Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

23. IKASKETARAKO ARTIKULUA

Jarraitu Jehobaren sugarra bizirik mantentzen

Jarraitu Jehobaren sugarra bizirik mantentzen

«Su eta gar da maitasuna, Jaunarengandiko sugar» (KANTARIK EDERRENA 8:6).

sn 36. KANTA Jehobak lotu duena

ZER AZTERTUKO DUGU? a

1. Nola deskribatzen du Bibliak benetako maitasuna?

 «SU ETA GAR da maitasuna, Jaunarengandiko sugar. Uholdeak maitasuna ezin itzali, ezta ibaiek ere ito» b (Kt 8:6, 7). Zein modu ederrean deskribatzen duten hitz hauek benetako maitasuna! Oso animagarriak dira ezkonduta dauden bikoteentzat: huts egiten ez duen maitasuna izan ahal dute.

2. Zer egin behar du bikote batek bere maitasuna hoztu ez dadin?

2 Bikotearen esku dago huts egiten ez duen maitasuna bizirik mantentzea. Adibidez, su bat piztuta mantentzeko, egurra botatzen joatea beharrezkoa da; bestela, pixkanaka-pixkanaka itzaltzen joango da. Era berean, senar-emazteen arteko maitasuna iraunkorra izateko, euren harremana sendo mantendu behar dute. Hala ere, batzuetan bikote batek bere maitasuna hozten ari dela sentitu dezake, bereziki, arazo ekonomikoak, gaixotasunak eta seme-alabak hezteko presioa bezalako arazoei aurre egitean. Beraz, ezkonduta bazaude, nola mantendu dezakezu Jehobaren sugarra bizirik? Artikulu honetan, zure ezkon harremana sendo mantentzeko eta ezkon bizitza zoriontsuaz gozatzeko hiru modu aztertuko ditugu. c

JARRAITU JEHOBAREKIN DUZUN ADISKIDETASUNA SENDOTZEN

Josek eta Mariak bezala, senar-emazteek adiskidetasun sendoa izan behar dute Jehobarekin (Ikusi 3. paragrafoa)

3. Nola laguntzen dio bikote bati Jehobarekin duen adiskidetasun sendoak bere maitasuna bizirik mantentzen? (Kohelet 4:12) (Ikusi irudia ere)

3 Jehobaren sugarra bizirik mantentzeko, bai senarra, bai emaztea, Jehobarekin duen adiskidetasuna sendo mantentzen saiatu behar da. Nola laguntzen dio honek bikoteari? Ezkontideek Jehobarekin duten adiskidetasuna estimatzen dutenean, bere aholkuak gogo onez jartzen dituzte praktikan. Honek maitasuna hoztu dezaketen arazoak saihesten eta gainditzen lagundu ahal diete (Irakurri Kohelet 4:12). Espirituala denak ahal duen guztia egiten du Jehoba eta bere ezaugarriak imitatzeko, besteak beste, ona, pazientziaduna eta barkabera izanez (Ef 4:32-5:1). Ezaugarri hauek erakusten dituzten bikoteentzat errazagoa da euren maitasuna haztea. Lena izeneko arreba batek 25 urte daramatza ezkonduta, eta hau dio: «Erraza da espirituala den pertsona bat maitatzea eta errespetatzea».

4. Zergatik aukeratu zituen Jehobak Jose eta Maria Mesias izango zenaren gurasoak izateko?

4 Azter dezagun Bibliako eredu bat. Jehobak Mesias izango zenaren gurasoak aukeratzean, Jose eta Maria aukeratu zituen. Zergatik aukeratu zuen bikote hau eta ez Dabiden ondorengoa zen besteren bat? Biek adiskidetasun propioa zutelako Jehobarekin, eta Jehobak bazekielako euren ezkon bizitza berarenganako maitasunean oinarrituko zutela. Bikoteok, zer ikasi dezakezue beraien eredutik?

5. Zer ikasi dezakete senarrek Joseren eredutik?

5 Josek Jehobaren jarraibideak praktikan gogo onez jarri zituenez, senar hobea bihurtu zen. Gutxienez hiru alditan, Jainkoak Joseri bere familiarekin lotutako jarraibideak eman zizkion. Aldi bakoitzean, segituan obeditu zuen, nahiz eta aldaketa handiak egin behar izan (Mt 1:20, 24; 2:13-15, 19-21). Jarraibide hauek segitzean, Josek Maria babestu, lagundu eta zaindu zuen. Josek egindako guztiarekin, ziur Mariak gehiago maitatu eta errespetatuko zuela! Senarra bazara, Jose imitatu dezakezu familiarekin lotutako Biblia aholkuak jarraitzean. d Aldaketak egin behar izan arren, aholku hauek aplikatzean, emaztea maite duzula erakusten duzu, eta zure ezkon harremana sendotzen duzu. 20 urte baino gehiago ezkonduta daramatzan Vanuatuko arreba batek dio: «Nire senarrak Jehobaren jarraibideak bilatu eta praktikan jartzen dituenean, gehiago errespetatzen dut. Seguru sentitzen naiz, eta konfiantza dut bere erabakietan».

6. Zer ikasi dezakete emazteek Mariaren eredutik?

6 Mariak adiskidetasun propioa zuen Jehobarekin; ez zuen bere fedea Joseren esku utzi. Idazkiak oso ondo ezagutzen zituen (Ikusi Lukas 1:46​ko nwtsty ikasketarako oharra). Gainera, hausnartzeko denbora hartzen zuen (Lk 2:19, 51). Dudarik gabe, emakume espirituala zen, eta honek emazte bikaina bihurtu zuen. Gaur egun, emazte asko Mariaren eredua jarraitzen saiatzen dira. Adibidez, Emiko izeneko arreba batek dio: «Ezkongabea nintzenean, errutina espiritual propioa nuen. Baina ezkondu ondoren, senarrak bion alde egiten zuen otoitz eta adorazioan aurrea eramaten zuen. Ondorioz, nire fedea senarraren ekintzen esku egotera iritsi zen. Jehobarekin nuen harremana nik neuk sendotu behar nuela ikusi nuen. Beraz, orain nire Jainkoarekin bakarka egoteko denbora hartzen dut, otoitz eginez, Biblia irakurriz eta bere pentsamenduetan hausnartuz» (Ga 6:5). Emazteok, Jehobarekin duzuen adiskidetasuna sendotu ahala, senarrek zuek goresteko eta maitatzeko arrazoi gehiago izango dituzte (Es 31:30).

7. Zer ikasi dezakete bikoteek Jose eta Mariaren eredutik Jehoba elkarrekin adoratzeaz?

7 Jose eta Maria, gainera, elkarlanean aritu ziren Jehobarekin zuten harremana sendo mantentzeko. Izan ere, familia bezala Jehoba adoratzea zein inportantea zen ulertu zuten (Lk 2:22-24, 41; 4:16). Hau egitea zaila izan zitekeen, bereziki, familia handitu ahala; baina moldatu egin ziren. Bai eredu bikaina gaur egungo bikoteentzat! Jose eta Mariaren kasuan bezala, haurrak badituzue, agian zaila izan daiteke bileretara joatea edo familia adoraziorako ordutegia finkatzea. Eta oraindik zailagoa izan daiteke bikote bezala elkarrekin ikastea edo otoitz egitea. Hala ere, gogoan izan Jehoba elkarrekin adoratzean, berarengana eta elkarrengana gehiago hurbiltzen zaretela. Beraz, izan dadila Jehoba adoratzea zuen lehentasuna.

8. Zer egin dezake gorabeherak dituen bikote batek familia adorazioari probetxu gehiago ateratzeko?

8 Zer gertatzen da ezkon harremanean gorabeherak badituzue? Agian familia adorazioa elkarrekin egitearen ideia ez zaizue oso erakargarria egiten. Hala bada, motza eta atsegina den zerbait aztertzen hasi, biontzat gustukoa dena. Pauso hau emateak zuen harremana sendotu dezake eta Jehoba elkarrekin adoratzeko desioa indartu dezake.

PASA DENBORA ELKARREKIN

9. Zergatik pasa behar dute bikoteek denbora elkarrekin?

9 Bikoteok, zuen maitasuna bizirik mantentzeko beste modu bat elkarrekin denbora pasatzea da. Hau egiteak zuen ezkontideak pentsatzen eta sentitzen duena jakiten lagunduko dizue (Has 2:24). Ruslan eta Liliak 15 urte baino gehiago daramatzate ezkonduta. Begira zertaz konturatu ziren ezkondu eta gutxira. Liliak dio: «Uste baino denbora gutxiago genuen elkarrekin egoteko. Oso lanpetuta geunden lanarekin, etxeko lanekin eta, beranduago, haurrekin. Elkarrekin egoteko denbora hartzen ez bagenuen, elkarrengandik aldendu ahal ginela konturatu ginen».

10. Nola jarri dezakete praktikan bikoteek Efesoarrei 5:15, 16NWT bertsetetako printzipioa?

10 Zer egin dezakezue elkarrekin denbora pasatzen duzuela ziurtatzeko? Agian, bata bestearekin egoteko denbora finkatu beharko duzue (Irakurri Efesoarrei 5:15, 16, NWT e). Uzondu izeneko Nigeriako anaia batek dio: «Nire eginbeharrak antolatzean, emazteak eta biok pasako dugun denbora ere finkatzen dut. Denbora hori lehentasun bihurtzen dut» (Flp 1:10NWT). Anastasia Moldaviako eskualde arduradun baten emaztea da. Ikusi nola ateratzen dion etekinik handiena bere denborari: «Nire senarra bere ardurak betetzen ari den bitartean, nire eginbeharrak egiteko aprobetxatzen dut. Horrela, bukatzean, biok libre gaude elkarrekin egoteko». Baina, zer gertatzen da zuen ordutegiagatik zaila egiten bazaizue elkarrekin egoteko denbora topatzea?

Zer gauza egin ditzakete bikoteek elkarrekin? (Ikusi 11 eta 12 paragrafoak)

11. Zer gauza egiten zituzten elkarrekin Akilak eta Priszilak?

11 Bikoteek asko ikasi dezakete Akila eta Priszilaren eredutik. Lehen mendeko kristau askok bihotzez estimatzen zituzten (Erm 16:3, 4). Bibliak ez du beraien ezkon bizitzaz asko hitz egiten, baina elkarrekin lan egin eta predikatzen zutela, eta besteak elkarrekin laguntzen zituztela esaten du (Eg 18:2, 3, 24-26). Izan ere, Bibliak Akila eta Priszilari buruz hitz egitean, beti elkarrekin aipatzen ditu.

12. Zer egin dezakete senar-emazteek elkarrekin denbora gehiago pasatzeko? (Ikusi irudia ere)

12 Nola imitatu dezakete bikoteek Akila eta Priszila? Pentsatu zu eta zure ezkontideak egin behar dituzuen gauza guztietan. Egin al ditzakezue hauetako batzuk elkarrekin, bakoitzak bere kabuz egin beharrean? Adibidez, Akila eta Priszilak elkarrekin predikatzen zuten. Zuek ere, elkarrekin predikatzeko ohitura al duzue? Akilak eta Priszilak elkarrekin egiten zuten lan. Agian ez duzue aukera hau, baina zergatik ez duzue etxeko lanak elkarrekin egiteko aprobetxatzen? (Koh 4:9). Zerbait egiterakoan elkarri laguntzean, ekipo bat zaretela sentituko duzue eta, gainera, hitz egiteko aukerak izango dituzue. Robert eta Lindak 50 urte baino gehiago daramatzate ezkonduta. Senarrak dio: «Egia esan, ez dugu aisialdian elkarrekin egoteko denbora gehiegirik. Baina, oso pozik jartzen naiz nik platerak garbitzen ditudan bitartean emazteak lehortzen dituenean, edo etxeko lorategian lanean ari naizen bitartean berak niri laguntzen didanean. Gauzak elkarrekin egiteak elkartu egiten gaitu, eta gure maitasuna hazten doa».

13. Zer egin beharko lukete senar-emazteek benetako lotura izateko?

13 Hala ere, gogoan izan bikote bat elkarrekin egoteak soilik ez duela esan nahi bere lotura estutuko denik. Brasilgo emazte batek hau dio: «Gaur egun, hainbeste distrakziorekin, etxe berean bizitzeagatik denbora elkarrekin pasatzen dugula pentsatzea erraza da. Elkarrekin egotea baino gehiago egin behar dugula ikusi dut. Nire ezkontidearen beharretan arreta jarri behar dudala ere ikasi dut». Ikus dezagun Bruno eta bere emazteak, Tays-ek, zer egiten duten elkarri arreta eskaintzen diotela ziurtatzeko. Brunok dio: «Elkarrekin pasatzen dugun denbora librean, gure mugikorrak alde batera uzten ditugu eta elkarrekin denbora pasatzeaz gozatzen dugu».

14. Zer egin dezake bikote batek ez badu elkarrekin pasatzen duen denboraz gozatzen?

14 Hala ere, zer gertatzen da ez baduzue elkarrekin pasatzen duzuen denboraz gozatzen? Agian, gauza ezberdinak gustatzen zaizkizue, edo zure onetik ateratzen zaituen zerbait egiten du besteak. Orduan, zer egin dezakezue? Gogoratu hasieran aipatutako suaren adibidea. Sua ez da segituan pizten. Pixkanaka egur zati handiagoak botatzea beharrezkoa da. Era berean, egunero denbora tartetxoak pasatzen hasi zaitezkete elkarrekin. Ziurtatu bioi gustatzen zaizuen zerbait egiten duzuela, eta ez egin liskarrak sortu ditzakeen ezer (St 3:18). Gauza txikiekin hasten bazarete, zuen maitasuna berriro piztu daiteke.

TRATATU ELKAR ERRESPETUZ

15. Zergatik da errespetua ezinbestekoa bikotearen maitasuna bizirik mantentzeko?

15 Errespetua ezinbestekoa da ezkon bizitzan. Su bat piztuta mantentzeko behar den oxigenoa bezalakoa da. Oxigenorik gabe, sua azkar itzali daiteke. Era berean, errespeturik gabe, bikote baten maitasuna azkar itzali daiteke. Baina elkar errespetatzean, euren maitasuna bizirik mantentzen arituko dira. Hala ere, kontuan izan inportanteena ez dela zuk errespetua erakusten duzula pentsatzea, zure ezkontidea errespetatua sentitzea baizik. Penny eta Aret-ek 25 urte baino gehiago daramatzate ezkonduta. Pennyk dio: «Elkar errespetatzeak giro goxoa sortzen du etxean. Gure bihotza irekitzeko askatasuna dugu, badakigulako batak bestearen iritzia estimatzen duela». Beraz, zer egin dezakezu zure ezkontideak bera errespetatzen duzula sentitu dezan? Ikus dezagun Abraham eta Sararen eredua.

Senarrak emaztearen sentimenduak errespetatzen dituela erakutsi behar du adi-adi entzunez (Ikusi 16. paragrafoa)

16. Zer ikasi dezakete senarrek Abrahamen eredutik? (1 Pedro 3:7NWT) (Ikusi irudia ere)

16 Abrahamek errespetuz tratatu zuen Sara. Bere iritzia kontuan hartu eta bere sentimenduak errespetatu zituen. Sarak, minduta egon zen batean, bere sentimenduak Abrahami kontatu zizkion eta, gainera, gertatutakoa leporatu zion. Zakarki erantzun al zion Abrahamek? Ez. Berak bazekien Sara esanekoa zela eta bere erabakien alde jotzen zuela. Beraz, Abrahamek Sara entzun zuen eta arazoa konpontzen saiatu zen (Has 16:5, 6). Zer ikasten dugu? Senarra bazara, zure familiaren alde erabakiak hartzeko autoritatea duzu (1 Ko 11:3). Hala ere, maitasunez jokatzen duzula erakutsiko duzu erabaki bat hartu aurretik emaztearen iritzia kontuan hartzen baduzu, bereziki, berarengan eragina izango badu (1 Ko 13:4, 5). Beste batzuetan, zure emaztea, agian estresatuta egon daiteke eta nola sentitzen den kontatu nahi dizu. Bere sentimenduak errespetatzen al dituzu adi-adi entzunez? (Irakurri 1 Pedro 3:7NWT f). Angela eta Dmitryk 30 urte inguru daramatzate ezkonduta. Angelak bere senarrak asko errespetatzen duela sentitzen du: «Dmitry beti ni entzuteko prest dago minduta nagoenean edo besterik gabe hitz egin nahi dudanean. Pazientzia erakusten dit oso sentibera nagoenean ere».

17. Zer ikasi dezakete emazteek Sararen eredutik? (1 Pedro 3:5, 6)

17 Sarak Abraham errespetatu zuen bere erabakien alde jarriz (Has 12:5). Behin, espero gabeko bisitariak izatean, Abrahamek hospitalitatea erakustea erabaki zuen. Sarari egiten ari zena uzteko eta ogi pila bat prestatzeko eskatu zion (Has 18:6). Sarak segituan ekin zion lanari, Abrahamen erabakiaren alde jarri zela erakutsiz. Emazteok, Sara imitatu dezakezue zuen senarraren erabakien alde jarriz. Hori egitean, zuen ezkon harremana sendotuko da (Irakurri 1 Pedro 3:5, 6). Lehen aipatutako Dmitryk bere emaztearen errespetua duela sentitzen du: «Batzuetan iritzi desberdinak izan arren, asko estimatzen ditut Angelak nire erabakien alde jartzeko egiten dituen ahaleginak. Eta gauzak ondo ateratzen ez direnean, ez nau kritikatzen». Zein erraza den errespetatzen zaituen norbait maitatzea!

18. Zer probetxu ateratzen dute bikoteek euren maitasuna bizirik mantentzen saiatzen direnean?

18 Satanasek bikote kristauen maitasuna itzali nahi du. Berak badaki senar-emazteen maitasuna desagertzen bada, Jehobarengandik aldentzen hasi daitezkeela. Hala ere, benetako maitasuna itzalezina da! Beraz, izan dadila zuen maitasuna Kantarik Ederrena liburuan deskribatzen denaren bezalakoa. Zuen bizitza Jehobaren inguruan eraikitzeko erabakia hartu, elkarrekin egoteko denbora hartu, eta bata bestearen sentimenduak eta beharrak errespetatu. Hau egitean, zuen ezkon harremanak benetako maitasunaren Iturriari, Jehobari, ohorea emango dio. Piztuta mantendutako suak bezala, zuen maitasunak betirako piztuta jarraituko du.

sjj 132. KANTA Orain bat gara

a Jehobak gizakiei ezkontzaren oparia eman die. Harreman honi esker, senar-emazteek maitasun berezi batez gozatu dezakete. Hala ere, batzuetan, maitasun hori hoztu egin daiteke. Beraz, ezkonduta bazaude, artikulu honek zure maitasuna bizirik mantentzen eta ezkon harreman zoriontsu batez gozatzen lagunduko dizu.

b Aldagaitza eta iraunkorra den benetako maitasunari «Jaunarengandiko sugar» deitzen zaio, Jehoba delako maitasun horren Jatorria.

c Nahiz eta zure ezkontidea Jehobaren lekukoa ez izan, aholku hauek lagungarriak izan daitezke zure ezkon harremana sendotzeko (1 Ko 7:12-14; 1 P 3:1, 2).

d Adibidez, aztertu jw.org webguneko eta JW Library® aplikazioko «Ayuda para las familias» («De l’aide pour les familles») artikulu saileko aholku praktikoak.

e Efesoarrei 5:15, 16NWT: «Beraz, ibili arreta handiz ergelen moduan ez jokatzeko, zentzudunen antzera baizik, denbora ahalik eta ondoen aprobetxatuz, garai txarrak baitira».

f 1 Pedro 3:7NWT: «Era berean, zuek senarrok, jarraitu ezagueraren arabera beraiekin bizitzen. Ohoratu itzazue hauskorragoa den ontzia bezala, emakumezkoa. Izan ere, beraiek ere zuekin batera merezigabeko biziaren oinordeko dira. Honela, zuen otoitzak ez dira oztopatuak izango».