Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

14. IKASKETARAKO ARTIKULUA

«Honetan ezagutuko dute guztiek zuek nire ikasle zaretela»

«Honetan ezagutuko dute guztiek zuek nire ikasle zaretela»

«Honetan ezagutuko dute guztiek zuek nire ikasle zaretela: zuek elkar maite izatean» (JN 13:35).

sjj 106. KANTA Maitasuna landu dezagun

ZER AZTERTUKO DUGU? a

Zer pentsatzen dute Lekukoak ez diren askok Jehobaren herrian dagoen maitasuna ikustean? (Ikusi 1. paragrafoa)

1. Zerk txunditzen du jendea gure bileretara etortzen den lehen aldian? (Ikusi irudia ere)

 IMAJINATU ezkondutako bikote bat Jehobaren lekukoen bilera batera joaten dela lehenengo aldiz. Txundituta geratu dira bilera aretoan eman dieten ongietorriarengatik eta bertakoek elkarri erakutsi dioten maitasunarengatik. Etxera bidean, emazteak senarrari honakoa esaten dio: «Jehobaren lekukoak desberdinak dira, baina zentzu onean».

2. Zergatik utzi diote batzuek Jehoba zerbitzatzeari?

2 Kristauen arteko maitasuna nabarmena da. Baina, noski, Jehobaren lekukoak ez gara perfektuak (1 Jn 1:8). Beraz, anai-arrebak zenbat eta gehiago ezagutu, orduan eta errazagoa izango da beraien ahuleziak ikustea (Erm 3:23). Tamalez, batzuek Jehoba zerbitzatzeari utzi diote inperfekzio horietan zentratu direlako.

3. Zerk bereizten ditu Jesu Kristoren benetako jarraitzaileak? (Joan 13:34, 35)

3 Aztertu dezagun artikuluko aipu nagusia (Irakurri Joan 13:34, 35). Zerk bereizten ditu Jesu Kristoren benetako jarraitzaileak? Maitasunak, ez perfektu izateak. Bestalde, Jesusek ez zuen esan: «Honetan ezagutuko duzue zuek nire ikasle zaretela». Horren ordez, hau esan zuen: «Honetan ezagutuko dute guztiek zuek nire ikasle zaretela». Beraz, nork bereiziko zituen Jesusen benetako jarraitzaileak? Kristauez gain, kongregazioaren parte ez zirenek ere. Eta nola bereiziko zituzten? Elkarri izango zioten benetako maitasunarengatik.

4. Zer jakin nahi dute batzuek benetako kristauei buruz?

4 Jehobaren lekukoak ez diren batzuek agian euren buruari honako galderak egiten dizkiote: «Nola laguntzen digu maitasunak Jesusen benetako jarraitzaileak bereizten? Nola erakutsi zien Jesusek bere apostoluei maitasuna? Nola imitatu dezakegu Jesusen eredua?». Lekukook ere galdera hauetan hausnartu beharko genuke. Izan ere, hori egiteak maitasuna bete-betean erakusten lagunduko digu, bereziki besteen inperfekzioen aurrean (Ef 5:2).

MAITASUNAK JESUSEN BENETAKO JARRAITZAILEAK BEREIZTEN DITU

5. Azaldu Joan 15:12, 13⁠ko Jesusen hitzak.

5 Jesusen arabera, bere jarraitzaileek modu berezi batean maitatuko zuten elkar (Irakurri Joan 15:12, 13). Ikusi zer agindu zien Jesusek: «Maita dezazuela elkar nik maite izan zaituztedan bezala». Zer esan nahi du honek? Jesusek jarraian azaldu zuen bezala, besteak euren burua baino gehiago maitatu behar zituztela. Ondorioz, maitasun honek bultzatuta, beste kristauen alde, bizia emateko prest egongo lirateke beharrezkoa balitz. b

6. Nola azpimarratzen du Jainkoaren Hitzak maitasunak duen garrantzia?

6 Jainkoaren Hitzak maitasuna oso inportantea dela irakasten digu. Adibidez, honakoak dira jende askori gehien gustatzen zaizkion Biblia bertsetak: «Jainkoa maitasuna [da]» (1 Jn 4:8). «Maitatu lagun hurkoa zeure burua bezala» (Mt 22:39). «Maitasunak bekatu askoren barkamena lortzen [du]» (1 P 4:8). «Maitasuna ez da behin ere itzaltzen» (1 Ko 13:8). Bertset hauek eta beste batzuek argi uzten dute maitasuna lantzea eta erakustea oso garrantzitsua dela.

7. Zergatik ezingo du Satanasek jendea benetako maitasunean inoiz elkartu?

7 Jende askok honakoa esaten du: «Nola bereizi dezaket benetako erlijioa? Erlijio guztiek egia dutela esaten dute. Baina bakoitzak gauza ezberdinak irakasten ditu Jainkoari buruz». Satanasek erlijio faltsu asko sortu dituenez, jendearentzat zaila da benetako erlijioa bereiztea. Baina inoiz ezingo du batak bestea maitatzen duen mundu mailako anaiarte bat sortu. Jehobak bakarrik lortu dezake hori. Zergatik? Benetako maitasuna berarengandik datorrelako. Ondorioz, Jehobaren espiritua eta bedeinkapena dutenek bakarrik lortu dezakete elkar benetan maitatzea (1 Jn 4:7). Horregatik esan zuen Jesusek bere jarraitzaileek bakarrik izango zutela elkarren arteko benetako maitasuna.

8, 9. Zer eragin izan du jende askorengan Jehobaren lekukoen artean ikusi duten maitasunak?

8 Jesusek aurresan bezala, askok bere benetako jarraitzaileak elkarren artean erakusten duten bihotzezko maitasunarengatik bereizi dituzte. Esaterako, Ian izeneko anaia batek ondo gogoratzen du biltzar batera joan zen lehen aldia. Biltzarra bere etxe inguruko estadio batean izan zen eta, hilabete batzuk lehenago, bertan egon zen partidu bat ikusten. Ianek dio: «Biltzarrean ikusitakoa zeharo ezberdina zen. Lekukoak atseginak ziren eta ondo jantzita zeuden. Beraien seme-alabak ere ondo portatzen ziren». Honakoa ere esaten du: «Guztiaren gainetik jendea zoriontsu eta bakean zegoela zirudien, eta nik hori nahi nuen. Ez dut egun hartako hitzaldi bat bera ere gogoratzen, baina ezin dut ahaztu Lekukoek izan zuten jokabidea». c Jokabide hori, noski, elkarri diogun maitasunaren ondorioa da. Gure anai-arrebak hainbeste maitatzen ditugunez, goxotasunez eta errespetuz tratatzen ditugu.

9 John izeneko anaia bat antzera sentitu zen lehen aldiz bilera batera joan zenean: «Harrituta nengoen guztiak […] atseginak zirelako. Perfektuak ziruditen. Beraien maitasun zintzoak, egiazko erlijioa aurkitu nuela konbentzitu ninduen». d Hauek eta honelako beste bizipen askok, Jehobaren lekukoak benetako kristauak direla frogatzen dute.

10. Noiz bereziki erakutsi dezakegu anai-arrebak maite ditugula? (Ikusi oharra ere)

10 Hasieran esan den bezala, ez dago kristau perfekturik. Batzuetan gure anai-arrebek haserretzen gaituzten gauzak esan edo egiten dituzte (St 3:2). e Horrelakoetan bereziki, gure erantzuteko moduarekin erakutsi dezakegu anai-arrebak maite ditugula. Honen inguruan, zer ikasi dezakegu Jesusen eredutik? (Jn 13:15).

NOLA ERAKUTSI ZIEN JESUSEK MAITASUNA BERE APOSTOLUEI?

Jesusek bere apostoluei maitasuna erakutsi zien hauek akats asko egin arren (Ikusi 11 eta 13 paragrafoak)

11. Zer ezaugarri txar erakutsi zituzten Santiago eta Joanek? (Ikusi irudia ere)

11 Jesusek ez zuen espero bere jarraitzaileak perfektuak izatea. Horren ordez, euren ahuleziak zuzentzen eta Jehoba pozteko aldaketak egiten laguntzen zien. Behin, bi apostoluk, Santiago eta Joanek, euren amaren bitartez Jesusi Erreinuan toki garrantzitsu bat emateko eskatu zioten (Mt 20:20, 21). Santiago eta Joanek egin zutenak harroak zirela eta besteak baino inportanteagoak izan nahi zutela erakusten zuen (Es 16:18).

12. Izan al ziren Santiago eta Joan ezaugarri txarrak erakutsi zituzten bakarrak? Azaldu.

12 Santiago eta Joan ez ziren momentu horretan ezaugarri txarrak erakutsi zituzten bakarrak izan. Ikusi nola erantzun zuten beste apostoluek: «Beste hamarrak, hori entzutean, bi anaien aurka haserre jarri ziren» (Mt 20:24). Seguruenik Santiago, Joan eta beste apostoluen artean liskar gogorra izango zuten. Agian besteek ondorengoa esango zuten: «Gu baino hobeak zaretela uste duzue? Horregatik eskatu duzue gu baino toki hobea izatea? Ez zarete Jesusekin gogor lan egin duten bakarrak. Guk toki berezi bat jasotzea zuek bezainbeste merezi dugu!». Egoera hartan, elkarrekin beti maitasunez eta goxotasunez tratatu behar zutela ahaztu zuten.

13. Nola jokatu zuen Jesusek bere apostoluen ahulezien aurrean? (Mateo 20:25-28)

13 Nola jokatu zuen Jesusek egoera hartan? Ez zen haserretu. Ez zuen esan apostolu berriak bilatuko zituenik, apalagoak zirenak edo elkarri beti maitasuna erakutsiko ziotenak. Horren ordez, Jesusek pazientziaz hitz egin zien, bazekielako ondo zegoena egin nahi zutela (Irakurri Mateo 20:25-28). Jesusek bere apostoluak goxotasunez tratatu zituen beti, nahiz eta behin eta berriz beraien artean handiena nor zen eztabaidatzen zuten (Mk 9:34; Lk 22:24).

14. Zein girotan hazi ziren Jesusen apostoluak?

14 Argi dago Jesusek kontuan hartzen zuela apostoluen jatorri eta kultura (Jn 2:24, 25). Lege maisu juduek eta fariseuek postu gorenak zituzten pertsonak bakarrik zirela garrantzitsuak irakasten zuten, eta apostoluak giro horretan hazi ziren (Mt 23:6). Erlijioburu juduek besteak baino hobeak zirela ere pentsatzen zuten (Lk 18:9-12). f Gauza hauek apostoluek euren burua eta besteak ikusteko moduan eragina zuten, eta Jesusek hori bazekien (Es 19:11). Ez zuen espero bere jarraitzaileek inoiz akatsik ez egitea eta, egiten zituztenean, pazientzia izaten zuen beraiekin. Bazekien ondo jokatu nahi zutela. Beraz, harrokeria eta beti besteak baino hobeak izateko joera gainditzen lagundu zien, baita elkarri maitasuna erakusten ere.

NOLA IMITATU DEZAKEGU JESUSEN EREDUA?

15. Zer ikasi dezakegu Santiago, Joan eta beste apostoluen artean gertatu zenetik?

15 Asko ikasi dezakegu Santiago, Joan eta beste apostoluen artean gertatu zenetik. Santiago eta Joanek gaizki egin zuten Erreinuan toki garrantzitsu bat eskatu zutenean. Baina beste apostoluek ere gaizki jokatu zuten, ez zirelako batasuna mantentzen saiatu. Jesusek, ordea, goxotasunez eta maitasunez tratatu zituen apostolu guztiak. Zer ikasten dugu? Besteek egiten dutena garrantzitsua izan arren, besteen akatsen aurrean nola erantzuten dugun ere inportantea da. Anaia edo arreba batekin haserre gaudenean, zerk lagundu gaitzake? Honako galderetan hausnartzeak: «Zergatik haserretzen nau egin duenak hainbeste? Landu behar dudan ezaugarri txarren bat agerian uzten al du? Arazoren bat izango ote du haserretu nauenak? Haserretzeko arrazoiak ditudala uste arren, maitasuna erakutsi eta egindakoa barkatu al dezaket?». Elkarri maitasuna erakusten diogunean, Jesusen benetako jarraitzaileak garela frogatzen dugu.

16. Zer gehiago ikasi dezakegu Jesusen eredutik?

16 Jesusen ereduak anai-arrebak ulertzen saiatu behar dugula ere irakasten digu (Es 20:5). Noski, Jesusek bihotzean zegoena ikusi zezakeen, baina guk ez. Hala ere, pazientzia erakutsi dezakegu besteen inperfekzioen aurrean (Ef 4:1, 2; 1 P 3:8). Hau egitea errazagoa izango da gure anai-arrebak hobeto ezagutzen baditugu. Ikus dezagun honen adibide bat.

17. Nola lagundu zion eskualde arduradun bati anaia bat hobeto ezagutzeak?

17 Eskualde arduradun batek Afrikako ekialdeko anaia bat ezagutu zuenean, izaera zakarra zuela pentsatu zuen. Zer egin zuen eskualde arduradunak? Berak dio: «Anaiarengandik ihes egin beharrean, bera hobeto ezagutzea erabaki nuen». Hau egitean, anaiaren jatorriak bere izaeran zer eragin izan zuen konturatu zen eskualde arduraduna. Honakoa ere esaten du: «Besteekin ondo konpontzeko aldaketak egitea berarentzat zein zaila izan zen ikusi nuen, baita ordurako zenbat aldaketa egin zituen ere. Honek asko harritu ninduen eta oso lagun onak izatera iritsi ginen». Argi dago, gure anai-arrebak ulertzen saiatzen garenean, askotan errazagoa izaten da hauei maitasuna erakustea.

18. Zer galdera egin ditzakegu anaia edo arreba batek mintzen gaituenean? (Esaera Zaharrak 26:20)

18 Batzuetan, agian, mindu gaituen anaia edo arrebarekin hitz egiteko beharra sentitu dezakegu. Hori egin aurretik, honako galderak egin beharko genizkioke geure buruari: «Datu guztiak al ditut?» (Es 18:13). «Ni mintzeko intentzioa al zuen?» (Koh 7:20). «Antzeko akatsik egin al dut nik noizbait?» (Koh 7:21, 22). «Berarekin hitz egiten badut, arazoa handiagoa egingo al da?» (Irakurri Esaera Zaharrak 26:20). Galdera hauetan hausnartzen badugu, maitasunak gertatutakoari buelta gehiago ez ematen lagundu ahal digula ikusiko dugu.

19. Zer jarraitu nahi duzu egiten?

19 Jehobaren lekukoek Jesusen benetako jarraitzaileak direla frogatzen dute elkarri maitasuna erakutsiz. Gutako bakoitzak ere Jesusen jarraitzailea dela erakusten du anai-arrebei benetako maitasuna azaltzean, hauek akatsak egin arren. Aldi berean, beste batzuei benetako erlijioa bereizten eta Jehoba gurekin batera adoratzen lagundu ahal diegu. Beraz, jarraitu dezagun benetako kristauak bereizten dituen maitasuna erakusten.

sjj 17. KANTA «Nahi dut»

a Gure artean ikusten den maitasun nabarmenak jende asko erakartzen du egiara. Hala ere, perfektuak ez garenez, batzuetan ez da erraza izaten elkarri maitasuna erakustea. Zergatik da hain garrantzitsua maitasuna? Nola imitatu dezakegu Jesusen eredua besteek akatsak egiten dituztenean?

b Ikusi Ven, sé mi seguidor («Viens, suis-moi») liburuko, 17. kapituluko 10 eta 11 orrialdeak.

c Ikusi aldizkari honen 2012⁠ko azaroaren 1⁠eko «Azkenik nire bizitzak zentzua du» artikulua.

d Ikusi aldizkari honen 2012⁠ko maiatzaren 1⁠eko «Nire bizitzak paregabea zirudien» artikulua.

e Artikulu honek ez du adindunek tratatu beharreko bekatu larriei buruz hitz egiten, esaterako, 1 Korintoarrei 6:9, 10⁠ean adierazten direnak.

f Beranduago, erlijioburu judu batek honakoa esan omen zuen: «Gutxienez, Abraham bezain zuzenak diren hogeita hamar gizon daude munduan. Hogeita hamar badaude, nire semea eta ni horietako bi gara; hamar badaude, nire semea eta ni horietako bi gara; bost badaude, nire semea eta ni horietako bi gara; bi badaude, nire semea eta ni gara; baina bakarra badago, ni naiz».