Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

33. IKASKETARAKO ARTIKULUA

Ikasi dezagun Danielen eredutik

Ikasi dezagun Danielen eredutik

«Oso baliotsua den norbait zara» (DN 9:23NWT).

sjj 73. KANTA Emaguzu kemena

ZER AZTERTUKO DUGU? a

1. Zergatik geratu ziren babiloniarrak liluratuta Daniel profetarekin?

 DANIEL profeta, gaztea zen preso hartu eta Babiloniara eraman zutenean, bere jaioterritik urrun. Babiloniako funtzionarioak liluratuta geratu ziren Danielekin. Beraiek Danielen «itxurari begiratzen» zioten, «akatsik gabea» eta «itxura ederrekoa» zelako. Gainera, familia onetik zetorrela zekiten (1 Sm 16:7). Horregatik, babiloniarrek jauregian postu garrantzitsu bat izateko trebatu zuten (Dn 1:3, 4, 6).

2. Nola ikusten zuen Jehobak Daniel? (Ezekiel 14:14)

2 Jehobak ez zuen Daniel bere itxura fisiko edo estatus sozialagatik maite, Berari leial izatea erabaki zuelako baizik. Izan ere, Danielek 20 bat urte bakarrik izango zituen Jehobak Noe eta Job bezalakoa zela esan zuenean. Beraz, Jehobarentzat, urte askoz leialki zerbitzatu zuten Noe eta Job bezain zuzena zen Daniel gaztea (Has 5:32; 6:9, 10; Jb 42:16, 17; irakurri Ezekiel 14:14). Jehobak Daniel maitatzen jarraitu zuen bere bizitza luze eta nabarmenean zehar (Dn 10:11, 19).

3. Zer aztertuko dugu artikulu honetan?

3 Artikulu honetan, Jehobarentzat baliotsuak diren Danielen bi ezaugarri aztertuko ditugu. Hasteko, ezaugarri hauek deskribatu eta Danielek erakutsi zituen egoerak errepasatuko ditugu. Ondoren, ezaugarri hauek erakusten nola ikasi zuen ikusiko dugu. Azkenik, guk nola imitatu dezakegun aztertuko dugu. Nahiz eta artikulu hau gazteei zuzenduta egon, denok ikasi dezakegu Danielen eredutik.

IMITATU DANIELEN AUSARDIA

4. Nola erakutsi zuen ausardia Danielek? Eman adibide bat.

4 Pertsona ausartek beldurra sentitu dezakete, baina honek ez die ondo dagoena egitea eragozten. Daniel gaztea oso ausarta izan zen. Azter ditzagun ausardia erakutsi zuen bi egoera. Lehenengoa, babiloniarrek Jerusalem suntsitu eta bi urte inguru beranduago gertatu zen. Nabukodonosor erregeak irudi erraldoi baten amets beldurgarri bat izan zuen. Jauregiko gizon jakintsu guztiei ametsaren esanahia argitzeko agindu zien. Hau egiten ez bazuten, guztiak, Daniel barne, hilko zituela mehatxatu zuen (Dn 2:3-5). Danielek azkar jokatu behar zuen, bizi asko jokoan zeuden eta. Beraz, «Daniel berehala joan zen erregeagana, eta denbora pixka bat emateko erregutu zion, ametsaren esanahia azaldu ahal izateko» (Dn 2:16). Hau bai ausardia eta fedea! Bibliak ez du esaten Danielek aurretik ametsik interpretatu zuenik. Hortaz, bere lagunei, Xadrak, Mexak eta Abed-Negori, «zeruko Jainkoari laguntza eskatzeko esan zien, misterioa argitu ahal izateko» (Dn 2:18). Jehobak otoitz haiek erantzun zituen. Bere laguntzarekin, Danielek ametsaren esanahia azaldu zion Nabukodonosorri eta, ondorioz, Daniel eta bere lagunek bizirik jarraitu zuten.

5. Zer beste egoera batean jarri zen Danielen ausardia probapean?

5 Irudi erraldoiaren ametsa interpretatu eta denbora batera, Danielen ausardia berriro ere jarri zen probapean. Oraingo honetan, Nabukodonosorrek zuhaitz handi-handi bat agertzen zen amets bat izan zuen. Danielek ametsaren esanahia ausardiaz argitu zion erregeari, denbora batez erotu egingo zela eta tronua galduko zuela esanez (Dn 4:22 [4:25, NWT]). Erregeak Daniel bere aurka errebelatzen ari zela pentsatu zezakeen eta, ondorioz, hiltzea agindu. Baina Danielek ausardia erakutsi zuen kikildu gabe mezua emanez.

6. Zerk lagundu zion ziurrenik Danieli ausardia izaten?

6 Zerk lagundu zion ziurrenik Danieli ausardia izaten bere bizitzan zehar? Gaztea zenean, Danielek bere gurasoen eredutik ikasi zuen. Hauek, dudarik gabe, Jehobak israeldar gurasoei emandako jarraibideak obeditu zituzten, euren seme-alabei Jainkoaren Legea irakatsiz (Dt 6:6-9). Danielek Hamar aginduak ezagutzeaz gain, Legeari buruzko beste detaile asko ere ezagutzen zituen, esaterako, israeldarrek jatea debekatuta eta baimenduta zutena (Lb 11:4-8; Dn 1:8, 11-13). b Gainera, Danielek Jainkoaren herriaren historia ezagutzen zuenez, bazekien zer gertatu zitzaien Jehobaren arauak ez betetzeagatik (Dn 9:10, 11). Honakoa ziurtatu zioten Danieli bere bizitzan zehar izandako bizipenek: edozein egoeratan, Jehobak eta bere aingeru boteretsuek beti lagunduko ziotela (Dn 2:19-24; 10:12, 18, 19).

Danielek ausardia garatu zuen Idazkiak aztertuz, otoitz eginez eta Jehobarengan konfiantza izanez. (Ikusi 7. paragrafoa)

7. Zer gehiagok lagundu zion Danieli ausardia izaten? (Ikusi irudia ere)

7 Danielek Jainkoaren profetek idatzitakoa aztertu zuen, Jeremiasen profeziak barne. Ikerketa honi esker, denbora luzez gatibu izan ziren juduak laster Babiloniatik aske aterako zirela ulertu zuen (Dn 9:2). Bibliako profeziak bete zirela ikusteak dudarik gabe Jehobarengan zuen konfiantza sendotu zuen. Gainera, Jainkoarengan konfiantza sendoa dutenak benetan ausartak izan daitezkeela ikusi zuen (Konparatu Erromatarrei 8:31, 32, 37-39). Are garrantzitsuagoa dena, Danielek askotan egin zion otoitz bere zeruko Aitari (Dn 6:11 [6:10, NWT]). Jehobari bere bekatuak aitortu zizkion, eta bere bihotza ireki eta laguntza erregutu zion (Dn 9:4, 5, 19). Daniel, gu bezala, ez zen ausardiarekin jaio. Ezaugarri hau Idazkiak aztertuz, otoitz eginez eta Jehobarengan konfiantza izanez garatu zuen.

8. Nola garatu dezakegu ausardia?

8 Eta guk, zer egin behar dugu ausardia garatzeko? Gure gurasoek ausartak izan behar dugula esan ahal digute. Baina, ezaugarri hau ez da belaunaldiz belaunaldi eta eskuz esku pasatu ahal diguten zerbait. Ausardia izatea trebetasun berri bat ikastearekin konparatu daiteke. Trebetasun berri bat lantzeko modu bat irakasleak egiten duena adi-adi ikusi eta bere eredua imitatzea da. Antzera, ausart izaten ikasi dezakegu besteek ezaugarri hau nola erakusten duten adi-adi ikusiz eta beraien eredua imitatuz. Beraz, zer ikasten dugu Danielen eredutik? Berak bezala, Jainkoaren Hitza ondo ezagutu eta Jehobarekin harreman estua izan behar dugu, berarekin askatasun osoz eta maiz hitz eginez. Eta Jehobarengan konfiantza izan behar dugu, Bera beti gure alde egongo dela ziur egonez. Horrela, gure fedea probapean jartzean, ausartak izango gara.

9. Nola lagundu gaitzake ausardia izateak?

9 Ausardia izateak modu askotan lagundu gaitzake. Aztertu dezagun Alemanian bizi den Ben izeneko gazte bati gertatu zitzaiona. Bere eskolan, denek sinesten dute eboluzioan eta Bibliako sorkuntzaren pasartea kondaira bat besterik ez dela diote. Behin, klasearen aurrean, Benek sorkuntzan sinesteko zituen arrazoiak azaltzeko aukera izan zuen, eta bere sinesmenak ausardiaz defendatu zituen. Zein izan zen emaitza? «Irakasleak arretaz entzun zuen», dio berak. «Orduan, irakasleak erabilitako informazioaren fotokopiak egin zituen eta gelakide bakoitzari kopia bat eman zion». Nola erantzun zuten Benen gelakideek? «Gelakide asko entzuteko prest egon ziren eta miresten nindutela esan zidaten». Beni gertatutakoak erakusten duen bezala, ausarta denak askotan besteen errespetua irabazi dezake. Gainera, bihotz oneko pertsonak Jehobarengana erakarri ditzake. Hala da, bai. Ausardia garatzeko arrazoi onak ditugu.

IMITATU DANIELEN LEIALTASUNA

10. Zer da leialtasuna?

10 Biblian, «leialtasun» edo «maitasun leial» bezala itzultzen den hitz hebrearrak honakoa transmititzen du: lotura goxo eta maitekorra. Askotan, Jainkoak bere lagunei erakusten dien maitasuna deskribatzeko erabiltzen da. Hitz hau Jainkoaren zerbitzariek euren artean erakusten duten maitasuna deskribatzeko ere erabiltzen da (2 Samuel 9:6, 7NWT). Jehobak gu ere berari leial izatea espero du. Denborarekin, berari diogun leialtasuna gero eta sendoagoa izan daiteke. Azter dezagun jarraian nola sendotu zuen Danielek bere leialtasuna.

Jehobak Danielen leialtasuna saritu zuen, aingeru bat bidaliz eta lehoien ahoak itxiz (Ikusi 11. paragrafoa)

11. Nola erakutsi zuen Danielek leiala izan zela bere zahartzaroan? (Ikusi azaleko irudia)

11 Danielek Jehobari zion leialtasuna probapean jarri zen bere bizitza osoan zehar. Baina, jasan zuen probarik latzenetako bat 90 urte inguru zituenean gertatu zen. Garai hartan, Babilonia mediarren eta persiarren menpean zegoen, eta Dario erregeak agintzen zuen. Jauregiko funtzionarioek Daniel gorroto zuten eta ez zioten errespeturik Jehobari. Beraz, Daniel hiltzeko asmoarekin, azpijokoan ibili ziren, erregeak dekretu berri bat sinatzea lortuz. Dekretu honen ondorioz, Danielek nori izango zen leial erabaki beharko zuen: erregeari edo Jehobari. Erregeari leiala zela erakusteko eta zigorrik ez jasotzeko, Danielek egin behar zuen gauza bakarra 30 egunez Jehobari otoitzik ez egitea zen. Baina, Danielek Jehobari leial izatea erabaki zuen eta, ondorioz, lehoien zulora bota zuten. Jehobak Danielen leialtasuna saritu zuen, lehoiengandik babestuz (Dn 6:13-16, 21-23 [6:12-15, 20-22, NWT]). Daniel bezala, nola mantendu gaitezke leial Jehobari?

12. Nola garatu zuen Danielek Jehobari zion leialtasun hautsiezina?

12 Aurretik aipatu bezala, Jehobari leial izateko, berarenganako maitasun sendoa izan behar dugu. Danielek Jehobari zion leialtasuna hautsiezina zen, bere zeruko Aita bihotz-bihotzez maite baitzuen. Baina, nola garatu zuen Danielek maitasun hau? Jehobaren ezaugarrietan eta hauek erakusteko zituen moduetan hausnartuz (Dn 9:4). Gainera, Jehobak bai bere alde, baita bere herriaren alde ere egindako gauza on guztietan hausnartu zuen esker onez (Dn 2:20-23; 9:15, 16).

Danielek bezala, Jehobarenganako leialtasun hautsiezina garatu dezakezu, Bera bihotz-bihotzez maitatuz. (Ikusi 13. paragrafoa)

13. a) Nola jarri daiteke gure gazteen leialtasuna probapean? Eman adibide bat. (Ikusi irudia ere) b) Bideoan ikusten den bezala, nola erantzun dezakegu Jehobaren lekukook bizimodu homosexuala daramatenen alde egiten dugun ala ez galdetzen digutenean?

13 Danielen antzera, gure gazteak ere Jehoba eta bere arauak errespetatzen ez dituzten pertsonez inguratuta daude. Batzuek, agian, ez dituzte Jainkoa maite duten pertsonak gogoko, eta gure gazteek Jehobari dioten leialtasuna hautsi dezaten ere saiatu daitezke. Ikus dezagun zer gertatu zitzaion Australian bizi den Graeme izeneko gazte bati. Institutuan, erronka bati aurre egin behar izan zion. Irakasleak honakoa galdetu zuen klasean: «Nola erreakzionatuko zenukete zuen lagunetako batek homosexuala dela esango balizue?». Ondoren, irakasleak lagun honen bizimodua ondo zegoela uste zutenek klasearen alde batean jartzeko eskatu zuen; eta bizimodu hau onartzen ez zutenek, aldiz, beste aldean. Graemek dio: «Beste Lekuko bat eta ni ezik, gainontzeko guztiak bizimodu homosexuala onartzen zutenen aldean jarri ziren». Gero gertatu zenak, Graemek Jehobari zion leialtasuna benetan probapean jarri zuen. Berak dio: «Klasea amaitu arte, beste gelakideak eta irakaslea gu iraintzen ibili ziren. Ahal nuen guztia egin nuen nire fedea modu lasai eta arrazoitsuan defendatzeko, baina ez zuten hitz bat bera ere entzun nahi izan». Nola sentitu zen Graeme? «Ez zitzaidan batere gustatu horrelako irainak jasotzea, baina oso pozik sentitu nintzen Jehobari leial mantendu eta nire sinesmenak defendatu nituelako». c

14. Zer egin behar dugu Jehobari diogun leialtasuna hautsiezina izateko?

14 Danielen antzera, Jehobari diogun leialtasuna hautsiezina izateko, Bera bihotz-bihotzez maite behar dugu. Maitasun sakon hau garatzeko, Jehobaren ezaugarriak aztertu ditzakegu, adibidez, berak sortutako gauzei buruz gehiago ikasiz (Erm 1:20). Bestalde, Jehobari diozun errespetua eta maitasuna sakontzeko, hainbat gauza egin ditzakezu. Esaterako, «Diseinatua izan al zen?» ataleko artikulu motzak irakurri edo bideoak ikusi ditzakezu. Bizia: ustekabean sortua? eta Biziaren jatorria: Aztertzea merezi duten bost galdera liburuxketako informazioa ere aztertu dezakezu. Ikusi zer esaten duen Danimarkako Esther izeneko arreba batek argitalpen hauei buruz: «Erabiltzen diren arrazoiketak bikainak dira. Liburuxkek ez dizute esaten zertan sinetsi behar duzun. Frogak aurkeztu besterik ez dute egiten eta erabakia norberak hartzen du». Aurretik aipatutako Benek hau dio: «Informazio honek nire fedea asko sendotu du eta Jainkoak bizia sortu duela frogatu dit». Zuk ere, informazio hau aztertu ondoren, ziurrenik Bibliak esaten duenarekin bat egingo duzu: «Gure Jaun eta Jainko hori, zu bazara nor aintza, ohorea eta ahalmena hartzeko, zeuk baitzenituen gauza guztiak egin» (Ap 4:11). d

15. Zein da Jehobarekin adiskidetasun estua garatzeko beste modu bat?

15 Jehobarekin adiskidetasun estua garatzeko beste modu bat bere seme Jesusen bizitza arretaz aztertzea da. Hauxe bera egin zuen Alemanian bizi den Samira izeneko arreba gazte batek. Berak dio: «Jesusi esker, Jehoba hobeto ezagutu nuen». Haurra zenean, Samirari zaila egiten zitzaion Jehobak sentimenduak zituela ulertzea. Baina, erraza zen berarentzat Jesus nola sentitzen zen ulertzea. Berak dio: «Jesusen izaera asko gustatzen zait, atsegina zelako eta haurrak maite zituelako». Samirak Jesusi buruz zenbat eta gehiago ikasi, orduan eta adiskidetasun estuagoa zuen Jehobarekin. Zergatik? Berak dio: «Pixkanaka-pixkanaka konturatzen joan nintzen Jesusek modu perfektuan imitatzen duela bere Aita. Izan ere, oso antzekoak dira. Jesus lurrera etortzearen arrazoietako bat gizakiok Jehoba hobeto ezagutzea zela konturatu nintzen» (Jn 14:9). Jehobarekin duzun adiskidetasuna sendotu nahi baduzu, zergatik ez duzu Jesusi buruz ahal duzun guztia ikasten? Hau egiten baduzu, Jehobari diozun maitasuna eta leialtasuna sendotuko dituzu.

16. Zer lortuko dugu leialak bagara? (18. Salmoa 26 [18:25, NWT]; Mikeas 6:8NWT)

16 Besteei leialak bagara, guri leialak izango diren lagun minak izan ditzakegu (Rt 1:14-17). Gainera, Jehobari leialak direnek barne bakea sentitzeko arrazoi onak dituzte. Zergatik? Jehobak leialarentzat leial izango dela promesten duelako (Irakurri 18. Salmoa 26 [18:25, NWT]; Mikeas 6:8NWT e). Pentsatu honetan: Sortzaile ahalguztiduna zurekin harreman estua izateko desiratzen dago! Berarekin harreman hau dugunean, ezerk ez gaitu berarengandik aldenduko, ez probek, ez aurkariek, ezta heriotzak ere (Dn 12:13; Lk 20:37, 38; Erm 8:38, 39). Zein inportantea den Daniel imitatzea eta Jehobari leial mantentzea!

JARRAITU DANIELEN EREDUTIK IKASTEN

17, 18. Zer gehiago ikasi dezakegu Danielen eredutik?

17 Artikulu honetan, Danielen bi ezaugarri bakarrik aztertu ditugu. Baina bere eredutik askoz gehiago ikasi dezakegu. Adibidez, Danielek hainbat ikuskari eta amets jaso zituen Jehobarengandik, baita mezu profetikoak interpretatzeko gaitasuna ere. Profezia horietako asko dagoeneko bete dira. Beste batzuek, ordea, gizaki guztiongan eragina izango dute eta etorkizuneko gertaerei buruz hitz egiten dute.

18 Hurrengo artikuluan, Danielek idatzitako bi profezia aztertuko ditugu. Hauek ulertzeak denoi, gazte eta adinekoei, erabaki zuhurrak hartzen lagunduko digu orain. Gainera, profezia hauek gure ausardia eta leialtasuna sendotuko dituzte iristear dauden probetarako prest egoteko.

sn 54. KANTA Eduki benetako fedea

a Askotan, Jehoba zerbitzatzen duten gazteen ausardia eta leialtasuna probapean jartzen da. Adibidez, euren ikaskideek iseka egin ahal diete sorkuntzan sinesteagatik. Edo, agian, beraietaz barre egiten dute Jainkoa zerbitzatzeagatik eta bere arauak jarraitzeagatik. Artikulu honetan, Daniel profeta imitatuz, Jehoba ausardiaz eta leialtasunez zerbitzatzen dutenak benetan zuhurrak direla aztertuko dugu.

b Danielek babiloniarren janaria ez jatea erabaki zuen. Erabaki hau hartzeko, hiru arrazoi izan zitzakeen: 1) Haragia Legeak debekatutako animaliena izatea (Dt 14:7, 8). 2) Haragia ondo odolustuta ez egotea (Lb 17:10-12). 3) Janari hori jango balu, jainko faltsuak adoratzen ariko zen itxura ematea (Konparatu Lebitarrena 7:15 eta 1 Korintoarrei 10:18, 21, 22).

d Jehobari diozun maitasuna sendotzeko, Acerquémonos a Jehová (Approchez-vous de Jéhovah) liburua aztertu dezakezu. Honetan, Jehobaren ezaugarri eta izaerari buruzko azterketa sakon bat egiten da.

e Mikeas 6:8NWT: «Berak esan dizu, oh, gizon, zer den ona. Eta zer da Jehobak zuregandik espero duena? Justiziaz jokatzea, leialtasuna maitatzea eta zure Jainkoarekin modestiaz ibiltzea bakarrik!».