Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

50. IKASKETARAKO ARTIKULUA

Fedeak eta ekintzek zuzenak izatera eraman gaitzakete

Fedeak eta ekintzek zuzenak izatera eraman gaitzakete

«Abraham gure aitak […] zeukan sinesmenaren urratsei jarrait[u]» (ERM. 4:12).

sn 54. KANTA Eduki benetako fedea

ZER AZTERTUKO DUGU? a

1. Abrahamen fedea aztertzean, zer galdera egin ahal diogu geure buruari?

 Pertsona askok Abrahami buruz entzun dute, baina gehienek ez dute ondo ezagutzen. Guk, aldiz, asko dakigu berari buruz. Adibidez, Abrahami «sinesten duten […] guztien aita» deitu ziotela dakigu (Erm. 4:11). Baina, agian, honakoa galdetzen diozu zeure buruari: «Lortu al dezaket nire fedea Abrahamenarena bezain sendoa izatea?». Bai, noski baietz!

2. Zergatik da garrantzitsua Abrahamen eredua aztertzea? (Santiago 2:22, 23)

2 Zer egin dezakegu gure fedea Abrahamenarena bezain sendoa izateko? Modu bat bere fede eredua aztertzea da. Abrahamek beti egin zuen Jehobak eskatu ziona. Prest egon zen bere etxetik urrun zegoen lurralde batera joateko, hainbat urtetan dendetan bizitzeko eta bere seme kuttuna sakrifikatzeko. Ekintza hauek Abrahamek fede sendoa zuela erakutsi zuten. Erakutsitako fedeagatik eta ekintzengatik, Abrahamek Jehoba poztea eta bere laguna izatea lortu zuen (Irakurri Santiago 2:22, 23). Jehobak guk guztiok, baita zuk ere, bere aprobazioa jasotzea eta bere lagunak izatea nahi du. Horregatik, Paulo eta Santiago inspiratu zituen Abrahamen ereduari buruz idazteko. Artikulu honetan, Erromatarrei 4. kapituluan eta Santiago 2. kapituluan Abrahami buruz esaten dena aztertuko dugu. Izan ere, bi kapitulu hauetan Abrahamekin lotutako ideia garrantzitsu bat azaltzen da.

3. Zer Biblia bertset aipatu zuten Paulo eta Santiagok?

3 Paulok eta Santiagok Hasiera 15:6​ko (NWT) hitzak aipatu zituzten, honakoa esanez: «Abramek Jehobarengan fedea jarri zuen, eta berak pertsona zuzentzat hartu zuen». Jehobak bera pozten duenari pertsona zuzena, edo errugabea, deitzen dio. Harrigarria da Jainkoak gizaki inperfektu eta bekatariei errugabe deitzea! Dudarik gabe, denok nahi dugu Jehobak gu horrela ikustea. Hau nola lortu dezakegun jakiteko, Jehobak Abraham pertsona zuzena zela zergatik esan zuen ulertu behar dugu.

FEDEA EZINBESTEKOA DA ZUZENAK IZATEKO

4. Zerk oztopatu dezake gu pertsona zuzenak izatea?

4 Erromatarrei idatzitako gutunean, gizaki guztiak bekatariak garela esan zuen Paulok (Erm. 3:23). Orduan, nolatan egon daiteke Jainkoa pozik gurekin, pertsona zuzenak garela esanez? Kristau leial guztiei galdera hau erantzuten laguntzeko, Paulok Abrahamen eredua erabili zuen.

5. Zergatik esan zuen Jehobak Abraham pertsona zuzena zela? (Erromatarrei 4:2-4)

5 Abraham Kanaango lurraldean bizitzen ari zela, Jehobak pertsona zuzena zela esan zuen. Baina zergatik esan zezakeen Jehobak Abraham pertsona zuzena zela? Abrahamek Moisesen Legea hitzez hitz bete al zuelako? Argi dago ezetz (Erm. 4:13). Jehobak Abraham pertsona zuzena zela esan zuenean, Moisesen Legea oraindik ez zen existitzen. Lege hau 400 urte beranduago eman zitzaien israeldarrei. Orduan, zergatik esan zuen Jehobak Abraham pertsona zuzena zela? Jehobaren merezigabeko eskuzabaltasunean oinarrituz, Abrahamek zuen fedeagatik (Irakurri Erromatarrei 4:2-4).

6. Zer zentzutan hartzen du Jehobak zuzentzat bekatari bat?

6 Paulok honakoa aipatu zuen Jainkoarengan fedea duenari buruz: «Sinesmen [edo fede] horri esker onartuko du Jainkoak». Dabid erregeak ere Jainkoak zuzentzat hartzen duen pertsonak sentitzen duen zoriontasunari buruz hitz egin zuen: «Zoriontsua Jainkoak hobena [edo errua] kendu eta bekatuak barkatu dizkiona. Zoriontsua Jainkoak bekatua egozten [edo kontuan hartzen] ez diona» (Erm. 4:5-8; Sal. 32:1, 2). Jainkoak berarengan fedea jartzen dutenen bekatuak barkatu, edo estali, egiten ditu. Erabat barkatzen die eta ez ditu beraien bekatuak berriro ere kontuan hartzen. Beraien fedeagatik ikusten ditu Jainkoak errugabe eta zuzen bezala.

7. Zergatik esan dezakegu iraganeko zerbitzari leialak zuzenak izan zirela?

7 Jainkoak Abraham, Dabid eta beste zerbitzari leial batzuk zuzentzat hartu zituen arren, bekatari inperfektuak izaten jarraitzen zuten. Baina Bera adoratzen ez zutenekin konparatuta, errugabe bezala ikusten zituen. Zergatik? Zerbitzari leial hauek fedea zutelako (Efe. 2:12). Jainkoaren lagunak izateko, fedea izatea ezinbestekoa dela azaldu zuen Paulok erromatarrei idatzitako gutunean. Hala izan zen Abraham eta Dabiden kasuan. Guk ere fedea badugu, Jainkoaren lagunak izatea lortuko dugu.

ZER LOTURA DAGO FEDEAREN ETA EKINTZEN ARTEAN?

8, 9. Zer ondorio oker atera dute batzuek Paulo eta Santiagok idatzitakoaren inguruan, eta zergatik?

8 Mendetan zehar, erlijio buruek sutsuki eztabaidatu dute fedea eta ekintzen arteko loturaren inguruan. Batzuek salbamena lortzeko egin behar den gauza bakarra Jesu Kristorengan sinestea dela irakasten dute. Agian, honakoa esaten entzun diezu: «Jesus onartu eta salbamena lortu». Hau esateko, erlijio buruak Pauloren hurrengo hitzetan oinarritzen dira: «Jainkoak, egintzei begiratu gabe, zuzentzat onartzen du» (Erm. 4:6). Beste batzuek, aldiz, salbamena lortzeko, erromes moduan ibili edo ekintza onak egin behar direla diote. Beharbada, Santiago 2:24​ko hitzak erabiltzen dituzte: «Jainkoak egintzen bidez zuzenesten du [...] gizakia eta ez fede hutsez».

9 Biblia aditu batzuek ikuspuntu desberdin hauen arrazoia honakoa dela diote: Paulo eta Santiago ez zeudela ados Jainkoaren onespena izateko egin behar denaren inguruan. Aditu hauek dioten moduan, Pauloren arabera, fedea izatearekin nahikoa da; eta Santiagoren arabera, aldiz, ekintzak ezinbestekoak dira. Teologia irakasle batek honela azaltzen du: «Santiagok ez zuen ulertu Paulok zergatik azpimarratu zuen [zuzena izateko] fedea nahikoa dela eta ekintzak ez direla beharrezkoak». Baina Paulok eta Santiagok, biek, idatzi zutena inspiratu zuen Jainkoak (2 Tim. 3:16). Beraz, arrazoiren bat egon behar du bakoitzak idatzi zuenaren atzean. Hau ulertzeko, idatzitakoaren testuingurua aztertu behar dugu.

Paulok fedea beharrezkoa zela, eta ez Moisesen Legea obeditzea, esan zien Erromako kristau juduei (Ikusi 10. paragrafoa) c

10. Zer «ekintz[ei]» buruz hitz egiten ari zen nagusiki Paulo? (Erromatarrei 3:21, 28, NWT) (Ikusi irudia ere)

10 Zer ekintzei buruz hitz egiten ari zen Paulo Erromatarrei 3 eta 4 kapituluetan? Nagusiki israeldarrei emandako Moisesen «legearen ekintz[ei]» buruz (Irakurri Erromatarrei 3:21, 28, NWT b). Pauloren garaian, dirudienez, judu kristau batzuei zaila egiten ari zitzaien Moisesen Legea eta honekin lotutako zereginak amaitu egin zirela onartzea. Horregatik, Paulok Abrahamen eredua erabiliz, norbaitek Jainkoaren onespena izateko ez zituela «legearen ekintz[ak]» bete behar frogatu zuen. Horren ordez, Paulok fedea ezinbestekoa dela azaldu zuen. Beraz, Jainkoa eta Kristorengan fedea badugu, Jainkoaren aprobazioa lortu dezakegula irakasten digu honek. Hau jakitea oso animagarria da guretzat.

Santiagok kristauei beraien fedea ekintzen bidez erakusteko esan zien, esaterako, besteen alde bereizketarik egin gabe gauza onak eginez (Ikusi 11 eta 12 paragrafoak) d

11. Zer «ekintz[ei]» buruz hitz egiten ari zen Santiago?

11 Bestalde, Santiago 2. kapituluan aipatzen diren «ekintz[ak]» ez dira Paulok aipatutako «legearen ekintz[ak]». Kristauok gure eguneroko bizitzan egiten ditugun ekintzei, edo jarduerei, buruz ari zen Santiago. Ekintza horiek kristau batek Jainkoarengan benetako fedea duen edo ez erakusten dute. Azter ditzagun Santiagok erabilitako bi adibide.

12. Nola azaldu zuen Santiagok fedearen eta ekintzen arteko lotura? (Ikusi irudia ere)

12 Lehenengo adibidean, kristauak inpartzialak izatearen beharrari buruz hitz egin zuen Santiagok. Berak erabilitako konparaketan, gizon bat atsegina izan zen aberatsa zen batekin, baina pobrea zen beste batekin, aldiz, ez. Gizon horrek fedea zuela esan arren, bere ekintzek ez zuten esandakoarekin bat egiten (St. 2:1-5, 9). Santiagok aipatutako bigarren adibidean, norbaitek janzteko edo jatekorik ez zuen anaia edo arreba bat ikusi zuen, baina ez zion laguntza praktikorik eman. Pertsona horrek fedea zuela aldarrikatzen zuen arren, bere ekintzek kontrakoa adierazten zuten. Beraz, ez zuen inongo baliorik. Santiagok idatzi zuen moduan, «fedea […] bera bakarrik, egintzetan ez bada azaltzen, hila dago» (St. 2:14-17).

13. Zer eredu erabili zuen Santiagok bai fedea, baita ekintza onak ere beharrezkoak direla erakusteko? (Santiago 2:25, 26)

13 Santiagok fedea ekintzen bidez erakusteari buruz hitz egiterakoan, Rahaben eredua erabili zuen (Irakurri Santiago 2:25, 26). Emakume honek Jehobari buruz entzun eta israeldarrak bere laguntza jasotzen ari zirela onartu zuen (Jos. 2:9-11). Bere fedea ekintzen bidez erakutsi zuen arriskuan zeuden bi israeldar espioi babestuz. Ondorioz, Jainkoak israeldarra ez zen emakume inperfektu hau zuzentzat hartu zuen, Abrahamekin egin zuen bezala. Emakume honen ereduak gure fedea ekintzen bidez erakustearen garrantzia azpimarratzen du.

14. Zergatik esan dezakegu Paulok eta Santiagok idatzitakoa ez dagoela kontraesanean?

14 Paulok eta Santiagok fedea eta ekintzei buruz hitz egiterakoan, ikuspuntu desberdinak erabili zituzten. Pauloren arabera, judu kristauek ezingo zuten inoiz Jehobaren onespenik jaso Moisesen Legearen ekintzak bakarrik jarraituz. Santiagok, aldiz, kristau guztiok fedea ekintza onen bidez erakutsi behar dugula azpimarratu zuen.

Jehobak onartzen dituen ekintzak egitera bultzatzen al zaitu zure fedeak? (Ikusi 15. paragrafoa)

15. Nola erakutsi dezakegu gure ekintzen bidez fedea dugula? (Ikusi irudia ere)

15 Jehobak ez du esaten zuzenak izateko Abrahamek egindakoa zehatz-mehatz imitatu behar dugunik. Izan ere, gure fedea ekintzen bidez erakusteko modu asko daude. Kongregazioan berriei ongietorria eman ahal diegu, beharrean dauden anai-arrebak lagundu ahal ditugu eta familia kideak ondo zaindu ditzakegu. Gauza hauek denek Jainkoaren aprobazioa eta bedeinkapena izango dute (Erm. 15:7; 1 Tim. 5:4, 8; 1 Joan 3:18). Bestalde, gure fedea erakusteko modurik garrantzitsuenetako bat besteei gogo biziz predikatzea da (1 Tim. 4:16). Denok erakutsi dezakegu gure ekintzen bidez Jehobaren promesak beteko direla eta bere gida onena dela sinesten dugula. Hau egiten badugu, guztiz ziur egon gaitezke Jainkoak pertsona zuzenak bezala ikusiko gaituela eta bere lagunak izango garela.

ESPERANTZA EZINBESTEKOA DA FEDEA IZATEKO

16. Zer esperantza izaten lagundu zion fedeak Abrahami?

16 Erromatarrei 4. kapituluak Abrahamengandik ikasi dezakegun beste irakaspen inportante bat azpimarratzen du: esperantzaren garrantzia. Jehobak Abraham «herri askoren sorburu [edo aita]» izango zela eta bere bitartez «herri asko» bedeinkatuak izango zirela promestu zuen. Zelako esperantza harrigarria zuen Abrahamek bere aurrean! (Has. 12:3; 15:5; 17:4; Erm. 4:17). Baina Abrahamek 100 urte zituen eta Sarak 90, eta oraindik ez zuten semerik izan. Beraz, giza ikuspuntutik ezinezkoa zirudien Abrahamek eta Sarak semerik izatea. Hau benetako proba izan zen Abrahamentzat. Hala ere, «esperantzan oinarrituta, Abrahamek herri askoren aita izatera iritsiko zen fedea izan zuen» (Erm. 4:18, 19, NWT). Eta, azkenean, Abrahamen esperantza bete zen. Isaak izan zuten, hainbeste itxarondako semea (Erm. 4:20-22).

17. Nola dakigu Jainkoaren lagunak izan gaitezkeela?

17 Guk ere, Abrahamek bezala, Jainkoaren onespena jasotzea eta bere lagunak izatea lortu dezakegu. Hauxe bera azpimarratu zuen Paulok honakoa idaztean: «Baina Liburu Santuak ez du hori harengatik bakarrik esaten, guregatik ere badio; gu ere, Jesus gure Jauna hildakoen artetik piztu zuenarengan sinesten dugunok, sinesmenari esker onartuko baikaitu Jainkoak» (Erm. 4:23, 24). Abrahamen antzera, fedea izateaz eta ekintzak egiteaz gain, esperantza ere izan behar dugu. Hurrengo artikuluan aztertuko dugun bezala, Paulok esperantzari buruz hitz egiten jarraitzen du Erromatarrei 5. kapituluan.

sjj 28. KANTA O, Jehoba, nor da zure laguna?

a Denok nahi dugu Jainkoaren aprobazioa jaso eta bere aurrean zuzenak izan. Paulok eta Santiagok idatzitakoan oinarrituta, hau nola lortu dezakegun aztertuko dugu. Gainera, Jehobaren aprobazioa lortzeko fedea eta ekintzak zergatik behar ditugun ikusiko dugu.

b Erromatarrei 3:21, 28, NWT: «Baina orain, legearen menpe egon gabe, Jainkoaren justizia agerian geratu da, Legeak eta Profetek ziurtatzen duten bezala […]. Ziur baitakigu Jainkoak fedeagatik hartzen duela gizon bat zuzentzat, eta ez legearen ekintzengatik».

c IRUDIAREN AZALPENA: Paulok arreta fedean jartzeko esan zien judu kristauei, eta ez «legearen ekintz[etan]». Ekintza hauen artean, hari urdinezko jantziak eramatea, Pazkoa ospatzea eta garbiketarako erritualak betetzea zeuden.

d IRUDIAREN AZALPENA: Santiagok fedea erakustera animatu zuen besteen alde gauza onak eginez, esaterako, pobreei lagunduz.