Irakurleen galderak
Nola argitu zuen aldizkari honen 2020ko ekaineko aleko «Agertu santu zeure izena» artikuluak Jehobaren izenaren eta bere subiranotasunaren inguruan sinesten genuena?
Artikulu hartan, izaki adimentsu guztiongan eragina duen gauza bakar bat dagoela ikasi genuen: Jehobaren izen gorenaren santutasuna. Jehobaren subiranotasunari, hau da, bere agintzeko moduari, egindako desafioa aurreko esaldian aipatutako gai nagusiaren alderdi bat da. Era berean, gizakiaren integritateari egindako desafioa ere gai nagusi horren beste alderdi bat da.
Orduan, zergatik azpimarratzen dugu orain gai nagusia Jehobaren izenean eta honen santutasunean oinarrituta dagoela? Azter ditzagun hiru arrazoi.
Lehenik, Satanasek Jehobaren izen ona erasotu zuen Edengo lorategian. Satanasek Ebari egindako galderarekin, honakoa esaten ari zen: Jehoba ez zela Jainko eskuzabala, eta Adam eta Ebari emandako jarraibideak ez zirela justuak. Ondoren, Satanasek Jehobak esandakoaren kontrakoa esan zuen, Jainkoari gezurti deituz. Horrela, Jehobaren izena zikindu zuen, «Deabru», «iraintzaile» esan nahi duena, bihurtuz (Jn 8:44). Ebak Satanasen gezurra sinetsi zuenez, Jainkoa desobeditu eta bere subiranotasunaren aurka errebelatu zen (Has 3:1-6). Gaur egun ere, Satanasek Jainkoaren izena zikintzen jarraitzen du, Jehobaren izaerari buruz gezurrak zabalduz. Gezur hauek sinesten dituztenek, Jehoba desobeditzera jotzen dute askotan. Beraz, Jainkoaren zerbitzariontzat, Jehobaren izen santuaren aurkako kalumnia, gertatu daitekeen injustiziarik okerrena da. Izan ere, munduan dagoen sufrimendu eta gaiztakeria guztiaren eragile nagusia da.
Bigarrenik, sorkuntza osoaren onurarako, Jehobak bere izen ona berreskuratzeko determinazioa du. Hau da Jehobarentzat garrantzitsuena dena. Horregatik, berak dio: «Neure izen handiaren santutasuna agertuko dut» (Ez 36:23). Jesusek ere argi utzi zuen Jehobaren zerbitzari leialen otoitzetan zerk izan beharko luke lehentasuna, honakoa esanez: «Agertu santu zeure izena» (Mt 6:9). Gainera, Bibliak behin eta berriro azpimarratzen du Jehobaren izena gorestearen garrantzia. Ikus ditzagun adibide batzuk: «Goretsi Jaunaren izen ospetsua!» (1 Kro 16:29; Sal 96:8). «Jo soinua Haren izenaren omenez» (Sal 66:2, Ke). «Beti ospatuko dot zure izena» (Sal 86:12, Ke). Behin, Jesus Jerusalemgo tenpluan zegoela, honakoa esan zion Jehobari: «Aita, goratu egizu zure Izena». Eta Jehobak berak, zerutik hitz eginez, honela erantzun zion: «Lehen be goratu dot, eta barriro be goratu egingo dot» (Jn 12:28, Ke). a
Hirugarrenik, Jehobaren helburua beti egongo da bere izen onarekin lotuta. Pentsatu honetan: «Zer gertatuko da Jesu Kristoren Mila Urteko Erregetzaren amaieran izango den azken proba ondoren?». Jarraituko al dute banatuta izaki adimentsuek gai nagusiaren inguruan, hau da, Jehobaren izenaren santutasunaren inguruan?
Galdera hau erantzuteko, gogora ditzagun gai nagusiarekin lotutako bi alderdiak: giza integritatea eta subiranotasun unibertsala. Garai hartan, leialak izan diren gizakiek ez dute bere integritatea frogatzen jarraitu beharko. Perfektuak izango dira eta ordura arteko proba guztiak gaindituko dituzte. Ondorioz, betiko biziko dira. Bestalde, eztabaidatzen jarraituko al dute izaki adimentsuek subiranotasun unibertsalaren inguruan? Ez. Gai honek ez ditu banaketarik eragingo. Gainera, ez da berriro frogatu beharko Jehobaren agintzeko modua hoberena dela. Garai hartan, zeruan eta lurrean dauden guztiak elkartuta egongo dira, eta Jehobaren agintaritza onartuko dute. Orduan, zer gertatuko da Jehobaren izenarekin?Ordurako, denek jakingo dute Jehobari buruzko egia, eta bere izena erabat santutua izango da. Hala ere, Jehobaren zerbitzarientzat Jainkoaren izenak gauzarik garrantzitsuena izaten jarraituko du. Zergatik? Jehobak gauza harrigarriak egiten jarraituko duelako. Pentsatu honetan: Jesusek Jehobari agintaritza guztia apalki itzuliko dionez, «Jainkoa guztientzat gauza guztiak» izango da (1 Ko 15:28, NWT). Honen ondoren, gizakiek «Jainkoaren seme-alaben aintzazko askatasunean» gozatuko dute lurrean (Erm 8:21). Eta Jehobak guztiz beteko du bere helburua. Zeruko eta lurreko izaki adimentsu guztiek familia handi eta bakar bat osatuko dute (Ef 1:10, NWT).
Gauza hauek guztiak gertatu ondoren, zer eragin izango du honek Jehobaren familiarengan zeruan eta lurrean? Ziur gaude Jehobaren izen ederra goratzen jarraitzeko barne-barneko desira izango dugula. Inspirazioz, honakoa idatzi zuen Dabid salmogileak: «Bedeinkatua [Jehoba] Jainko Jauna […]. Bedeinkatua betiko haren izen ospetsua!» (Sal 72:18, 19). Hau egiteko arrazoi berri eta zirraragarriak aurkitzen jarraituko dugu betirako.
Jainkoaren izenak erabat definitzen du Jehoba. Bere izenean pentsatzen dugunean, bere maitasuna datorkigu burura (1 Jn 4:8). Honakoa gogoratuko dugu betirako: Maitasunagatik, Jehobak sortu gintuen; maitasunagatik, erreskatea eman zuen; eta maitasunagatik, bere agintzeko modua zuzena dela erakutsi zuen. Baina, Jehobak digun maitasuna betirako sentitzen jarraituko dugu. Gure Aitarengana oraindik gehiago gerturatzeko eta bere izen zoragarria goresteko desira izango dugu betiko (Sal 73:28).
a Jehobak «bere izenaren ohoreagatik» hainbat gauza ere egiten dituela erakusten du Bibliak. Adibidez, bere herria gidatu, lagundu, salbatu, barkatu eta bizirik mantentzen du. Honek guztiak bere izen handia ohoratzen du: Jehoba (Sal 23:3, NWT; 31:3, NWT; 79:9; 106:8; 143:11, NWT).