25. IKASKETARAKO ARTIKULUA
Adindunok, ikasi Gedeonen eredutik
«Ez nuke denborarik aski Gedeon[en] […] gertakariak esaten hasiko banintz» (HEB 11:32).
sjj 124. KANTA Beti leial izan
ZER AZTERTUKO DUGU? a
1. 1 Pedro 5:2 (NWT) aipuaren arabera, zer ohore dute adindunek?
JEHOBAK bere ardi maiteak zaintzeko ardura eman die adindunei. Anaia leial hauek asko estimatzen dute Jehobaren artaldea zerbitzatzeko duten ohorea. Gainera, anai-arrebak benetan «ongi zainduko dituzten artzainak» izateko gogor lan egiten dute (Jr 23:4; Irakurri 1 Pedro 5:2, NWT b). Asko eskertzen dugu kongregazioan beraiek bezalako anaiak izatea!
2. Zer zailtasun izan ditzakete adindun batzuek?
2 Adindunek hainbat zailtasun izan ditzakete euren eginkizunez arduratzerako orduan. Alde batetik, adindunek gogor lan egin behar dute kongregazioa zaintzeko. Ikusi Estatu Batuetako Tony izeneko adindun baten kasua. Zenbateko lana onartuko zuen erabakitzean, modestia gehiago izaten ikasi behar zuen. Honakoa dio: «COVID-19a hasi zenean, bilerak eta predikazioa antolatzeko lan pila bat egiten saiatu nintzen. Baina, zenbat egiten nuen axola gabe, lanak amaigabea izaten jarraitzen zuen. Denborarekin, nire Biblia irakurketan, ikasketa pertsonalean eta otoitzetan eragina izaten hasi zuen». Kosovoko Ilir izeneko adindun batek beste erronka bat izan zuen. Gerra eremu batean egon zenean, asko kostatu zitzaion erakundearen jarraibideak obeditzea. Berak dio: «Nire ausardia probapean jarri zen sukurtsalak eremu arriskutsu bateko anai-arrebak laguntzeko eskatu zidanean. Beldur nintzen eta, gainera, jasotako jarraibideek ez ziruditen zentzuzkoak». Tim Asiako misiolari bat da. Berari zaila egiten zitzaion egin beharreko guztia egunez egun betetzea. Honakoa dio: «Batzuetan, mentalki eta emozionalki leher eginda nengoen». Zerk lagundu ahal die hauek bezalako zailtasunak dituzten adindunei?
3. Nola lagundu gaitzake guztioi Gedeon epailearen eredua aztertzeak?
3 Adindunek asko ikasi dezakete Gedeon epailearen eredutik (Heb 6:12; 11:32). Berak Jainkoaren herria babestu eta gidatu zuen (Ep 2:16; 1 Kro 17:6). Gedeonek bezala, Jainkoak adindunak izendatu ditu bere herria garai latz hauetan zaintzeko (Eg 20:28; 2 Tm 3:1). Asko ikasi dezakegu Gedeonen modestia, apaltasuna eta obedientziaz. Gedeonen iraupena probapean jarri zen bere eginkizuna betetzerako orduan. Adindunak garen ala ez axola gabe, gure alde hain gogor lan egiten duten anaia espiritual hauek lagundu ditzakegu. Anaia hauei diegun estimua ere handitu dezakegu (Heb 13:17).
MODESTOA ETA APALA IZATEA ZAILA DENEAN
4. Nola erakutsi zituen Gedeonek modestia eta apaltasuna?
4 Gedeon gizon modestoa eta apala zen. c Israel madiandar boteretsuengandik askatzeko, Jehobak Gedeon aukeratu zuen. Jainkoaren aingeruak mezu hau Gedeoni ematean, gizon apal honek honela erantzun zuen: «Nire senitartea Manasesen leinuko ahulena da eta ni gazteena gure aitaren etxean» (Ep 6:15). Gedeonek ez zuen bere burua horretarako prest ikusten, baina Jehobak bai. Bere laguntzarekin, Gedeonek arrakasta izan zuen eginkizun hura betetzean.
5. Zein egoeratan izan daiteke zaila adindun batentzat modestoa eta apala izatea?
5 Adindunek ahal duten guztia egiten dute modestia eta apaltasuna erakusteko (Mi 6:8, NWT; Eg 20:18, 19). Ez dituzte beraien abileziak edo lorpenak esajeratzen. Eta akatsak egitean, ez dute pentsatzen ez dutela ezertarako balio. Hala ere, adindunek zailtasunak izan ditzakete. Adibidez, adindun batek eginkizun asko onartu ondoren, hauek guztiak betetzea zaila egiten zaiola konturatu daiteke. Edo eginkizun bat betetzeko moduagatik kritikatu edo goratu dezakete. Zer ikasi dezakete adindunek Gedeonen eredutik antzeko egoera baten aurrean badaude?
6. Zer ikasi dezakete adindunek Gedeonek erakutsitako modestiaz? (Ikusi irudia ere)
6 Laguntza eskatu. Modestoa denak badaki mugak dituela. Gedeon modestoa zela erakutsi zuen besteen laguntza eskatzeko prest egonez (Ep 6:27, 35; 7:24). Adindun zuhurrek gauza bera egiten dute. Aurretik aipatutako Tonyk dio: «Jasotako heziketagatik, bete nezakeena baino lan gehiago onartzeko joera nuen. Beraz, familia adorazioan modestiaren ezaugarria aztertzea erabaki nuen eta emazteari bere iritzia eskatu nion. Gainera, Tal como Jesús, capacitemos a otros y confiemos en ellos d bideoa berrikusi nuen». Tonyk bere lan kargarekin laguntzeko eskatu zien besteei. Zein izan zen emaitza? Berak dio: «Kongregazioko lana atendituta dago eta nire espiritualtasuna sendotzeko denbora gehiago dut».
7. Nola imitatu dezakete adindunek Gedeon kritikak jasotzen badituzte? (Santiago 3:13)
7 Ez haserretu norbaitek kritikatzen bazaitu. Adindunek izan dezaketen beste zailtasun bat kritikak jasotzea da. Berriro ere, Gedeonen eredua oso lagungarria izan daiteke. Noski, Gedeonek bere inperfekzioak ezagutzen zituen eta efraimdarrek kritikatu zutenean, lasaitasunez erantzun zuen (Ep 8:1-3). Gedeonek ez zuen haserre erantzun. Apaltasunez, beraien kezkak entzun zituen eta tentsioz beteriko egoera hura baretzea lortu zuen. Adindun zuhurrek Gedeon imitatzen dute arretaz entzunez eta kritiken aurrean ez haserretuz (Irakurri Santiago 3:13). Era horretara, kongregazioan giro baketsua izaten laguntzen dute.
8. Nola erantzun beharko lukete adindunek gorespena jasotzen badute? Jarri adibide bat.
8 Eman gorespen osoa Jehobari. Gedeonek besteen gorespena jaso zuen madiandarrak menderatzean. Baina berak Jehobarengan jarri zuen arreta guztia (Ep 8:22, 23). Nola imitatu dezakete adindunek Gedeon? Lortzen duten guztiaren gorespena Jehobari emanez (1 Ko 4:6, 7). Adibidez, adindun batek irakasten abila izateagatik gorespena jaso dezake. Baina adindunak Bibliara edo Jehobaren erakundearengandik jasotzen dugun trebakuntzara bideratu dezake arreta osoa. Adindunek honetan ere pentsatu dezakete: euren irakasteko moduarekin Jehoba ohoratzen ari diren edo, kontrara, atentzioa bereganatzen ari diren. Ikus dezagun Timothyren eredua. Adindun izendatu zutenean, asko gustatzen zitzaion hitzaldi publikoak ematea. Berak dio: «Sarrera eta konparaketa elaboratuak prestatzen nituen eta besteek, askotan, honengatik goratzen ninduten. Tamalez, atentzioa nigan jartzen nuen, Biblian edo Jehobarengan jarri beharrean». Denborarekin, atentzioa ez bereganatzeko, Timothyk irakasteko modua aldatu behar zuela ikusi zuen (Es 27:21). Zer lortu zuen honekin? «Anai-arreba batzuek nire hitzaldiak arazo bati aurre egiten, zailtasun baten aurrean irauten edo Jehobarengana gehiago hurbiltzen lagundu diela esan didate. Lehen, ni goresten ninduten. Orain, aldiz, jasotzen ditudan komentarioekin askoz ere zoriontsuagoa naiz».
OBEDITZEA EDO AUSARDIA IZATEA ZAILA DENEAN
9. Nola jarri zen probapean Gedeonen obedientzia eta ausardia? (Ikusi azaleko irudia)
9 Gedeonek epaile izateko izendapena jaso ondoren, obedientziaz eta ausardiaz jokatu behar izan zuen. Eginkizun arriskutsu hau jaso zuen: bere aitaren Baalen aldarea suntsitzea (Ep 6:25, 26). Beranduago, armada bat osatu ondoren, Jehobak armada horren soldadu kopurua bi aldiz murrizteko eskatu zion Gedeoni (Ep 7:2-7). Azkenik, etsaien kanpalekua gauez erasotzeko agindua jaso zuen (Ep 7:9-11).
10. Zergatik izan daiteke zaila batzuetan obeditzea adindun batentzat?
10 Adindunek «obeditzeko prest» egon behar dute (St 3:17, NWT). Obedientea den adindunak Biblia eta Jainkoaren erakundearen jarraibideak segituan betetzen ditu. Hau egitean, besteei eredu ona jartzen die. Hala ere, batzuetan, bere obedientzia probapean jarri daiteke, adibidez, jasotzen dituen jarraibide guztiak betetzea zaila denean. Kasu batzuetan, jasotako jarraibide bat benetan praktikoa edo zuhurra den pentsatu dezake. Edo, beharbada, jasotako eginkizunak bere askatasuna arriskuan jarri dezake, agian, kartzelaratua izanez. Nola imitatu dezakete adindunek Gedeonen obedientzia hauek bezalako egoeretan?
11. Zerk lagundu ahal die adindunei obeditzen?
11 Jarraibideak arretaz entzun eta praktikan jarri. Jainkoak Gedeoni honakoa esan zion: bere aitaren aldarea nola suntsitu, Berarentzat aldare berria non eraiki eta zein animalia eskaini behar zuen. Gedeonek ez zituen jarraibide hauek zalantzan jarri. Jehobak eskatu bezala egin zuen. Gaur egun, adindunek gu espiritualki eta fisikoki zaintzeko gutunak, iragarkiak eta beste jarraibide batzuk jasotzen dituzte Jehobaren erakundearengandik. Jarraibide hauek leialki betetzen dituzte, eta hau kongregazio osoarentzat probetxugarria da. Horregatik, asko maite ditugu gure adindunak (Sal 119:112).
12. Nola jarri dezakete praktikan adindunek Hebrearrei 13:17 erakundearen jarraibideak aldatzen badira?
12 Aldatzeko prest egon. Gogoratu Jehobak eskatu bezala, Gedeonek bere armada % 99 baino gehiago murriztu zuela (Ep 7:8). Berak pentsatu ahal zuen: «Benetan beharrezkoa al da aldaketa hau? Ondo aterako ote da?». Dena dela, Gedeonek obeditu egin zuen. Adindunek Gedeon imitatzen dute erakundeak gauza batzuk beste modu batera egiteko eskatzen dienean (Irakurri Hebrearrei 13:17). Adibidez, 2014an, Zuzendari Batzordeak bilera eta biltzar aretoak eraikitzeko finantzaketa modua aldatu zuen (2 Ko 8:12-14). Lehen, kongregazio bakoitzak bilera areto bat eraikitzeko mailegu bat eskatzen zion erakundeari eta, ondoren, pixkanaka ordaintzen joaten zen. Baina, orain, erakundeak mundu osoko kongregazioen dohaintzak erabiltzen ditu beharra dagoen tokian bilera edo biltzar aretoak eraikitzeko. Horrela, diru gutxi duten kongregazioek ere euren bilera areto propioa izan dezakete. José izeneko anaia batek aldaketa berri hau zalantzan jarri zuen hasiera batean. Honakoa pentsatzen zuen: «Horrela ez da bilera areto bat ere eraikiko. Hemen gauzak ez dira horrela egiten». Zerk lagundu zion jarraibide hau segitzen? «Esaera Zaharrak 3:5, 6ko hitzek Jehobarengan konfiantza izan behar nuela gogorarazi zidaten. Gainera, emaitzak zoragarriak izan dira! Bilera areto gehiago eraikitzeaz gain, dohaintzak modu desberdinetan egiten ikastean, berdintasuna lortzen da».
13. a) Zertaz zegoen konbentzituta Gedeon? b) Nola imitatu dezakete adindunek Gedeon? (Ikusi irudia ere)
13 Bete Jehobaren nahia ausardiaz. Beldurra eduki eta egin beharrekoa arriskutsua izan arren, Gedeonek Jehoba obeditu zuen (Ep 9:17). Gedeon ziur zegoen honetaz: Jainkoaren laguntza jasoko zuela bere herria babesteko. Gure lana debekatuta dagoen tokietan bizi diren adindunek Gedeon imitatzen dute. Nola? Ausardiaz bileretan eta predikazioan aurrea eramanez, nahiz eta atxilotzeko, lana galtzeko, edo galdeketak edo biolentzia jasateko mehatxuak jaso. e Larrialdi handian, adindunek ausardia beharko dute jasoko dituzten jarraibideak obeditzeko, hauek jarraitzea arriskutsua izan arren. Jarraibide hauek epai mezua emango dugun moduarekin lotuta egon daitezke edota Magog herrialdeko Gogek erasotzean, bizirik nola atera gaitezkeen azaldu dezakete (Ez 38:18; Ap 16:21).
IRAUTEA ZAILA DENEAN
14. Nola jarri zen Gedeonen iraupena probapean?
14 Gedeonek esfortzu fisiko handiak egin behar izan zituen epaile bezala bere eginkizuna betetzeko. Gaueko batailan zehar, madiandarrak ihes egin zuten eta Gedeonek Izreelgo haranetik Jordan ibairaino pertsegitu zituen. Gainera, bidea ziurrenik sasiz beteta egongo zen (Ep 7:22). Jordanen gelditu al zen Gedeon? Ez noski! Leher eginda egon arren, Gedeon eta bere 300 gizonek amaiera arte pertsegitzen jarraitu zituzten. Azkenean, madiandarrak harrapatu eta menderatu zituzten (Ep 8:4-12).
15. Noiz jarri daiteke adindunen iraupena probapean?
15 Adindunak, batzuetan, fisikoki, mentalki edo emozionalki leher eginda sentitu daitezke kongregazioa eta familia zaintzeagatik. Egoera hauetan, nola imitatu dezakete Gedeon?
16, 17. a) Zerk lagundu zion irauten Gedeoni? b) Zertaz egon daitezke ziur adindunak? (Isaias 40:28-31) (Ikusi irudia ere)
16 Ziur egon Jehobak indartuko zaituela. Gedeon ziur zegoen Jehobak indartuko zuela; eta Jehobak ez zion huts egin (Ep 6:14, 34). Behin, Madiango bi erregeak gameluz ihesean zihoazela, Gedeon eta bere gizonek oinez pertsegitzen hasi zituzten (Ep 8:12, 21). Jainkoaren laguntzarekin, israeldar ausart hauek etsaiak harrapatu eta bataila irabazi zuten. Era berean, adindunek Jehobarengan konfiantza osoa jarri dezakete. Izan ere, bera «ez da nekatzen, ez akitzen». Jehobak behar dutenean indarra emango die (Irakurri Isaias 40:28-31).
17 Ikus dezagun Matthew izeneko anaia baten kasua. Bera Ospitale Harremanetarako Batzordearen kide da. Zerk lagundu zion irauten? Berak dio: «Filipoarrei 4:13ak dioena bizitu dut. Askotan, nekea eta ezin nuela aurrera jarraitu sentitzen nuenean, sutsuki egiten nion otoitz Jehobari. Anai-arrebak laguntzeko behar nuen indar fisiko eta mentala eskatzen nion. Une horietan, Jehobaren espirituak indarberritu nauela sentitu dut, irauten lagunduz». Gedeonek bezala, adindun leialek gogor lan egiten dute Jehobaren artaldea zaintzeko, nahiz eta batzuetan erraza ez izan. Noski, aldi berean, adindunek euren muga fisiko eta emozionalak onartu behar dituzte, baita batzuetan ezingo dutela nahi bezainbeste egin ere. Hala ere, ziur egon daitezke Jehobak beraien eskaerak entzungo dituela eta irauteko indarrak emango dizkiela (Sal 116:1; Flp 2:13).
18. Laburbilduz, nola imitatu dezakete adindunek Gedeon?
18 Adindunek asko ikasi dezakete Gedeonen eredutik. Modestia eta apaltasuna erakutsi behar dute zenbat lan onartuko duten erabakitzean, baita kritikatzen edo goratzen dituztenean ere. Gainera, obedientzia eta ausardia erakutsi behar dute, bereziki, sistema honen amaiera gerturatu ahala. Eta zer zailtasuni aurre egingo dioten axola gabe, ziur egon behar dute Jehobak indartuko dituela. Asko estimatzen ditugu hain langileak diren artzain hauek (Flp 2:29).
sjj 120. KANTA Imitatu Jesusen goxotasuna
a Israelgo nazioak bizitako garai zail batean zehar, Jehobak Gedeon aukeratu zuen bere herria gidatu eta babesteko. Gedeonek bere eginkizuna leialki bete zuen 40 urte inguruz. Hala ere, hainbat erronka izan zituen. Gaur egun ere, adindunek hainbat probei egin behar diete aurre. Artikulu honetan Gedeonen ereduak nola lagundu ahal dien ikusiko dugu.
b 1 Pedro 5:2, NWT: «Zaindu ezazue Jainkoak zuen esku jarri duen artaldea, arduradun izanez zerbitzatuz, ez behartuta, Jainkoaren aurrean gogo onez baizik».
c Modestia eta apaltasuna oso antzekoak dira. Geure buruan gehiegi pentsatzen ez dugunean eta mugak ditugula onartzen dugunean, modestoak garela erakusten dugu. Besteak errespetatzen ditugunean eta gu baino hobeak direla ikusten dugunean, apalak garela erakusten dugu (Flp 2:3). Normalean, modestoa dena apala ere bada.
e Ikusi «Sigamos sirviendo a Jehová en medio de la proscripción» edo «Continue à adorer Jéhovah quand nos activités sont interdites» artikulua, 2019ko La Atalaya edo La Tour de Garde-ko 10-11 orrialdeak, 10-13 paragrafoak.