15. IKASKETARAKO ARTIKULUA
Zer ikasi dezakegu Jesusen mirarietatik?
«On egiten eta […] sendatzen igaro zuen bere bizitza» (EG 10:38).
sn 5. KANTA Jesu Kristo, gure eredua
ZER AZTERTUKO DUGU? a
1. Zein egoeratan gertatu zen Jesusen lehenengo miraria?
GOAZEN Jesus predikatzen hasi zen garaira, 29. urte bukaera aldera. Jesus, bere ama Maria eta jarraitzaile batzuk Kanan ospatuko den ezkontza batera gonbidatu dituzte. Herrixka hau Jesusen jaioterriaren iparraldean dago. Maria, ezkongaien laguna denez, gonbidatuak gustura egoteko laguntzen ari da. Baina ezkontzan zehar, ezkongaiak eta familia lotsarazi ahal zituen zerbait gertatzen da; ardorik gabe geratzen dira. b Agian, ez zituzten hainbeste gonbidatu espero. Horregatik, korrika eta presaka, Maria bere semearengana doa eta hau esaten dio: «Ez dute ardorik» (Jn 2:1-3). Orduan, Jesusek harrigarria den zerbait egiten du: ura ardo bihurtzen du, «ardorik onena» (Jn 2:9, 10).
2, 3. a) Nola erabili zuen Jesusek bere boterea? b) Nola lagundu gaitzake Jesusen mirariak aztertzeak?
2 Predikatzen egon zen bitartean, Jesusek hainbat mirari egin zituen. c Izan ere, bere boterea erabili zuen milaka eta milaka pertsonei laguntzeko. Adibidez, egindako mirari batean, 5.000 gizon elikatu zituen; eta beste batean, beste 4.000. Gainera, mirari hauetan emakume eta haurrak egon zirenez, ziurrenik 27.000 pertsona baino gehiagori lagundu ahal izan zien (Mt 14:15-21; 15:32-38). Ez hori bakarrik, bi kasu hauetan Jesusek gaixoak ere sendatu zituen (Mt 14:14; 15:30, 31). Imajinatu zein txundituta geratuko zen jendea Jesusen mirari hauek ikustean!
3 Asko ikasi dezakegu Jesusen mirarietatik. Artikulu honetan, gure fedea sendotzeko, mirari hauek zer irakasten diguten aztertuko dugu. Bestalde, Jesusek mirari hauek egitean erakutsitako apaltasuna eta errukia nola imitatu ditzakegun ere ikusiko dugu.
ZER IKASTEN DUGU JEHOBA ETA JESUSENGANDIK?
4. Nortzuei buruz irakasten digute Jesusen mirariek?
4 Gure fedea sendotzen duten Jesusen mirariek asko irakasten digute Jesusi buruz, baina baita Jehobari buruz ere. Azken finean, Jehoba da mirari hauen benetako Iturria. Eginak 10:38ak honakoa dio: «Jainkoak Espiritu Santuaz eta indarrez gantzutu zuen [Jesus], eta hark on egiten eta deabruaren menpe zeuden guztiak sendatzen igaro zuen bere bizitza, Jainkoa berekin baitzuen». Gogoratu gainera, Jesusek esandako eta egindako guztiak, bere mirariek barne, bete-betean erakutsi zutela bere Aitak pentsatzen eta sentitzen duena (Jn 14:9). Azter ditzagun Jesusen mirarietatik ikasi ditzakegun hiru irakaspen.
5. Zerk bultzatu zuen Jesus mirariak egitera? (Mateo 20:30-34)
5 1) Jehoba eta Jesusek bihotz-bihotzez maite gaituzte. Lurrean egon zen bitartean, Jesusek maitasuna erakutsi zuen bere boterea sufritzen ari zirenen alde erabiltzean. Behin, bi itsu berarengana gerturatu ziren laguntza erregutuz (Irakurri Mateo 20:30-34). Jesusek, lehenik, barne-barneko «gupida» sentitu zuen; hau da, erabat hunkitu egin zen. Eta ondoren, bi itsuak sendatu zituen. «Erabat hunkitu» bezala itzulitako jatorrizko aditz grekoak barne-barnean sentitzen den errukiz beteriko sentimendu sakona adierazten du. Jesusen maitasunak erruki mota hau erakustera eta jendea elikatu eta sendatzera bultzatu zuen (Mt 15:32; Mk 1:41). Ziur egon gaitezke Jehobak, bihotz-bihotzeko errukiz beteriko Jainkoak, eta bere Semeak bihotzez maite gaituztela, eta gure mina sentitzen dutela (Lk 1:78; 1 P 5:7). Gizakion arazo guztiak ezabatzeko irrikitan daude!
6. Zer egiteko boterea eman dio Jainkoak Jesusi?
6 2) Jainkoak Jesusi gizakion arazo guztiak konpontzeko boterea eman dio. Jesusek, bere mirariei esker, guk konpondu ezin ditugun arazoak konpontzeko gaitasuna duela erakutsi zuen. Adibidez, Jesusek gizakiok ditugun arazoen jatorria ezabatzeko boterea du, hau da, bekatua, honekin lotutako gaixotasunak eta heriotza (Mt 9:1-6; Erm 5:12, 18, 19). Bere mirariek gaixotasun mota «guztiak» sendatzeko ahalmena duela erakusten dute. Ez hori bakarrik, hildakoak berpizteko ahalmena ere badu (Mt 4:23; Jn 11:43, 44). Gainera, ekaitz bortitzak kontrolpean izateko eta jendea espiritu gaiztoengandik askatzeko boterea du (Mk 4:37-39; Lk 8:2). Zein lasaigarria den Jehobak bere Semearen eskuetan botere hau utzi duela jakitea!
7, 8. a) Zer ziurtasun ematen digute Jesusen mirariek? b) Mundu berriko zein mirariren zain zaude bereziki?
7 3) Ziur egon gaitezke Jainkoaren Erreinuak etorkizunean ekarriko dituen bedeinkapenak beteko dituela. Zer erakusten digute Jesusek lurrean egindako mirariek? Jainkoaren Erreinuko Errege bezala eskala handiagoan zer egingo duen erakusten digute. Imajinatu dezagun zer biziko dugun hemendik gutxira Jesu Kristoren agintaritzapean. Osasun perfektuaz gozatuko dugu. Izan ere, gizakiok sufritzen ditugun gaixotasun mota guztiak ezabatuko ditu (Is 33:24, NWT; 35:5, 6; Ap 21:3, 4). Ez gara inoiz gose izango eta ez ditugu hondamendi naturalen ondorioak gehiago sufrituko (Is 25:6; Mk 4:41). Gainera, zenbat poztuko garen maite ditugunak berpizten direnean eta hauei ongietorria ematen diegunean! (Jn 5:28, 29). Mundu berriko zein mirariren zain zaude bereziki?
8 Jesusek apaltasun handia eta errukia erakutsi zuen mirariak egitean. Eta gu ezaugarri hauek imitatzen saiatu behar gara. Ikus ditzagun bi adibide. Lehenik, hasi gaitezen Kanan izandako ezkontzan gertatutakoarekin.
APALTASUNARI BURUZKO IRAKASPEN BAT
9. Zer egin zuen Jesusek ezkontza batean? (Joan 2:6-10)
9 Irakurri Joan 2:6-10. Behartuta al zegoen Jesus zerbait egitera ezkontzan ardorik gabe geratu zirenean? Ez. Ez zegoen Jesusek mirari hau egingo zuela esaten zuen profeziarik. Baina, imajinatu nola sentituko zinen zure ezkontzan edaririk gabe geratu izan bazina. Jesusek, errukiak bultzatuta, ez zuen familiak, eta bereziki ezkontideek, lotsa sentitzerik nahi. Horregatik egin zuen hasieran aipatutako miraria: 390 litro inguru ur ardo bihurtu zituen, eta kalitate onenekoa gainera. Jesusek hainbeste ardo egitearen arrazoiak hauek izan daitezke: agian soberan geratu zena etorkizunean erabili ahal izatea; edo soberan geratutako ardoa saltzean, bikote gazteari ekonomikoki lagundu ahal izatea. Dena dela, zein eskertuta sentituko ziren ezkongaiak!
10. Zer detaile interesgarri agertzen dira Joanen 2. kapituluan? (Ikusi irudia ere)
10 Azter ditzagun Joanen 2. kapituluan agertzen diren detaile interesgarri batzuk. Konturatu al zara ontziak urez bete zituena ez zela Jesus izan? Arreta bereganatu beharrean, zerbitzariei esan zien ontziak urez betetzeko (6 eta 7 bertsetak). Eta ura ardo bihurtu ondoren, Jesusek ez zuen jendearen arreta bereganatu. Ardo pixka bat mahaizainari edo ezkontzako arduradunari berak eraman beharrean, zerbitzariei eskatu zien hau egiteko (8. bertseta). Argi dago Jesusek ez zuela ardo kopa bat hartu, hau altxatu eta gonbidatuen aurrean harro-harro honakorik esan: «Dasta ezazue nire ardoa, nik oraintxe bertan egindakoa!».
11. Zer ikasi dezakegu Jesusen miraritik?
11 Zer ikasi dezakegu Jesusek ura ardo bihurtu zuen miraritik? Apaltasunari buruzko irakaspen bat. Jesus ez zen mirari honetaz harropuztu. Izan ere, bera ez zen lortutako gauzez inoiz harropuztu. Horren ordez, apalki-apalki eta behin eta berriz, ohore eta meritu guztia bere Aitari eman zion (Jn 5:19, 30; 8:28). Guk ere, Jesusek bezala, geure burua apalki ikusten badugu, ez gara gure lorpenez harrotuko. Jehobaren zerbitzuan zer egiten dugun axola gabe, harrotu gaitezen Jehoba zerbitzatzeko dugun ohoreaz, eta ez geure buruaz (Jr 9:22, 23 [9:23, 24, NWT]). Eman diezaiogun Jehobari merezi duen meritua. Azken finean, ez dago bere laguntzarik gabe lortu dezakegun ezer (1 Ko 1:26-31).
12. Zein da Jesusen apaltasuna imitatzeko beste modu bat? Adibide bat jarri.
12 Azter dezagun Jesusen apaltasuna imitatzeko beste modu bat. Imajinatu hurrengo egoera hau. Adindun batek denbora asko pasa du kongregazioko laguntzaile gazte bati bere lehenengo hitzaldi publikoa prestatzen laguntzen. Ondorioz, anaia gazte honek kongregazioari asko gustatu zaion eta animagarria izan den hitzaldia egin du. Bilera ondoren, norbaitek honakoa esan dio adindunari: «Anaiak egin duen hitzaldia primerakoa izan da, ezta?». Adindunak hurrengoa esatea beharrezkoa dela uste al duzu?: «Hala da, ezin duzu imajinatu zenbat denbora pasa dugun elkarrekin hitzaldia prestatzen». Edo, agian, esan al dezake apalki-apalki beste hau?: «Hala da, oso ondo egin du». Apalak bagara, ez gara besteen alde egiten ditugun gauzen meritua jasotzen saiatuko. Pozik gaude, badakigulako egiten ditugun gauzak Jehobak ikusi eta estimatzen dituela (Konparatu Mateo 6:2-4; Heb 13:16). Dudarik gabe, Jehoba pozten dugu Jesusen apaltasuna imitatzen dugunean (1 P 5:6).
ERRUKIARI BURUZKO IRAKASPEN BAT
13. Zer ikusi zuen Jesusek Nain hiritik gertu, eta zer egiten du? (Lukas 7:11-15)
13 Irakurri Lukas 7:11-15. Itzuli gaitezen berriro Jesus predikatzen egon zen garaira. Jesus Nainera doa, Xunemetik gertu dagoen Galileako hiri batera. Bertan, 900 urte lehenago, Eliseo profetak emakume baten semea berpiztu zuen (2 Erg 4:32-37). Hiriko sarrerara iristean, Jesusek hileta prozesio bat ikusi du hiritik ateratzen. Irudikatu hurrengoa: alargun batek bere seme bakarra galdu du. Hau egoera tristea! Baina lur jota dagoen ama hura ez dago bakarrik, jendetza handia dago bere alboan. Orduan, Jesusek prozesioa geldiarazten du, eta ama honek inoiz ahaztuko ez duen zerbait egiten du: bere semea berpiztu! Ebanjelioetan agertzen diren Jesusek egindako hiru berpizkundeetatik lehenengoa da hau.
14. Zer detaile interesgarri agertzen dira Lukasen 7. kapituluan? (Ikusi irudia ere)
14 Azter ditzagun Lukasen 7. kapituluan agertzen diren detaile interesgarri batzuk. Konturatu al zara hurrengoaz? Jesusek, lur jota zegoen ama hura ikusi zuen, eta ondoren «errukitu egin zitzaion» (13. bertseta). Agian ama hura bere semearen gorpuaren ondoan negar zotinka ibiltzen zihoan. Egoera hau ikustean, Jesusek errukia sentitu zuen. Ez zuen amarengatik pena bakarrik sentitu; errukia ere erakutsi zion. Jesusek, goxotasunez, hau esan zion: «Ez egin negarrik». Ondoren, aurrea hartuz, zerbait egin zuen bera laguntzeko. Bere semea berpiztu zuen eta berari eman zion (14 eta 15 bertsetak).
15. Zer ikasi dezakegu Jesusen miraritik?
15 Zer ikasten dugu Jesusek alargunaren semea berpiztearen miraritik? Doluan daudenei errukia erakutsi behar diegula. Noski, ezin ditugu Jesusek bezala hildakoak berpiztu, baina doluan daudenei errukia erakutsi ahal diegu adi-adi egonez. Hartu dezagun iniziatiba errukia erakusten. Nola lortu dezakegu hau? Hitz eta ekintzen bidez lagunduz eta kontsolatuz (Es 17:17; 2 Ko 1:3, 4; 1 P 3:8). d Detaile txikiekin ere asko lagundu ahal diegu.
16. Irudian ikusten den bezala, zer ikasten dugu alaba galdu zuen ama baten bizipenetik?
16 Azter dezagun bizipen bat. Duela urte batzuk, bilera batean anai-arrebak abesten ari ziren bitartean, arreba bat ama bat negarrez ari zela konturatu zen. Kantak berpizkundearen itxaropenari buruz hitz egiten zuen, eta ama horri duela gutxi bere alaba gaztea hil zitzaion. Arrebak hau bazekienez, segituan berarengana hurbildu zen eta, goxo-goxo besarkatuz, kanta elkarrekin abesten amaitu zuten. Beranduago, amak hau esan zuen: «Oso maitatua sentitu nintzen anai-arrebengandik». Berak asko eskertzen du bilera horretara joan izana. Honakoa dio: «Bertan jasotzen dugu laguntza, bileretan». Ziur egon gaitezke Jehobak ikusi eta estimatzen dituela «etsita» daudenen alde egiten ditugun gauza txikienak ere (Sal 34:19, [34:18, NWT]).
GURE FEDEA SENDOTZEKO IKASKETA PROIEKTU BAT
17. Zer ikasi dugu artikulu honetan?
17 Ebanjelioetan aurkitzen ditugun Jesusen mirarien pasarteak aztertu ditzakegu. Honelako ikasketa proiektu batek gure fedea sendotu dezake. Hau egitean, honakoa ikasi dezakegu: Jehobak eta Jesusek asko maite gaituztela, Jesusek gizakion arazo guztiak konpontzeko boterea duela eta Erreinuak laster ekarriko dituen bedeinkapenetan konfiantza osoa jarri dezakegula. Pasarte hauek aztertu ahala, Jesusen ezaugarriak imitatu ditzakegun moduetan hausnartu dezakegu. Jesusen beste mirari batzuk aztertzeko, zergatik ez duzu ikasketa proiektu pertsonal bat edo familia adorazioko saio bat antolatzen? Partekatu besteekin bertan topatzen dituzun irakaspen berriak. Ziur egon zaitezke elkarrizketa oso animagarriak izango dituzula! (Erm 1:11, 12).
18. Zer aztertuko dugu hurrengo artikuluan?
18 Bibliak Jesusek egindako hiru berpizkunde aipatzen ditu, eta azkena bere predikazioaren amaiera aldera gertatu zen. Baina, berpizkunde hura desberdina izan zen, lagun min bat berpiztu zuelako eta, gainera, inoiz gertatu ez zen egoera batean izan zelako. Zer ikasi dezakegu Ebanjelioetan mirari honi buruz esaten denaz? Eta nola sendotu dezakegu berpizkundean dugun fedea? Galdera hauek hurrengo artikuluan erantzungo ditugu.
sjj 20. KANTA Seme maitea eman duzu
a Jesusek ekaitz bortitz bat baretu zuen, gaixoak sendatu zituen eta hildakoak berpiztu zituen. Zein zirraragarria den Jesusek egindako mirariei buruz irakurtzea! Baina, Biblian agertzen diren gertakizun hauek ez daude gu entretenitzeko, irakasteko baizik. Artikulu honetan, Jesusek egindako mirari batzuk ikusiko ditugu. Alde batetik, gure fedea sendotzeko, Jehoba eta Jesusi buruz zer ikasten dugun aztertuko dugu. Bestetik, imitatu ditzakegun beraien ezaugarri batzuk aztertuko ditugu.
b Biblian aditu batek dio: «Ekialdean, pertsonek ospitalarioak izatea euren ardura zela pentsatzen zuten, eta anfitrioia bere gonbidatuek behar zutena baino gehiago izateaz ziurtatu behar zen. Anfitrioi on batek, bereziki ezkontza batean, beharrezkoa zena baino janari eta edari gehiago prestatzen zuen gonbidatuentzat».
c Ebanjelioetan, Jesusek egindako 30 mirari baino gehiago azaltzen dira. Gainera, batzuetan, gertaera batean mirari bat baino gehiago aipatzen da. Behin, «herri osoa bildu zitzaion» eta «gaixo asko sendatu zituen» (Mk 1:32-34).
d Doluan daudenei nola kontsolatu jakiteko, aldizkari honen ondorengo artikuluak aholku batzuk ematen ditu: 2010eko azaroaren 1eko «Jesús supo consolar a sus amigos» («Comme Jésus, consolez les endeuillés»).
e IRUDIAREN AZALPENA: Jesus atentziorik deitu gabe atzean gelditzen da, ezkongaiek eta gonbidatuek ardo onenez disfrutatzen duten bitartean.