21. IKASKETARAKO ARTIKULUA
Nola erantzuten ditu Jehobak gure otoitzak?
«Gure eskariak entzuten dituela jakinik, ziur gaude eskuan daukagula eskatutako guztia» (1 JN 5:15).
sjj 41. KANTA Entzun, mesedez, nire otoitza
ZER AZTERTUKO DUGU? a
1, 2. Zer galdera izan dezakegu otoitzen inguruan?
GALDETU al diozu inoiz zeure buruari Jehobak zure otoitzak erantzuten ote dituen? Hala bada, ez zara bakarra. Anai-arreba askok kezka bera izan dute, batez ere, zailtasunak izan dituztenean. Egoera zail batetik pasatzen ari bagara, agian zaila egiten zaigu Jehobak gure otoitzak nola erantzuten dituen ikustea.
2 Azter dezagun zergatik egon gaitezkeen ziur Jehobak bere zerbitzarien otoitzak erantzuten dituela (1 Jn 5:15). Gainera, hurrengo galderak erantzungo ditugu: Zergatik pentsa dezakegu batzuetan Jehobak ez dituela gure otoitzak erantzuten? Zein modutan erantzuten ditu Jehobak gure otoitzak?
JEHOBAK AGIAN EZ DIGU GUK ESPERO DUGUN MODUAN ERANTZUNGO
3. Zergatik nahi du Jehobak berari otoitz egitea?
3 Bibliak argi uzten du Jehobak bihotzez maite gaituela eta oso baliotsuak garela berarentzat (Ag 2:7; 1 Jn 4:10). Horregatik, otoitzean bere laguntza eskatzera gonbidatzen gaitu (1 P 5:6, 7). Jehobak berarengandik hurbil egoten eta zailtasunetan irauten lagundu nahi digu.
4. Nola dakigu Jehobak bere zerbitzarien otoitzak erantzuten dituela? (Ikusi irudia ere)
4 Biblian Jehobak bere zerbitzarien otoitzak erantzuten zituela irakurtzen dugu askotan. Okurritzen al zaizu adibideren bat? Pentsatu Dabid erregearen kasuan. Bere bizitzan zehar, etsai arriskutsu asko izan zituen eta, sarritan, Jehobari laguntza eskatu zion. Begira zer erregutu zion behin: «Entzun nire otoitza, makurtu belarria nire erregura! Zuzena zarelako eta leiala, erantzun niri!» (Sal 143:1). Dabidek bere etsaiengandik askatzeko eskatu zion eta Jehobak bere otoitza erantzun zuen (1 Sm 19:10, 18-20; 2 Sm 5:17-25). Horregatik, honakoa esan zezakeen konfiantza osoz: «Hurbil da Jauna dei egiten diotenengandik». Guk ere ziurtasun bera izan dezakegu (Sal 145:18).
5. Espero zuten modutan jasotzen al zituzten Jehobaren zerbitzariek euren otoitzen erantzunak? Jarri adibide bat. (Ikusi irudia ere)
5 Jehobak ez ditu, beharbada, gure otoitzak guk espero dugun moduan erantzuten. Hori da hain zuzen Paulo apostoluari gertatu zitzaiona. Jainkoari «haragian sartutako eztena» kentzeko eskatu zion hiru alditan. Erantzun al zituen Jehobak bere otoitzak? Bai, baina ez Paulok espero zuen moduan. Arazoa kendu ordez, Jehobak berari leialki zerbitzatzen jarraitzeko indarrak eman zizkion (2 Ko 12:7-10).
6. Zergatik pentsa dezakegu batzuetan Jehobak ez dituela gure otoitzak erantzuten?
6 Guk ere batzuetan gure otoitzen erantzuna espero ez dugun moduan jasotzen dugu. Baina ziur egon gaitezke Jehobak badakiela zein den gu laguntzeko modurik onena. Are gehiago, berak guk eskatu edo pentsatu dezakeguna baino askoz gehiago egin dezake (Ef 3:20). Horregatik, gure otoitzen erantzuna espero ez dugun momentuan edo moduan iritsi daiteke.
7. Zergatik aldatu beharko dugu, agian, otoitzetan eskatzen duguna? Jarri adibide bat.
7 Jehobaren nahia zein den argiago ikusten goazen heinean, otoitzetan eskatzen duguna aldatu beharko dugu agian. Ikus dezagun honen adibide bat. Martin Poetzinger anaia, ezkondu eta gutxira, Nazien kontzentrazio eremu batean sartu zuten. Hasiera batean, Jehobari kontzentrazio eremutik ateratzeko eskatu zion, emaztea zaindu eta predikatzen jarraitu ahal izateko. Baina bi aste pasa ziren eta ez zirudien Jehobak bertatik askatuko zuenik. Beraz, bere otoitza aldatu zuen, honakoa eskatuz: «Jehoba erakutsi, mesedez, zer nahi duzun nik egitea». Orduan, eremuan zeuden anaien zailtasunetan pentsatzen hasi zen. Hauetako asko, euren emazte eta seme-alabengatik oso kezkatuta zeuden. Hortaz, Poetzinger anaiak hau esan zuen otoitzean: «Jehoba, mila esker eman didazun eginkizun berri honengatik. Lagundu, mesedez, anaiak indartzen eta animatzen». Hurrengo bederatzi urteetan, hori egiten jarraitu zuen kontzentrazio eremuetan.
8. Zer gauza garrantzitsu gogoratu beharko genuke otoitz egitean?
8 Gogoratu dezagun Jehobak helburu bat duela eta berak erabakitako unean beteko duela. Sufriarazten diguten arazo guztiak ezabatu nahi ditu, hauen artean, hondamendi naturalak, gaixotasunak eta heriotza. Jehobak arazo hauek betirako eta erabat desagerraraziko ditu bere Erreinuaren bidez (Dn 2:44; Ap 21:3, 4). Hala ere, bitartean, Jehobak Satanasi mundua agintzen utzi dio (Jn 12:31; Ap 12:9). b Izan ere, Jehobak gizakion arazoak orain konponduko balitu, Satanasen agintaritzak nolabaiteko arrakasta duela emango luke. Egia da Jehobaren promes batzuk betetzen ikusteko itxaron behar dugula, baina ez gaitu laguntzarik gabe uzten. Azter dezagun jarraian Jehobak zein modutan laguntzen gaituen.
NOLA ERANTZUTEN DITU JEHOBAK GURE OTOITZAK?
9. Nola laguntzen digu Jehobak erabakiak hartu behar ditugunean? Jarri adibide bat.
9 Jakinduria ematen digu. Jehobak guk erabaki onak hartzeko jakinduria emango digula promesten digu. Bere jakinduria behar dugu bereziki gure bizitza osoan eragina izango duten erabakiak hartzean, adibidez, ezkontzea ala ezkongabe geratzea erabakitzean (St 1:5). Azter dezagun Maria izeneko arreba ezkongabe baten bizipena. c Aitzindari erregular bezala poz-pozik zerbitzatzen ari zen bitartean, anaia bat ezagutu zuen. Mariak honakoa dio: «Gure adiskidetasuna estutzen zihoan heinean, beste motatako sentimenduak agertzen hasi ziren. Banekien erabaki bat hartu behar nuela. Beraz, luze eta zabal egin nuen otoitz gai honen inguruan. Jehobaren gida behar nuen, baina noski, banekien Jehobak ez zuela niregatik erabaki hau hartuko». Mariak jakinduria eskatuz egin zuen otoitz eta Jehobak erantzun ziola sentitu zuen. Zein modutan? Argitalpenak bilatzen aritu zen eta bere galderak erantzuten zituen artikulu zehatzak topatu zituen. Gainera, bere amak emandako aholku zuhurrak kontuan hartu zituen. Aholku hauek bere sentimenduak aztertzen lagundu zioten. Azkenean, erabaki zuhur bat hartu ahal izan zuen.
10. Zer egingo du Jehobak bere zerbitzariak laguntzeko? Jarri adibide bat. (Filipoarrei 4:13, Ke) (Ikusi irudia ere)
10 Irauteko indarra ematen digu. Paulo apostoluari bezala, Jehobak guri ere zailtasunen aurrean irauteko indarra emango digu (Irakurri Filipoarrei 4:13, Ke d). Azter dezagun nola lagundu zion Jehobak Benjamin izeneko anaia bati zailtasunen aurrean irauten. Ia gaztaro osoa Afrikako errefuxiatuen eremu batean pasa zuen bere familiarekin batera. Honela dio: «Etengabe egiten nion otoitz Jehobari gauzak bera pozteko moduan egiteko indarra eskatuz. Jehobak nire otoitzak erantzun zituen barneko bakea, predikatzen jarraitzeko ausardia eta espiritualki sendo mantentzeko argitalpenak emanez». Gainera, hau ere azaltzen du: «Anai-arreben bizipenak irakurtzeak eta Jehobak irauten nola lagundu dien ikusteak leial mantentzeko dudan determinazioa indartu du».
11, 12. Nola erabili ditzake Jehobak anai-arrebak gure otoitzak erantzuteko? (Ikusi irudia ere)
11 Gure familia espirituala erabiltzen du. Hil aurreko gauean, Jesusek sutsu egin zuen otoitz. Jesusek ez zuen berari blasfemia leporatzerik nahi eta hau ez gertatzeko erregutu zion Jehobari. Baina Jehobak beste modu batera erantzun zion. Aingeru bat bidali zuen, Jesusen anaia bat, bera indartzeko (Lk 22:42, 43). Era berean, Jehobak gure anai-arrebak erabili ditzake dei edo bisita animagarri baten bidez gu laguntzeko. Beraz, guztiok bilatu ditzakegu «hitz on» baten bidez gure anai-arreba maiteak animatzeko aukerak (Es 12:25, Ke).
12 Ikusi dezagun Miriam izeneko arreba bati gertatu zitzaiona. Bere senarra hil eta aste gutxi batzuetara, Miriam bakar-bakarrik zegoen etxean, lur jota. Ezin zion negar egiteari utzi eta norbaitekin hitz egiteko beharra sentitzen zuen: «Ez nuen inori deitzeko indarrik, beraz, otoitz egin nion Jehobari. Oraindik negarrez eta otoitzean ari nintzela, telefonoak jo zuen. Adindun bat zen, lagun maite bat». Miriamek adindun horren eta bere emaztearen kontsolamendua jaso zuen. Bera ziur dago Jehobak anaia hura erabili zuela dei hori egiteko.
13. Azaldu adibide batekin Jehobak nola erabili dezakeen bera zerbitzatzen ez duen norbait gure otoitzak erantzuteko.
13 Bera adoratzen ez duten pertsonak erabili ditzake (Es 21:1). Batzuetan, Jehobak bera zerbitzatzen ez duten pertsonak motibatu ditzake bere zerbitzari leialen otoitzak erantzuteko. Adibidez, hori da Artaxerxes erregearekin egin zuena. Nehemiasek Jerusalemera itzultzeko baimena eskatu zion hiria berreraiki ahal izateko, eta erregeak eskaera hau onartu zuen (Ne 2:3-6). Gaur egun ere, Jehobak bera zerbitzatzen ez dutenak erabili ditzake beharra dugunean gu laguntzeko.
14. Nola animatzen zaitu Soo Hing arrebaren bizipenak? (Ikusi irudia ere)
14 Soo Hing izeneko arreba batek Jehobak bere medikuaren bidez lagundu ziola sentitu zuen. Bere semeak hainbat gaixotasun mental zituen eta, gainera, istripu larri bat izan zuen. Ondorioz, arreba honek eta bere senarrak semea zaintzeko lana utzi zutenez, arazo ekonomikoak izaten hasi ziren. Arreba honek ezin zuela presio gehiago jasan esan zuen. Horregatik, bere bihotza Jehobari ireki zion otoitzean laguntza eskatuz. Orduan, beraien medikuak, interesa erakutsiz, laguntzea erabaki zuen. Honi esker, gobernuaren laguntza jaso eta ordaintzeko moduko etxebizitza bat lortu zuten. Soo Hing arrebak dio: «Jehobaren eskua ikusi genuen. Bera da benetan otoitzen entzulea» (Sal 65:3 [65:2, NWT]).
FEDEA BEHAR DA JEHOBAREN ERANTZUNAK BILATZEKO ETA ONARTZEKO
15. Zerk lagundu zion arreba bati Jehoba bere otoitzak erantzuten ari zela konturatzen?
15 Jehobak ez ditu beti gure otoitzak modu ikusgarri batean erantzuten. Baina jasotzen ditugun erantzunak justu behar ditugunak dira berari leial mantentzeko. Beraz, adi egon Jehobak zure otoitzak nola erantzuten dituen ikusteko. Yoko izeneko arreba batek Jehoba ez zela bere otoitzak erantzuten ari sentitzen zuen. Beraz, Jehobari eskatzen ziona koaderno batean apuntatzen hasi zen. Denbora batera idatzitakoa berriro irakurtzean, Jehobak ia otoitz guztiak erantzun zizkiola konturatu zen, baita ordurako ahaztuak zituen otoitz batzuk ere. Horregatik, garrantzitsua da noizbehinka Jehobak gure otoitzak nola erantzuten dituen hausnartzeko tarte bat hartzea (Sal 66:19, 20).
16. Nola erakutsi dezakegu gure otoitzekin fedea dugula? (Hebrearrei 11:6)
16 Jehobari otoitz egiteaz gain, gure otoitzen erantzunak onartu behar ditugu, nola erantzuten digun axola gabe. Horrela, fedea erakusten dugu (Irakurri Hebrearrei 11:6). Ikus dezagun adibide bat. Mike eta Chrissy izeneko bikote batek Betelen zerbitzatzeko helburua zuen. «Askotan bete genuen eskaera bikote bezala, eta gure helburuari buruz behin eta berriro egin genuen otoitz», dio Mike anaiak, «baina ez genuen inoiz gonbidapenik jaso». Ziur zeuden Jehobak bazekiela beraiek erabiltzeko modurik hoberena zein zen. Ahal zuten guztia egiten jarraitu zuten behar handiagoa zegoen toki batean aitzindari erregular bezala zerbitzatuz eta eraikuntza proiektuetan lagunduz. Gaur egun, ibiltari lanean ari dira. «Jehobak ez ditu beti gure otoitzak espero genuen moduan erantzun», dio Mikek, «baina berak erantzun egin ditu eta, gainera, imajinatu ahal genuen baino modu hobean».
17, 18. 86. Salmoa 6, 7aren arabera, zertaz egon gaitezke ziur?
17 Irakurri 86. Salmoa 6, 7. Dabid ziur zegoen Jehobak bere otoitzak entzun eta erantzun zituela. Zuk ere konfiantza bera izan dezakezu. Artikulu honetan aztertutako bizipenek Jehobak irauteko behar dugun jakinduria eta indarra eman ahal dizkigula ziurtatzen digute. Gainera, gure familia espirituala edo bera zerbitzatzen ez dutenak erabili ditzake gu laguntzeko.
18 Nahiz eta Jehobak gure otoitzak ez dituen beti guk espero dugun moduan erantzuten, badakigu erantzungo dituela. Berak justu behar duguna eta justu behar dugunean emango digu. Beraz, jarraitu fede osoz otoitz egiten eta ziur egon Jehobak orain zainduko zaituela eta iristear dagoen mundu berrian «izaki bizidun guztien desioa asetuko duela» (Sal 145:16, NWT).
sn 2. KANTA Milesker, Jehoba
a Jehobak gure otoitzak erantzuten dituela ziurtatzen digu, hauek bere nahiarekin bat badatoz. Zailtasunak ditugunean, ziur egon gaitezke berak behar dugun laguntza emango digula leial mantentzeko. Ikusi dezagun nola erantzuten dituen Jehobak gure otoitzak.
b Jehobak Satanasi mundua agintzen zergatik utzi dion jakiteko, irakurri argitalpen honetako 2017ko ekaineko hurrengo artikulua: «No perdamos de vista la cuestión de la soberanía» («Ne perds pas de vue la question la plus importante»).
c Izen batzuk aldatuak izan dira.
d Filipoarrei 4:13, Ke: «Guztia ahal daiket bizkortzen nauanaren indarrez».
e IRUDIAREN AZALPENA: Ama bat eta bere alaba errefuxiatu bezala iristen dira herrialde berri batera. Anai-arrebek ongietorri bero bat eta laguntza praktikoa eskaintzen diete.