Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

17. IKASKETARAKO ARTIKULUA

Jehobak espero gabeko egoerei aurre egiten lagunduko digu

Jehobak espero gabeko egoerei aurre egiten lagunduko digu

«Zoritxar asko izaten du zintzoak, baina guztietatik libratzen Jaunak» (SAL 34:20 [34:19, NWT]).

sjj 44. KANTA Apalaren otoitza

ZER AZTERTUKO DUGU? a

1. Zertaz gaude ziur?

 JEHOBAREN herria bezala, badakigu berak maite gaituela eta guk bizitzarik onena izatea nahi duela (Erm 8:35-39). Gainera, ziur egon gaitezke Biblia printzipioak praktikan jartzen ditugunean, hauek gure onerako direla beti (Is 48:17, 18). Baina, zer gertatzen da espero gabeko arazoei aurre egin behar diegunean?

2. Zein arazo izan ditzakegu eta, ondorioz, zer galdetu dezakegu?

2 Jehobaren zerbitzari guztiek dituzte arazoak. Adibidez, agian senide batek huts egin digu, edo ezin dugu Jehobaren zerbitzuan nahi bezainbeste egin osasun arazo larri bat dugulako. Baliteke hondamendi natural baten eragina edo gure sinesmenengatik pertsekuzioa jasan izana. Hauek bezalako zailtasunen aurrean, agian honakoa pentsa dezakegu: «Zergatik gertatzen zait hau niri? Gaizki dagoen zerbait egin al dut? Esan nahi al du honek ez naizela Jehobaren bedeinkapena jasotzen ari?». Horrela sentitu al zara inoiz? Hala bada, ez zaitez desanimatu. Jehobaren zerbitzari leial askok ere antzeko sentimenduei aurre egin behar izan diete (Sal 22:2, 3 [22:1, 2, NWT]; Hab 1:2, 3).

3. Zer ikasi dezakegu 34. Salmoa 20⁠tik [34:19, NWT]?

3 Irakurri 34. Salmoa 20 [34:19, NWT]. Salmo honetan bi ideia inportante azaltzen dira: 1) Zintzoek arazoak izaten dituzte. 2) Jehobak gure zailtasunetatik libratzen gaitu. Nola libratzen gaitu Jehobak? Berak bizitzarekiko dugun ikuspuntua errealista izaten laguntzen digu. Egia da Jehobak bere zerbitzuan poztasuna izango dugula promesten digula. Baina, noski, ez digu ziurtatzen orain kezkarik gabeko bizitza izango dugunik (Is 66:14). Berak gure arreta etorkizunean jartzera animatzen gaitu, Jehobak gu betirako gozatzea nahi duen etorkizun horretan (2 Ko 4:16-18). Bitartean, egunez egun bere zerbitzuan jarraitzen laguntzen digu (Nk 3:22-24).

4. Zer aztertuko dugu artikulu honetan?

4 Aztertu dezagun zer ikasi dezakegun Biblia garaiko eta gaur egungo zerbitzari leial batzuen eredutik. Ikusiko dugun bezala, baliteke guk espero gabeko arazoei aurre egin behar izatea. Baina Jehobaren eskuetan jartzen bagara, berak beti eutsiko gaitu; ez digu inoiz huts egingo (Sal 55:23 [55:22, NWT]). Eredu hauek aztertu ahala, galdetu zeure buruari: «Nola erantzungo nuke nik antzeko egoera batean? Nola laguntzen didate eredu hauek Jehobarengan dudan konfiantza sendotzen? Zer irakaspen jarri ditzaket praktikan nire bizitzan?».

BIBLIA GARAIKO EREDUAK

20 urtez, Jehobak Jakob bedeinkatu zuen gezurtia izan zen bere osaba Labanentzat gogor lan egin zuen bitartean (Ikusi 5. paragrafoa)

5. Zer zailtasuni aurre egin behar izan zion Jakobek Labanen erruz? (Ikusi azaleko irudia)

5 Biblia garaian, Jehobaren zerbitzariek espero gabeko arazoei aurre egin behar izan zieten. Ikus dezagun Jakoben eredua. Bere aitak Labanen alabetako batekin ezkontzeko agindu zion, Laban Jehoba adoratzen zuen familia kide bat zelako. Hau egiten bazuen, Jehobak eskuzabaltasunez bedeinkatuko zuela ziurtatu zion Jakobi (Has 28:1-4). Beraz, Jakobek hori egin zuen, Kanaango lurraldea utzi eta Labanen etxera abiatu zen. Jakob Labanen bi alabetako gazteenaz, Rakeletaz, maitemindu zen, eta berarekin ezkondu aurretik, bere aitarentzat zazpi urtez lan egiteko prest egon zen (Has 29:18). Baina gauzak ez ziren berak espero bezala atera. Labanek Jakob engainatu zuen bere alaba nagusiena Lea emanez berarekin ezkontzeko. Astebete beranduago, Jakob Rakelekin ezkontzea onartu zuen Labanek, baina hurrengo baldintzarekin: beste zazpi urtez berarentzat lan egitea (Has 29:25-27). Gainera, Labanek Jakobekin egindako negozioetan itsusi jokatu zuen. Guztira, Lanabek 20 urtez esplotatu zuen Jakob! (Has 31:41, 42).

6. Zer beste zailtasun izan zituen Jakobek?

6 Jakobek beste arazo batzuk ere izan zituen. Familian senide asko ziren, eta bere semeek liskarrak izaten zituzten elkarren artean. Beraien anaia Jose esklabo bezala saltzera ere iritsi ziren. Gainera, Simeonek eta Lebik familia eta Jehoba lotsarazi zituzten. Ez hori bakarrik, bere emazte kuttuna Rakel hil egin zen bigarren semea erditzen ari zela. Eta gosete larri baten ondorioz, Jakob Egiptora joatera behartuta egon zen bere zahartzaroan (Has 34:30; 35:16-19; 37:28; 45:9-11, 28).

7. Nola erakutsi zion Jehobak Jakobi bere alde zegoela?

7 Arazo hauek jasatean, Jakobek ez zuen Jehobarengan eta Bere promesetan zuen fedea inoiz galdu. Eta, noski, Jehobak bere alde zegoela erakutsi zion. Adibidez, Labanek berarekin itsusi jokatu zuenean, Jehobak materialki bedeinkatu zuen. Bestalde, Jose hainbeste urtez hilda zegoela pentsatu eta gero, imajinatu zenbat eskertuko zion Jakobek Jehobari bere semearekin berriro ere elkartzeagatik! Jakobek Jehobarekin adiskidetasun estua izan zuenez, probei aurre egin ahal izan zien (Has 30:43; 32:10, 11 [32:9, 10, NWT]; 46:28-30). Era berean, guk ere Jehobarekin adiskidetasun estua mantentzen badugu, espero gabeko probei aurre egin ahal izango diegu.

8. Zer egin nahi izan zuen Dabid erregeak?

8 Dabid erregeak ez zuen Jehobaren zerbitzuan nahi izan zuen guztia egin. Adibidez, Jehobarentzat tenplu bat eraikitzeko gogo handia zuen. Izan ere, Natan profetari hori egiteko desioa zuela adieraztean, Natanek honela erantzun zion: «Bete zeure asmoa, zeurekin baituzu Jainkoa» (1 Kro 17:1, 2). Zein animatuta sentituko zen Dabid hitz hauek entzutean! Beharbada proiektu handi hau antolatzen hasiko zen segituan.

9. Nola erantzun zuen Dabidek berri txarrak jaso zituenean?

9 Hala ere, handik gutxira Natanek berri txarrak eman zizkion Dabidi. Gau hartan bertan, Jehobak Natani esan zion Dabiden seme batek eraikiko zuela tenplua, eta ez erregeak berak (1 Kro 17:3, 4, 11, 12). Nola erantzun zuen Dabidek mezu hori jasotzean? Hasieran zuen helburua egokitu zuen: bere seme Salomonek proiekturako beharko zituen dirua eta materialak biltzen aritu zen lan eta lan (1 Kro 29:1-5).

10. Nola bedeinkatu zuen Jehobak Dabid?

10 Dabidek tenplua eraikiko ez zuela jakin bezain pronto, Jehobak itun bat egin zuen berarekin. Hurrengoa promestu zion Dabidi: bere ondorengo batek betirako aginduko zuen (2 Sm 7:16). Mundu berrian, mila urteko erregetzan, Dabiden ondorengo bat, Jesus, izango da Errege. Imajinatu zein pozik jarriko den Dabid hau ikustean! Zer irakasten digu honek? Jehobaren alde nahi dugun guztia ezin badugu egin ere, berak guk espero ez ditugun bedeinkapenak emango dizkigula ziurrenik.

11. Erreinua espero zutenean etorri ez zen arren, zer bedeinkapen jaso zituzten lehen mendeko kristauek? (Eginak 6:7)

11 Lehen mendeko kristauek espero gabeko zailtasunak izan zituzten. Adibidez, Jainkoaren Erreinua etortzeko irrikitan zeuden, baina ez zekiten noiz gertatuko zen (Eg 1:6, 7). Beraz, zer egin zuten? Predikazioan lanpetuta mantendu ziren. Berri onak zabaldu ahala, argi eta garbi ikusi zuten Jehoba bedeinkatzen ari zitzaiela (Irakurri Eginak 6:7).

12. Zer egin zuten lehen mendeko kristauek gosete baten aurrean?

12 Lehen mendean, gosete handi bat izan zen «mundu guztian» (Eg 11:28). Lehen mendeko kristauek ere honen ondorioak jasan zituzten. Imajinatu al dezakezu gosete honek zer-nolako eragina izango zuen beraiengan? Ziur gurasoak kezkatuta egongo zirela familia nola elikatuko zuten pentsatuz. Eta zer egingo zuten gehiago predikatzeko asmoa zuten gazteek? Euren helburuak atzeratu beharko zituztela pentsatuko ote zuten? Beraien egoera zein zen inporta gabe, kristauak egokitu egin ziren. Predikatzen jarraitu zuten ahal zuten moduan, eta Judeako anai-arrebekin beraien gauza guztiak pozik konpartitu zituzten (Eg 11:29, 30).

13. Zer bedeinkapen jaso zituzten kristauek gosetean zehar?

13 Zer bedeinkapen jaso zituzten kristauek gosetean zehar? Laguntza jaso zutenek Jehobaren eskua ikusi zuten (Mt 6:31-33). Lagundu zieten anai-arrebengandik gertuago sentituko ziren. Bestalde, laguntza eskaini zutenek ere, bai dohaintzen bidez, baita laguntza lanetan parte hartuz ere, emateak dakarren zoriontasuna sentitu zuten (Eg 20:35). Jehobak guztiak bedeinkatu zituen egoera aldakor hartara moldatu zirelako.

14. a) Zer gertatu zitzaien Bernabe eta Paulori? b) Zer emaitza lortu zuten? (Eginak 14:21, 22)

14 Lehen mendeko kristauak pertsegituak izan ziren askotan, eta, batzuetan, gutxien espero zutenean. Aztertu dezagun zer gertatu zitzaien Bernabe eta Paulori Listra inguruan predikatzen ari zirenean. Hasiera batean, ongietorri beroa eman zieten bertakoek. Baina, beranduago, aurkari batzuek herriko jendea beraien alde jarriz, Paulo harrikatu zuten eta hiritik kanpora atera zuten hilda zegoela pentsatuz (Eg 14:19). Baina Bernabe eta Paulok predikatzen jarraitu zuten beste toki batean. Ondorioz, «ikasle asko» egin zituzten eta, euren hitz eta ekintzei esker, anai-arreben fedea sendotu egin zen (Irakurri Eginak 14:21, 22). Bernabe eta Paulok ez zuten amore eman bat-bateko pertsekuzioa jasatean. Hau oso lagungarria izan zen askorentzat. Era berean, amore eman gabe Jehobak eskatu diguna egiten jarraitzen badugu, bedeinkapenak jasoko ditugu.

GAUR EGUNGO EREDUAK

15. Zer ikasten dugu A. H. Macmillan anaiaren eredutik?

15 1914 aurretik, anai-arrebek gauza batzuk gertatzea espero zuten. Ikus dezagun honen adibide bat, A. H. Macmillan-ena. Garaiko beste askok bezala, Macmillan anaiak handik gutxira zeruko saria jasoko zuela pentsatzen zuen. 1914⁠ko irailean egindako hitzaldi batean, hau esan zuen: «Ziurrenik hau izango da egingo dudan azken hitzaldi publikoa». Baina, noski, hura ez zen bere azken hitzaldia izan. Berak beranduago hau idatzi zuen: «Gutako batzuk agian arinegi ibili ginen, zerura segituan joango ginela pentsatuz. Baina, egin behar genuena Jaunaren zerbitzuan lanpetuta mantentzea zen». Eta hala izan zen, Macmillan anaia lanpetuta mantendu zen. Gogotsu predikatu zuen eta neutral mantentzeagatik kartzelan zeuden anaiak animatzeko aukera izan zuen. Gainera, bere zahartzaroan ere, bileretara joaten jarraitu zuen leialki. Nola lagundu zion Macmillan anaiari Jehobaren zerbitzuan lanpetuta mantentzeak? 1966⁠an, hil aurretik, hau idatzi zuen: «Nire fedea ez da inoiz orain bezain sendoa izan». Zer jarrera bikaina izan zuen! Imitatu dezagun jarrera paregabe hau, zailtasunak uste baino denbora luzeagoz jasaten ditugunean (Heb 13:7).

16. Espero gabeko zer zailtasuni aurre egin behar izan zioten Jennings anaiak eta bere emazteak? (Santiago 4:14)

16 Anai-arreba askok espero gabeko osasun arazoei egin behar diete aurre. Ikus dezagun, adibidez, Herbert Jennings b anaiaren bizipena. Bera eta emaztea misiolari bezala ibili ziren Ghanan. Baina handik denbora batera, Jennings anaiari nahasmendu bipolarra diagnostikatu zioten. Jennings anaiak, «espero ez genuen biharamuna» bezala deskribatu zuen bere egoera berria, Santiago 4:14⁠ko hitzak aipatuz (Irakurri). Berak hau idatzi zuen: «Errealistak izan behar ginen. Beraz, Ghana eta bertako lagunak utzi genituen eta Kanadara itzuli ginen [tratamendu medikoa jasotzera]». Jehobak Jennings anaia eta bere emaztea lagundu zituen, zailtasun honen aurrean bera zerbitzatzen jarraitu zezaten.

17. Nola lagundu die Jennings anaiaren ereduak anai-arrebei?

17 Jennings anaiak bere bizitzan gertatutakoaz zintzotasunez hitz egitea oso lagungarria izan da askorentzat. Arreba batek hau esan zuen: «Artikulu hau irakurtzeak benetan hunkitu ninduen, inoiz ez bezala. […] Jennings anaiak, gaixotasuna tratatzeko, bere asignazioa utzi behar izan zuen. Honek nire egoera orekaz ikusten lagundu zidan». Beste anaia batek honakoa esan zuen: «Adindun bezala zerbitzatu nuen hamar urtez kongregazio batean, baina gaixotasun mental bat nuenez, adindun izateari utzi behar izan nion. Huts egin nuela pentsatzen nuen eta lur jota sentitzen nintzen. Horregatik, askotan ez nintzen biografien artikuluak irakurtzeko gai. […] Baina Jennings anaiaren iraupenak indarberritu egin ninduen». Zer gogorarazten digu honek? Besteak animatu ditzakegula espero gabeko zailtasunei aurre egiten diegunean. Eta bizitzan gauzak guk espero bezala ateratzen ez badira ere, fede eta iraupen ereduak izan gaitezke besteentzat (1 P 5:9).

Jehobarengan konfiantza jartzean, espero gabeko gertaerek berarengana gehiago gerturatu ahal digute (Ikusi 18. paragrafoa)

18. Irudian ikusten den bezala, zer ikasten duzu Nigeriako alargun baten eredutik?

18 Anai-arreba askok COVID-19 bezalako larrialdiak sufritu dituzte. Adibidez, Nigeriako alargun bat oso larri zebilen ekonomikoki. Goiz batean, azken arroz katilua prestatu ondoren, bere alabak zer egingo zuten galdetu zion. Nahiz eta dirurik eta janaririk ez izan, amak Sareptako alargunaren eredua imitatu zezaketela esan zion alabari: beraien azkeneko janaria prestatu eta Jehobarengan konfiantza osoa jarri (1 Erg 17:8-16). Ez zuten egun hartan zer jango zuten pentsatzeko denborarik ere izan, anai-arreba batzuek janari poltsa bat eman zietelako. Gainera, bi aste baino gehiagorako janaria jaso zuten poltsa hartan. Arreba hau momentu hartan konturatu zen Jehobak benetan entzun zuela bere alabari esandakoa. Hala da, Jehobarengan konfiantza jartzen badugu, espero gabeko egoerek berarengana gehiago hurbildu gaitzakete (1 P 5:6, 7).

19. Zer jasan behar izan zuen Aleksey Yershov anaiak?

19 Azken urteetan, anai-arreba askok espero gabeko pertsekuzioa jasan behar izan dute. Ikus dezagun Aleksey Yershov anaiari gertatutakoa. Bera Errusian bizi da eta bataiatu zen garaian, 1994⁠an, Jehobaren lekukoek neurri baterainoko askatasuna zuten. Baina, beranduago, Errusian egoera aldatu zen. 2020⁠an, Yershov anaiaren etxean indarrez sartu ziren eta bere gauza asko konfiskatu zituzten. Gainera, hilabete batzuetara, gobernuak kargu kriminalak jarri zizkion. Eta hori gutxi balitz, kargu horiek itxuraz Biblian interesa zuen ikasle batek grabatutako bideo batzuetan oinarrituta zeuden. Zelako traizioa!

20. Zer egin zuen Yershov anaiak Jehobarengana gehiago gerturatzeko?

20 Ezer onik atera al zuen Yershov anaiak egoera latz honetatik? Bai, Jehobarengana gehiago hurbildu da. Honela dio: «Nire emazteak eta biok gehiagotan egiten dugu otoitz elkarrekin. Jehobaren laguntzarik gabe egoera honi aurre egitea ezinezkoa izango zela konturatu naiz». Gainera dio: «Ikasketa pertsonalak desanimoari aurre egiten lagundu dit, eta iraganeko zerbitzari leialen ereduetan hausnartzen dut. Biblia pasarte askotan, lasaitasuna mantentzea eta Jehobarengan konfiantza erakustea zein garrantzitsua den azpimarratzen da».

21. Zer ikasi dugu artikulu honetan?

21 Zer ikasi dugu artikulu honetan? Jehobak berarengan konfiantza jartzen dutenei beti lagunduko diela, nahiz eta bizitzan espero gabeko arazoak izan. Artikulu honetako aipu nagusiak dioen bezala, «zoritxar asko izaten du zintzoak, baina guztietatik libratzen Jaunak» (Sal 34:20 [34:19, NWT]). Beraz, jarrai dezagun gure arreta Jehobak ematen digun indarrean jartzen, eta ez gure zailtasunetan. Horrela egiten badugu, Paulo apostoluak bezala hau esan ahal izango dugu: «Guztia ahal daiket bizkortzen nauanaren indarrez» (Flp 4:13, Ke).

sjj 38. KANTA Jehobak sendotuko gaitu

a Gaur egun espero gabeko zailtasunak izan ditzakegun arren, ez dugu dudarik Jehobak bere zerbitzari leialak lagunduko dituela. Nola lagundu zien Jehobak iraganean bere zerbitzari leialei? Eta, nola laguntzen digu gaur egun? Ziur egon gaitezke Jehobarengan konfiantza badugu, berak lagunduko gaituela. Artikulu honetan, ziurtasun hau sendotzen lagunduko diguten Biblia garaiko eta gaur egungo eredu batzuk aztertuko ditugu.