24. IKASKETARAKO ARTIKULUA
Zure helburu espiritualak bete ahal dituzu
«Ez gaitezen, beraz, aspertu on egiten, zeren, etsitzen ez badugu, jasoko baitugu uzta bere garaian» (GA 6:9).
sjj 84. KANTA Saia zaitez
ZER AZTERTUKO DUGU? a
1. Zer zailtasun izan ditugu gutako askok?
JARRI al duzu inoiz betetzea asko kostatu zaizun helburu espiritualen bat? b Hala bada, ez zara bakarra. Adibidez, Philip-ek gehiagotan egin nahi zuen otoitz eta bere otoitzak hobetu nahi zituen, baina zaila egiten zitzaion denbora topatzea. Erikaren kasuan, bere helburua predikatzeko bileretara garaiz iristea zen. Hala ere, ia bilera guztietara berandu iristen jarraitzen zuen. Eta Tomáš askotan saiatu zen Biblia osorik irakurtzen. Berak dio: «Ez nuen Biblia irakurtzeaz disfrutatzen. Hiru alditan saiatu arren, Lebitarrena libururaino bakarrik iritsi nintzen».
2. Zergatik ez gara desanimatu behar helbururen bat betetzea lortu ez badugu?
2 Helburu sinpleek ere denbora eta lan handia eskatzen dute. Horregatik, ez zaitez desanimatu helbururen bat betetzea lortu ez baduzu. Oraindik helburu hori bete nahi izateak Jehobarekin duzun harremana estimatzen duzula eta onena eman nahi diozula erakusten du. Gainera, berak zure esfortzuak baloratzen ditu. Noski, berak ez du zugandik eman dezakezuna baino gehiago espero (Sal 103:14; Mi 6:8). Beraz, izan zaitez arrazoitsua eta bete ditzakezun helburuak bakarrik jarri. Behin helburu bat zehaztutakoan, zer egin dezakezu hau betetzeko? Ikus ditzagun aholku batzuk.
MOTIBAZIOA EZINBESTEKOA DA
3. Zergatik da ezinbestekoa motibazioa?
3 Motibazioa ezinbestekoa da helburu espiritualak lortzeko. Motibatua dagoen norbaitek lan egiteko desio handia du bere helburua bete nahi duelako. Zerekin konparatu daiteke motibazioa? Belaontzi bat bultzatzen duen haizearekin. Haizea geratzen ez bada, marinela helmugara iritsiko da. Eta haizea indartsuagoa bada, seguruenik, lehenago iritsiko da. Era berean, zenbat eta motibazio handiagoa izan, orduan eta errazagoa izango da gure helburuak lortzea. «Motibatua zaudenean, gogorrago saiatzen zara», dio Davidek, El Salvadorreko anaia batek. «Zure helburuak betetzea oztopatu ditzaketen trabak baztertzen saiatzen zara». Beraz, zer egin dezakezu motibazioa handitzeko?
4. Zer eskatu dezakegu gure otoitzetan? (Filipoarrei 2:13) (Ikusi irudia ere)
4 Otoitz egin motibazio handiagoa eskatuz. Jehobak gure helburuak betetzera motibatu gaitzake bere espirituaren bidez (Irakurri Filipoarrei 2:13). Batzuetan, helburu bat jartzen dugu hori egin behar dugula dakigulako; eta hori ondo dago. Baina, agian, helburu hori betetzeko desioa falta zaigu. Hau da Norina izeneko Ugandako arreba bati gertatutakoa. Biblia ikastaro bat zuzentzeko helburua jarri zuen, baina motibazioa falta zitzaion ez zuelako bere burua irakasle bezala ikusten. Zerk lagundu zion? «Nire motibazioa handitzeko laguntza eskatzen hasi nintzen otoitzetan egunero. Bestalde, nire otoitzekin bat eginez, irakasteko gaitasunak lantzen hasi nintzen. Hilabete gutxitara, nire desioa handitu zela konturatu nintzen. Urte hartan bertan, bi ikastaro hasi nituen».
5. Zertan hausnartu dezakegu gure motibazioa handitzeko?
5 Hausnartu Jehobak zuregatik egin duen guztian (Sal 143:5). Paulok Jehobak erakutsi zion onginahian hausnartu zuen eta honek Jehobarentzat gogor lan egitera motibatu zuen (1 Ko 15:9, 10; 1 Tm 1:12-14). Era berean, Jehobak zure alde egin duen guztian hausnartzen jarraitzen baduzu, zure helburua betetzeko duzun motibazioa handitzen joango da (Sal 116:12). Begira zerk lagundu zion Honduraseko arreba bati aitzindari erregularra izateko helburua betetzen: «Jehobak zenbat maite nauen hausnartu nuen. Bere herrira erakarri ninduen. Ni zaintzen eta babesten nau. Hausnarketa hau egiteak bera gehiago maitatzera bultzatu nau eta nire motibazioa handitu du».
6. Zer gehiago egin dezakegu motibazioa handitzeko?
6 Jarri arreta helburua lortzearen bedeinkapenetan. Ikusi zerk lagundu zion lehen aipatutako Erika arrebari puntual izateko helburua betetzen: «Predikaziora berandu iristeagatik, gauza asko galtzen ari nintzela ikusi nuen. Baina, lehenago iritsiko banintz, anai-arrebak agurtzeko eta beraiekin denbora pasatzeko aukera izango nuke. Gainera, predikazioaz gozatzeko eta honetan hobetzeko aholku praktikoak entzungo nituzke». Erikak garaiz iristearen abantailetan jarri zuen arreta eta, ondorioz, bere helburua bete zuen. Zer bedeinkapenetan jarri dezakezu arreta? Zure helburua Biblia irakurtzea edo otoitzak hobetzea bada, pentsatu honek nola sendotu dezakeen Jehobarekin duzun harremana (Sal 145:18, 19). Edo zure helburua kristau ezaugarri bat lantzea bada, pentsatu helburu horrek nola lagundu ahal dizun besteekin dituzun harremanak hobetzen (Kol 3:14). Zergatik ez duzu helburua betetzeko dituzun arrazoien zerrenda bat egiten eta erregularki berrikusten? Aurretik aipatutako Tomášek dio: «Helburu bat betetzeko arrazoi gehiago ditudanean, errazagoa egiten zait amore ez ematea».
7. Zerk lagundu zien Julio eta bere emazteari beraien helburua betetzen?
7 Denbora pasa helburua betetzera animatuko zaituztenekin (Es 13:20). Julio eta bere emazteak behar handiagoa zegoen toki batean predikatzeko helburua zuten. Juliok helburua betetzen zerk lagundu zien aipatzen du: «Helburua betetzen lagunduko ziguten lagunak aukeratu genituen. Horrela, beraiekin gure helburuari buruz hitz egin genezakeen. Gainera, hauetako askok antzeko helburuak dagoeneko bete zituztenez, aholku praktikoak eman ahal zizkiguten. Honetaz gain, gure planak nola zihoazen galdetzen ziguten. Eta, behar izan genuenean, animoa eman ziguten».
MOTIBAZIORIK EZ DUGUNEAN
8. Zer gertatu daiteke motibatuta gaudenean bakarrik saiatzen bagara gure helburua lortzen? (Ikusi irudia ere)
8 Batzuetan ez dugu gure helburua betetzeko motibaziorik izango. Esan nahi al du honek ezingo dugula gure helburua bete? Ez. Segi dezagun aurreko adibidearekin. Haizeak helmugara iristen lagundu ahal dio belaontziari. Baina haizearen indarra aldakorra izaten da eta egun batzuetan ez dago haize arrastorik ere. Orduan, zer egin dezake marinelak nabigatzen jarraitzeko? Adibidez, belaontzi batzuek motorra dute eta beste batzuek arraunak dituzte. Marinelak hauetakoren bat erabili dezake helmugarantz nabigatzen jarraitzeko. Gure motibazioa haizearekin konparatu daiteke hau ere aldakorra delako, eta egun batzuetan motibazio falta izan dezakegu. Beraz, gure helburua betetzeko saiakerak motibatuta gaudenean bakarrik egiten baditugu, ziurrenik ez dugu inoiz helburua betetzea lortuko. Marinelak helmugara iristeko beste modu batzuk bilatzen dituen bezala, guk ere lanean jarraitu behar dugu motibatuta ez egon arren. Noski, hau egitea ez da erraza izango, baina zein pozik sentituko garen gure helburua betetzean. Motibaziorik ez dugunean zer egin dezakegun ikusi aurretik, azter dezagun sortu daitekeen galdera bat.
9. Gogorik izan ez arren, lanean jarraitu behar al dugu helburu espiritual bat lortzeko? Azaldu.
9 Jehobak bera gogotsu eta pozik zerbitzatzea nahi du (Sal 100:2; 2 Ko 9:7). Beraz, gogorik izan ez arren, lanean jarraitu behar al dugu helburu espiritual bat lortzeko? Begira zer egiten zuen Paulo apostoluak: «Modu zorrotzean diziplinatzen dut nire gorputza eta nire esklabo bihurtzen dut» (1 Ko 9:25-27, NWT, oharra). Nahiz eta Paulok Jehobak eskatutakoa egiteko desiorik ez izan, bere burua behartu zuen. Pozik al zegoen Jehoba Paulok bere alde egin zuenagatik? Noski baietz! Gainera, bere esfortzuak saritu zituen (2 Tm 4:7, 8).
10. Zer probetxu ateratzen dugu motibaziorik gabe helburu bat lortzeko lan egiten dugunean?
10 Era berean, nahiz eta motibaziorik ez izan, Jehoba asko pozten da gure helburua betetzen saiatzen ari garela ikusten duenean. Jehobak badaki egiten duguna ez zaigula beti gustatzen, baina asko eskertzen du hau bera maite dugulako egiten dugunean. Jehobak Paulo bedeinkatu zuen bezala, gure ahaleginak ere bedeinkatuko ditu. Eta Jehobaren bedeinkapena ikusteak motibazioa izaten lagundu ahal digu. Polonian bizi den Lucyna izeneko arreba batek dio: «Batzuetan ez dut predikatzera atera nahi, bereziki, nekatuta nagoenean. Hala ere, atera ondoren, poz handia sentitzen dut. Hori bai opari paregabea!». Azter dezagun zer egin dezakegun motibazioa falta zaigunean.
11. Nola lagundu gaitzake Jehobak autokontrola lantzen?
11 Egin otoitz autokontrola eskatuz. Autokontrola norberaren sentimenduak eta ekintzak kontrolatzeko gaitasuna da. Askotan, gaizki dagoena ez egiteko kontrolatzearekin lotzen da. Baina ongi dagoena egiteko ere beharrezkoa da, bereziki, zailtasunak ditugunean edo motibaziorik ez dugula sentitzen dugunean. Gogoan izan autokontrola espirituaren fruituaren parte dela. Beraz, eskatu Jehobari bere espiritu santua ezaugarri inportante hau lantzen laguntzeko (Lk 11:13; Ga 5:22, 23, NWT). Lehenago aipatutako David anaiari otoitz egiteak bere ikasketa pertsonala erregularki egiten lagundu zion. Berak dio: «Autokontrola lantzen laguntzeko eskatzen nion Jehobari. Bere laguntzari esker, ikasketa programa on bat hasteko gai izan nintzen eta, gainera, erregularki».
12. Nola laguntzen digu Kohelet 11:4ak gure helburuak betetzen?
12 Ez egon egoera perfektuaren zain. Mundu honetan zaila da egoera ideala izatea. Honen zain geratzen bagara, ziurrenik, ez dugu gure helburua betetzea inoiz lortuko (Irakurri Kohelet 11:4). Daniel izeneko anaia batek hau dio: «Ez dago perfektua den egoerarik. Baina egoera onenak sortzeko, martxan jarri behar gara». Ugandan bizi den Paul izeneko anaia batek gauzak ez atzeratzeko beste arrazoi bat ematen du: «Egoera zaila izan arren ekinean hasten garenean, Jehobari gu bedeinkatzeko zerbait ematen diogu» (Ml 3:10).
13. Zer abantaila izan ditzakegu helburu txikiak jartzen hasten bagara?
13 Hasi helburu txikiak jartzen. Agian motibazioa falta zaigu jarri dugun helburua betetzea zaila iruditzen zaigulako. Zure kasuan hala bada, zergatik ez duzu helburu hau txikiagotan banatzen? Adibidez, ezaugarri bat landu nahi baduzu, zergatik ez zara ezaugarri hau egoera sinpleetan erakusten hasten? Edo, beharbada, Biblia osoa irakurri nahi duzu. Hasteko, zergatik ez dituzu irakurtzeko denbora tarte motzak antolatzen? Tomáši, hasieran aipatutako anaiari, zaila egiten zitzaion Biblia urtebetean irakurtzeko helburua betetzea: «Niretzat hori lortzea gehiegitxo zela konturatu nintzen. Beraz, beste aukera bat eman nion neure buruari. Baina oraingoan, egunero paragrafo gutxi batzuk bakarrik irakurtzen nituen eta hauetan hausnartzen hasi nintzen. Ondorioz, nire irakurketaz gozatzen hasi nintzen». Biblia irakurtzeaz disfrutatzen hasi zenez, denbora tarte luzeagoak hartzeko gogoa piztu zitzaion Tomáši. Denborarekin, Biblia osoa irakurri zuen. c
EZ DESANIMATU ZAILTASUNAK BADITUZU
14. Zer zailtasun izan ditzakegu?
14 Tamalez, zailtasunak izan ditzakegu zein motibatuta gauden edo zein diziplinatuak garen axola gabe. Adibidez, «espero gabeko gertaeraren» batek gure denbora eta arreta bereganatu ditzake (Koh 9:11, NWT). Edo, agian, egoera zail batek desanimatuta eta indarrik gabe utzi gaitu (Es 24:10). Baliteke gure inperfekzioaren eraginez, gure helburua lortzea zailtzen duen akatsen bat egitea (Erm 7:23). Edo, beharbada, besterik gabe, nekatuta gaude (Mt 26:43). Beraz, zerk lagundu gaitzake hauek bezalako zailtasunen bat edo egun txarren bat gainditzen?
15. Porrot egin dugula esan nahi al du zailtasunak izateak? Azaldu. (145. Salmoa 14)
15 Gogoan izan zailtasun batek ez duela porrot egin duzunik esan nahi. Bibliak arazoak behin eta berriz izango ditugula esaten du. Hala ere, gure helburua lortu dezakegula argi uzten du, batez ere, Jehobaren laguntza badugu (Irakurri 145. Salmoa 14). Aurretik aipatutako Philip anaiak hau dio: «Erori izan naiz helburu bat lortzeko bidean, baina arreta ez dut horretan jartzen. Niretzat inportanteena zenbat aldiz altxatu naizen da». Bestalde, lehen aipatutako David anaiak esaten du: «Zailtasunak eta egun txarrak Jehoba zenbat maite dudan erakusteko aukerak bezala ikusten saiatzen naiz, eta ez oztopoak bezala». Hala da, zailtasunak izan arren gure helburua lortzen saiatzen bagara, Jehoba poztu nahi dugula erakutsiko dugu. Zenbat pozten den Jehoba gure helburua lortzeko gogor saiatzen garenean!
16. Zer ikasi dezakegu zailtasunetatik?
16 Ikasi zailtasunetatik. Pentsatu gertatutakoan eta galdetu zeure buruari: «Zer egin dezaket hau berriro ez gertatzeko?» (Es 27:12). Batzuetan, hasiera batean jarritako helburua uste bezain errealista ez dela erakusten digute zailtasunek. Zure kasuan hala bada, azter ezazu helburua berriro ere, zuretzat arrazoitsua izaten jarraitzen duen ala ez ikusteko. d Jehobak ez du pentsatuko porrot egin duzunik zuretzat posible ez den helburu bat ez lortzeagatik (2 Ko 8:12).
17. Zergatik gogoratu behar dugu dagoeneko zer lortu dugun?
17 Gogoratu dagoeneko zer lortu duzun. Bibliak dio: «Zintzoa da, bai, Jainkoa eta ez da ahaztuko zuek egin duzuenaz» (Heb 6:10). Beraz, gogoan izan dagoeneko zer helburu lortu dituzun, adibidez, Jehobarekin duzun harremana sendotzea, besteei berari buruz hitz egitea edo bataiatzea. Aurrerapausoak eman eta beste helburu espiritualak bete ahala, orain duzun helbururantz gerturatzen arituko zara (Flp 3:16, NWT).
18. Zer egin behar dugu gure helbururantz lanean jarraitzen dugun heinean? (Ikusi irudia ere)
18 Jehobaren laguntzarekin, zure helburua lortu ahal duzu marinel bat helmugara iristen den bezala. Baina gogoratu marinel askok bidaiaz gozatzen dutela. Era berean, zure helburu espiritualerantz lanean jarraitzen duzun heinean, gozatu Jehobak bidean zehar nola laguntzen eta bedeinkatzen zaituen ikusteaz (2 Ko 4:7). Amore ematen ez baduzu, bedeinkapen bikainak jasoko dituzu (Ga 6:9).
sn 43. KANTA Erne, sendo eta indartsu
a Jehobaren erakundeak, askotan, helburu espiritualak jartzera animatzen gaitu. Baina, zer gertatzen da jarri dugun helburu bat betetzea kostatzen bazaigu? Artikulu honetan, gure helburuak betetzen lagunduko diguten aholku batzuk ikusiko ditugu.
b ZER ESAN NAHI DU? Guztion helburua da Jehoba poztea eta bere zerbitzuan gehiago egitea. Horretarako, helburu espiritualak jartzen ditugu eta gogor egiten dugu lan bere zerbitzuan hobetzeko eta helburu hauek betetzera iristeko. Adibidez, helburu bat ezaugarri kristau bat lantzea edo Jehobaren zerbitzuko alderdiren batean hobetzea izan daiteke, esaterako, Biblia irakurketan, ikasketa pertsonalean edo predikazioan hobetzea.
c Ikusi Benefíciese de la Escuela del Ministerio Teocrático (Tirez profit de l’École du ministère théocratique) 10-11 or., 4 para.
d Gehiago jakiteko, ikusi aldizkari honen 2008ko uztailak 15eko alearen «Las expectativas realistas contribuyen a nuestra felicidad» («Des attentes raisonnables... pour être joyeux !») artikulua.