Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

18. IKASKETARAKO ARTIKULUA

Elkar animatu bileretan

Elkar animatu bileretan

«Lagun diezaiogun elkarri, […] adoretu elkar» (HEB 10:24, 25).

sjj 88. KANTA Azaldu niri zure bideak

ZER AZTERTUKO DUGU? a

1. Zergatik komentatzen dugu bileretan?

 ZERGATIK joaten gara bileretara? Alde batetik, Jehoba goratzeko (Sal 26:12; 111:1). Bestetik, garai latz hauetan elkar animatzeko (1 Ts 5:11). Eskua altxatzean eta komentario bat egitean, bi helburu hauek betetzen ditugu.

2. Zer aukera ditugu bileretan komentatzeko?

2 Astero-astero, bileretan komentatzeko aukerak izaten ditugu. Adibidez, asteburuetan, Talaiaren ikasketan parte hartu dezakegu. Aste barruko bileretan, bestalde, irakaspen preziatuetan, kongregazioko Biblia ikasketan eta parte hartzeko aukera dagoen beste edozein ataletan.

3. a) Iruzkinak egitean, zer zailtasun izan ditzakegu? b) Nola lagundu gaitzake Hebrearrei 10:24, 25⁠ak?

3 Guztion helburua da Jehoba goratzea eta gure anaia-arreba maiteak animatzea. Baina, iruzkinak egitean, zailtasunak izan ditzakegu. Urduri sentitu gaitezke, edo agian ez dizkigute guk nahi bezainbeste komentario ematen. Zerk lagunduko digu zailtasun hauei aurre egiten? Paulo apostoluak hebrearrei idatzitako gutunean dugu erantzuna. Elkarrekin biltzearen garrantziaz hitz egitean, elkar adoretu edo animatzearen beharra azpimarratu zuen (Irakurri Hebrearrei 10:24, 25). Iruzkin sinple eta motz batekin ere besteak animatu ditzakegula gogoratzen badugu, eskua altxatzean ez gara hain urduri sentituko. Eta ez badizkigute nahi bezainbeste komentario ematen, pozik sentitu gaitezke gure anai-arrebek komentatzeko aukera izango dutelako (1 P 3:8).

4. Zer hiru ideia aztertuko ditugu artikulu honetan?

4 Artikulu honetan, lehendabizi, kongregazio txiki batean elkar nola animatu dezakegun ikusiko dugu, hauetan komentatu dezaketenen kopurua mugatuagoa izan daitekeelako. Gero, esku gehiago egon daitezkeen kongregazio handi batean elkar nola animatu dezakegun aztertuko dugu. Azkenik, komentarioetan esaten dugunarekin animagarriak nola izan gaitezkeen ikusiko dugu.

NOLA ANIMATU DEZAKEGU ELKAR KONGREGAZIO TXIKIETAN?

5. Kongregazioan edo taldean gutxi bagara, zer egin dezakegu elkar animatzeko?

5 Kongregazio txikietan edo taldeetan anai-arreba asko ez daudenez, zuzentzen duenak batzuetan zain egon behar izaten du norbaitek eskua altxatu arte. Ondorioz, bilera amaigabea eta pisutsua izatera iritsi daiteke. Noski, horrela bilera bat animagarria izatea zaila da. Orduan, zer egin dezakegu? Eskua sarritan altxatzeko prest egon. Hau eginez gero, besteak gehiagotan parte hartzera motibatu ditzakegu.

6, 7. Zer egin dezakegu komentatzeko garaian hain urduri ez sentitzeko?

6 Zer gertatzen da komentatzea pentsatze hutsak urduri jartzen bazaitu? Anai-arreba asko zu bezala sentitzen dira. Baina anai-arrebak gehiago animatzeko asmoz, agian hain urduri ez egoteko moduak bilatu ditzakezu. Nola lortu dezakezu hau?

7 Lagungarria izan daiteke Talaiako ale batzuetan eman diren ideia praktikoak berrikustea. b Adibidez, aholkuetako bat ondo prestatzea da (Es 21:5). Informazioa ondo ezagutzen baduzu, eskua altxatzerako orduan lasaiago sentituko zara. Bestalde, komentario laburrak egin (Es 15:23; 17:27). Izan ere, erantzun motzak ematen badituzu, ez zara hain urduri sentituko. Gainera, ideia asko dituzten komentario luzeekin konparatuz, anai-arrebek esaldi bat edo biko komentarioak errazago ulertzen dituzte. Iruzkin laburrak zure hitzetan egitean, ondo prestatu zarela eta informazioa ondo ulertu duzula erakutsiko duzu.

8. Nola ikusten ditu Jehobak egiten ditugun ahaleginak?

8 Zer gertatzen da aurreko aholkuak praktikan jartzen saiatu bazara, baina oraindik behin baino gehiagotan komentatzeak urduri jartzen bazaitu? Ahal duzun guztia egiten baduzu, ziur egon Jehobak asko estimatuko dituela zure ahaleginak (Lk 21:1-4). Baina honek ez du esan nahi eraman ezin dugun zama bat gainean jarri behar dugunik (Flp 4:5NWT). Beraz, pentsatu zer egiteko gai zaren, helburu bat jarri eta egin otoitz lasaitasuna eskatuz. Hasiera batean, helburua komentario labur bat egitea izan daiteke.

NOLA ANIMATU DEZAKEGU ELKAR KONGREGAZIO HANDIETAN?

9. Zergatik izan daiteke zaila kongregazio handi batean komentatzea?

9 Berriemaile asko dituen kongregazio batean bazaude, beste zailtasun bat topatu dezakezu. Agian anai-arreba askok eskua altxatzen dute eta zuzentzen ari denak zurea ez du ikusten. Danielle izeneko arreba batek, adibidez, asko gozatzen du bileretan komentatzeaz. c Berarentzat komentatzea bere adorazioaren parte da, anai-arrebak animatzeko aukera bat eta bere fedea sendotzeko modu bat. Baina kongregazio handiago batera joan zenean, komentario gutxiago ematen zizkioten. Batzuetan, bat bera ere ez. Horregatik, frustrazio handia sentitzen zuen. Berak esan zuen: «Pribilegio bat galdu izan banu bezala sentitzen nintzen. Eta behin baino gehiagotan gertatzen denean, zuzentzen duenak nahita egiten ote duen galdetzen diozu zeure buruari».

10. Zer egin dezakegu komentatzeko aukera gehiago izateko?

10 Sentitu al zara inoiz Danielle bezala? Hala bada, eskua gehiago ez altxatzeko eta bilera lasai-lasai entzuteko gogoa sentituko zenuen agian. Baina ez amore eman eta jarraitu eskua altxatzen. Nola lortu dezakezu hau? Agian bilera bakoitzerako iruzkin bat baino gehiago prestatu dezakezu. Gero, saia zaitez hasiera-hasieratik komentatzen. Horrela, iruzkinik ematen ez badizute, aukera gehiago izango dituzu bileran zehar. Talaiaren ikasketa prestatzean, pentsatu paragrafo bakoitzak artikuluaren gaiarekin duen loturan. Horrela egiten baduzu, ikasketan zehar parte hartzeko aukera gehiago izango dituzu. Bestalde, ideia sakonagoak dituzten eta azaltzeko zailagoak diren paragrafoetan iruzkinak prestatu ditzakezu (1 Ko 2:10). Zergatik? Errazagoa delako paragrafo horietan esku gutxiago egotea. Eta zer egin dezakezu aholku hauek praktikan jarri arren, bilera batzuk pasa ondoren komentatzeko aukerarik ez baduzu izan? Ikasketa zuzentzen duenarekin hitz egin dezakezu eta zer galdera erantzutea gustatuko litzaizukeen aipatu.

11. Zer egitera animatzen gaitu Filipoarrei 2:4⁠ak?

11 Irakurri Filipoarrei 2:4. Paulo apostoluak besteengan pentsatzera animatu zituen kristauak. Nola jarri dezakegu praktikan aholku hau bileretan zehar? Besteek, guk bezala, parte hartu nahi dutela gogoratuz.

Lagunekin zaudenean zuk bakarrik hitz egiten ez duzun bezala, bileretan ere utzi besteei beraien komentarioak egiten (Ikusi 12. paragrafoa)

12. Zein da bileretan besteak animatzeko modu on bat? (Ikusi irudia ere)

12 Pentsatu honetan: lagunekin zaudenean, zuk bakarrik hitz egiten al duzu besteei aukerarik eman gabe? Noski ezetz! Beraiek ere elkarrizketan parte hartzea nahi duzu. Era berean, bileretan besteei ahalik eta gehien komentatzen utzi nahi diegu. Izan ere, anai-arrebak animatzeko modurik onenetako bat beraien fedeaz hitz egiteko aukera ematea da (1 Ko 10:24). Ikus dezagun nola egin dezakegun hau.

13. Zer egin dezakegu besteek komentatzeko aukera gehiago izateko?

13 Alde batetik, saia gaitezen iruzkin laburrak egiten besteei ere komentatzeko denbora uzteko. Adindunek eta esperientzia duten beste berriemaileek eredua jarri dezakete. Iruzkin laburra egin arren, ez aipatu ideia gehiegi. Paragrafo osoa aipatzen baduzu, zer komentatuko dute besteek? Paragrafo honetan, adibidez, bi aholku ematen dira: iruzkin laburrak egitea eta ideia gehiegi ez aipatzea. Paragrafo honetan komentatzen lehena bazara, zergatik ez duzu ideia bakarra aipatzen?

Zein egoeratan erabakiko genuke bilera batean eskua ez altxatzea? (Ikusi 14. paragrafoa) f

14. Zerk lagunduko digu eskua zenbat aldiz altxatuko dugun erabakitzen? (Ikusi irudia ere)

14 Izan zaitez zentzuduna eskua zenbat aldiz altxatuko duzun erabakitzean. Eskua gehiegitan altxatzen badugu, nola sentitu daiteke ikasketa zuzentzen ari dena? Agian zuri komentarioak behin eta berriz emateko presioa sentitu dezake, nahiz eta beste batzuk oraindik komentario bat eman gabe egon. Honek besteak desanimatu ditzake eta zailagoa egingo zaie eskua altxatzea (Koh 3:7).

15. a) Nola erreakzionatu beharko genuke komentariorik ez badigute ematen? b) Nola erakutsi dezake ikasketa zuzentzen duenak guztiak kontuan hartzen dituela? (Ikusi « Zer hartu dezakezu kontuan zuzentzen ari bazara?» taula)

15 Eskua askok altxatzen dutenean, ikasketa zuzentzen duenak agian ezin digu guk nahi bezainbeste komentario eman. Batzuetan, beharbada, bat bera ere ez. Hau desanimagarria izan daiteke, baina saiatu ez gaizki hartzen (Koh 7:9).

16. Zer egin dezakegu komentatzen dutenak animatzeko?

16 Zer egin dezakegu ez badugu nahi bezainbeste komentatzen? Besteen iruzkinak adi-adi entzun eta bilera amaitzean zoriondu. Anai-arrebak zoriontzen dituzunean, ziur egon oso animatuak sentituko direla, zure iruzkinekin bezainbeste (Es 10:21). Izan ere, zoriontzea elkar animatzeko beste modu bat da.

ZER GEHIAGO EGIN DEZAKEGU ELKAR ANIMATZEKO?

17. a) Nola lagundu ahal diete gurasoek seme-alabei komentario egokiak prestatzen? b) Bideoaren arabera, zer lau pauso eman behar dira iruzkin bat prestatzeko? (Ikusi oharra ere)

17 Gurasoa bazara, lagundu seme-alabei euren adinerako egokiak diren iruzkinak prestatzen (Mt 21:16). Batzuetan, ikasketan gai serio batzuk aztertzen dira. Adibidez, ezkon bizitzako arazoak edo moralki garbi mantentzearekin lotutakoak. Baina beti egongo dira haurrek komentatzeko moduko paragraforen bat edo bi. Gainera, haurrei beti iruzkin bat ez dietela emango ulertzen lagundu behar diezu. Era horretara, ez dira desanimatuko komentarioa besteren bati ematen badiote (1 Tm 6:18). d

18. Zer egin dezakegu komentatzen dugunean arreta guregan ez jartzeko? (Esaera Zaharrak 27:2)

18 Guztiok prestatu ditzakegu Jehoba goratzen duten eta anai-arrebak animatzen dituzten komentarioak (Es 25:11). Egia da noizean behin gure bizipenen bat kontatu dezakegula, baina ez dugu guri buruz gehiegi hitz egin nahi (Irakurri Esaera Zaharrak 27:2; 2 Ko 10:18). Horren ordez, saia gaitezen arreta Jehobarengan, bere Hitzean eta anai-arrebengan mantentzen (Ap 4:11). Noski, galderaren batek erantzun pertsonal bat ematera animatzen badu, egokia da hori egitea. Hurrengo paragrafoan honen adibide bat ikusiko dugu.

19. a) Zer lortuko dugu bileretan besteengan pentsatzen badugu? (Erromatarrei 1:11, 12) b) Zer da pertsonalki bileretan komentatzeaz gehien estimatzen duzuna?

19 Egia da ez dagoela komentatzeko arau zorrotzik, baina gure parte hartzearekin elkar animatzen saiatu gaitezke. Hau lortzeko, agian, gehiagotan komentatu beharko dugu. Edo, beharbada, konforme geratu beharko gara komentatzeko ematen dizkiguten aukerekin. Eta pozik jarri gaitezke besteek parte hartzeko aukera izateagatik. Bileretan besteengan pentsatzen badugu, elkar animatzeaz gozatuko dugu (Irakurri Erromatarrei 1:11, 12).

sn 20. KANTA Bedeinkatu gure bilerak

a Elkar animatzen dugu bileretan komentatzen dugunean. Hala ere, batzuk urduri sentitzen dira komentatzerakoan. Beste batzuek, aldiz, gehiagotan egin nahiko lukete. Gure egoera zein den axola gabe, nola erakutsi dezakegu besteengan pentsatzen dugula bileretatik animaturik ateratzeko? Eta, zer egin dezakegu gure iruzkinek anai-arrebak maitasuna erakustera eta ekintza onak egitera animatzeko? Artikulu honek galdera hauek erantzungo ditu.

b Aholku gehiago irakurtzeko, berrikusi aldizkari honetako 2019⁠ko urtarrileko alea, 8-13 or. eta 2003⁠ko irailaren 1⁠eko alea, 19-22 or.

c Izena aldatua izan da.

f IRUDIAREN AZALPENA: Kongregazio handi batean, dagoeneko komentatu duen anaia batek besteei komentatzeko aukera ematen die.