Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

BIOGRAFIA

Espero gabeko gonbidapenak eta irakaspenak Jehobaren zerbitzuan

Espero gabeko gonbidapenak eta irakaspenak Jehobaren zerbitzuan

GAZTETXOA nintzenean, hegazkin bat hegan ikusten nuen bakoitzean, herrialde exotiko batera bidaiatzeko desioa pizten zitzaidan. Baina, inoiz beteko ez zen amets bat bezala ikusten nuen.

II Mundu Gerran zehar, nire gurasoak Estoniatik Alemaniara joan ziren, eta ni bertan jaio nintzen. Orduan, gurasoak Kanadara joateko prestaketak egiten hasi ziren. Kanadan izan genuen lehenengo etxea Ottawa-tik gertu zegoen. Behartsuak ginen eta oiloak zeuden eraikin txiki batean bizi ginen. Baina, gutxienez, gosaltzeko arrautzak genituen.

Behin, Jehobaren lekukoek Apokalipsia 21:3, 4 irakurri zioten amari. Irakurritakoak hunkitu egin zuen. Egiaren hazia gurasoen bihotzean hazten joan zen eta denbora gutxian biak bataiatu egin ziren.

Gurasoen ingelesa kaskarra izan arren, egia serioski hartu zuten. Aitak nikela urtzen zen fabrika batean egiten zuen lan Sudbury-n (Ontario). Gau osoan lan egin ondoren, ia larunbatero aitak nire arreba txikia eta ni predikatzera eramaten gintuen. Gainera, astero-astero Talaia aztertzen genuen familian. Aitak eta amak Jainkoa maitatzen irakatsi ninduten. Ondorioz, 1956​an, hamar urte nituela, nire burua Jehobari eskaini nion. Gurasoek Jehoba zenbat maite zuten ikusteak Jainkoa zerbitzatzen jarraitzera bultzatu ninduen.

Institutua amaitzean, Jehobaren zerbitzuan nuen arreta zertxobait galtzen hasi nintzen. Aitzindaritza hartzen banuen, munduan zehar bidaiatzeko behar nuen dirua ezin izango nuela lortu pentsatzen nuen. Lana aurkitu nuen irratian disc-jockey bezala; ikaragarri gustatzen zitzaidan. Baina, gauez egiten nuenez lan, askotan bilerak galtzen nituen eta Jehoba zerbitzatzen ez zutenekin elkartzen nintzen. Azkenean, Biblian trebatutako kontzientziak aldaketak egiten lagundu ninduen.

Oshawa-ra (Ontario) joan nintzen bizitzera. Bertan, Ray Norman, bere arreba Lesli eta beste aitzindari batzuk ezagutu nituen. Guztiek etxean banengo bezala sentiarazi ninduten. Oso pozik ikusten nituen eta honek nire bizitzarekin zer egin nahi nuen pentsatzen lagundu zidan. Aitzindaritza hartzera animatu ninduten eta 1966​ko irailean hasi nuen. Oso zoriontsua nintzen eta dena primeran zihoan. Baina, orduan, espero gabeko aldaketak etorri ziren.

JEHOBAK ZERBAIT EGITERA GONBIDATZEN BAZAITU, ZERGATIK EZ SAIATU?

Institutuan nengoen bitartean, Torontoko (Kanada) Betelerako eskaera bidali nuen. Denbora batera, aitzindari nintzen bitartean, Betelen lau urtez zerbitzatzeko gonbidapena jaso nuen. Baina Lesli benetan gustatzen zitzaidan eta, gonbidapena onartzen banuen, berriro ikusiko ez nuen beldur nintzen. Luze eta zabal otoitz egin ondoren, azkenean, Betelera joateko gonbidapena onartu nuen eta, tamalez, Lesliri agur esan behar izan nion.

Hasiera batean, Beteleko garbitegian egin nuen lan eta, beranduago, idazkari bezala. Bitartean, Lesli aitzindari berezi izendatu zuten Gatineau-n (Quebec). Askotan pentsatzen nuen zertan ariko zen eta erabaki egokia hartu ote nuen. Orduan, nire bizitzako sorpresa atseginetako bat jaso nuen. Ray, Lesliren neba, Betelera gonbidatu zuten eta, gainera, nire gelakidea izango zen! Honek Leslirekin berriro kontaktuan jartzeko aukera eman zidan. Nire lau urteko asignazioaren azken egunean ezkondu ginen, 1971​ko otsailaren 27​an.

Eskualde lana hastean 1975​ean

Lesli eta bioi frantses kongregazio batera zerbitzatzera bidali gintuzten Quebec-en. Urte gutxi batzuk eta gero, 28 urte nituela, eskualde arduradun izateko gonbidapena jaso nuen. Honek asko harritu ninduen. Eginkizun hori betetzeko gazteegia nintzela eta behar adina esperientzia ez nuela uste nuen. Baina, asko animatu ninduten Jeremias 1:7, 8​ko hitzek. Hala ere, Leslik pare bat auto istripu izan zituen eta, gainera, gauetan lo egitea kostatzen zitzaion. Beraz, eskualde arduradun izateko eginkizuna betetzeko gai izango ote ginen galdetzen genion geure buruari. Dena dela, Leslik esan zuen: «Jehobak zerbait egitera gonbidatu bagaitu, zergatik ez saiatu?». Beraz, gonbidapena onartu genuen eta asignazio honetan poz-pozik ibili ginen 17 urtez.

Oso lanpetuta nenbilen eskualde lanean eta ez nuen beti Leslirekin egoteko nahi adina denbora. Argi dago zerbait gehiago nuela ikasteko. Astelehen goiz batean atea jo zuten, baina bertan ez zegoen inor. Atea irekitzean, hara non, piknik saski bat topatu genuen! Barnean, mahai zapi bat, fruta, gazta, ogia, ardo botila bat eta kopak zeuden hurrengo notatxo anonimoarekin batera: «Joan zaitez emaztearekin piknik bat egitera». Egun zoragarria egiten zuen, baina hitzaldiak nituen prestatzeko. Beraz, Lesliri ezin izango genuela joan esan nion. Berak ulertu zuen, baina pixka bat triste jarri zen. Orduan, lanarekin hastera nihoala, kontzientziak molestatzen hasi ninduen. Momentu hartan, Efesoarrei 5:25, 28​ko hitzak gogoratu nituen. Jehobak nire emaztearen sentimenduak kontuan hartu behar nituela gogorarazten ariko balit bezala sentitu nuen. Otoitz egin ondoren, Lesliri esan nion: «Goazen!». Asko poztu zen. Piknik saskia hartu eta ibai baten aldamenean zegoen toki eder batera joan ginen. Elkarrekin bizi izan dugun egun zoragarrienetako bat pasa genuen eta, gainera, hitzaldiak prestatzeko denbora ere izan nuen.

Asko disfrutatu genuen Columbia Britaniarretik Ternuara eskualde lanean ibili ginen bitartean. Gaztetan nuen bidaiatzeko desioa betetzen ari zen. Galaad eskolan pentsatu izan nuen, baina ez nuen misiolari bezala beste herrialde batera joan nahi. Misiolariek pertsona bereziak ziruditen eta ez nuen nire burua horretarako prest ikusten. Bestalde, Afrikara bidali ahal gintuzten eta horretaz beldur nintzen, bertako herrialde batzuk gaixotasunak eta gerrak jota zeudelako. Gainera, pozik nengoen Kanadan.

ESTONIARA ETA BALTIKOETARA JOATEKO ESPERO GABEKO GONBIDAPENA

Herrialde Baltikoetan bidaiatzen

1992​an, garai bateko Sobietar Batasuneko herrialdeetan predikazioa baimendu zen, eta misiolari bezala Estoniara joan nahi al genuen galdetu ziguten. Harri eta zur geratu ginen. Hala eta guztiz ere, otoitz egin genuen. Berriro ere pentsatu genuen: «Jehobak zerbait egitera gonbidatu bagaitu, zergatik ez saiatu?». Beraz, gonbidapena onartu eta pentsatu nuen: «Beno, ez da Afrika».

Segituan hasi ginen estoniera ikasten. Herrialdean pare bat hilabete egon eta gero, eskualde lanean hasteko eskatu ziguten. 46 kongregazio eta beste hainbat talde bisitatu behar genituen hiru Herrialde Baltikoetan, baita Kaliningraden (Errusia) ere. Beraz, letoniera, lituaniera eta errusiera ikasten saiatu behar izan ginen. Hura bai erronka! Hala ere, anai-arrebek asko estimatzen zituzten gure esfortzuak, eta beraien laguntza jaso genuen. 1999​an Estonian sukurtsala ireki zenean, sukurtsal batzordean zerbitzatzen hasi nintzen Toomas Edur, Lembit Reile eta Tommi Kauko-rekin batera.

Ezkerrean: Biltzar batean hitzaldi bat ematen Lituanian

Eskuinean: Estoniako sukurtsal batzordea, 1999an osatua

Siberiara erbesteratuak izandako anai-arreba asko ezagutu genituen. Kartzelan jaso zuten tratua oso gogorra izan zen eta familiarengandik separatu egin zituzten. Hala ere, ez ziren inoiz haserretu, ezta erresumindu ere. Anai-arreba haiek predikatzeko poztasuna eta gogoa mantendu zuten. Honek egoera zailetan irauten eta poza mantentzen lagundu zigun.

Oso okupatuta geunden eta urteak ziztu bizian pasa ziren. Orduan, Lesli izugarrizko nekea sentitzen hasi zen. Hasiera batean, ez genekien zergatik zegoen hain nekatuta. Beraz, Kanadara itzultzea pentsatu genuen serioski. Orduan, trebakuntza gehiago jasotzera gonbidatu gintuzten Pattersonera (New York, AEB). Baina, ez nuen argi joateko gai izango ginen ala ez. Hala ere, otoitz askoren ostean, baietz esan genuen, eta Jehobak erabaki hura bedeinkatu zuen. Eskolan geunden bitartean, Lesliri fibromialgia diagnostikatu zioten eta behar zuen tratamendu medikoa jaso zuen. Horri esker, gure eguneroko jardueretara itzuli ahal izan ginen.

ESPERO GABEKO EGINKIZUN BERRI BAT: KONTINENTE BERRI BAT

Behin, 2008​ko ilunabar batean Estonian geundela, egoitza nagusitik dei bat jaso nuen. Kongora joateko prest izango ginen galdetu ziguten. Zur eta lur geratu nintzen, batez ere hurrengo egunean erantzun behar nuelako. Hasiera batean, ez nion ezer aipatu Lesliri; bestela gau hartan ez zuen lorik egingo. Baina azkenean, lorik egin ez zuena ni izan nintzen. Afrikara joatearen ideiak kezkatzen ninduen, eta otoitzean pasa nuen gau osoa.

Hurrengo egunean, Leslirekin hitz egin nuen, eta bion artean hau arrazoitu genuen: «Jehobak Afrikara joatea gonbidatu gaitu. Nola dakigu ezingo dugula eginkizun hori bete edo asignazio horretaz gozatu, ez bagara saiatzen?». Beraz, Estonian 16 urtez egon ondoren, Kinshasara joan ginen. Bertako sukurtsalak lorategi eder bat zuen eta oso baketsua zen. Leslik gure logelan ipini zuen lehen gauzetariko bat Kanada utzi genuenetik gordeta zuen notatxo bat izan zen. Honela zioen: «Zauden lekuan zaudela, egon beti pozik». Anai-arrebak ezagutzeak, Biblia ikastaroak zuzentzeak eta misiolari izatea zein polita zen bizitzeak Jehobaren zerbitzuan poztasuna eman gintuen. Denborarekin, Afrikako beste 13 herrialdetako sukurtsalak bisitatzeko aukera izan genuen. Honi esker, bertakoengandik gauza interesgarri asko ikasi genituen. Hasieran nituen beldurrak desagertu egin ziren, eta eskerrak ematen dizkiogu Jehobari Afrikan zerbitzatzeko aukera emateagatik.

Kongon geundela, janari mota desberdinak eskaini zizkiguten, baita intsektuak ere. Ez nuen uste hauek probatzeko gai izango ginenik. Baina anai-arrebak hauek jateaz disfrutatzen ikustean, guk ere probatu genituen, eta goxoak zeuden!

Ekialdera bidaiatu genuen anai-arrebak animatzeko eta behar zituzten gauzak eramateko. Bertan, gerrilla taldeek herriak erasotzen zituzten, emakume eta haurrei min eginez. Gainera, anai-arreba gehienek ez zuten asko materialki. Hala ere, berpizkundean zuten esperantza sendoak, Jehoba maitatzeak eta erakundeari zioten leialtasunak gure bihotzak ukitu zituen. Beraien ereduak Jehoba zergatik zerbitzatzen dugun pentsatzera eta berarengan dugun fedea sendotzera bultzatu gintuen. Anai-arreba batzuek beraien etxeak eta landak galdu zituzten. Honek hurrengoa gogorarazi zidan: gauza materialak oso azkar galdu daitezke, eta Jehobarekin dugun adiskidetasuna dela inportanteena. Zailtasun larriak izan arren, anai-arrebak ez ziren apenas kexatzen. Beraien jarrerak gure zailtasunei eta osasun arazoei ausardiaz aurre egitera animatu gintuen.

Ezkerrean: Errefuxiatu talde bat animatzen

Eskuinean: Laguntza medikoa eta humanitarioa ematen Dungu-n (Kongo)

ASIARA GOAZ

Ondoren, espero ez genuen beste zerbait gertatu zitzaigun: Hong Kong-eko sukurtsalera gonbidatu gintuzten. Ez genuen inoiz imajinatu noizbait Asian biziko ginenik. Baina izan genituen beste eginkizun guztietan Jehobaren esku maitekorra ikusi ondoren, gonbidapen berri hau onartu genuen. Azkenean 2013​an, malkoz beterik, Afrika eta bertako lagun maiteak utzi genituen, zer biziko genuen jakin gabe.

Hong Kong, jendez gainezka dagoen hiri kosmopolita, sekulako aldaketa izan zen guretzat. Kantonera hizkuntza ikastea erronka izugarria zen. Baina, anai-arrebek ongietorri beroa eman ziguten. Gainera, asko gustatzen zitzaigun bertako janaria. Alde batetik, geroz eta lan gehiago genuenez sukurtsalean, toki gehiago behar genuen. Baina, bestetik, eraikinen prezioak goraka zihoazen. Beraz, Zuzendari Batzordeak sukurtsaleko eraikin gehienak saltzeko eta lan batzuk beste nonbaiten egiteko erabaki zuhurra hartu zuen. Handik gutxira, 2015​ean, Hego Koreara bidali gintuzten zerbitzatzera. Bertan beste erronka batekin egin dugu topo: korearra ikastea. Hizkuntza hain ondo hitz egin ez arren, anai-arrebek asko animatzen gaituzte hobetzen goazela esanez.

Ezkerrean: Hong Kong-en bizitzeko prest

Eskuinean: Koreako sukurtsala

JEHOBAREN ZERBITZUAN IKASI DUGUNA

Lagun berriak egitea ez da beti erraza izaten. Baina guk lehen pausoa ematen dugunean, besteak gure etxera gonbidatuz, errazagoa da elkar ezagutzea. Azken finean, anai-arrebak hain desberdinak ez garela ikusi dugu. Jehobak gure bihotza irekitzeko eta elkar maitatzeko gaitasunarekin sortu gaitu (2 Ko 6:11).

Jehobak egiten duen bezala, pertsonak onartu behar ditugula ikusi dugu, baita Berak gu maitatzeko eta gida emateko dituen moduak bilatu behar ditugula ere. Desanimatuta gaudenean edo besteek onartuko ote gaituzten pentsatzean, lagunen gutun animagarriak irakurtzen ditugu berriro. Argi eta garbi ikusi dugu Jehobak gure otoitzak erantzun dituela maitasuna erakutsiz eta aurrera jarraitzeko indarrak emanez.

Urteetan zehar, oso lanpetuta egon arren, Leslie eta biok elkarrekin egoteko denbora izatea zein inportantea den ikusi dugu. Gainera, geure buruaz barre egitea ona dela ikasi dugu, batez ere hizkuntza berri bat ikasten ari garenean. Eta gauero, egunean zehar disfrutatu dugun zerbaitengatik Jehobari eskerrak ematen saiatzen gara.

Egia esan, ez nuen uste inoiz misiolari izango nintzenik edo beste herrialde batean bizitzeko aukera izango nuenik. Baina Jehobaren laguntzarekin, dena da posible, eta hori ikastea zoragarria izan da. Jeremias profetaren hitzak ditut gogoan: «Liluratu [edo engainatu, NWT] egin nauzu, Jauna» (Jr 20:7). Hala da, sorpresa atsegin asko eta espero gabeko bedeinkapenak eman dizkigu. Gaztetxotan imajinatu nezakeen baino toki gehiagotara bidaiatu dugu, sukurtsalak bisitatuz bost kontinentetan. Izan ditugun eginkizun guztietan, asko estimatu dut Leslieren laguntza eta gogo ona.

Egiten ditugun gauza guztien arrazoia Jehoba dela gogoratzen saiatzen gara beti. Gaur egun gozatzen ditugun bedeinkapenek etorkizunean izango dugun bizitza zein zoragarria izango den erakusten digute. Jehobak bere «eskua zabaldu» eta izaki bizidun guztien desioa asetuko du (Sal 145:16).