Irakurleen galderak
Zergatik esan zuen «adiskide» deitzen zaion gizonak Rutekin ezkontzen bazen bere herentzia «hondatu» egingo zuela? (Rt 4:1, 6)
Biblia idatzi zen garaian, gizon bat seme-alabarik izan gabe hiltzen bazen, zer gertatzen zen bere lurrekin? Eta familiaren izenarekin? Moisesen legeak galdera horiek erantzuten zituen.
Gizon bat hiltzen bazen edo pobretu zelako bere lurrak saltzen bazituen, zer gertatzen zen lur horiekin? Anaia batek edo hurbileko senide batek, lurra berreskuratu edo erosi zezakeen. Hori egiten bazuen, lurrak familiarena izaten jarraitzen zuen (Lb 25:23-28; Zen 27:8-11).
Nola irauten zuen gizonaren familiaren izenak? Lebiratuaren edo koinatu ezkontzaren bidez, Ruten kasuan gertatu zen bezala. Hildako gizonaren anaia alargunarekin ezkontzen zen. Ondorengoek hildako gizonaren izena eta ondasunak jasotzen zituzten. Horrela, alarguna ere zaindua zegoen (Dt 25:5-7; Mt 22:23-28).
Ikus dezagun Noemiri gertatutakoa. Bere senar Elimelek eta bi semeak hil zirenean, familian ez zen bera zaintzeko lan egingo zuen inor geratzen (Rt 1:1-5). Judara itzultzean, Noemik bere erraina Ruti zerbait egiteko esan zion: Elimeleken gertuko senidea zen Boozi beraien lurrak erosteko eskatzea (Rt 2:1, 19, 20; 3:1-4). Baina Boozek bazekien bazegoela hurbilagoa zen senide bat. Bibliak «adiskide» deitzen dio. Berak zuen lehentasuna (Rt 3:9, 12, 13).
Hasiera batean, «adiskidea» laguntzeko prest agertu zen (Rt 4:1-4). Bazekien Noemi haurdun geratzeko zaharregia zela. Beraz, Elimeleken lurrak erostea gastu bat izango zen arren, inbertsio ona ematen zuen berarentzat izango zirelako.
Baina adiskide honek atzera egin zuen Rutekin ezkondu beharko zuela jakin zuenean. Esan zuen: «Horrela bada, uko egiten diot soroa erosteko eskubideari. Ez diet neure seme-alabei neure oinordea hondatu nahi» (Rt 4:5, 6). Zergatik egin ote zuen atzera?
Adiskide hori edo beste norbait Rutekin ezkondu eta seme bat izaten bazuten, seme horrek heredatuko zituen Elimeleken lurrak. Nola «hondatu» zezakeen honek adiskidearen «oinordea» edo herentzia? Bibliak ez du esaten, baina hona hemen aukera batzuk:
1) Elimeleken lurra erosteko gastua itxuran alferrikakoa izango zen. Lurra Ruten semearentzat izango zen.
2) Rut eta Noemi elikatu eta zaintzeko ardura izango zuen.
3) Rutekin haurrak bazituen, herentzia bere beste ondorengoekin konpartitu beharko zuen.
4) Adiskide honek ez bazuen beste ondorengorik, Rutekin izandako seme batek izango zuen bai Elimeleken lurrak, baita bereak ere, jasotzeko eskubidea. Beraz, adiskide hau hiltzean, lurrak jasoko zituen semeak Elimeleken izena eramango zuen, ez berea. Gizon hau ez zegoen Noemiri laguntzeagatik bere herentzia arriskuan jartzeko prest. Nahiago izan zuen ardura hori hurrengoari pasa, kasu honetan Boozi. Izan ere, Boozek hori egin nahi izan zuen Elimeleken izenak bere senideen artean jarraitu ahal izateko (Rt 4:10).
Adiskide hau berekoia izan zen. Dirudienez, garrantzi handiagoa eman zion bere izena eta herentzia mantentzeari. Nahiz eta bere izena mantentzen gogor saiatu, gaur egun ez da ezaguna. Boozen izena, aldiz, Jesu Kristorengana daraman familia lerroan dago. Zein tristea, adiskide hau berekoia izan eta norbaiti lagundu nahi ez izateagatik, horrelako aukera galtzea! (Mt 1:5; Lk 3:23, 32).