Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

13. IKASKETARAKO ARTIKULUA

Kreazioa erabili seme-alabei Jehobari buruz irakasteko

Kreazioa erabili seme-alabei Jehobari buruz irakasteko

«Nork egin zuen hori guztia?» (IS 40:26).

sn 15. KANTA Kreazioak Jehobaren aintza erakusten du

ZER AZTERTUKO DUGU? a

1. Zertan lagundu nahi diete gurasoek euren seme-alabei?

 GURASOOK, ziur gaude zuen seme-alabei Jehoba ezagutzen eta maitatzen lagundu nahi diezuela. Baina, Jehoba ikusezina da. Beraz, nola lagundu ahal diezue seme-alabei Jehoba pertsona erreal bat bezala ikusten eta berarengana hurbiltzen? (St 4:8).

2. Zer egin dezakete gurasoek seme-alabei Jehobaren ezaugarriei buruz irakasteko?

2 Haurrak Jehobarengana gerturatzen laguntzeko modu inportante bat beraiekin Biblia aztertzea da (2 Tm 3:14-17). Baina Bibliak Jehobari buruz ikasteko beste modu bat ere aipatzen du. Esaera Zaharrak liburuaren arabera, kreazioan Jehobaren ezaugarriak ikusten dira eta aita batek hauek ez ahazteko gogorarazten dio bere semeari (Es 3:19-21). Gurasoek kreazioa erabili dezakete seme-alabei Jehobaren pertsonalitateari buruz irakasteko. Ikus ditzagun hau lortzeko modu batzuk.

NOLA ERABILI DEZAKEZU KREAZIOA SEME-ALABEI IRAKASTEKO?

3. Zertan lagundu behar diete gurasoek seme-alabei?

3 Bibliaren arabera, Jainkoaren ezaugarri ikusezinak argi ikusi daitezke berak sortutako gauzetan (Erm 1:20). Gurasook, ziurrenik asko gozatzen duzue seme-alabekin denbora etxetik kanpo pasatzeaz. Beraz, erabili une horiek seme-alabei Jehobaren ezaugarri ederrak ikusten laguntzeko. Aztertu dezagun zer ikasi dezaketen gurasoek Jesusen eredutik.

4. Nola erabili zuen Jesusek kreazioa bere jarraitzaileei irakasteko? (Lukas 12:24, 27-30)

4 Jesusek kreazioa erabili zuen irakasteko. Behin, txoriei eta loreei begiratzeko eskatu zien bere jarraitzaileei (Irakurri Lukas 12:24, 27-30). Jesusek Jainkoaren edozein kreazioari buruz hitz egin ahal zien, baina askotan ikusten eta ondo ezagutzen zituzten txori eta loreei buruz hitz egin zien. Imajina al dezakegu Jesus txori eta lore hauek seinalatzen hauei buruz hitz egiten zuen bitartean? Eta zer egin zuen adibide hauek aipatu ondoren? Beraien zeruko Aitaren eskuzabaltasun eta ontasunari buruzko hurrengo ikasgai baliotsua irakatsi zien: Jehobak bere zerbitzari leialak elikatu eta jantziko ditu, txoriekin eta loreekin egiten duen bezala.

5. Kreazioko zer gauzez hitz egin ahal diozu zure seme edo alabari Jehobari buruz irakasteko?

5 Gurasoa bazara, nola imitatu dezakezu Jesus seme-alabei irakastean? Kreaziotik gustatzen zaizun zerbaiti buruz hitz egin ahal diozu zure seme edo alabari; esaterako, gustukoen duzun animalia edo landareari buruz. Hau egitean, ez ahaztu Jehobarengandik zer ikasten duzun aipatzea. Ondoren, zergatik ez diozu berak gustukoen duen animalia edo landareari buruz galdetzen? Kreaziotik gustatzen zaion zerbaitetaz hitz egiten badiozu, Jehobaren ezaugarriei buruz irakastean, arreta handiagoa jarriko du.

6. Zer ikasi dezakegu Christopher-en amaren eredutik?

6 Jehobaren ezaugarriez seme-alabekin hitz egin ahal izateko, denbora asko pasa behar al dute gurasoek animalia edo landare zehatz bati buruz ikerketa egiten? Ez du horrela izan beharrik. Jesusek ez zuen sakonki azaldu txoriak nola elikatzen diren edo loreak nola hazten diren. Zure seme edo alabari naturari buruzko elkarrizketa sakonak izatea gustatzen bazaio ere, batzuetan komentario edo galdera sinple bat egitea nahikoa izango da azaldu nahi diozun ideia harrapatu dezan. Ikusi zer gogoratzen duen Christopher izeneko anaia batek bere haurtzarotik: «Kreazioa estimatzen laguntzeko, amak aipamen sinpleak egiten zizkigun. Adibidez, menditik gertu ibiltzen ginenean, honakoa esaten zigun: “Begira zer mendi puska! Zein ederra den! Ez al da Jehoba txundigarria?”. Edo itsasora gerturatzen ginenean, honelako zerbait esaten zigun: “Begira olatu horien indarra! Ez al da Jainkoa boteretsua?”». Christopher-ek honakoa dio: «Komentario sinple horiek pentsatzera bultzatzen gintuzten eta eragin handia izan zuten gugan».

7. Nola lagundu ahal diozu zure seme edo alabari kreazioan hausnartzen?

7 Zure seme edo alaba hazten doan heinean, kreazioan hausnartzen eta Jehobaren pertsonalitateari buruz ikasten lagundu ahal diozu. Kreazioko atal zehatz bat azpimarratu dezakezu honakoa galdetuz: «Zer irakasten dizu honek Jehobari buruz?». Beharbada, horren inguruan zer pentsatzen duen entzuteak harritu eta poztuko zaitu (Mt 21:16).

NOIZ IRAKATSI AHAL DIEZU SEME-ALABEI KREAZIOARI BURUZ?

8. Zer aukera zuten guraso israeldarrek bideetatik bidaiatzean?

8 Guraso israeldarrek Jehobaren arauak irakatsi behar zizkieten euren seme-alabei beraiekin «bidean» joaten zirenean (Dt 11:19). Bide hauek Israelgo landa eremuetatik pasatzen ziren, eta hauetatik ibiltzean, animalia, txori eta lore ugari ikusiko zituzten. Familia israeldarrek bide hauetatik bidaiatzean, euren seme-alabei kreazioari buruz interesa pizteko aukera zuten. Gurasoak zaretenok ziurrenik kreazioa erabiltzeko antzeko aukerak dituzue seme-alabei irakastean. Aztertu dezagun nola lortu duten guraso batzuek hau egitea.

9. Zer ikasi dezakezue gurasook Punitha eta Katyaren ereduetatik?

9 Indiako hiri handi batean bizi den Punitha izeneko ama batek honakoa dio: «Hiritik kanpo bizi den familia bisitatzeak, haurrei Jehobaren kreazio txundigarriari buruz irakasteko aukera ematen digu. Jendez gainezka dauden kaleetatik eta hiriko trafikotik aldentzen direnean, haurrek kreazioa hobeto ulertzen dutela ikusten dut». Gurasook, ziur zuen seme-alabek ez dutela inguru eder hauetan zuekin pasatako denbora inoiz ahaztuko. Katyak, Moldaviako arreba batek, hurrengoa esaten du: «Haurtzarotik gehien oroitzen ditudan uneak gurasoekin naturan igarotakoak dira. Nire gurasoek Jehobak sortutako gauzetan arreta jartzeko uneak bilatzen irakatsi zidaten, baita kreazioaren bidez Jehoba ikusten ere. Asko eskertzen diet txikitatik hau irakatsi izana».

Hirietan ere kreazioa erabili dezakezu seme-alabei Jehobari buruz irakasteko (Ikusi 10. paragrafoa)

10. Zer egin dezakete gurasoek hiritik kanpo ateratzeko aukerarik ez badute? (Ikusi « Gurasoentzako laguntza» taula)

10 Zer egin dezakezue gurasook hiritik kanpo ateratzeko aukerarik ez baduzue? Indian bizi den Amol izeneko anaia batek honakoa dio: «Bizi naizen tokian, gurasoek ordu asko pasa behar dituzte lanean eta hiritik kanpo bidaiatzea garestia da. Hala ere, parketxo edo eraikin bateko terraza altu batera joatea nahikoa izan daiteke kreazioaz gozatzeko eta Jehobaren ezaugarriez hitz egiteko». Arretaz begiratzen baduzue, etxetik gertu dauden naturako gauza asko erabili ditzakezue haurrei irakasteko (Sal 104:24). Segur aski hainbat txori, intsektu, landare eta gauza gehiago topatuko dituzue. Alemaniakoa den Karina izeneko arreba batek ondorengoa dio: «Amari asko gustatzen zaizkio loreak. Txikia nintzenean, paseatzera ateratzen ginen bakoitzean, amak ikusten zituen lore politak erakusten zizkidala gogoratzen dut». Gurasook, erakundeak kreazioari buruz argitaratutako bideo eta argitalpenak ere erabili ditzakezue seme-alabei irakasteko. Non bizi zareten axola gabe, seme-alabei kreazioan arreta jartzen lagundu ahal diezue. Azter ditzagun haurrekin aipatu ditzakezuen Jehobaren ezaugarri batzuk.

JEHOBAREN EZAUGARRI IKUSEZINAK ARGI IKUSTEN DIRA KREAZIOAN

11. Zer egin dezakete gurasoek seme-alabei Jehobaren maitasuna ikusten laguntzeko?

11 Zure seme-alabei Jehobaren maitasuna ikusten laguntzeko, animaliek euren kumeak zein xamurki zaintzen dituzten erakutsi ahal diezu (Mt 23:37). Kreazioan ikusten den barietate paregabeaz ere hitz egin dezakezu. Aurretik aipatutako Karinak hurrengoa dio: «Paseatzera irteten ginenean, amak loreetan arreta jartzera animatzen ninduen. Lore bakoitza berezia zela eta bere edertasunak Jehobaren maitasuna erakusten zuela esaten zidan. Harrezkeroztik urteak pasa dira, baina loreen barietatean, diseinuan eta koloreetan arreta jartzen jarraitzen dut. Loreek Jehobak zenbat maite gaituen gogorarazten didate oraindik».

Zure seme-alabei Jainkoaren jakinduriari buruz irakasteko, giza gorputzaren diseinu harrigarriari buruz hitz egin ahal diezu (Ikusi 12. paragrafoa)

12. Nola lagundu ahal diete gurasoek seme-alabei Jainkoaren jakinduria ikusten? (139. Salmoa 13, 14) (Ikusi irudia ere)

12 Lagundu zure seme edo alabari Jainkoaren jakinduria ikusten. Jehoba, dudarik gabe, gu baino askoz ere jakintsuagoa da (Erm 11:33). Adibidez, ura hodei bihurtu ondoren, hodeiek ura leku batetik bestera zein erraz mugitzen duten azaldu ahal diozu (Jb 38:36, 37NWT). Giza gorputzaren diseinu harrigarriari buruz ere hitz egin dezakezu (Irakurri 139. Salmoa 13, 14). Ikusi nola lortu zuen hau egitea Vladimir izeneko aita batek. Berak honakoa dio: «Behin, semea bizikletatik erori eta zauritu egin zen. Egun batzuk pasa eta gero, zauria sendatu egin zitzaion. Jehobak gure gorputza bere kabuz sendatzeko gaitasunarekin sortu zuela azaldu genion emazteak eta biok. Gainera, gizakiek egindako gauzek honelako gaitasunik ez dutela azaldu genion. Adibidez, kotxe bat ez da bere kabuz konpontzeko gai istripu bat eta gero. Bizipen honek gure semeari Jehobaren jakinduria ulertzen lagundu zion».

13. Nola lagundu ahal diete gurasoek seme-alabei Jainkoaren boterea ikusten? (Isaias 40:26)

13 Jehobak zerura begiratzera animatzen gaitu, baita bere aparteko boterearen bidez, izarrak bere tokian nola mantentzen dituen pentsatzera ere (Irakurri Isaias 40:26). Zuk ere seme-alabak zerura begiratzera eta honetan hausnartzera animatu ditzakezu. Ikusi Ting-ting izeneko Taiwaneko arreba batek zer gogoratzen duen bere haurtzaroaz: «Behin, ama eta biok mendira gaua pasatzera joan ginen. Izar asko ikusteko aukera izan genuen hiriko argietatik urrun geundelako. Garai hartan, talde presioari aurre egin behar nion eta Jehobari leialki zerbitzatzeko gai izango ote nintzen galdetzen nion neure buruari. Jehobak izarrak sortzeko erabili zuen boterean hausnartzera animatu ninduen amak. Horrela, probei aurre egitean, Jehobak botere hori nire alde erabili dezakeela ikusi nuen. Bidaia horretan, kreazioan arreta jartzearen ondorioz, Jehoba hobeto ezagutu nuen eta bera zerbitzatzeko erabakia indartu nuen».

14. Nola erabili dezakete gurasoek kreazioa seme-alabei Jehoba Jainko zoriontsua dela erakusteko?

14 Kreazioak Jehoba alaia dela eta guk pozik bizitzea nahi duela erakusten du. Animalia gehienei, txoriei eta arrainei barne, jolastea gustatzen zaiela ikusi dute zientzialariek (Jb 40:20). Barre egin al dute inoiz zure seme-alabek animalia bat jolasten ikustean? Agian, katakume bat harizko bolatxo baten atzetik joaten edo arkumetxo bat zelaian saltoka ikusi dute. Hurrengoan, seme-alabek animaliaren bat gauza barregarriak egiten ikusten dutenean, zergatik ez diezu gogorarazten Jainko zoriontsu bat zerbitzatzen dugula? (1 Tm 1:11).

JEHOBAREN KREAZIOAZ GOZATU FAMILIAN

Elkarrekin naturaz gozatzen duzuenean, zure seme-alabak lasaiago sentituko dira eta euren sentimenduei buruz hitz egiteko prest egongo dira (Ikusi 15. paragrafoa)

15. Zer egin dezakete gurasoek seme-alabek zer pentsatzen duten jakiteko? (Esaera Zaharrak 20:5) (Ikusi irudia ere)

15 Batzuetan gurasoak zailtasun baten aurrean aurkitu daitezke: seme-alabek euren arazoei buruz hitz egin dezaten lortzea. Hau bada zure kasua, zure seme-alabek benetan zer pentsatzen duten jakiten ahalegindu beharko zara (Irakurri Esaera Zaharrak 20:5). Guraso batzuei hau lortzea errazago egin zaie seme-alabekin naturaz gozatzen dutenean. Zergatik? Besteak beste, haurrek eta gurasoek inguru horretan distrakzio gutxiago dituztelako. Masahiko izena duen Taiwaneko aita batek beste arrazoi bat aipatzen du: «Haurrekin naturan denbora pasatzen dugunean, adibidez mendira edo hondartzara joaten garenean, lasaiago daudela ikusi dugu. Honi esker, zer pentsatzen duten jakin dezakegu». Aurretik aipatutako Katyak hau esaten du: «Eskola ondoren, amak parke polit batera eramaten ninduen. Giro lasai horretan, errazagoa egiten zitzaidan eskolan gertatzen zitzaidanaz eta nire kezkez hitz egitea».

16. Nola aprobetxatu dezakete familiek Jehobaren kreazioa lasai egoteko eta ondo pasatzeko?

16 Familiek Jehobak sortutakoaz gozatzen dutenean, lasaiago egon daitezke eta elkarrekin ondo pasa dezakete. Honek elkar gehiago maitatzen lagunduko die. Bibliak «barre egiteko» eta «salto egiteko» garaiak daudela dio (Koh 3:1, 4, oharra, NWT). Jehobak leku zoragarriak sortu ditu guk hauetaz disfrutatzeko. Familia askok hiritik kanpo naturaz inguratuta egoteaz gozatzen dute. Haur askori parkean korrika egitea eta jolastea, animaliak ikustea, eta errekan edo itsasoan igeri egitea gustatzen zaie. Zenbat aukera bikain ditugun Jehobak sortutako gauzez gozatzeko!

17. Zergatik lagundu behar diete gurasoek seme-alabei Jainkoaren kreazioaz gozatzen?

17 Mundu berrian, guraso eta seme-alabek Jehobaren kreazioaz inoiz ez bezala gozatuko dute. Paradisuan, ez dugu animalien beldur izateko arrazoirik izango; animaliak ere ez dira gure beldur izango (Is 11:6-9). Gainera, denbora amaigabea izango dugu Jehobak egindakoaz disfrutatzeko (Sal 22:26NWT). Baina gurasook, ez itxaron une hori iritsi arte seme-alabei kreazioaz gozatzen laguntzeko. Kreazioa zuen haurrei Jehobari buruz irakasteko erabiltzen baduzue, ziur zuen seme-alabek Dabid erregearen hurrengo hitz hauekin bat egingo dutela: «Yaube Hori!, […] ez da Zuk eginekin berdintzekorik» (Sal 86:8, Ol, euskara batura egokituta).

sjj 134. KANTA Seme-alabak: Jehobak emandako altxorrak

a Anai-arreba askok euren guraso kristauekin txikitan denbora igaro zuten kreazioaz gozatzen, eta garai horren oroitzapen politak dituzte. Une horiek Jehobaren pertsonalitateari buruz hitz egiteko aprobetxatzen zituztela gogoratzen dute. Haurrak badituzu, nola erabili dezakezu kreazioa Jehobaren ezaugarriei buruz irakasteko? Artikulu honek galdera hau aztertuko du.