Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

51. IKASKETARAKO ARTIKULUA

Gozatu huts egiten ez duen itxaropenaz

Gozatu huts egiten ez duen itxaropenaz

«Itxaropenak ez du huts egiten» (ERM. 5:5, NWT).

sjj 142. KANTA Eutsi aurrean dugun esperantzari

ZER AZTERTUKO DUGU? a

1. Zergatik esan dezakegu Abrahamen esperantza ziurra zela?

 JEHOBAK bere lagun Abrahami bere ondorengotzaren bitartez lurreko herri guztiak bedeinkatuak izango zirela promestu zion (Has. 15:5; 22:18). Abrahamek Jainkoarengan fede sendoa zuenez, ziur zegoen promes hura bete egingo zela. Hala ere, Abrahamek 100 urte eta bere emazteak 90 urte zituztela, bikote leial honek oraindik ez zuen semerik izan (Has. 21:1-7). Baina Bibliak honakoa dio: «Esperantzan oinarrituta, Abrahamek herri askoren aita izatera iritsiko zen fedea izan zuen esan zenaren arabera» (Erm. 4:18, NWT). Badakigu Abrahamen itxaropena bete egin zela, eta seme bat izan zuen: Isaak. Zergatik zegoen Abraham ziur Jainkoaren promesa beteko zela?

2. Zergatik zegoen Abraham ziur Jehobak bere promesa beteko zuela?

2 Jehobarekin zuen harreman estuarengatik, Abraham «erabat ziur» zegoen promestutakoa beteko zuela (Erm. 4:21). Abrahamek fedea erakutsi zuenez, Jehobak bere aprobazioa eman zion eta pertsona zuzentzat hartu zuen (St. 2:23). Erromatarrei 4:18 (NWT) aipuaren arabera, Abrahamen fedea eta esperantza lotuta zeuden. Azter dezagun orain zer dioen Paulo apostoluak esperantzari buruz Erromatarrei 5. kapituluan.

3. Zer azaltzen du Paulok esperantzari buruz?

3 Paulok «itxaropenak ez du[ela] huts egiten» esan zuen, baita honetaz zergatik egon gaitezkeen ziur ere (Erm. 5:5, NWT). Gainera, gure esperantza nola sendotu dezakegun ulertzen laguntzen digu. Paulok Erromatarrei 5:1-5 pasartean aipatzen duen prozesua aztertzen dugun heinean, hausnartu dezagun izan ditugun bizipenetan. Hau egin ahala, gure esperantza denboran zehar sendotzen joan dela konturatuko gara. Honetaz gain, artikulu honetan gure esperantza oraindik sendoagoa izateko zer egin behar dugun ikusiko dugu. Baina, lehenik, azter dezagun zein den huts egiten ez duen itxaropen zoragarri hau.

GURE ITXAROPEN ZORAGARRIA

4. Zer aztertzen da Erromatarrei 5:1, 2 bertsetetan?

4 Irakurri Erromatarrei 5:1, 2. Paulok hitz hauek Erromako kongregazioarentzat idatzi zituen. Bertako anai-arrebek Jehoba eta Jesusi buruz ikasi eta hauengan fedea izan zuten, eta kristau izatera iritsi ziren. Ondorioz, «Jainkoak sinesmenaren [fedearen, NWT] bidez onartu» eta espiritu santuz gantzutu zituen. Hala da, esperantza ziurra eta paregabea jaso zuten.

5. Zer esperantza dute gantzutuek?

5 Beranduago Paulok Jainkoak eman zien esperantzari buruz idatzi zien Efesoko kristau gantzutuei. Esperantza honen barne «bere herentziaren ondasunak eta gloria, santuentzat prestatua dagoena» jasotzea zegoen (Efe. 1:18, Ur). Gainera, kolosarrei beraien saria non jasoko zuten aipatu zien: «Zeruan Jainkoak zuentzat prestatua duen sariaren itxaropena» (Kol. 1:4, 5). Orduan, zer esperantza dute gantzutuek? Berpiztuak izan ondoren, zeruan betirako bizitzea. Bertan, Kristorekin batera, errege bezala aginduko dute (1 Tes. 4:13-17; Ap. 20:6).

F. W. Franz anaiak ondo azaldu zuen zein ziur dauden kristau gantzutuak euren esperantzaren inguruan (Ikusi 6. paragrafoa)

6. Zer esan zuen anaia gantzutu batek bere esperantzari buruz?

6 Kristau gantzutuek beraien itxaropena estimatzen dute. Horietako batek, Frederick Franz anaiak, urtetan zehar Jainkoa leialki zerbitzatu ondoren, honakoa esan zuen bihotz-bihotzez 1991. urtean: «Gure esperantza ziurra da, eta artalde txikiaren parte garen 144.000 gantzutuetako bakoitzak Jainkoak promestutakoa jasoko dugu. Gure saria inoiz imajinatu duguna baina askoz hobea izango da […]. Gure esperantza asko estimatzen jarraitzen dugu oraindik […]. Zenbat eta gehiago itxaron, orduan eta gehiago eskertzen dugu. Milioika urte badira ere, itxaroteak merezi du. Orain, inoiz baino gehiago estimatzen dut gure esperantza».

7, 8. Zer esperantza dute Jehobaren zerbitzari gehienek? (Erromatarrei 8:20, 21)

7 Gaur egun, Jehoba adoratzen duten gehienek beste esperantza bat dute. Abrahamek izan zuen esperantza bera da: Jainkoaren Erreinupean, lurrean, betirako bizitzea (Heb. 11:8-10, 13). Paulok esperantza zoragarri honi buruz idatzi zuen (Irakurri Erromatarrei 8:20, 21). Bibliak etorkizunerako promesten duena lehen aldiz ikasi zenuenean, zerk erakarri zintuen gehien? Perfektu izatera iritsiko zarela eta ez duzula berriro bekatu egiteko joerarik izango jakiteak? Edo, hil diren senide eta lagun maiteak lurreko paradisuan berriro biziko direla ezagutzeak? Jainkoak emandako itxaropen honi esker, gauza zoragarri asko espero ditzakegu.

8 Betirako bizitzeko dugun esperantza zeruan edo lurrean den axola gabe, pozik egoteko arrazoiak ditugu. Gainera, gure itxaropena oraindik sendoagoa izan daiteke. Paulok hau nola lortu dezakegun azaltzen du. Azter dezagun berak honi buruz idatzitakoa. Hitz hauek aztertzeak gure esperantza beteko den ziurtasuna sendotzen lagunduko digu.

NOLA HAZTEN DA ITXAROPENA?

Kristau guztiok nolabaiteko zailtasunak jasatea espero dezakegu (Ikusi 9 eta 10 paragrafoak)

9, 10. Paulok bizitakoa ikusita, zer espero dezakegu kristauok? (Erromatarrei 5:3, NWT) (Ikusi irudiak ere)

9 Irakurri Erromatarrei 5:3, NWT b. Zailtasunak sufritzen ditugunean, gure esperantza sendoagoa egin daitekeela aipatu zuen Paulok. Beharbada, honek harritzen gaitu. Hala ere, Kristoren jarraitzaile guztiok zailtasunak jasatea espero dezakegu. Azter dezagun Paulok bizitakoa. Hauxe esan zien Tesalonikan zeudenei: «Zuekin ginelarik, aldez aurretik esan genizuen atsekabeak [edo zailtasunak] izango genituela, eta badakizue hala gertatu dela» (1 Tes. 3:4). Eta korintoarrei honakoa idatzi zien: «Senideok, jakin behar duzue nolako larrialdiak izan nituen». Paulok bere bizia arriskuan egon zela ere esan zuen (2 Ko. 1:8; 11:23-27).

10 Gaur egungo kristauok ere nolabaiteko zailtasunak jasatea espero dezakegu (2 Tim. 3:12). Hala al da zure kasuan? Pertsekuzioa jasan al duzu Jesusengan fedea jarri eta bera jarraitzeagatik? Agian lagun eta senideek burla egin dizute edo, beharbada, gaizki tratatu zaituzte. Arazoak izan al dituzu lanean gauza guztietan zintzo jokatzeko determinazioa izateagatik? (Heb. 13:18). Oposizioa jasan al duzu agintariengandik besteei zure esperantzari buruz hitz egiteagatik? Zer zailtasun mota jasaten dugun axola gabe, Paulok poztasuna izan beharko genukeela esaten du. Zergatik?

11. Zergatik izan behar dugu edozein zailtasunen aurrean irauteko determinazioa?

11 Sufritzen dugunean poztasuna izan dezakegu. Zergatik? Badakigulako honek ezaugarri garrantzitsu bat lantzen lagundu ahal gaituela. Erromatarrei 5:3​ak (NWT) «zailtasunek iraupena ekartzen» dutela dio. Kristau guztiok zailtasunak izango ditugunez, denok behar dugu edozein zailtasunen aurrean irauteko determinazioa. Izan ere, irauten eta Jehoba zerbitzatzen jarraitzen badugu bakarrik lortuko dugu gure esperantzaren saria. Harri artean erori ziren haziez hitz egiterakoan, Jesusek pertsona batzuk zituen buruan. Hauek hasiera batean mezua poztasunez jaso zuten, baina «zailtasunak eta pertsekuzioa» heldu zirenean, estropezu egin zuten. Guk ez dugu hauek bezalakoak izan nahi (Mat. 13:5, 6, 20, 21). Noski, oposizioa edo zailtasunei aurre egitea ez da erraza, ezta atsegina ere. Baina irauten eta Jehoba zerbitzatzen jarraitzen dugunean, oso emaitza onak lortzen ditugu. Zein modutan?

12. Zer emaitza on lortzen dugu zailtasunen aurrean irauten dugunean?

12 Santiagok zailtasunen aurrean irauteagatik jasotzen ditugun emaitza onak azpimarratu zituen: «Eroapenak [edo iraupenak] lortuko du bere helburua, heldutasun beteko pertsonak izan zaitezten, ezertan akatsik gabeak» (St. 1:2-4). Beraz, Santiagoren arabera, iraupenak bete beharreko helburu bat du. Pazientzia, fedea eta Jainkoarengan konfiantza are gehiago lantzen lagundu ahal digu. Hala ere, irauteak beste emaitza on bat ere izaten laguntzen digu.

13, 14. Zer lortzen dugu irauten dugunean? Eta zer lotura du honek esperantzarekin? (Erromatarrei 5:4, NWT)

13 Irakurri Erromatarrei 5:4, NWT c. Paulok iraupenak Jehobaren «onespena» dakarrela aipatu zuen. Noski, honek ez du esan nahi zailtasunak dituzunean Jehoba poztu egiten denik. Bera poztu egiten da zuk leialki irauten duzulako. Zein animagarria den gure iraupenak Jehoba pozten duela jakitea! (Sal. 5:13 [5:12, NWT]).

14 Gogoratu hurrengoa: Abrahamek izan zituen zailtasunen aurrean leialki iraun zuenean, Jehobaren onespenaz gozatu zuen. Horregatik, Jehobak laguntzat hartu eta zuzentzat hartu zuen (Has. 15:6; Erm. 4:13, 22). Guk ere gauza bera lortu dezakegu. Jainkoaren aprobazioa ez da dugun eginkizunaren edo egiten dugun lan kantitatearen araberakoa. Horren ordez, zailtasunen aurrean leialki irauten dugunean lortzen dugu Jainkoaren onespena. Eta gure adina edo egoera zein den, edo zein abilezia ditugun axola gabe, gu guztion esku dago irautea. Leialki irauten ari al zara oraintxe bertan zailtasun baten aurrean? Horrela bada, gogoratu Jehoba pozten ari zarela. Jainkoaren onespena dugula jakiteak oso eragin positiboa izan dezake gugan; gure itxaropena sendotu dezake.

SENDOAGOA DEN ITXAROPENA

15. Zer esan zuen Paulok Erromatarrei 5:4, 5​ean (NWT)? Eta zergatik izan daiteke hau nahasgarria batzuentzat?

15 Paulok azaldu zuen bezala, zailtasunen aurrean irauten dugunean, Jehobaren onespena lortzen dugu. Ikus dezagun nola jarraitzen duen Paulok bere azalpenarekin: «Jainkoaren onespenak itxaropena [dakar], eta itxaropenak ez du huts egiten» (Erm. 5:4, 5, NWT). Hau, beharbada, nahasgarria izan daiteke batzuentzat. Zergatik? Lehenago Erromatarrei 5:2​an irakurri dugun moduan, Paulok Erromako kristauek dagoeneko «Jainkoaren aintza iritsiko» duten itxaropena zutela esan zuelako. Beraz, kristau haiek dagoeneko itxaropen bat baldin bazuten, zergatik aipatu zuen berriz ere Paulok itxaropena?

Hasieran hainbeste erakarri zintuen itxaropena denborarekin sakonagoa eta sendoagoa izatera iritsi da (Ikusi 16 eta 17 paragrafoak)

16. Nola joan daiteke hazten norbaiten esperantza? (Ikusi irudiak ere)

16 Paulok zer esan nahi zuen ulertzeko, gure esperantza hazi daitekeen zerbait dela kontuan hartu behar dugu. Jarri dezagun adibide bat. Gogoratzen al duzu Jainkoaren Hitzean azaltzen den esperantza zoragarriaz lehen aldiz entzun zenuenean? Momentu hartan, lurrean paradisu batean betirako bizitzearen ideia amets huts bat besterik ez zela pentsatu zenuen agian. Hala ere, Biblian dauden promesak eta Jehoba hobeto ezagutu ahala, gero eta argiago ikusi zenuen esperantza hau errealitate bihurtuko dela.

17. Nola jarraitzen du sendotzen zure esperantzak bataioaren ondoren?

17 Bataiatu ondoren ere, Jehoba hobeto ezagutu eta gehiago maitatzera iritsi zinen. Ondorioz, zure esperantzak sendotzen jarraitu zuen (Heb. 5:13-6:1, NWT). Seguruenik, Erromatarrei 5:2-4 pasartean aipatzen dena bizitu duzu. Zailtasunak izan zenituenean, hauen aurrean iraun zenuenez, Jainkoaren onespena zenuela igarri zenuen. Orain, maite zaituela eta zurekin pozik dagoela dakizu. Ondorioz, arrazoi gehiago dituzu berak promestutakoa jasoko duzula sinesteko. Orain duzun esperantza hasieran zenuena baino sendoagoa, errealagoa eta pertsonalagoa da, eta modu sakonago batean eragiten du zugan. Nolabait esateko, zure bizitzako arlo guztietan du eragina. Zure familia tratatzeko, erabakiak hartzeko eta zure denbora erabiltzeko modua aldatzera bultzatu zaitu.

18. Zer ziurtatzen dizu Jehobak?

18 Paulo apostoluak ideia garrantzitsu bat azpimarratzen du Jainkoaren onespena jaso ondoren duzun esperantzaren inguruan: Zure esperantza bete egingo dela ziurtatzen dizu. Zergatik egon zaitezke hain ziur? Paulok honakoa esan zien kristauei inspirazioz: «Itxaropenak ez du huts egiten, Jainkoaren maitasuna geure bihotzetan isuria izan baita jaso dugun espiritu santuaren bidez» (Erm. 5:5, NWT). Arrazoi guztiak dituzu esperantza hau, alegia, zure esperantza ziurtasun osoz beteko dela sinesteko.

19. Zure esperantzaren inguruan, zertaz egon zaitezke ziur?

19 Hausnartu Jehobak Abrahami egindako promesean, eta gogoan izan Abraham zuzentzat eta bere lagun bezala hartu zuela ere. Abrahamen itxaropena ez zen alferrikakoa izan. Bibliak honakoa dio: «Abrahamek pazientzia erakutsi ondoren, promes hau jaso zuen» (Heb. 6:15, NWT; 11:9, 18; Erm. 4:20-22). Eta dudarik gabe ez zen dezepzionatu. Leial mantentzen bagara, Abraham bezala, ziur egon gaitezke espero dugun saria jasoko dugula. Pozik egoteko arrazoi asko ditugu, badakigulako gure esperantza bete egingo dela; ez du huts egingo! (Erm. 12:12). Hauxe idatzi zuen Paulok: «Itxaropen-iturri den Jainkoak alaitasunez eta bakez bete dezala zuen fedea, eta Espiritu Santuak eman diezazuela bere indarraz itxaropena gainezka» (Erm. 15:13).

sjj 139. KANTA Ikusi zeure burua mundu berrian

a Artikulu honetan kristauon itxaropena zein den eta hau beteko den ziurtasuna zergatik izan dezakegun aztertuko dugu. Bestalde, orain dugun esperantza ez da egia lehen aldiz ezagutzerakoan genuen berbera. Erromatarrei 5. kapitulua aztertzeak hauen arteko desberdintasunak ikusten lagunduko digu.

b Erromatarrei 5:3, NWT: «Ez hori bakarrik, poztu gaitezen zailtasunak ditugunean, zailtasunek iraupena ekartzen baitute».

c Erromatarrei 5:4, NWT: «Iraupenak Jainkoaren onespena dakar; Jainkoaren onespenak itxaropena».