Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

22. IKASKETARAKO ARTIKULUA

Jarraitu Bide santutik bidaiatzen

Jarraitu Bide santutik bidaiatzen

«Galtzada bat izango da han; “Bide santu” deituko zaio» (IS 35:8).

sn 26. KANTA Ibili Jainkoarekin

ZER AZTERTUKO DUGU? a

1, 2. Zer erabaki garrantzitsu hartu behar izan zuten Babilonian bizi ziren judutarrek? (Esdras 1:2-4)

 JUDUTARRAK Babilonian 70 urte inguru gatibu egon ondoren, erregeak dekretu bat eman du: israeldarrak etxera itzultzeko aske dira (Irakurri Esdras 1:2-4). Hau Jehobak bakarrik lortu zezakeen. Zergatik esan dezakegu hau? Babiloniak ez zuelako gatibuak askatzeko ohiturarik (Is 14:4, 17). Baina Babilonia menderatua izan zen, eta agintari berriak judutarrak herrialdetik atera ahal zirela esan zuen. Ondorioz, judutar guztiek, familiaburuek bereziki, erabaki bat hartu behar zuten: Babiloniatik irten edo bertan geratu. Hau ez zen erabaki xamurra. Zergatik?

2 Alde batetik, batzuk nagusiegiak ziren horrelako bidaia luze bat egiteko. Eta, bestetik, judutar gehienak Babilonian jaio zirenez, ez zuten Israel beraien etxea bezala ikusten, arbasoen etxea bezala baizik. Gainera, itxuraz, batzuei bizitza ondo joaten ari zitzaien Babilonian. Horregatik, agian zaila egingo zitzaien beraien etxe erosoak eta negozioak uztea ezezaguna zen lurralde batera joateko.

3. Zer bedeinkapen izan zuten Israelera itzuli ziren judutar leialek?

3 Judutar leialek bazekiten Israelera bueltatzeak askoz ere abantaila gehiago zituela. Izango zuten bedeinkapenik handiena beraien adorazioarekin lotuta zegoen. Babiloniako hirian 50 tenplu pagano baino gehiago zeuden, baina Jehoba adoratzeko ez zegoen tenplu bat bera ere. Beraz, ez zegoen Moisesen Legeak eskatzen zuen bezala sakrifizioak egiteko aldarerik, ezta hauek eskaintzeko apaizgorik ere. Horretaz gain, jainko faltsuak adoratzen zituzten pertsonak Jehoba adoratzen zutenak baino gehiago ziren, eta hauek ez zituzten Jehobaren arauak errespetatzen. Baina Jainkoa errespetatzen zuten milaka judutar Israelera itzultzeko desiratzen zeuden adorazio garbia berriro ezartzeko.

4. Zer laguntza promestu zien Jehobak Israelera itzuliko ziren judutarrei?

4 Babiloniatik Israelerako bidaia zaila zen eta, gainera, lau hilabete ingurukoa. Baina Jehobak bide hartan topatuko zituzten edozein oztopo kenduko zituela promestu zien. Isaiasek honakoa idatzi zuen: «Prestatu basamortuan bidea Jaunari, berdindu eremuan galtzada gure Jainkoari. […] Bihur bitez zelai eta lautada paraje latz eta malkarrak [edo aldapatsuak]» (Is 40:3, 4). Irudikatu eszena hau: basamortua zeharkatzen duen galtzada lau bat. Zelako bedeinkapena horrelako bide bat izatea! Askoz errazagoa eta azkarragoa izango zen bidaiarientzat galtzada zuzen eta lau batetik joatea mendietan gora eta behera ibiltzea baino.

5. Nola deitu zitzaion Babiloniatik Israelera zihoan galtzada figuratiboari?

5 Gaur egungo galtzada askok izen edo zenbaki bat dute. Isaiasek aipatutako galtzada figuratiboak ere izen bat zuen: «Galtzada bat izango da han; “Bide santu” deituko zaio. Kutsaturiko inor ez da handik igaroko» (Is 35:8). Zer esan nahi zuen promes honek israeldarrentzat? Eta guretzat?

BIDE SANTUA LEHEN ETA ORAIN

6. Zergatik deitu zitzaion santu bide honi?

6 «Bide santu», a zer izen polita galtzada batentzat! Zergatik deitu zitzaion santu bide honi? Israelen ez zelako kutsatuta zegoen inorentzako lekurik egongo. Beste modu batera esanda, itzuliko ziren judutarrek ezin izango zituzten moralgabekeria edo idolatria praktikatu, edo bekatu larririk egin. Itzuliko ziren judutarrak herri santu bihurtuko ziren Jainkoarentzat (Dt 7:6). Hala ere, aldaketak egin beharko zituzten Jehoba pozteko.

7. Zer aldaketa egin zituzten judutar batzuek? Jarri adibide bat.

7 Lehen aipatu bezala, judutar gehienak Babilonian jaio ziren eta horietako asko, dirudienez, babiloniarren pentsaera eta balore moraletara ohituta zeuden. 69 urte pasa ziren lehenengo judutarrak Israelera itzuli zirenetik. Orduan jakin zuen Esdrasek haietako judutar batzuk emakume paganoekin ezkondu zirela (Ir 34:15, 16; Esd 9:1, 2). Beranduago, Nehemias gobernaria zur eta lur geratu zen Israelgo haurrek hebreera ez zekitela ikustean (Dt 6:6, 7; Ne 13:23, 24). Jainkoaren Hitza, batez ere, hebreeraz idatzita zegoen. Ez bazuten hizkuntza ulertzen, nola ikasiko zuten gaztetxo haiek Jehoba maitatzen eta adoratzen? (Esd 10:3, 44). Beraz, judutar haiek aldaketa handiak egin beharko zituzten. Baina Israelen adorazio garbia poliki-poliki berriro ezartzen ari zenez, judutar haientzat askoz ere errazagoa izango zen aldaketak bertan egitea (Ne 8:8, 9).

1919. urtetik, milioika gizon, emakume eta haur Babilonia Handitik irten eta «Bide santu» deituriko galtzadatik ibiltzen hasi dira (Ikusi 8. paragrafoa)

8. Zer zerikusi du gurekin duela hainbeste urte gertatutakoak? (Ikusi azaleko irudia)

8 Norbaitek pentsatu dezake: «Hau oso interesgarria da. Baina, ba al du zerikusirik gurekin judutarrei orain dela horrenbeste urte gertatutakoak?». Bai horixe! Zentzu batean gu ere «Bide santu» horretatik bidaiatzen ari gara. Gantzutuen edo beste ardien parte garen inporta gabe, «Bide santu» honetatik atera gabe jarraitu behar dugu. Bide honetan mantentzeak Jehoba adoratzen laguntzen digu orain. Etorkizunean ere lagunduko digu, Erreinuak lurra bedeinkapenez betetzean b (Jn 10:16). 1919​tik, milioika pertsonek Babilonia Handia, erlijio faltsuaren inperioa, utzi dute eta bide figuratibo honetatik ibiltzen hasi dira. Zu ere ziurrenik talde honen parte zara. Nahiz eta bide hau duela ehun urte inguru ireki, galtzada honen prestaketa lanak mendeak lehenago hasi ziren.

BIDEA PRESTATZEN

9. ⁠Isaias 57:14⁠​aren arabera, zer prestaketa lan egin dira «Bide santu» honetan?

9 Babilonia utzi zuten judutarrei bidean izan zituzten oztopoak kentzeaz arduratu zen Jehoba (Irakurri Isaias 57:14). Zer esan dezakegu gaur egungo «Bide santu» honi buruz? 1919 urtearen aurreko mendeetan, Jehobak berari begirune zioten gizonak erabili zituen beste batzuei Babilonia Handitik ateratzen laguntzeko (Konparatu Isaias 40:3). Gizon hauek beharrezko prestaketa lanak egin zituzten bihotz oneko pertsonak erlijio faltsutik ateratzeko eta Jehoba bere herriarekin batera adoratzeko. Ikus dezagun zeintzuk izan ziren prestaketa lan hauek.

Mende askotan zehar, Jehobari begirune zioten gizon batzuek Babilonia Handitik ateratzeko bidea garbitzen lagundu zuten (Ikusi 10 eta 11 paragrafoak)

10, 11. Nola lagundu dute Biblia inprimaketa eta itzulpen lanek Bibliaren ezagutza zabaltzen? (Ikusi irudia ere)

10 Inprimaketa. XV. mendearen erdialdera arte, Biblia eskuz kopiatzen zen. Lan honek denbora asko eskatzen zuen. Gainera, kopia gutxi zeuden eta oso garestiak ziren. Baina, letra mugikorreko inprenta asmatu zenetik, errazagoa zen Biblia produzitzea eta banatzea.

11 Itzulpena. Mendeetan zehar, Biblia latinez bakarrik zegoen eskuragarri, eta eskolatuek bakarrik ulertzen zuten. Hala ere, inprimaketa ohikoagoa izaten hasi zen heinean, Jainkoari begirune ziotenak Biblia jende xumeak hitz egiten zuen hizkuntzetara itzultzen hasi ziren. Horrela, Biblia irakurleek Bibliak benetan irakasten duena kleroak irakasten zuenarekin konparatu ahal zuten.

Jehobari begirune zioten gizon batzuek Babilonia Handitik ateratzeko bidea garbitzen lagundu zuten (Ikusi 12 eta 14 paragrafoak) c

12, 13. XIX. mendean, Biblia aztertzen zuten batzuk irakaspen faltsuak agerian uzten hasi ziren. Eman adibide bat.

12 Biblia aztertzeko laguntzak. Biblia arretaz aztertzen zutenek asko ikasi zuten Jainkoaren Hitzean irakurritakoaz. Baina kleroa biziki haserretu zen hauek ikasitakoa besteei kontatzen hasi zirenean. XIX. mendean, adibidez, bihotz oneko gizon batzuk hainbat eskuorri argitaratzen hasi ziren. Hauetan elizen irakaspen faltsuak agerian utzi zituzten.

13 1835 aldera, Jainkoari begirune zion Henry Grew izeneko gizon batek hildakoen egoerari buruzko eskuorri bat argitaratu zuen. Garai hartan, eliza gehienek hiltzen ez den arima batekin jaiotzen garela irakasten zuten. Baina Grewk, Biblia erabiliz, hilezkortasuna Jainkoaren opari bat dela frogatu zuen. 1837​an, George Storrs izeneko ministro erlijioso batek eskuorri honen kopia bat aurkitu zuen tren batean. Bertan irakurritakoak oinarrizko egia bat deskubritu zuela konbentzitu zuen. Beraz, ikasitakoa besteekin konpartitzea erabaki zuen. 1842​an, hainbat hitzaldi eman zituen hurrengo gaiarekin: «Hilezkorrak al dira gaiztoak?». Storrs-en idazlanek oso eragin ona izan zuten Charles Taze Russell gaztearengan.

14. Zer etekin atera zieten Russell anaiak eta bere laguntzaileek iraganean egindako prestaketa lan espiritualei? (Ikusi irudia ere)

14 Ikusi dugun moduan, iraganean hainbat prestaketa lan egin ziren. Zer etekin atera zieten Russell anaiak eta bere laguntzaileek prestaketa lan hauei? Biblia aztertzen hasi zirenean, hiztegiak, konkordantziak eta hainbat Biblia itzulpen kontsultatu zituzten. Gainera, Henry Grew, George Storrs eta beste batzuek egindako Biblia ikerketetatik probetxua atera zuten. Russell anaiak eta bere laguntzaileek prestaketa lan espiritual honetan parte hartu zuten. Nola? Bibliak dioena aztertzen zuten liburu eta eskuorri asko produzituz.

15. Zer gertaera garrantzitsu izan ziren 1919​an?

15 1919​an, Babilonia Handiak Jainkoaren herriarengan zuen kontrola galdu zuen. Urte hartan, «morroi leial eta zentzudun» bat agertu zen eta lanari ekin zion (Mt 24:45-47). Era horretara, bihotz oneko pertsonek «Bide santu» hartatik bidaiatzen hasi ahalko zuten. Iraganean bide hau prestatzeko egin zen lanari esker, galtzada hartatik bidaiatzen hasi ziren pertsonek Jehoba eta bere helburuei buruz gehiago jakin ahal izan zuten (Es 4:18). Gainera, beraien bizimodua Jehobak eskatzen zuenera egokitu ahal izango zuten. Hala ere, Jehobak ez zuen espero bere herriak aldaketa guztiak batera egitea, baizik eta pixkanaka-pixkanaka hobetzen joatea (Ikusi «Jehobak bere herria pixkanaka garbitzen du» taula). Zein pozik sentituko garen Jehobak atsegin duen guztia egiteko gai izatean! (Kol 1:10).

BIDE SANTUA ORAINDIK IREKITA DAGO

16. Zer mantenimendu lan egin dira «Bide santu» honetan 1919​tik? (Isaias 48:17; 60:17)

16 Egoera onean mantendu daitezen, bide guztiek behar dituzte erregularki mantenimendu lanak egitea. 1919​tik, «Bide santu» honen prestaketa lanak egiten jarraitu dira geroz eta jende gehiago Babiloniatik ateratzeko. Izendatu berri izan zen morroi leial eta zentzudunak lanari ekin zion eta, 1921​ean, Bibliaren egiak ikasteko argitalpen bat argitaratu zuen (The Harp of God). Denborarekin, argitalpen honen ia 6.000.000 kopia inprimatu ziren 36 hizkuntzatan. Askok liburu honen bidez ezagutu zuten egia. Duela gutxi, Biblia ikastaroak zuzentzeko liburu berri bat argitaratu da: Gozatu bizitzaz betirako! Azken egun hauetan zehar, Jehobak bere erakundea erabili du janari espirituala ematen jarraitzeko. Honek «Bide santu» honetatik bidaiatzen jarraitzen laguntzen digu guztioi (Irakurri Isaias 48:17; 60:17).

17, 18. Nora eraman gaitzake «Bide santu» honek?

17 Norbaitek Biblia ikastea onartzean, «Bide santu» honetatik ibiltzen hasten da. Batzuek bidearen zati bat besterik ez dute egiten eta ateratzea erabakitzen dute. Beste batzuek, aldiz, helmugara iritsi arte bide horretatik bidaiatzen jarraitzeko determinazioa dute. Zein da helmuga?

18 Zeruko esperantza dutenentzat «Bide santu» horren helmuga «Jainkoaren paradisuan» dago, zeruan (Ap 2:7). Lurrean bizitzeko esperantza dutenen kasuan, galtzada honek perfekziora eramaten ditu mila urteen amaieran. Dagoeneko galtzada honetatik bidaiatzen ari bazara, ez ezazu atzera begiratu. Eta ez zaitez bertatik atera helmugara, mundu berrira, iritsi arte. Bidaia on bat izatea opa dizugu!

sjj 24. KANTA Zatoz Jehobaren mendira

a Babiloniatik Israelera zihoan galtzada figuratiboari Jehobak «Bide santu» deitu zion. Antzeko bideren bat ireki al du Jehobak bere herriarentzat gaur egun? Bai! 1919. urtetik, milioika pertsona Babilonia Handitik atera dira eta «Bide santu» honetatik bidaiatzen hasi dira. Guztiok bide honetatik atera gabe jarraitu behar dugu azken helmugara iritsi arte.

c IRUDIAREN AZALPENA: Russell anaiak eta beste Bibliaren ikasleek aurretik argitaratu ziren Biblia aztertzeko laguntzak erabili zituzten.