun izateko baldintzak Biblian agertzen dira, eta Jehobari, zure familiari eta kongregazioari diozun maitasunean oinarritzen dira (1 Tim. 3:1-13, NWT; Tit. 1:6-9, NWT; 1 Ped. 5:2, 3). Zer egin dezakezu helburu hau lortzeko? Saiatu baldintza bakoitza ondo ulertzen eta egin otoitz Jehobari baldintza hauek garatzen laguntzeko. c

Senarrak bere emaztea eta seme-alabak maitatzea eta hauek fisikoki, emozionalki eta espiritualki zaintzea nahi du Jehobak (Ikusi 17. paragrafoa)

17. Nola prestatu daiteke anaia gazte bat senar eta familia buru izatera iristeko? (Ikusi irudia ere)

17 Senar eta familia buru izatea. Jesusek esan bezala, kristau heldu batzuk ezkongabe mantentzen dira (Mat. 19:12). Hala ere, ezkontzea erabakitzen baduzu, beste eginkizun batzuk izango dituzu: senar eta familia buru izatearenak (1 Ko. 11:3). Jehobak senar batengandik espero duena bere emaztea maitatzea, eta bere behar fisiko, emozional eta espiritualez arduratzea da (Efe. 5:28, 29). Artikulu honetan, senar ona izaten lagunduko dizuten ezaugarri eta abileziak aztertu ditugu, esaterako, pentsatzeko gaitasuna garatzea, emakumeak errespetatzea eta fidagarria izatea. Horrela, senar eta familia buru bezala izango dituzun eginkizunak ondo betetzeko prest egongo zara.

18. Nola prestatu daiteke anaia gazte bat aita izatera iristeko?

18 Aita izatea. Ezkondu ondoren, beharbada aita izatera iritsiko zara. Jehobarengandik asko ikasi dezakegu aita on bat izatearen inguruan (Efe. 6:4). Jehobak argi esan zion bere seme Jesusi maite zuela eta berarekin oso pozik zegoela (Mat. 3:17). Aita izatera iristen bazara, zure seme-alabei maite dituzula sarritan ziurtatu eta egiten dituzten gauza on guztiengatik eskuzabaltasunez zoriondu. Jehobaren eredua imitatzen duten aitek euren seme-alabei kristau heldu izatera iristen laguntzen diete. Orain zure familia kide eta kongregazioko anai-arrebei maitasuna erakusten badiezu, etorkizunean aita on bat izateko prestatzen ariko zara. Hau egiteko modu bat beraiei maite dituzula eta zuretzat baliotsuak direla esaten ikastea da (Joan 15:9). Honek asko lagunduko dizu senar eta aita izatera iristen bazara. Eta, bitartean, oso baliotsua izango zara Jehobarentzat, zure familiarentzat eta kongregazioarentzat.

ZER EGINGO DUZU ORAIN?

Biblia aztertu eta ikasitakoa praktikan jarri duten anaia gazte asko kristau heldu izatera iritsi dira (Ikusi 19 eta 20 paragrafoak)

19, 20. Zerk lagunduko die anaia gazteei kristau heldu izatera iristen? (Ikusi azaleko irudia)

19 Anaia gazte, kristau heldua izatea ez da egun batetik bestera lortzen den zerbait. Horretarako, imitatu ditzakezun eredu onak aukeratu, pentsatzeko gaitasuna garatu, fidagarria izan, bizitzarako praktikoak diren abileziak ikasi eta etorkizuneko eginkizunetarako prestatu.

20 Aurrean duzun lana ikusita, batzuetan gehiegitxo dela sentitu dezakezu. Baina lortu dezakezu! Gainera, gogoratu Jehoba zu laguntzeko irrikan dagoela (Is. 41:10, 13). Horretaz gain, kongregazioko anai-arreben laguntza ere baduzu. Kristau heldu izatea erabat lortzen duzunean, zoriontsuagoa izango zara. Asko maite zaituztegu anaia gazteok! Kristau heldu izatera iristeko bidean, Jehobak eskuzabaltasunez bedeinkatu zaitzatela (Esa. 22:4).

sn 45. KANTA Egin aurrera!

a Anaia helduak beharrezkoak dira kongregazioetan. Artikulu honetan, anaia gazteak kristau heldu izatera nola iritsi daitezkeen aztertuko dugu.

b Ikusi aurreko artikuluko «Zer esan nahi du»? azalpena.

c Ikusi Organizados para hacer la voluntad de Jehová (Organisés pour faire la volonté de Jéhovah) argitalpeneko 5 eta 6 kap.