35. IKASKETARAKO ARTIKULUA
Jarraitu pazientzia izaten
«Jantz zaitezte […] pazientziaz» (KOL 3:12)
sjj 114. KANTA Izan pazientzia
ZER AZTERTUKO DUGU? a
1. Zergatik estimatzen ditugu pazientziadunak diren pertsonak?
GUTAKO guztiok asko estimatzen ditugu pazientziadunak diren pertsonak. Pazientziarik galdu gabe itxaroteko prest daudenak baloratzen ditugu. Akatsak egiten ditugunean, asko eskertzen dugu besteek guri pazientzia erakustea. Eta asko estimatzen dugu gure Biblia irakasleak erakutsi zigun pazientzia. Izan ere, Bibliako irakaspen bat ikasi, onartu eta praktikan jartzerakoan zailtasunak izan genituen agian. Baina, bereziki eskertzen duguna, Jehobak guri erakusten digun pazientzia da (Erm 2:4).
2. Zein egoeratan izan daiteke zaila pazientzia erakustea?
2 Esan bezala, asko eskertzen dugu besteek guri pazientzia erakusten digutenean. Baina, ez da beti erraza izaten norberak ezaugarri hau erakustea. Adibidez, auto-ilara luze baten erdian gaudenean, zaila izan daiteke lasai mantentzea, bereziki berandu bagabiltza. Edo, beharbada, azkar haserretzen gara besteek probokatzen gaituztenean. Eta Jehobaren mundu berriko promesan itxaroten jarraitzea zaila dela sentitu dezakegu batzuetan. Gustatuko al litzaizuke pazientzia gehiago izatea? Artikulu honetan, pazientzia nola erakutsi dezakegun aztertuko dugu, baita ezaugarri hau zergatik den hain inportantea ere. Azkenik, pazientzia gehiago izaten zerk lagunduko digun ikusiko dugu.
NOLA ERAKUTSI DEZAKEGU PAZIENTZIA?
3. Nola erantzuten du pazientzia duenak besteek bera molestatzen duen zerbait egiten dutenean?
3 Azter ditzagun pazientzia erakusteko lau modu. Lehenik, pazientzia duena ez da azkar haserretzen. Besteek bera molestatzen duen zerbait egiten dutenean, lasai mantentzen da eta ez ditu besteak modu berean tratatzen. Gainera, ez ditu zakarki tratatzen estresatuta egon arren. Biblian, pazientziaren alderdi hau lehen aldiz agertzen da Jehoba honela deskribatzean: «Jainko bihozbera eta errukitsua, azkar haserretzen ez dena, maitasun leialez eta egiaz betea» (Ir 34:6, NWT, bigarren oharra).
4. Nola erantzuten du pazientzia duenak itxaron behar duenean?
4 Bigarrenik, pazientzia duenak larritu gabe itxaroten du. Zerbait espero baino gehiago luzatzen denean, ez urduritzen edo bere onetik ez ateratzen saiatzen da (Mt 18:26, 27, NWT). Egoera askotan, larritu gabe itxaroteko beharra dugu. Adibidez, norbait hitz egiten ari denean, moztu gabe pazientziaz entzun behar dugu (Jb 36:2, NWT). Biblia ikasle bati irakaspen bat ulertzen edo ohitura txar bat gainditzen laguntzean ere, pazientzia erakutsi behar dugu.
5. Zein da pazientzia erakusteko beste modu bat?
5 Hirugarrenik, pazientzia duenak ez ditu gauzak aurretik pentsatu gabe egiten. Noski, batzuetan azkar jokatzea beharrezkoa da. Hala ere, pazientzia erakusten duenak ez ditu zeregin garrantzitsuak presaka hasten, ezta presaka amaitzen ere. Horren ordez, zeregin hau nola beteko duen antolatzeko, beharrezkoa duen denbora hartuko du, baita lana burutzeko beharko duen denbora ere.
6. Nola erantzuten du pazientzia duenak zailtasunak dituenean?
6 Laugarrenik, pazientzia duena zailtasunak kexatu gabe jasaten saiatzen da. Nolabait, pazientzia oso lotuta dago iraupenarekin. Noski, honek ez du esan nahi zailtasun bat dugunean ezin diogunik lagun min bati nola sentitzen garen kontatu. Hala ere, pazientzia duenak bizitzan dituen gauza onetan jartzen du arreta, eta Jehoba pozik zerbitzatzen jarraitzeko ahal duen guztia egiten du (Kol 1:11). Kristauok pazientziaren alderdi hauek guztiak erakutsi behar ditugu. Zergatik? Azter ditzagun arrazoi batzuk.
ZERGATIK DA PAZIENTZIA HAIN INPORTANTEA?
7. Santiago 5:7, 8aren arabera, zergatik da pazientzia hain inportantea? (Ikusi irudia ere)
7 Pazientzia ezinbestekoa da betirako bizia izateko. Iraganeko zerbitzari leialek bezala, guk ere pazientziaz itxaron behar dugu Jainkoak bere promesak bete arte (Heb 6:11, 12, NWT). Bibliak gure egoera nekazari batenarekin konparatzen du (Irakurri Santiago 5:7, 8). Nekazari batek lurra lantzeko eta hazia ureztatzeko gogor lan egin behar duen arren, ez daki zehazki landatutakoa noiz haziko den. Hala ere, pazientziaz itxaroten du, badakielako uzta bilduko duela. Era berean, gu jarduera espiritualetan lanpetuta mantentzen gara, nahiz eta ez jakin «zein egunetan etorriko den […] Jauna» (Mt 24:42). Pazientziaz itxaroten dugu, Jehobak promestutako guztia une egokian beteko duela dakigulako. Pazientzia galduko bagenu, itxaroteaz kantsatu eta, ondorioz, pixkanaka-pixkanaka Jehobarengandik urruntzen hasiko ginateke. Gainera, momentu bateko zoriontasuna ematen diguten gauzen bila hasi gintezke. Baina, pazientzia badugu, amaiera arte iraun eta betirako bizia lortuko dugu (Mi 7:7, NWT; Mt 24:13).
8. Nola laguntzen digu pazientziak besteekin ondo eramaten? (Kolosarrei 3:12, 13)
8 Pazientzia besteekin ondo eramateko beharrezkoa da. Besteek hitz egiten dutenean, ezaugarri honek arretaz entzuten laguntzen digu (St 1:19, NWT). Pazientziak bakea ere bultzatzen du. Estresatuta egon arren, azkarregi ez erreakzionatzen eta atsegina ez den zerbait ez esaten laguntzen digu. Eta norbaitek mintzen gaituenean, ez gara erraz haserretzen. Mendekua bilatu beharrean, elkarrekin eraman oneko izaten eta batak besteari eskuzabaltasunez barkatzen jarraituko dugu (Irakurri Kolosarrei 3:12, 13).
9. Nola laguntzen digu pazientziak erabakiak hartzerakoan? (Esaera Zaharrak 21:5)
9 Pazientziak erabaki hobeak hartzen lagundu gaitzake. Arinegi edo inpultsiboki jokatu beharrean, ditugun aukerak arretaz aztertuko ditugu, onena zein den erabakitzeko (Irakurri Esaera Zaharrak 21:5). Adibidez, lan bila bagabiltza, ateratzen zaigun lehen lan eskaintza onartzeko nahia izan dezakegu, nahiz eta honek Jehobari ematen diogun adorazioan eragina izan. Kontrara, pazientzia badugu, ondorengo gauzetan pentsatzeko beharrezko denbora hartuko dugu: lantokia zer distantziara dagoen, zenbat ordu egingo ditugun lan, eta zer eragina izango duen gure familiarengan eta Jehobarekin dugun harremanean, besteak beste. Pazientzia badugu, erabaki txarrak hartzea saihestuko dugu.
ZER EGIN DEZAKEGU PAZIENTZIA GEHIAGO IZATEKO?
10. Zer egin dezakegu pazientzia gehiago izateko eta hau izaten jarraitzeko?
10 Otoitz egin pazientzia gehiago eskatuz. Pazientzia espirituaren fruituaren alderdietako bat da (Ga 5:22, 23). Beraz, espiritu santua eta honen fruitua lantzeko laguntza eskatu ahal diogu Jehobari otoitzean. Gure pazientzia probapean jartzen duen egoera baten aurrean bagaude, jarrai dezagun espiritu santua eskatzen pazientzia izateko (Lk 11:9, NWT; 11:13). Bestalde, Jehobari laguntza eskatu ahal diogu bere ikuspuntu bera izaten laguntzeko. Otoitz egin ondoren, ahal dugun guztia egin behar dugu egunero-egunero pazientzia izateko. Otoitzean pazientzia eskatzen jarraitzen badugu, eta gure bizitzan pazientzia erakusten saiatzen bagara, ezaugarri hau gero eta gehiago barneratuko dugu eta gure izaeraren parte izatera iritsiko da.
11, 12. Nola erakutsi du Jehobak pazientzia?
11 Hausnartu Bibliako ereduetan. Biblian pazientzia izan zutenen eredu asko agertzen dira. Hauetan hausnartzean, pazientzia erakusteko moduak ikasi ditzakegu. Baina, hauetako eredu batzuk aztertu aurretik, ikus dezagun pazientzia eredurik paregabeena: Jehoba.
12 Satanasek Jehobaren izen ona zikindu zuen Edengo lorategian, agintari justua eta maitekorra ez zela esanez. Jehobak bere agintaritza hoberena zela frogatzeko denbora beharko zela zekienez, Satanas segituan suntsitu beharrean, pazientzia eta autokontrola erakutsi zituen. Bitartean, bere izena zikindu duten kalumniak jasaten jarraitu du. Bestalde, Jehoba pazientziaz itxaroten aritu da geroz eta jende gehiagok betirako bizitzeko aukera izan dezan (2 P 3:9, 15). Honi esker, milioika pertsonek bera ezagutu ahal izan dute. Jehobaren pazientziak ekartzen dituen gauza onetan zentratzen bagara, berak sistema honen amaiera ekarri arte itxarotea errazagoa izango da guretzat.
13. Nola imitatu zuen modu perfektuan Jesusek bere Aitaren pazientzia? (Ikusi irudia ere)
13 Jesusek modu perfektuan imitatu zuen bere Aitaren pazientzia, eta lurrean egon zen bitartean erakutsi zuen. Berarentzat pazientzia erakustea ez zen erraza izan beharko, bereziki eskriba eta fariseu hipokriten artean egon zenean (Jn 8:25-27). Hala ere, bere Aita bezala, Jesus ez zen erraz haserretzen. Iraindu edo probokatu zutenean, ez zuen mendekurik hartu (1 P 2:23). Pazientziaz eta kexatu gabe iraun zituen zailtasunak. Beraz, ez da harritzekoa Bibliak guri honakoa egiteko esatea: «Gogora ezazue, bada, bekatarien aldetik halako eraso gogorra jasan zuen hura» (Heb 12:2, 3). Guk ere Jehobaren laguntzarekin edozein zailtasunen aurrean pazientziaz iraun dezakegu.
14. Zer ikasi dezakegu Abrahamen pazientziatik? (Hebrearrei 6:15) (Ikusi irudia ere)
14 Zer gertatzen da azkenari buruz genituen espektatibak oraindik bete ez badira? Agian, azkena aspaldi iritsiko zela uste genuen eta, beharbada, kezkatuta gaude datorrena ikusiko ez dugula pentsatzen dugulako. Zerk lagundu gaitzake pazientziaz itxaroten jarraitzen? Azter dezagun Abrahamen eredua. Berak 75 urte zituen eta oraindik ez zuen haurrik izan. Hala ere, Jehobak honakoa promestu zion: «Nazio handi eginen zaitut» (Has 12:1-4). Ikusi al zuen Abrahamek promes honen betekuntza? Ez guztiz. Eufrates ibaia gurutzatu eta 25 urte itxaron ondoren, Abrahamek bere seme Isaak jaio zela ikusi zuen. Eta beste 60 urte igaro ondoren, bere bilobak Esau eta Jakob jaio ziren (Irakurri Hebrearrei 6:15, NWT b). Baina, Abrahamek ez zituen bere ondorengoak nazio handi bihurtzen ikusi, ezta hauek Promestutako Lurraldea agintzen ikusi ere. Hala ere, gizon leial honek adiskidetasun estuaz gozatu zuen bere Sortzailearekin (St 2:23). Eta Abraham berpiztua izango denean, ziur liluratuta geratuko dela bere fede eta pazientziari esker nazio guztiak bedeinkatuak izan direla ikustean! (Has 22:18). Zer ikasten dugu? Agian ez ditugu Jehobaren promes guztiak oraintxe bertan betetzen ikusiko. Hala ere, Abrahamek bezala pazientzia badugu, ziur egon gaitezke Jehobak orain sarituko gaituela, eta are gehiago Berak promestutako mundu berrian (Mk 10:29, 30).
15. Zer aztertu dezakegu gure ikasketa pertsonalean?
15 Biblian pazientzia izan zutenen beste eredu asko agertzen dira (St 5:10). Zergatik ez duzu eredu horiek aztertzeko ikerketa proiektu bat egiten? c Adibidez, Dabid Israelgo errege izateko izendatu zutenean, gaztetxoa zen. Baina, urte asko itxaron behar izan zituen errege izan arte. Simeon eta Anak Jehoba leialki adoratu zuten promestutako Mesias iritsi bitartean (Lk 2:25, 36-38). Pasarte hauek aztertu ahala, saiatu hurrengo galderak erantzuten: «Zerk lagundu zion pertsona honi pazientzia erakusten? Nola lagundu zion pazientzia izateak? Nola imitatu dezaket?». Pazientzia erakutsi ez zutenengandik ere asko ikasi dezakegu (1 Sm 13:8-14). Honakoa galdetu ahal diozu zeure buruari: «Zerk eraman zien pazientzia galtzera? Zer ondorio sufritu zituzten honengatik?».
16. Nola laguntzen gaitu pazientzia izateak?
16 Pentsatu nola laguntzen gaituen pazientzia izateak. Pazientzia dugunean, zoriontsuago eta lasaiago bizi gara. Gainera, gure osasun mental eta fisikoa hobetu dezake. Bestalde, besteei pazientzia erakusten diegunean, harreman hobeez gozatzen dugu. Pazientziak kongregazioaren batasuna ere sendotzen du. Eta norbaitek probokatzen bagaitu, ez gara erraz haserretuko; horrela, egoera ez da okerrera joango (Sal 37:8; Es 14:29, NWT). Baina, gauza guztien gainetik, pazientzia dugunean gure zeruko Aita imitatzen dugu eta berarengana are gehiago gerturatzen gara.
17. Zer egiteko determinazioa izan beharko genuke?
17 Zein ezaugarri erakargarria den pazientzia eta zenbat laguntzen gaituen! Ez da beti erraza izaten pazientzia erakustea, baina Jehobaren laguntzarekin ezaugarri hau lantzen jarraitu dezakegu. Mundu berria heltzea pazientziaz itxaroten dugun bitartean, ziur egon gaitezke hurrengoaz: «Jehobaren begiak errespetu handia diotenen gainean daude, bere maitasun leialaren zain daudenengan» (Sal 33:18, NWT). Izan dezagun guztiok pazientziaz janzten jarraitzeko determinazioa.
sjj 41. KANTA Entzun, mesedez, nire otoitza
a Gaur egun, jende gehienak ez du pazientziarik. Hala ere, Bibliak pazientziaz janzteko esaten digu. Artikulu honetan, ezaugarri hau zergatik den hain garrantzitsua ikusiko dugu, baita zer egin dezakegun pazientzia gehiago izateko ere.
b Hebrearrei 6:15, NWT: «Beraz, Abrahamek pazientzia erakutsi ondoren, promes hau jaso zuen».
c Pazientziari buruzko Bibliako pasarteak aurkitzeko, jo Índice de las publicaciones Watch Tower (Index des publications de Tèmoins de Jéhovah) argitalpenera eta kontsultatu «paciencia» («patience») sarrera.