Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

19. IKASKETARAKO ARTIKULUA

Nola sendotu dezakegu gure fedea Jehobak egindako mundu berriko promesan?

Nola sendotu dezakegu gure fedea Jehobak egindako mundu berriko promesan?

«Mintzatzen ote da [Jehoba] eta esana egiten ez?» (ZEN 23:19).

sjj 142. KANTA Eutsi aurrean dugun esperantzari

ZER AZTERTUKO DUGU? a

1, 2. Zer egin behar dugu mundu berria iristeko zain gauden bitartean?

 JEHOBAK sistema zahar hau mundu berri batekin ordezkatuko duela promestu du. Zenbat estimatzen dugun promes hau! (2 P 3:13). Egia da ez dakigula zehazki noiz gertatuko den hau, baina munduan gertatzen ari diren gauzek argi frogatzen dute ez dela asko falta (Mt 24:32-34, 36; Eg 1:7).

2 Bitartean, egian zenbat denbora daramagun axola gabe, guztiok promes horretan dugun fedea sendotu behar dugu. Zergatik? Sendoa den fedea ahuldu daitekeelako. Izan ere, Paulo apostoluak, fedea ez izateari «errazki trabatzen gaituen bekatua» deitu zion (Heb 12:1, Le). Beraz, gure fedea ahuldu ez dadin, mundu berria laster errealitatea izango dela erakusten duten frogak gogoratu behar ditugu erregularki (Heb 11:1NWT).

3. Zer aztertuko dugu artikulu honetan?

3 Artikulu honetan, mundu berriko promesan fedea sendotzeko hiru modu ikusiko ditugu: 1) erreskatean hausnartzea, 2) Jehobaren boterean pentsatzea, eta 3) aktibitate espiritualetan denbora pasatzea. Ondoren, Jehobak Habakuki emandako mezuak gaur egun gure fedea nola sendotzen duen ikusiko dugu. Baina, hasteko, azter ditzagun mundu berriko promesan fede sendoa izatea eskatuko diguten egoera batzuk.

FEDE SENDOA IZATEA ESKATZEN DUTEN EGOERAK

4. Zer erabakik eskatzen dute gure fedea sendoa izatea?

4 Egunero erabaki asko hartzen ditugu. Adibidez, lagunak, entretenimendua, ezkontza, seme-alabak, hezkuntza eta lanarekin lotutakoak. Erabaki hauek hartzean, fede sendoa izatea beharrezkoa da. Horregatik, galdetu zeure buruari: «Erakusten al dute nire erabakiek sistema hau denbora batekoa dela eta laster Jainkoak mundu berriarekin ordezkatuko duela? Ala betiko bizitzea espero ez dutenak bezala bizi naiz?» (Mt 6:19, 20; Lk 12:16-21). Beraz, sendotu dezagun gure fedea. Horrela, mundu berria ate joka dagoela argi ikusiko dugu eta erabaki onenak hartuko ditugu.

5, 6. Zergatik behar dugu fede sendoa izatea garai zailetan? Jarri adibide bat.

5 Gainera, zailtasun asko izan ditzakegu; esaterako, pertsekuzioa, gaixotasun kroniko bat, edo desanimatu gaitzaketen beste gauza batzuk. Zailtasun hauei aurre egiteko, fede sendoa izatea beharrezkoa da. Hasiera batean, gure zailtasunari aurre egiteko gai garela sentitu dezakegu. Baina, askotan gertatzen den bezala, egoera hau denboran zehar luzatu daiteke. Horregatik, gure fedea sendotu beharko dugu zailtasunen aurrean irauteko eta Jehoba poztasunez zerbitzatzen jarraitzeko (Erm 12:12; 1 P 1:6, 7).

6 Zailtasun bati aurre egiten ari garenean, Jehobak promestutako mundu berria ez dela inoiz iritsiko sentitu dezakegu. Gure fedea ahul dagoela esan nahi al du honek? Ez du horrela izan beharrik. Ikus dezagun adibide bat. Asteetan zehar euria gogotik botatzen ari duenean, eguzkia ez dela inondik inora aterako pentsatu dezakegu. Baina esaera batek dioen moduan, ekaitzaren ostean barealdia. Era berean, oso desanimaturik gaudenean, mundu berria ez dela sekula iritsiko sentitu dezakegu. Gure fedea, berriz, sendoa denean, badakigu Jainkoak promestutakoa beteko dela (Sal 94:3, 14, 15; Heb 6:17-19). Konfiantza hau badugu, guretzat Jehoba zerbitzatzea garrantzitsuena izaten jarraituko du.

7. Zer jarrera izatea saihestu behar dugu?

7 Predikazioan ere fede sendoa izatea beharrezkoa da. Zergatik? Predikatzen ditugun berri onak askorentzat onegiak direlako egia izateko (Mt 24:14; Ez 33:32). Ez dugu jendearen jarrera eszeptikoak guregan eragin negatiboa izaterik nahi. Beraz, hau ez gertatzeko, gure fedea sendotzen jarraitu behar dugu. Ikusi ditzagun hau lortzeko hiru modu.

ERRESKATEAN HAUSNARTU

8, 9. Zer eragin du gure fedean erreskatean hausnartzeak?

8 Gure fedea sendotzeko modu bat erreskatean hausnartzea da. Erreskatea Jehobaren promesak beteko diren ziurtagiria da. Oso inportantea da erreskatearen zergatian eta Jehobak egindako sakrifizioan hausnartzea. Era horretara, Jehobaren promesan dugun fedea sendotuko dugu, eta ziur egongo gara mundu berrian betiko biziko garela. Zergatik esan dezakegu hau?

9 Zenbat sakrifikatu zuen Jehobak erreskatea eskaintzean? Jehobak bere Seme kuttuna, lagun minena, lurrera bidali zuen gizaki perfektu bezala jaiotzeko. Lurrean egon zenean, Jesusek egoera latzei aurre egin behar izan zien. Eta asko sufritu ondoren, heriotza mingarri bat izan zuen. Zein prezio altua ordaindu zuen Jehobak! Gure Aita maiteak ez luke inoiz bere Semeak sufrimendua eta heriotza jasaten utziko, guk hobea baina oso laburra den bizitza besterik ez izateko (Jn 3:16; 1 P 1:18, 19). Jehobak prezio oso altua ordaindu zuen bere Semea eskaintzean. Horrela, guk betirako bizitzeko aukera izateaz ziurtatu zen.

JEHOBAREN BOTEREAN PENTSATU

10. Efesoarrei 3:20⁠aren arabera, zer egiteko gai da Jehoba?

10 Gure fedea sendotzeko bigarren modu bat Jehobaren boterean pentsatzea da. Berak promestutako guztia betetzeko boterea du. Egia da pertsona askok mundu berri batean betirako bizitzea ezinezkoa dela uste dutela. Baina, askotan, Jehobak gizakiontzat betetzea ezinezkoak diren gauzak promesten ditu. Azken finean, bera Jainko Ahalguztiduna da (Jb 42:2; Mk 10:27). Beraz, ez gara harritzen horrelako gauza txundigarriak promesten dituenean (Irakurri Efesoarrei 3:20).

11. Jar ezazu Jehobak egindako promes txundigarri baten adibide bat (Ikusi « Bete ziren promes txundigarri batzuk» taula)

11 Betetzea ezinezkoak ziruditen promesak egin zituen Jehobak iraganean. Aztertu ditzagun hauetako batzuk. Abraham eta Sarari euren zahartzaroan seme bat izango zutela esan zien (Has 17:15-17). Gainera, Jehobak Abrahami esan zion bere ondorengoei Kanaan emango ziela. Baina, urte askotan, Abrahamen ondorengoak esklabo izan ziren Egipton. Beraz, ezinezkoa zirudien Jehobak promestutakoa noizbait betetzea. Hala ere, itxura guztien kontra, bete egin zen. Beranduago, Jehobak Elisabetek bere zahartzaroan haur bat izango zuela adierazi zuen. Mariari ere seme bat izango zuela esan zion, birjina izan arren. Horrela, Jehobak Edengo lorategian milaka urte aurretik egindako promesa ere beteko zuen, beste guztiak bezala! (Has 3:15).

12. Zer ziurtatzen digute Josue 23:14 eta Isaias 55:10, 11 aipuek Jehobaren botereari buruz?

12 Jehobaren promesetan eta hauek nola bete dituen pentsatzen dugunean, botere handia duela konturatzen gara. Ondorioz, mundu berrian dugun fedea sendotu egiten da (Irakurri Josue 23:14; Isaias 55:10, 11). Honi esker, errazagoa egingo zaigu besteei mundu berriko promesa erreala dela azaltzea eta ez amets huts bat. Izan ere, Jehobak berak hau esan zuen zeru-lur berriei buruz: «Idatzi esaten dudan hau egiazkoa eta fidagarria dela» (Ap 21:1, 5).

AKTIBITATE ESPIRITUALETAN MURGILDUTA EGON

BILERAK

Nola sendotu dezake gure fedea aktibitate espiritual honek? (Ikusi 13. paragrafoa)

13. Nola sendotzen dute gure fedea bilerek? Azaldu.

13 Gure fedea sendotzeko hirugarren modua aktibitate espiritualetan denbora pasatzea da. Aztertu dezagun, adibidez, zein probetxuzkoak diren gure bilerak. Ana denbora osoko zerbitzuan ibili da urte askotan, eta honakoa dio: «Bilerek nire fedea sendotzen laguntzen didate. Hizlaria irakaskuntza aldetik bikaina ez izan arren, edo nahiz eta ezer berririk ez esan, beti egongo da Biblia hobeto ulertzen lagunduko didan zerbait. Honek nire fedea indartzen du». b Eta, dudarik gabe, anai-arreben komentarioek ere gure fedea sendotzen dute (Erm 1:11, 12; 10:17).

PREDIKAZIOA

Nola sendotu dezake gure fedea aktibitate espiritual honek? (Ikusi 14. paragrafoa)

14. Nola sendotzen du predikazioak gure fedea?

14 Predikatzen dugunean ere, gure fedea sendotzen dugu (Heb 10:23NWT). Barbara duela 70 urte baino gehiago hasi zen Jehoba zerbitzatzen, eta hau dio: «Predikatzeak beti sendotu du nire fedea. Jehobaren promes zoragarriei buruz besteei geroz eta gehiago hitz egin, nire fedea orduan eta biziago eta sendoago dago».

IKASKETA PERTSONALA

Nola sendotu dezake gure fedea aktibitate espiritual honek? (Ikusi 15. paragrafoa)

15. Nola sendotzen du ikasketa pertsonalak gure fedea? (Ikusi irudiak ere)

15 Azter dezagun gure fedea sendotzen duen beste zerbait: ikasketa pertsonala. Susani oso lagungarria egiten zaio bere ikasketa pertsonala antolatzea. Berak dio: «Igandero hurrengo asteko Talaiaren ikasketa prestatzen dut, eta astelehen eta asteartero, aste barruko bilera. Gainontzeko egunak ikasketa proiektu pertsonaletarako erabiltzen ditut». Antolatutako ordutegia betetzen duenean, Susanek bere fedea sendotzen jarraitzen du. Bestetik, Ireneren kasua dugu. Bera urte askotan egoitza nagusian aritu da zerbitzatzen, eta Bibliako profeziak aztertzea oso lagungarria izan zaio bere fedea sendotzeko: «Sekulakoa da Jehobaren profeziak zehatz-mehatz bete direla ikustea». c

DUDARIK GABE BETEKO DA

16. Zer esan nahi du guretzat Jehobak Habakuki ziurtatu zionak? (Hebrearrei 10:36, 37)

16 Jehobaren zerbitzari leial batzuk denbora luzez egon dira sistema honen amaiera ikusteko zain. Gizakion ikuspuntutik, Jehobaren promesa atzeratzen ari dela eman dezake. Baina Jehobak badaki bere zerbitzariok nola sentitzen garen. Izan ere, honakoa ziurtatu zion Habakuk profetari: «Ikuskari hau ez da beteko, epea burutu arte, baina badoa helbururantz, ez du huts egingo. Luzatzen bada, zuk itxaron, iritsiko baita, berandu gabe iritsi ere» (Hab 2:3). Habakuken onerako bakarrik izan al ziren Jainkoaren hitz hauek? Noski ezetz. Guk ere hitz hauetatik probetxu handia atera dezakegu. Jehobak Paulo apostoluari hitz hauek kristauentzat ere bazirela esan zion. Izan ere, kristauak mundu berria iristeko irrikitan daude (Irakurri Hebrearrei 10:36, 37). Zer ziurtasun dugu Jehobaren promesa atzeratzen ari dela iruditzen bazaigu? Jehobak honakoa ziurtatzen digu: «Luzatzen bada, zuk itxaron, iritsiko baita. Berandu gabe iritsi ere».

17. Nola jarraitu zuen arreba batek Jehobak Habakuki emandako aholkua?

17 Jehobaren zerbitzari asko, bere aholkua jarraituz, urte askotan zehar itxaroten egon dira. Louise izeneko arreba bat, adibidez, 1939. urtean hasi zen Jehoba zerbitzatzen. Berak dio: «Garai hartan, Harmagedon eskola amaitu aurretik iritsiko zela pentsatzen nuen. Baina, ez zen hala izan. Urtetan zehar, oso lagungarria izan zait Bibliako pasarte batzuk irakurtzea. “Itxaron zutenen pasarteak” deitzen diet. Noe, Abraham eta Josek, besteak beste, denbora luzez itxaron behar izan zuten Jehobak promestutakoa jaso ahal izateko. Zerbitzari leial hauek bezala, itxaroten egotea oso lagungarria izan zaigu askori. Ziur gaude mundu berria iristear dagoela». Jehoba denbora luzez zerbitzatu duten beste askok ere gauza bera diote!

18. Nola laguntzen digu kreazioa begiratzeak mundu berrian dugun fedea sendotzen?

18 Egia da mundu berria ez dela oraindik iritsi. Baina, pentsatu gure inguruan dauden gauza batzuetan, adibidez, izar, zuhaitz, animalia eta gizakietan. Inork ez du dudan jartzen hauek existitzen direnik, nahiz eta garai batean horrela ez izan. Baina existitzen diren gauza hauek errealak dira Jehobak sortu zituelako (Has 1:1, 26, 27). Gauza bera gertatuko da Jainkoak promestutako mundu berriarekin; erreala izatera iritsiko da. Mundu berrian pertsonak betirako biziko dira eta hauek osasun perfektua izango dute. Ziur egon gaitezke iristear dagoen mundu berria Jainkoak sortutako guztia bezain erreala izango dela. Bai, berak erabakitako garaian iritsiko da (Is 65:17; Ap 21:3, 4).

19. Nola sendotu dezakegu gure fedea?

19 Bitartean, aprobetxatu ditzagun gure fedea sendotzeko ditugun aukera guztiak. Bihotzez estimatu erreskatea. Jehobaren boterean pentsatu, eta aktibitate espiritualetan murgilduta egon. Hau egiten badugu, «fedez eta pazientziaz promesak heredatzen dituztenen» artean egongo gara (Heb 6:11, 12, Le; Erm 5:5).

sjj 139. KANTA Ikusi zeure burua mundu berrian

a Gaur egun pertsona askok ez dute Bibliak promestutako mundu berrian sinisten. Amets edo ipuin bat dela, edota egia izateko onegia dela uste dute. Gu, aldiz, ziur gaude Jehobaren promes guztiak beteko direla. Hala ere, gure fedea bizirik mantentzeko, hau sendotzen jarraitu behar dugu. Artikulu honetan hau nola lortu dezakegun aztertuko dugu.

b Izen batzuk aldatuak izan dira.

c Bibliako profeziei buruzko artikulu asko Índice de las publicaciones Watch Tower barnean «profecía» idatziz topatu daitezke (Index des publications des Témoins de Jéhovah > «prophétie»). Adibidez, ikusi argitalpen honetako 2018⁠ko urtarrilaren 1⁠eko «Lo que Jehová predice se cumple sin falta» artikulua («Les prédictions de Jéhovah s’accomplissent»).