Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

11. IKASKETARAKO ARTIKULUA

Nola prestatu bataiorako?

Nola prestatu bataiorako?

«Zer eragozpen da ni bataiatzeko?» (EG 8:36)

sjj 50. KANTA Nire eskaintza otoitza

ZER AZTERTUKO DUGU? a

Lur osoan zehar, gazteak eta edadetuak aurrera egiten eta bataiatzen ari dira (Ikusi 1 eta 2 paragrafoak)

1, 2. Zergatik ez zinateke desanimatu beharko oraindik bataiatzeko prest ez bazaude? (Ikusi azaleko irudia)

 BATAIATZEKO helburua baduzu, helburu zoragarria ipini duzu. Pauso hori emateko prest zaudela iruditzen al zaizu? Hala uste baduzu eta adindunak ados badaude, ahal bezain pronto egin. Jehoba zerbitzatzen izugarri gozatuko duzu.

2 Baina norbaitek bataiora iristeko oraindik prest ez zaudela esaten badizu, edo zuk zeuk hala dela ikusten baduzu, ez desanimatu. Aurrera egiten jarraitu dezakezu. Gazte nahiz heldu izan, helburu inportante hau esku-eskura duzu.

«ZER ERAGOZPEN DA NI BATAIATZEKO?»

3. Zer galdetu zion Etiopiako gorteko funtzionario batek Feliperi, eta zer zalantza sortzen da? (Eginak 8:36, 38)

3 Irakurri Eginak 8:36, 38. Etiopiako gorteko funtzionario batek Felipe ebanjelizatzaileari galdetu zion: «Zer eragozpen da ni bataiatzeko?». Gizon honek bataiatzeko gogoa zuen, baina benetan prest al zegoen?

Funtzionario etiopiarrak argi zuen Jehobari buruz ikasten segi nahi zuela (Ikusi 4. paragrafoa)

4. Nola erakutsi zuen etiopiarrak gehiago jakin nahi zuela?

4 Etiopiarra «Jerusalenera Jaungoikoa adoratzera etorri» zen (Eg 8:27, Ur). Beraz, gizon honek dagoeneko judaismoa onartu zuen. Dudarik gabe, idazki hebrearretan Jehobari buruz ikasteko aukera izan zuen. Hala ere, gehiago jakiteko irrikan zegoen. Izan ere, Felipek aurkitu zuenean, gizona Isaias profetaren liburua irakurtzen ari zen (Eg 8:28). Hori janari espiritual sendoa zen. Beraz, funtzionario hura ez zen oinarrizko gauzekin bakarrik geratu; gehiago jakin nahi zuen.

5. Zer egin zuen gizon etiopiarrak ikasitakoa praktikan jartzeko?

5 Gizon hura Etiopiako erreginaren funtzionario inportantea zen, bere «ondasun guztien administratzailea» baitzen (Eg 8:27). Normala den bezala, oso lanpetuta ibiliko zen hainbeste ardurarekin. Baina, hala ere, Jehoba adoratzeko denbora hartu zuen. Ez zen egia ikastearekin bakarrik konformatu; ikasitakoa praktikan jarri nahi izan zuen. Horretarako, Etiopiatik Jerusalemera joateko bidaia luzea egin zuen. Denbora eta diru aldetik, Jehoba adoratzeko ahalegin guztiak egin zituen.

6, 7. Nola handitu zen etiopiarrak Jehobari zion maitasuna?

6 Felipek gauza berri inportante batzuk irakatsi zizkion; besteak beste, Jesus Mesias zela (Eg 8:34, 35). Gizon etiopiar hau zegoen bezala geratu zitekeen: jendeak asko errespetatzen zuen proselito judutarra zen. Baina, horren ordez, Jehoba eta Jesusek bere alde zer egin zuten jakin zuenean, bere maitasuna handitu egin zen. Horrek bizitza aldatu zion erabaki bat hartzera eraman zuen: Jesukristoren jarraitzaile izateko bataiatzea. Felipek prest zegoela ikusi zuenez, bataiatu egin zuen.

7 Etiopiarrak egin zuena egiten baduzu, zu ere bataiorako prest egon zaitezke. Prest zaudenean, segurtasun osoz esango duzu: «Zer eragozpen da ni bataiatzeko?». Ikusi dezagun orain, berak bezala, zer pauso eman ditzakezun: ikasten jarraitu, ikasitakoa praktikan jarri eta Jainkoari diozun maitasuna handitzen segi.

SEGI IKASTEN

8. Zer egin behar dugula esaten du Joan 17:3⁠ak?

8 Irakurri Joan 17:3. Gutako askorentzat, Jesusen hitz hauek izan dira Biblia ikasten hasteko arrazoia. Baina hitz hauetatik ikasten jarraitu behar dugula ere ondorioztatu dezakegu. Zergatik? Ez diogulako inoiz Jainko bakarrari ezagutzeari utziko (Koh 3:11NWT). Beti jarraituko dugu ikasten. Zenbat eta gehiago egin, Jehobarengandik orduan eta hurbilago egongo gara (Sal 73:28).

9. Zer egin behar dugu Bibliako oinarrizko irakaspenak ezagutu eta gero?

9 Normala den bezala, Jehobari buruz ikasteko, oinarrizko gauzekin hasi behar gara. Paulo apostoluak gauza horiek funtsezkoenak zirela esan zuen hebrearrei idatzitako gutunean. Honek ez zuen esan nahi «lehen mailako doktrina» inportantea ez denik. Izan ere, haur bat elikatzen duen esnearekin konparatu zuen (Heb 5:12; 6:1). Konparaketa honekin, oinarrizko gauzekin konformatu beharrean, Jainkoaren Hitzean sakondu behar dugula esan nahi zuen. Gauza sakonak ikasteko gose al gara? Nahi al dugu hazi, eta Jehoba eta bere helburuei buruz ikasten segi?

10. Zergatik kostatzen zaie batzuei ikastea?

10 Gutako askori dexente kostatzen zaigu ikasten jartzea. Beharbada, eskolan ez genuen ondo irakurtzen eta ikasten ikasi. Gustatzen al zaizu ikastea? Agian, liburuetatik ikastea gure gaitasunen artean ez dagoela iruditzen zaigu. Horrela sentitzen bazara, ez zara bakarra. Baina lasai, Jehobak lagundu zaitzake. Bera perfektua da, eta Irakaslerik onena.

11. Nola erakusten du Jehobak «Maisu Bikaina» dela?

11 Jehobak gure «Maisu Bikaina» dela esaten du (Is 30:20, 21NWT). Pazientzia du, eta gurekin atsegina eta ulerkorra da. Bere ikasle bakoitzaren gauza onak hartzen ditu kontuan (Sal 130:3). Ez digu guk eman dezakeguna baino gehiago eskatzen. Bestalde, opari zoragarri bat eman digu: berak diseinatutako garuna (Sal 139:14). Ikasteko gose gara beti. Berak betirako ikasten segitzea eta guretzat gustagarria izatea nahi du. Beraz, ondo egiten dugu Bibliak dioena ikasteko «irrika» edukitzen (1 P 2:2). Jarri eskura dituzun helburuak. Biblia irakurtzeko eta ikasteko programa egin, eta hau jarraitu (Jos 1:8). Jehobaren laguntzarekin, gero eta atseginagoa izango zaizu berari buruz irakurri eta ikastea.

12. Zergatik izango zaigu mesedegarria Jesusen bizitzari eta zerbitzuari buruz ikastea?

12 Jesusen bizitzari eta zerbitzuari buruz hausnartzeko ohitura izan. Garai zail hauetan bereziki, Jehoba zerbitzatzeko ezinbestekoa da Jesusen urratsak segitzea (1 P 2:21). Jesusek bere ikasleei argi eta garbi esan zien erronka handiak izango zituztela (Lk 14:27, 28). Baina ziur zegoen garaile aterako zirela, berak egin zuen bezalaxe (Jn 16:33). Aztertu Jesusen bizitza, eta zure eguneroko bizitzan imitatzeko helburuak jarri.

13. Zer jarraitu behar dugu Jehobari eskatzen, eta zergatik?

13 Ezagutza izatea edo gauzak jakitea ez da nahikoa. Helburu nagusia Jehobari buruz gehiago ikastea, bera gehiago maitatzea eta berarengan fede gehiago edukitzea izan behar du (1 Ko 8:1-3). Gehiago ikasten zoazen heinean, jarraitu Jehobari fede gehiago eskatzen (Lk 17:5). Horrelako otoitzak gogo onez erantzuten ditu. Gure fedea Jainkoari buruz dakizkigun gauza zehatzetan oinarritzen bada, gure eguneroko bizimoduan praktikan jarri ahal izango dugu (St 2:26).

SEGI IKASITAKOA PRAKTIKAN JARTZEN

Uholdea baino lehen, Noe eta bere familiak ikasitakoa praktikan jarri zuten (Ikusi 14. paragrafoa)

14. Nola azpimarratu zuen Pedro apostoluak ikasitakoa praktikan jarri behar dugula? (Ikusi irudia ere)

14 Pedro apostoluak ikasitakoa praktikan jartzea zein inportantea den esaten digu. Horretarako, Noeri buruz hitz egin zuen. Jehobak uholde baten bidez garai hartako jende gaiztoa suntsituko zuela esan zion. Baina, hori jakitea ez zen salbatzeko nahikoa. Noe eta bere familiak zerbait gehiago egin behar zuten. Pedrok dio garai hura «ontzia egin bitartean» pasa zela (1 P 3:20). Beraz, Noe eta bere familiak Jainkoak zer egingo zuen jakin zutenean, zerbait egiten hasi ziren: ontzi erraldoi bat eraiki zuten (Heb 11:7). Pedrok, orduan, Noek egindakoa bataioarekin konparatu zuen, esanez: «Ur hura, orain zuek salbatzen zaituzten bataioko uraren irudi zen» (1 P 3:21). Nolabait esateko, bataiora iristeko egiten duzun lana, eta Noe eta bere familiak urtetan egindako eraikuntza lana antzekoak dira. Zertan egin behar duzu lan bataiorako prest egoteko?

15. Nola erakusten dugu benetan damututa gaudela?

15 Egin behar dugun lehen gauzetariko bat gure bekatuengatik benetan damutzea da (Eg 2:37, 38). Honek, benetako aldaketak egitera eramango gaitu. Baztertu al dituzu Jehobak gorroto dituen ohiturak? Agian, bizitza moralgabea, tabakoa edo hizkera iraingarri eta zakarra alde batera utzi dituzu (1 Ko 6:9, 10; 2 Ko 7:1; Ef 4:29). Oraindik ez baduzu horrelako aldaketak egitea lortu, segi ahalegintzen. Hitz egin zure Biblia irakaslearekin edo laguntza eskatu kongregazioko adindunei. Gaztea bazara eta gurasoen etxean bazaude, eskaiezu bataiatzea eragozten dizuten ohitura txarrak gainditzeko laguntza.

16. Zer egin behar dugu ohitura espiritual onak izateko?

16 Gainera, oso inportantea da ohitura espiritual onak izatea; hauen artean, bileretara joatea eta bertan parte hartzea (Heb 10:24, 25). Eta predikazioan parte hartzeko baldintzak betetzen dituzunean, maiz egiteko ohitura hartu. Gero eta gehiago predikatzen baduzu, gehiago gozatuko duzu (2 Tm 4:5). Gaztea bazara eta gurasoen etxean bazaude, pentsatu: «Esan behar al didate gurasoek bileretara eta predikatzera joateko? Ala gauza hauek egitea nigandik ateratzen da?». Gauza hauek zure kabuz egiten badituzu, zure fedea eta Jehobari diozun maitasuna eta esker ona adieraziko dituzu. Hauek «Jainkoari debozioa adierazten dioten ekintzak» dira, Jainkoari ematen dizkiozun opariak (2 P 3:11NWT; Heb 13:15). Berari asko atsegin zaizkio gogo onez eta inolako presiorik gabe egindako sakrifizioak (Konparatu 2 Korintoarrei 9:7). Jehobari onena eskaintzeak zoriontsu egiten gaitu. Horregatik egiten ditugu gauza hauek.

SEGI JEHOBARI DIOZUN MAITASUNA HANDITZEN

17, 18. Zerk lagunduko dizu bataioraino aurrerapausoak ematen, eta zergatik? (Esaera Zaharrak 3:3NWT; 3:4-6)

17 Bataioraino aurrerapausoak eman ahala, zailtasunak izango dituzu. Baliteke batzuk zurekin sartzea eta pertsegitzera iristea (2 Tm 3:12). Ohitura txarrak gainditzeko borrokan, agian atzera pausoak izango dituzu; edota, beharbada, zure helburua oso urruti dagoela irudituko zaizu, eta pazientzia galdu eta lur jota sentituko zara agian. Zerk lagunduko dizu amore ez ematen? Jehoba maitatzeak; hortxe dago koska.

18 Jehobari diozun maitasuna barruan duzun gauzarik ederrena da (Irakurri Esaera Zaharrak 3:3NWT b; 3:4-6). Jehobari diozun maitasun sakonak bizitzako zailtasunei aurre egiten lagunduko dizu. Biblian askotan aipatzen da Jehobaren maitasun leiala. Bere zerbitzariekin duen lotura hori ez da sekula hausten (Sal 100:5). Eta zu Jainkoaren irudira egina zaudenez, nola erakutsi dezakezu maitasun mota hau? (Has 1:26).

Egunero Jehobari eskerrak eman ahal dizkiozu (Ikusi 19. paragrafoa) c

19. Jehobak zuregatik egindako guztia eta gero, zer egin dezakezu berari diozun esker ona handitzeko? (Ga 2:20)

19 Hasteko, esker ona erakutsi (1 Ts 5:18). Pentsatu egunero Jehobak nola erakutsi dizun maitasuna. Gero, egindako gauza zehatz horiek eskertu otoitzean. Maitasun ekintza horiek zuri zuzenduak izan direla ikusi behar duzu. Horretaz konturatu zen Paulo apostolua (Irakurri Galaziarrei 2:20). Galdetu zeure buruari: «Erakutsi nahi al diot maitasun bera?». Jehobari diozun maitasunak tentazioei aurre egiten eta arazoen aurrean tinko mantentzen lagunduko dizu. Ohitura espiritualei eutsiko diezu eta, horrela, zure zeruko Aita maiteko duzula erakutsiko duzu egunero-egunero.

20. Zer esan nahi du zeure burua Jehobari eskaintzeak, eta zenbateko garrantzia du?

20 Denborarekin, Jehobari diozun maitasunak berari otoitz berezi bat egitera bultzatuko zaitu, horrela, zeure burua berari eskaintzeko. Behin bakarrik egiten den promes hau eta gero, Jehobarena izango zara betirako eta honek etorkizun zoragarri baten ateak irekiko dizkizu. Zure bizia Jehobari eskaintzean, momentu onetan eta txarretan bera zerbitzatuko duzula promesten diozu. Egia da eskaintza erabaki inportantea dela. Hala ere, kontuan izan bizitzan hartuko dituzun erabaki on guztietatik, ez dela Jehobari zure bizia eskaintzea baino hoberik egongo (Sal 50:14). Satanasek zure integritatea hautsi nahi du eta, horretarako, Jehobari diozun maitasuna ahultzen saiatuko da. Ez utzi zurekin hori egiten! (Jb 27:5NWT). Maitasun horrek promesari eusten eta Jehobarengana gehiago hurbiltzen lagunduko dizu.

21. Zergatik esan dezakegu bataioa hasiera dela, eta ez amaiera?

21 Jehobari zeure burua eskaini eta gero, adindunekin hitz egin bataioari buruz. Baina gogoratu pauso inportante hau ez dela amaiera, hasiera baizik. Jehobaren zerbitzuan amaierarik ez duen bizitza duzu aurrean. Horregatik, gaurtik hasita, handitu Jehobari diozun maitasuna. Jarri helburuak zure maitasuna egunetik egunera handitzen joateko. Bide honek bataiora eramango zaitu. Zein egun zoragarria izango den hori! Eta hasiera besterik ez da izango. Izan bedi Jehobari eta bere Semeari diozun maitasuna gero eta handiagoa!

sjj 135. KANTA Izan zuhur seme-alabok

a Bataiora iristeko, motibazio egokia izan behar dugu. Gainera, pauso egokiak eman behar ditugu. Artikulu honetan, Etiopiako funtzionario baten adibidea ikusiko dugu, eta Biblia ikasle batek bataioraino iristeko zer egin behar duen aztertuko dugu.

b Esaera Zaharrak 3:3NWT: «Ez zaitzatela maitasun leialak eta leialtasunak utzi. Lotu zeure lepoan; idatzi zeure bihotzeko taulan».

c IRUDIAREN AZALPENA: Arreba gazte batek eskerrak ematen dizkio Jehobari berak emandakoagatik.