Irakurleen galderak
Jesus jaio ondoren, zergatik geratu ziren Jose eta Maria Belenen Nazaretera itzuli ordez?
Bibliak ez du honi buruz ezer esaten. Baina, ematen dituen detaile interesgarri batzuei esker, Judeako Belenen geratzea eta Nazaretera ez itzultzea zergatik erabaki zuten ulertu dezakegu.
Aingeru batek Mariari haur bat izango zuela esan zionean, Maria eta Jose Nazareten bizi ziren, Joseren jaioterrian (Lk 1:26-31; 2:4). Beranduago, Egiptotik ateratzean, Nazaretera itzuli ziren. Jesus bertan hazi zenez, Nazaretarra deitzen zioten (Mt 2:19-23). Horregatik lotzen ditugu Jesus, Jose eta Mariaren izenak Nazaretekin.
Mariak Judan bizi zen familiakide bat zuen, Elisabet. Bera Zakarias apaizaren emaztea eta Joan Bataiatzailearen ama zen (Lk 1:5, 9, 13, 36). Maria Elisabet bisitatzera joatean, hiru hilabete geratu zen Judan. Ondoren, Nazaretera itzuli zen (Lk 1:39, 40, 56). Horregatik ezagutzen zuen Mariak Judako lurraldea.
Denborarekin, Josek «erroldatzera» joatearen dekretua obedituz, Nazaretetik Belenera, «Daviden herrira», bidaiatu zuen. Profezien arabera, Mesias bertan jaioko zen (Lk 2:3, 4; 1 Sm 17:15; 20:6; Mi 5:1 [5:2, NWT]). Mariak Jesus izan ondoren, Josek Nazareterako bidaia luzea jaioberriarekin ez egitea erabaki zuen. Beraz, Belenen geratu ziren, Jerusalemdik bederatzi kilometro ingurura. Ondo etorri zitzaien han egotea jaioberria tenplura eramateko eta Legeak eskatzen zuen moduan eskaintza egiteko (Lb 12:2, 6-8; Lk 2:22-24).
Jainkoaren aingeruak Mariari esana zion bere semeak «Daviden tronua» jasoko zuela eta «errege» izango zela. Esanguratsua irudituko al zitzaien Jose eta Mariari Jesus Dabiden herrian jaiotzea? (Lk 1:32, 33; 2:11, 17). Agian zentzuduna iruditu zitzaien bertan geratzea eta Jainkoak beraiek zer egitea nahi zuen jakin arte itxarotea.
Ez dakigu zenbat denbora zeramaten Belenen astrologo batzuk iritsi zirenean. Ordurako, familia etxe batean bizi zen eta Jesus dagoeneko «haurra» zen, eta ez jaioberria (Mt 2:11). Nazaretera itzuli beharrean, dirudienez, denbora batez Belenen geratu ziren bizitzen.
Herodesek Belengo «bi urtez azpiko haur guztiak» hiltzeko agindua eman zuen (Mt 2:16). Aingeru batek gertatuko zenari buruz ohartarazi zion Joseri. Horregatik, Jose eta Mariak Egiptora ihes egin zuten Jesusekin, eta bertan geratu ziren Herodes hil arte. Ondoren, Jose eta bere familia Nazaretera abiatu ziren. Orduan, zergatik ez ziren Belenera itzuli Herodes jada hilda bazegoen? Momentu hartan Arkelaok, Herodesen seme maltzurrak, Judean agintzen zuelako. Berriro ere, aingeru batek Joseri Belenera joateko arriskuaz abisatu zion. Nazaret leku segurua zenez, Jesus arriskurik gabe hazi ahal izango zen bertan (Mt 2:19-22; 13:55; Lk 2:39, 52).
Dirudienez, Jesusek besteei zerura joateko aukera eman aurretik hil zen Jose. Beraz, Jose lurrean berpiztuko da. Askok bera ezagutzeko aukera izango dute eta Belenen geratzeko hartu zuten erabakiari buruz detaile gehiago ezagutu ahal izango dituzte.