Jainkoak alkoholari buruz duen ikuspuntua jarraitu
DUDARIK gabe, asko eskertzen ditugu Jehobak eman dizkigun opariak, baita opari hauetaz nola gozatuko dugun erabakitzeko askatasuna izatea ere. Bibliaren arabera, ardoa Jainkoarengandik datorren opari bat da: «Gozatzeko da ogia, bizia alaitzeko ardoa» (Ekl. [Koh.] 10:19; Sal. 104:15). Hala ere, seguruenik ikusiko zenuen batzuek alkoholarekin arazoak dituztela. Are gehiago, alkohola edateari buruz hainbat iritzi eta ohitura desberdin daude mundu osoan zehar. Zerk lagundu gaitzake orduan kristauoi erabaki zuhurrak hartzen alkohola edatearen inguruan?
Non bizi garen edo zer kulturatan hazi izan garen axola gabe, gure pentsaerak eta erabakiek Jainkoaren ikuspuntuarekin bat egin beharko lukete. Honek beti zoriontsuago egingo gaitu.
Munduan zehar, pertsona askok alkohola askotan eta neurrigabe edaten dute. Batzuek, agian, erlaxatuago sentiarazten dielako edaten dute alkohola. Beste batzuek, beraien arazoetan ez pentsatzeko edaten dute. Eta beste leku batzuetan, pertsona heldua eta sendoa izateko, alkohol asko edan behar dela uste da.
Bestalde, kristauok gure Sortzaile maitekorraren gida zuhurra jaso dugu. Adibidez, gehiegi edateak dakartzan ondorio txarrez ohartarazi gaitu. Esaera Zaharrak 23:29-35 pasartean pertsona mozkorraren deskribapena eta honek dituen arazoak irakurri ditugu agian. a Daniel izeneko Europako adindun batek honela deskribatzen du kristau izan aurretik zuen bizitza: «Alkohol gehiegi edateko ohitura nuen eta honek erabaki txarrak hartzera eraman ninduen. Ondorioz, bizipen mingarriak izan nituen. Oraindik oso triste sentitzen naiz hauetan pentsatzen dudanean».
Zer egin dezakegu kristauok alkohola edatearen inguruan erabaki onak hartzeko eta gehiegi edateak dakartzan arazoak saihesteko? Jainkoaren ikuspuntuak gure erabakiak eta ekintzak moldatzen uztea. Hor dago gakoa!
Aztertu dezagun Bibliak alkoholari buruz esaten duena eta jendeak alkohola edateko dituen arrazoi batzuk.
ZER DIO BIBLIAK ALKOHOLA EDATEAREN INGURUAN?
Bibliak ez du alkohola neurriz edatea debekatzen. Kontrara, ardoa edateaz gozatu dezakegula esaten du: «Jan bozkarioz [edo pozik] zeure ogia, edan alai zeure ardoa» (Ekl. [Koh.] 9:7). Jesusek noizbehinka edan zuen ardoa, baita Jehobaren zerbitzari leial batzuek ere (Mat. 26:27-29; Luk. 7:34; 1 Tim. 5:23).
Hala ere, Bibliak modu nabarmenean bereizten ditu alkohola neurriz edatea eta mozkortzea. Honakoa dio argi eta garbi: «Ez mozkortu» (Efe. 5:18). Gainera, «mozkorrek […] ez dute[la] Jainkoaren Erreinua jasoko» dio (1 Ko. 6:10, NWT). Jehobak neurrigabe edatea eta mozkorkeria argi eta garbi kondenatzen ditu. Beraz, kulturaren eraginez ingurukoek egiten dutena imitatu beharrean, Jehoba pozten duten erabakiak hartu nahi ditugu.
Pertsona batzuek mozkortu gabe alkohol asko edan dezaketela uste dute. Baina hau oso arriskutsua da. Bibliak argi uzten du «ardoaren esklabo» den gizonak (edo emakumeak) Jehobarekin duen adiskidetasuna zapuzteko arriskua duela (Tit. 2:3, NWT; Esa. 20:1). Jesusek ere gehiegi edaten duenak mundu berrian sartzeko aukera galdu zezakeela esan zuen (Luk. 21:34-36, NWT). Beraz, zerk lagundu ahal digu alkoholarekin lotuta dauden arazoak saihesten?
ZURE MOTIBAZIOAK ETA OHITURAK AZTERTU
Alkohola edateari buruz erabakiak hartzen ditugunean, arriskutsua da gure kulturan pertsona gehienek egiten dutena bakarrik kontuan hartzea. Kristauok Jehoba pozten duena egin nahi dugu janari edo edariarekin lotutako arloetan. Bibliak honakoa gogorarazten digu: «Nahiz jan, nahiz edan, nahiz beste edozer egin, egizue dena Jainkoaren aintzarako» (1 Ko. 10:31). Gai hau aztertzean, ondorengo galdera eta Biblia printzipioetan hausnartu dezakegu:
Nire ingurukoek ni onartzeko edaten al dut alkohola? Irteera 23:2ak dio: «Ez jarraitu gehiengoari». Jehobak bera pozten ez zutenengandik aldentzeko ohartarazi zituen israeldarrak. Hau gaur egungo kristauontzat ere aholku ona da. Zergatik? Besteei alkoholari buruz dugun pentsaera eta hartutako erabakiak moldatzen uzten badiegu, Jehobarengandik eta bere arauetatik urruntzen amaituko dugulako (Erm. 12:2).
Zein indartsu naizen erakusteko edaten al dut alkohola? Kultura batzuetan, alkohola askotan eta neurrigabe edatea ohikoa da eta ongi ikusia dago (1 Ped. 4:3). Baina 1 Korintoarrei 16:13ak honakoa egitera animatzen gaitu: «Egon erne, iraun sendo sinesmenean, joka gizonki eta izan indartsu». Benetan lagundu ahal dio alkoholak norbaiti indartsu izaten? Ez, kontrakoa lortzen du. Alkoholak argi pentsatzeko eta erabaki onak hartzeko dugun gaitasuna ahuldu dezake. Ondorioz, alkohol asko edateak ez du indartsuak garela erakusten, ahulak garela baizik. Isaias 28:7ak alkoholaren erruz noraezean daudenak bide okerretik doazela eta estropezu egingo dutela dio.
Benetako indarra Jehobarengandik dator eta hau lortzeko erne egon eta fedean sendo iraun behar dugu (Sal. 18:33 [18:32, NWT]). Horretarako, arriskuak saihestu eta Jehobarekin dugun adiskidetasuna kaltetuko ez duten erabakiak hartu behar ditugu. Lurrean egon zenean, Jesusek indar mota hau erakutsi zuen eta askok errespetatu egin zuten, ausardia eta ondo zegoena egiteko determinazioa erakutsi baitzituen.
Nire arazoetatik ihes egiteko edaten al dut alkohola? Honakoa idatzi zuen salmogile batek inspirazioz Jehobari buruz: «Bihotza kezkaz betea izan arren, zeure kontsolamenduaz gozatzen nauzu [Jehoba]» (Sal. 94:19). Arazoek lur jota uzten bazaituzte, jo Jehobarengana, eta ez alkoholera. Jehobaren laguntza jasotzeko modu on bat gehiagotan otoitz egitea da. Gainera, askoren arabera, kongregazioko lagun heldu baten aholku praktikoak jasotzea oso onuragarria da. Izan ere, arazoei aurre egiteko alkohola edaten dugunean, ondo dagoena egiteko dugun determinazioa ahuldu daiteke (Os. 4:11). Lehen aipatutako Danielek honakoa onartzen du: «Nire akatsengatik errudun sentitzen nintzen eta edan egiten nuen antsietaterik ez izateko. Baina hau egiteak arazo gehiago ekarri zizkidan. Ondorioz, lagunak galdu nituen, baita autoestimua ere». Zerk lagundu zion azkenean Danieli? Berak dio: «Nire ondoan Jehoba behar nuela konturatu nintzen, eta ez alkohola. Azkenean, nire arazoei aurre egitea lortu nuen». Jehoba beti dago gu laguntzeko prest, baita gure egoerak irtenbiderik ez duela dirudienean ere (Flp. 4:6, 7; 1 Ped. 5:7).
Alkohola edatea erabaki baduzu, noizbehinka bada ere, egin hurrengo galderak zeure buruari: Lehenik, «Esan al dit senide edo lagun on batek nire edateko ohiturengatik kezkatuta dagoela?». Horrela bada, konturatu gabe ohitura edo arazo bat garatzen ari zaren seinale izan daiteke hau. Bigarrenik, «Edaten al dut orain lehen baino gehiago?». Erantzuna baiezkoa bada, baliteke oraindik adikzioa ez izan arren, norabide horretan joatea. Hirugarrenik, «Zaila egiten al zait alkoholik edan gabe egun batzuk edo gehiago egotea?». Hala bada, agian alkohola edatea errotutako ohitura edo adikzio bihurtu da. Ondorioz, baliteke laguntza profesionala ere behar izatea arazoa gainditzeko.
Alkohola edateak arazo asko ekarri ditzakeenez, kristau batzuek edatea guztiz saihestea erabaki dute. Beste batzuek, aldiz, alkohola ez edatea erabaki dute zaporea gustatzen ez zaielako. Gure inguruko norbaitek horrelako erabaki bat hartu badu, errespetatu egin beharko genuke kritikatu gabe.
Norberak bere mugak jartzea ere lagungarria izan daiteke, esaterako, edango duzun kantitatean. Edo, agian, zenbatero edango duzun mugatzea
erabaki dezakezu, adibidez, astean behin edo otorduetan neurriz edatea. Beste batzuek edango duten alkohol motak mugatzea erabaki dute. Adibidez, ardoa edo garagardoa neurriz edatea erabaki dute, baina alkohol portzentaje handiagoa duten likoreak edo hauek beste edariekin nahastea baztertzea erabaki dute. Norbaitek edatearen inguruan muga argiak jartzen dituenean, errazagoa egiten zaio erabakitakoa betetzea. Eta kristau heldu batek ez luke lotsarik sentitu beharko honelako erabakiak hartzeagatik eta hauek betetzen saiatzeagatik.Alkohola edatearen inguruan erabakiak hartzerakoan, besteen sentimenduak ere kontuan hartu behar ditugu. Erromatarrei 14:21ak dio: «Hobe duzu haragia, ardoa edo dena delakoa utzi, horiek zure senideari oztopo baldin bazaizkio». Nola jarri dezakegu praktikan aholku hau? Maitasuna erakutsiz. Ondorioz, alkohola edateak norbait mindu dezakeela uste baduzu, maitasunak momentu hartan alkohola ez edatera bultzatuko zaitu. Hau egiten baduzu, errespetua eta maitasunaz gain, beraientzat ona dena bilatzen duzula ere erakutsiko duzu, eta ez zure probetxu propioa (1 Ko. 10:24).
Bestalde, gobernuak alkoholari buruz arau batzuk jarri ditzake. Baliteke arau hauek alkohola edateko gutxieneko adin bat ezartzea, edo gidatuko edo makina zehatz batzuk erabiliko dutenei edatea debekatzea (Erm. 13:1-5).
Jehobak opari zoragarri asko eman dizkigu, eta hauen artean, opari hauek nola erabiliko ditugun erabakitzeko askatasuna dago. Beraz, jan eta edango duguna erabaki dezakegu. Erakutsi dezagun askatasun hau estimatzen dugula gure zeruko Aita poztuko duten erabakiak hartuz!
a Estatu Batuetako osasun erakunde baten arabera, alkoholaren gehiegizko kontsumoak hurrengo ondorioak ditu epe laburrean: homizidioa, suizidioa, eraso sexualak, bikoteen arteko biolentzia, babesik gabeko sexu-harremanak eta abortua.