Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

16. IKASKETARAKO ARTIKULUA

«Piztuko da zure neba»!

«Piztuko da zure neba»!

«Jesusek erantzun zion [Martari]: “Piztuko da zure neba”» (JN 11:23).

sjj 151. KANTA Jainkoak dei egingo du

ZER AZTERTUKO DUGU? a

1. Nola erakutsi zuen mutiko batek berpizkundean zuen esperantza?

 ZAZPI urteko Matthew izeneko mutiko batek ebakuntza asko izan zituen osasun arazo larrien ondorioz. Behin, bere gurasoekin batera JW Broadcasting®-a ikusten ari zela, berpiztuei ongietorria ematen ikusten zen bideo musikal bat agertu zen. b Programa bukatzean, Matthew-k gurasoei eskuetatik helduta, esan zien: «Aitatxo, amatxo, ikusten? Hiltzen banaiz ere, berpiztuko naiz. Zuek niri itxaron; dena ondo aterako da». Imajinatzen al duzu nola sentitu ziren guraso haiek berpizkundearen esperantza euren semearentzat zein erreala zen ikustean?

2, 3. Zergatik da ona guretzat berpizkundearen promesan hausnartzea?

2 Ona da guretzat noizean behin berpizkundearen promesan hausnartzea (Jn 5:28, 29NWT). Zergatik? Gaixotasun larri bat izatea edo maite dugun norbait heriotzean galtzea bat-batean gertatu daitekeelako (Koh 9:11NWT; St 4:13, 14). Berpizkundean dugun esperantzak egoera hauei aurre egiten lagundu gaitzake (1 Ts 4:13). Bestalde, Bibliak gure zeruko Aitak oso ondo ezagutzen gaituela eta bihotzez maite gaituela ziurtatzen digu (Lk 12:7). Pentsatu honetan: Jehobak gure izaera eta oroitzapen berberekin gu berpizteko ahalmena du. Argi dago Jehobak inork baino hobeto ezagutzen gaituela. Gainera, Jehobak betirako bizitzeko aukera ematen digu; eta hiltzen bagara ere, berpiztuko gaitu. Zein maitekorra den gure Jainkoa!

3 Artikulu honetan, hasteko, berpizkundean sinesteko ditugun arrazoiak aztertuko ditugu. Ondoren, gure fedea sendotuko duen Biblia pasarte bat aztertuko dugu. Pasarte honetan, artikulu honetako aipu nagusiaren hitz hauek agertzen dira: «Piztuko da zure neba» (Jn 11:23). Azkenik, berpizkundearen itxaropena guretzat errealagoa izateko moduak ikusiko ditugu.

ZERGATIK SINETSI DEZAKEGU BERPIZKUNDEAREN PROMESAN?

4. Promes batean sinesteko, zertaz egon behar dugu ziur? Adibide bat jarri.

4 Nola egon gaitezke ziur promestu diguten zerbait beteko den ala ez? Promesa egin duenak betetzeko desioa eta boterea, edo ahalmena, badu. Jarri dezagun adibide bat. Imajinatu ekaitz batek zure etxea hondatu duela. Orduan, lagun batek etxea konponduko dizula promesten dizu. Lagunak zu laguntzeko desioa du, ez duzu inongo dudarik. Baina, horretaz gain, badakizu zu laguntzeko ahalmena duela, eraikuntzan trebea delako eta beharrezko tresnak dituelako. Beraz, nola ez duzu berak promestutakoa sinestuko? Era berean, zer pentsatzen duzu Jainkoak hildakoak berpiztuko dituen promesaz? Ba al du benetan promes hori betetzeko desio eta botererik?

5, 6. Zergatik egon gaitezke ziur Jehobak hildakoak berpizteko desioa duela?

5 Ba al du Jehobak hildakoak berpizteko desiorik? Dudarik gabe, bai! Hainbat Biblia idazle inspiratu zituen, berak promestutakoa idatzita geratuko zela ziurtatzeko (Is 26:19; Os 13:14; Ap 20:11-13). Gainera, Jehobak promes bat egiten duenean, beti betetzen du (Jos 23:14). Izan ere, Jehoba hildakoak berpizteko irrikitan dago. Zergatik diogu hau?

6 Aztertu ditzagun Joben hitzak. Bera ziur zegoen, hiltzen bazen ere, Jehobak bera berpizteko gogo bizia izango zuela (Jb 14:14, 15). Gauza bera sentitzen du Jehobak hil diren bere zerbitzari leial guztiengatik. Hauek berpizteko irrikitan dago, eta gainera gorputz osasuntsu bat emango die. Hau zoriona! Baina, zer sentitzen du Jehobak bera ezagutzeko aukera izan ez duten milioika eta milioika hildakoengan? Gure Jainko maitekorrak beraiek ere berpizteko desioa du (Eg 24:15NWT). Bere lagunak izateko eta lurrean betirako bizitzeko aukera eman nahi die (Jn 3:16NWT). Argi dago Jehobak hildakoak berpizteko desioa duela.

7, 8. Zergatik egon gaitezke ziur Jehobak hildakoak berpizteko boterea duela?

7 Ba al du Jehobak hildakoak berpizteko botererik? Noski baietz! Bera «ahalguztiduna» da (Ap 1:8). Beraz, edozein etsai, heriotza barne, ezabatzeko boterea du (1 Ko 15:26). Hau jakiteak indarra eta kontsolamendua ematen dizkigu. Ikus dezagun Emma Arnold arrebaren bizipena. II Mundu Gerran, berak eta bere familiak proba larriei aurre egin behar izan zizkieten. Maite zituzten batzuk nazi kontzentrazio eremuetan hil ziren. Horregatik, alaba kontsolatu nahian, hauxe esan zion Emmak: «Hildakoak ez badira berriro bizira itzuliko, horrek esan nahiko luke gure etsaia, heriotza, Jainkoa baino boteretsuagoa dela, ezta?». Ez dago Jehoba baino boteretsuagoa den ezer! Jainko Ahalguztidunak bizia sortu duenez, ziur egon gaitezke hildakoei bizia berriz eman ahal diela.

8 Jainkoak berpizteko ahalmena duela sinesteko beste arrazoi bat dugu: bere memoriak ez du mugarik. Izar bakoitzari bere izenez deitzen dio (Is 40:26). Gainera, hil direnak gogoratzen ditu (Jb 14:13; Lk 20:37, 38). Berpiztuko dituenen detaile txikienak ere erraz gogoratu ditzake, beraien kode genetikoa, izandako bizipenak eta oroitzapenak barne.

9. Zergatik sinetsi dezakegu Jehobak etorkizunean hildakoak berpiztuko dituela?

9 Berpizkundearen promesan sinetsi dezakegu, Jehobak hau betetzeko desioa eta boterea duelako. Ikus dezagun beste arrazoi bat: Jehobak dagoeneko hildakoak berpiztu ditu. Biblia garaian, hildakoak berpizteko gaitasuna eman zien fede gizon batzuei, Jesusi barne. Azter dezagun Joan 11 kapituluko Jesusek egindako berpizkundea.

JESUSEK LAGUN MAITE BAT GALTZEN DU

10. Zer gertatzen da Jesus Jordanaren beste aldean predikatzen dagoen bitartean, eta zer egiten du? (Joan 11:1-3)

10 Irakurri Joan 11:1-3. Imajinatu zer gertatu zen Betanian 32. urtean. Jesusek lagun onak ditu herri hartan: Lazaro, Maria eta Marta (Lk 10:38-42). Baina Lazaro gaixotu egin da eta bere bi arrebak kezkatuta daude. Jesus Jordanen beste aldera dagoenez, Betaniatik oinez bi egunetara, mezu bat bidaltzen diote (Jn 10:40). Tamalez, Jesusek mezua jasotzen duenerako, Lazaro hilda dago. Jesusek badaki bere laguna hil berri dela, baina bertan bi egun gehiago geratzen da eta ondoren doa Betaniara. Beraz, Jesus iristen denerako, lau egun pasa dira Lazaro hil zenetik. Orduan, Jesusek bere lagunentzat mesedegarria izango den eta Jainkoari aintza emango dion zerbait egingo du (Jn 11:4, 6, 11, 17).

11. Zer irakasten digu pasarte honek adiskidetasunari buruz?

11 Pasarte honetatik zerbait ikasten dugu adiskidetasunari buruz. Maria eta Martak Jesusi mezua bidaltzean, ez zioten Betaniara joateko eskatu. Bere lagun maitea gaixo zegoela bakarrik esan zioten (Jn 11:3). Bestalde, Lazaro hil zenean, Jesusek urrutitik berpiztu ahal izan zuen. Hala ere, Betaniara joatea erabaki zuen bere lagunekin, Maria eta Martarekin, egoteko. Ba al duzu zuk ezer eskatu gabe zu laguntzeko prest dagoen lagunen bat? Hala bada, ziur egon zaitezke larrialdietan zure alboan egongo dela (Es 17:17). Imitatu dezagun Jesus, bera bezalako laguna izanez. Itzuli gaitezen orain pasartera eta ikus dezagun ondoren gertatu zena.

12. a) Zer promesten dio Jesusek Martari? b) Zergatik sinetsi dezake promes horretan? (Joan 11:23-26)

12 Irakurri Joan 11:23-26. Marta, Jesus Betaniatik gertu zegoela jakitean, segituan joan zen bere bila, eta esan zion: «Jauna, hemen izan bazina, gure neba ez zen hilko» (Jn 11:21). Hala da, Lazaro sendatu ahal izango zuen. Baina oraindik harrigarriagoa izango zen zerbait egitea pentsatu zuen Jesusek. Hauxe promestu zion Martari: «Piztuko da zure neba». Gainera, promes honetan sinesteko beste arrazoi bat eman zion: «Neu naiz piztuera eta bizia». Jainkoak hildakoak berpizteko boterea eman zion Jesusi. Lehenago, neskatila bat berpiztu zuen hil eta gutxira. Beste batean, mutil gazte bat berpiztu zuen dirudienez hil zen egun berean (Lk 7:11-15; 8:49-55). Baina bere lagunak lau egun zeramatzan hilda eta bere gorpua dagoeneko usteltzen hasia zen. Gai izango al zen berpizkunde mota hau egiteko?

«LAZARO, ZATOZ KANPORA!»

Jesusek barne-barneko errukia sentitu zuen doluan zeuden bere lagunengatik (Ikusi 13 eta 14 paragrafoak)

13. ⁠Joan 11:32-35 pasartearen arabera, nola erreakzionatzen du Jesusek Maria eta besteak negarrez ikustean? (Ikusi irudia ere)

13 Irakurri Joan 11:32-35. Imajinatu jarraian gertatzen dena. Maria, Lazaroren beste arreba, Jesusen bila doa eta berak ere esaten dio: «Jauna, hemen izan bazina, gure neba ez zen hilko». Maria eta berarekin daudenak bihotza hautsita dutela eta negar zotinka daudela ikusirik, Jesus oso atsekabetuta sentitzen da. Orduan, errukiak bultzatuta, negarrari ematen dio. Berak badaki zein mingarria den norbait heriotzean galtzea. Argi dago, Jesusek beraien sufrimendua ezabatzeko gogo bizia du.

14. Jesusek Mariaren negarraren aurrean izandako erreakzioa ikustean, zer ikasten dugu Jehobari buruz?

14 Jesusek Mariaren negarraren aurrean izandako erreakzioak honakoa erakusten digu: Jehoba bihotz-bihotzeko errukia erakusten duen Jainkoa dela. Zergatik diogu hau? Aurreko artikuluan ikusi genuen bezala, Jesusek modu perfektuan imitatzen ditu bere Aitaren pentsaera eta sentimenduak (Jn 12:45). Jesusek barne-barneko errukia sentitu zuen doluan zeuden bere lagunengatik, eta horregatik egin zuen negar. Beraz, ziur egon gaitezke Jehobak ere erruki bera sentitzen duela gu sufritzen ikustean (Sal 56:9 [56:8, NWT]). Ez al digu honek gure Jainko maitekorrarengana gehiago gerturatzeko desioa pizten?

Jesusek hildakoak berpizteko boterea duela erakutsi zuen (Ikusi 15 eta 16 paragrafoak)

15. ⁠Joan 11:41-44 pasartearen arabera, azaldu zer gertatzen den Lazaroren hilobian. (Ikusi irudia ere)

15 Irakurri Joan 11:41-44. Lazaroren hilobira iristean, Jesusek bertan dagoen harria kentzeko eskatzen du. Baina Martak gorpuak jada kiratsa botako duela esaten dio. Orduan, Jesusek erantzuten dio: «Ez dizut, bada, esan, sinesten baduzu Jainkoaren aintza ikusiko duzula?» (Jn 11:39, 40). Ondoren, Jesusek, begiak zerurantz jasorik, denen aurrean egiten du otoitz. Jarraian gertatuko denaren meritu guztia Jehobari eman nahi dio. Une horretan, Jesusek ozenki esaten du: «Lazaro, zatoz kanpora!». Eta Lazaro hilobitik irteten da. Jesusek batzuen ustez ezinezkoa den zerbait egitea lortu du (Ikusi Joan 11:17⁠ko ikasketarako oharra gaztelaniaz).

16. Nola sendotzen digu berpizkundean dugun fedea Joanen 11. kapituluko pasarteak?

16 Joanen 11. kapituluko pasarteak berpizkundean dugun fedea sendotzen digu. Zergatik? Gogoratu Jesusek Martari egindako promesa: «Piztuko da zure neba» (Jn 11:23). Bere Aitak bezala, Jesusek ere promes hori betetzeko desioa eta boterea du. Hori da bere negar malkoek erakutsi zutena, heriotza eta honek sortutako sufrimendua kendu nahi dituela. Bestalde, Lazaro hilobitik atera zenez, Jesusek hildakoak berpizteko boterea ere baduela frogatu zuen. Gainera, pentsatu Jesusek Martari gogorarazi ziona: «Ez dizut, bada, esan, sinesten baduzu Jainkoaren aintza ikusiko duzula?» (Jn 11:40). Jainkoak hildakoak berpiztuko dituela promestu du eta promes honetan sinesteko arrazoi onak ditugu. Baina zer egin dezakegu esperantza hau guretzat errealagoa izateko?

ZER EGIN DEZAKEGU BERPIZKUNDEA GURETZAT ERREALAGOA IZATEKO?

17. Zertan pentsatu behar dugu Biblian berpizkundeei buruzko pasarteak irakurtzean?

17 Iraganeko berpizkundeei buruz irakurri eta hausnartu. Biblian lurrean berpiztuak izan ziren pertsonen zortzi pasarte agertzen dira. c Ideia ona izan daiteke pasarte bakoitza aztertzea. Hau egiten duzun bitartean, gogoratu gu bezalako pertsonak izan zirela. Horien artean, gizon, emakume eta haurrak zeuden. Beraz, saiatu pasarte hauetatik ikasgaiak ateratzen. Pentsatu gertaera bakoitzak nola frogatzen duen Jainkoak hildakoak berpizteko desioa eta boterea duela. Eta bereziki, hausnartu inoiz izan den berpizkunde inportanteenean: Jesusen berpizkundean. Gogoan izan hau ehunka pertsonek ikusi zutela. Bai, bere berpizkundeak gure fedeari oinarri sendoa ematen dio (1 Ko 15:3-6, 20-22).

18. Nola atera ahal diezu etekin handiena berpizkundeari buruzko kantei? (Ikusi oharra ere)

18 Entzun eta abestu berpizkundea aipatzen duten kantak, eta hauetan hausnartu d (Ef 5:19). Horrela, berpizkundea errealagoa izango da guretzat eta gure fedea sendotuko da. Beraz, entzun eta entseiatu ditzagun, eta aprobetxatu familia adorazioa letren esanahiez hitz egiteko. Saiatu letrak buruz ikasten zure bihotza ukitu dezaten. Era horretara, hil edo biziko egoera baten aurrean bagaude, edo maite dugun norbait heriotzean galtzen badugu, Jehobaren espiritu santuak kanta hauek gogoratzen lagunduko digu. Honek behar dugun kontsolamendua eta indarra emango dizkigu.

19. Zer etortzen zaizu burura berpizkundean pentsatzean? (Ikusi « Zer galdetuko zenieke?» taula)

19 Erabili zure imajinazioa. Jehobak geure burua mundu berrian ikusteko gaitasuna eman digu. Arreba batek honela azaltzen du: «Denbora pila bat pasa dut neure burua mundu berrian imajinatzen, paradisuan egongo banintz bezala, bertako arrosak usaintzen». Imajinatu zeure burua Biblia garaiko gizon eta emakume leialak ezagutzen. Nor ezagutzeko gogoa duzu? Pentsatu al duzu zer galdetuko diozun? Imajinatu nolakoa izango den maite duzun norbait berpiztua izan dela ikustea eta berarekin berriro elkartzea. Begiak itxi eta imajinatu momentu hori: zuen lehenengo hitzak, besarkada goxoak eta pozez beteriko malkoak.

20. Zer egin nahi dugu?

20 Zenbat eskertzen dugun Jehobak berpizkundearen promesa egin izana! Ziur gaude promes hau beteko dela, Jehobak hau burutzeko desioa eta boterea baitu. Beraz, sendotu dezagun esperantza paregabe honetan dugun fedea. Hau eginez gero, Jehobarengana are gehiago hurbilduko gara, bera baita gutako bakoitzari promes hau egin diguna: «Piztuko dira, bai, maite dituzunak!».

sjj 147. KANTA Promestutako betiko bizia

a Maite duzun norbait heriotzean galdu baduzu, ziur berpizkundearen promesak asko kontsolatzen zaituela. Hala ere, nola azalduko zenieke besteei zergatik sinesten duzun promes honetan? Eta zer egin dezakezu itxaropen hau zuretzat errealagoa izateko? Artikulu honek berpizkundean dugun fedea sendotzen lagunduko digu.

b Bideo musikal honen izenburua Ate joka dago da, eta 2016⁠ko azaroko Broadcasting-ean argitaratu zen.

c Ikusi argitalpen honen 2015⁠eko abuztuaren 1⁠eko «Ocho resurrecciones relatadas en la Biblia» taula, 4. or. («Huit résurrections dont parle la Bible»).

d Ikusi Kantatu bihotzez Jehobari kanta liburuko hurrengo kantak: «Ikusi zeure burua mundu berrian» (139. kanta), «Eduki bistan saria» (144. kanta) eta «Jainkoak dei egingo du» (151. kanta). Ikusi jw.org webguneko abesti hauek ere: «Ate joka dago», «Han, mundu berrian» eta «Ya verás» («Tu verras»).