Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

10. IKASKETARAKO ARTIKULUA

Zergatik bataiatu?

Zergatik bataiatu?

«Bataiatu guztiok» (EGINAK 2:38).

sn 29. KANTA Prestu joka dezagun

ZER AZTERTUKO DUGU? a

1, 2. Nolakoa izaten da bataiatzeko momentua, eta zertan pentsatu behar zenuke?

 EGON al zara inoiz bataiatzera doan talde batengandik hurbil? Begiratu eszena osoa. Bataiatu baino lehen egiten dizkieten bi galderen erantzunak konbentzituta ematen dituztela nabari duzu. Familia eta lagunek ezin dute ezkutatu zein harro sentitzen diren. Hautagaiak uretatik ateratzen direnean, txalo zaparradak entzuten dituzu eta beraien aurpegietan pozak distira egiten du. Astero-astero, batez beste, milaka pertsonak beraien bizia Jehobari eskaintzen diote eta bataiatu egiten dira.

2 Eta zu? Bataiatzea pentsatzen ari al zara? Hala bada, mundu gaizto honetan «Jainkoa bilatzen» ari zarenez, aparteko pertsona zara (Sal 14:1, 2). Artikulu hau zuretzat idatzia dago. Berdin du gaztea ala adinekoa zaren. Dagoeneko bataiatu direnentzat ere oso lagungarria izango da, Jehoba betirako zerbitzatzeko determinazioa indartuko dielako. Egia da Jehoba zerbitzatzeko arrazoi asko ditugula. Aztertu ditzagun hauetako hiru.

EGIA ETA ZUZENTASUNA MAITE DUZU

Satanasek milaka urtetan zehar Jehobaren izen ona zikindu du eta hori egiten jarraitzen du (Ikusi 3 eta 4 paragrafoak)

3. Zergatik maite dute Jehobaren zerbitzariek egia eta zuzentasuna? (119. Salmoa 128, 163)

3 Jehobak bere herriari egia maitatzeko agindu zion (Za 8:19). Honetaz gain, Jesusek bere jarraitzaileei zuzentasuna bilatzeko eskatu zien (Mt 5:6, oharra). Zuzentasuna bilatzea Jainkoaren ikuspuntutik zuzena, ona eta garbia dena egiteko irrika izatea da. Maite al dituzu egia eta zuzentasuna? Ziur gaude baietz. Seguru gezurrak, gaiztakeria eta maltzurkeria gorroto dituzula (Irakurri 119. Salmoa 128, 163). Gezurrak esaten dituztenek mundu honetako agintaria, Satanas, imitatzen dute (Jn 8:44; 12:31). Satanasen helburuetako bat Jehobaren izen santua zikintzea da. Horretarako, berari buruz gezurrak zabaltzen aritu da Edengo garaitik hona. Jehoba agintari berekoi eta ustela dela, eta gizakioi gauza onak ezkutatzen dizkigula esaten du (Has 3:1, 4, 5). Horrelako gezurrek jendearen pentsaeran eragin pozoitsua dute. Gizakiek egia ez maitatzea aukeratzen dutenean, Satanasek gauza txar asko egitera eraman ditzake (Erm 1:25-31).

4. Nola erakutsi du Jehobak «egiaren Jaungoikoa» dela? (Ikusi irudia ere)

4 Jehoba «egiaren Jaungoikoa» da. Beraz, bera maite dutenei egia irakasten die (Sal 30:6, Ur [31:5, NWT]). Eskuzabaltasunez hori egitean, Satanasen gezurretatik askatzen ditu. Honetaz gain, Jehobak bere zerbitzariei zintzoak eta zuzenak izaten irakasten die. Horrela, geure burua errespetatzen lagundu gaitzake, eta ondorioz, barneko bakea lortu dezakegu (Es 13:5, 6). Ez al du zurekin gauza bera egin Biblia ikastaroan zehar? Jehobak esaten duena gizaki guztiontzat eta zuretzat onena dela ikusi duzu (Sal 77:14 [77:13, NWT]). Beraz, logikoa da Jainkoaren zuzentasunaren alde egon nahi izatea (Mt 6:33, oharra). Egia defendatu eta Satanasek Jehobaren aurka esandakoa gezurra dela argitzen lagundu nahi duzu. Nola egin dezakezu hau?

5. Nola erakutsi dezakezu egia eta zuzena dena maite duzula?

5 Zure bizimoduarekin honelako zerbait esan dezakezu: «Ez ditut Satanasen gezurrak sinesten. Ni egiaren alde nago. Jehoba da nire Subiranoa, eta berarentzat zuzena dena egin nahi dut». Nola egin dezakezu hori? Otoitzean Jehobari betiko zerbitzatuko duzula promestuz eta, ondoren, bataiatuz. Egia eta zuzena dena maitatzea bataiatzeko arrazoi indartsua da.

JESU KRISTO MAITE DUZU

6. Zer arrazoi ematen dizu 45. Salmoa 4⁠ak Jesu Kristo maitatzeko?

6 Zergatik maite duzu Jesu Kristo? Salmo batean arrazoi on batzuk aurkitu ditzakegu (Irakurri 45. Salmoa 4NWT b). Jesusek egia, apaltasuna eta zuzentasuna maite ditu. Zuk ere egia eta zuzentasuna maite badituzu, logikoa da Jesu Kristo ere maitatzea. Gogoratu zein ausart defendatu zuen Jesusek egia eta zuzentasuna (Jn 18:37). Baina, nola erakusten du apaltasuna maite duela?

7. Zer sentitzen duzu Jesusen apaltasuna ikustean?

7 Jesusek bere ekintzen bidez erakusten du apaltasuna maite duela. Adibidez, ohore guztia bere Aitari zuzentzen dio, inoiz ez bere buruari (Mk 10:17, 18; Jn 5:19). Zer sentitzen duzu horrelako apaltasuna ikustean? Ez al zaitu Jainkoaren semea maitatzera eta berari jarraitzera bultzatzen? Noski baietz! Baina, zer dela eta da Jesus apala? Bere Aita apala delako, eta Jesusek bera maitatzen eta imitatzen duelako (Sal 18:36 [18:35, NWT]; Heb 1:3). Ez al zaitu honek Jesusengana erakartzen?

8. Zergatik gustatzen zaigu Jesus gure Errege izatea?

8 Asko gustatzen zaigu Jesus gure Errege izatea. Zergatik? Agintari ezin hobea delako. Jehoba berak prestatu eta izendatu du (Is 50:4, 5). Pentsatu gainera zein sakrifikatua izan zen eta zer nolako maitasuna erakutsi zuen (Jn 13:1NWT). Zure erregea denez, zure maitasuna merezi du. Jesusen arabera, bera benetan maite dutenak bere adiskideak dira eta maitasun hori bere aginduak betez erakusten dute (Jn 14:15; 15:14, 15). Ez dago Jehobaren semearen adiskide izatea bezalakorik!

9. Zertan dira antzekoak Jesusen eta bere jarraitzaileen bataioak?

9 Jesusek bere jarraitzaileak bataiatu egin behar zirela esan zuen besteak beste (Mt 28:19, 20). Bera ere bataiatu egin zen, eta eredua jarri zuen. Baina, bere bataioa bere jarraitzaileenarekin konparatuta, pixka bat desberdina izan zen (Ikusi « Zertan dira desberdinak Jesusen bataioa eta bere jarraitzaileena?» taula). Hala ere, badituzte antzekotasun batzuk. Bataiatzean, Jesus bere Aitaren nahia egiteko aurkeztu zen (Heb 10:7). Modu berean, bere jarraitzaileak jendaurrean bataiatzen dira beraien bizitza Jehobari eskaini diotela erakusteko. Hortik aurrera, Jehobak nahi duena egingo dute, ez beraiek nahi dutena. Beraz, bataiatzean, beraien Nagusiaren eredua jarraitzen dute.

10. Zergatik motibatu beharko zintuzke bataiatzera Jesusi diozun maitasunak?

10 Dagoeneko Jesus Jehobaren Seme bakarra dela eta gure Errege izateko izendatu duela onartu duzu. Apala dela eta bere Aita modu perfektuan imitatzen duela ikusi duzu. Gose zirenei jaten eman ziela, eta desanimatuta eta gaixo zeudenak kontsolatu eta sendatu zituela dakizu (Mt 14:14-21). Gaur egungo kristau kongregazioa gidatzen duela nabaritu duzu (Mt 23:10). Eta ziur zaude etorkizunean Jainkoaren Erreinuko Errege bezala gauza askoz ere gehiago egingo dituela. Hau guztiagatik maite duzu Jesus. Baina, nola erakutsi dezakezu maite duzula? Bere eredua jarraituz (Jn 14:21). Horretarako, egin dezakezun lehen gauzetako bat zeure bizia Jehobari eskaintzea eta bataiatzea da.

JEHOBA MAITE DUZU

11. Zein da bataiatzeko arrazoirik inportanteena eta zergatik?

11 Zein da bataiatzeko dugun arrazoi inportanteena? Jesusek Jainkoaren aginduetako nagusiena zein zen esan zuen: «Maita ezazu Jauna, zeure Jainkoa, bihotz-bihotzez, gogo osoz, adimen guztiz eta indar guztiz» (Mk 12:30). Ez al dituzte hitz hauek ondo deskribatzen Jainkoari diozun maitasun sakona?

Jehoba da gozatu dituzun eta gozatuko dituzun gauza on guztien iturria (Ikusi 12 eta 13 paragrafoak)

12. Zergatik maite duzu Jehoba? (Ikusi irudia ere)

12 Hainbeste arrazoi daude Jehoba maitatzeko! Adibidez, orain badakizu Jehoba «biziaren iturria» dela eta «sari eder eta ondasun bikain guztiak» berak ematen dizkigula (Sal 36:10 [36:9, NWT]; St 1:17, Ke). Beraz, ditugun gauza on guztiak eskuzabal eta maitekorra den gure Aitarengandik datoz.

13. Zergatik da erreskatea opari zoragarria?

13 Erreskatea Jehobaren opari zoragarria da. Zergatik esan dezakegu hori? Pentsatu Jehobak eta bere Semeak duten harreman estuan. Jesusek esan zuen: «Maite nau Aitak» eta «nik Aita maite [dut]» (Jn 10:17; 14:31). Milioika eta milioika urtetan zehar harreman hori gero eta sakonago bihurtu da (Es 8:22, 23, 30). Pentsa orain zenbateko mina sentituko zuen Jainkoak bere Semea sufritzen eta hiltzen uztean. Hori gertatzen utzi zuen, gizakiak maite dituelako eta, noski, zu ere bai. Hainbesterainokoa da bere maitasuna, zu eta beste asko betirako bizi zaitezten bere seme maitea sakrifikatzeko prest egon zela (Jn 3:16; Ga 2:20). Ez dago Jainkoa maitatzeko arrazoi handiagorik.

14. Zein da bizitzan izan dezakegun helbururik onena?

14 Jehoba gehiago ezagutu duzun heinean, berari diozun maitasuna handitu egin da. Seguru berarengana hurbildu nahi duzula orain eta betiko. Ba, kontuan hartu: Lortu dezakezu! Berak bere bihotza pozteko gonbidapena luzatzen dizu (Es 23:15, 16). Hori hitzekin bakarrik ez, ekintzekin ere egin dezakezu. Azken finean, gure bizimoduak erakutsiko du Jehoba zenbat maite dugun (1 Jn 5:3). Hori da bizitzan izan dezakegun helbururik onena.

15. Nola frogatu dezakezu zure ekintzekin Jehoba maite duzula?

15 Zer ekintzen bidez frogatu dezakezu Jehoba maite duzula? Lehenik, otoitz berezi batean zeure bizia Jehobari eskainiz (Sal 40:8NWT). Gero, modu pribatuan egindako eskaintza hori bataioaren bidez publiko eginez. Artikulu honetan aipatu dugun bezala, momentu zoriontsu horrek goitik behera aldatzen du zure bizitza. Abiapuntu berri bat da, ez zara gehiago zuretzat bizi, Jehobarentzat baizik (Erm 14:8; 1 P 4:1, 2). Agian pentsatuko duzu: «Hau ez da edonolako pausoa». Eta bai, arrazoi duzu. Baina izan dezakezun bizitzarik onena duzu aurrean. Zergatik esaten dugu hau?

16. ⁠41. Salmoa 13⁠aren arabera, nola sarituko ditu Jehobak bera zerbitzatzen dutenak?

16 Ez dago Jehoba bezain eskuzabala den inor. Zenbat ematen diozun axola gabe, berak askoz ere gehiago itzuliko dizu beti (Mk 10:29, 30). Desagertzear dagoen mundu gaizto honetan ere, zentzuz beteriko bizitza interesgarriena emango dizu. Hau hasiera besterik ez da. Bataioarekin hasitako bideak ez du amaitu beharrik. Zure Aita maitea betirako zerbitzatu dezakezu eta zuen arteko maitasuna handitzen joango da. Berak bezala, betirako bizi ahal izango duzu (Irakurri 41. Salmoa 13 [41:12, NWT]).

17. Berak ez duen zer eman ahal diozu Jehobari?

17 Eskaintza eta bataiorako pausoak ematean, zure Aitari opari paregabea emateko aukera aparta duzu. Bizitzan gozatzen dituzun gauza on eta momentu alai guztiak Berak ematen dizkizu. Eskerrak emateko, zeru-lurren Jabeari berak ez duen zerbait eman ahal diozu: zure zerbitzu leiala (Jb 1:8; 41:3 [41:11, NWT]; Es 27:11). Ba al dago zure bizitza erabiltzeko modu hoberik? Zalantzarik gabe, Jehobari diozun maitasuna da bataiatzeko arrazoirik onena.

ZERGATIK ITXARON?

18. Zer galdera egin ditzakezu?

18 Orduan, bataiatuko al zara? Hori zuk bakarrik jakin dezakezu. Baina, bestalde, pentsatu: «Zergatik itxaron?» (Eg 8:36). Kontuan izan aipatu ditugun hiru arrazoiak: 1) Egia eta zuzentasuna maite dituzu. Pentsatu: «Etorkizunean jende guztiak egia esan eta zuzena dena egingo du. Ez al nago egun hori ikusteko irrikitan?». 2) Jesu Kristo maite duzu. Pentsatu: «Nire Erregea izatea nahi al dut? Bere eredua jarraitzeko prest al nago?». Eta inportanteena, 3) Jehoba maite duzu. Pentsatu: «Jehoba nire Jainkoa izatea nahi al dut? Bera zerbitzatu nahi al dut bere bihotza poztuz?» Zure erantzunak baiezkoak badira, zergatik ez bataiatu? Zergatik itxaron? (Eg 16:33).

19. Zergatik ez zenuke bataiatzeko zalantzarik egin beharko? Jarri adibide bat (Joan 4:34).

19 Bataiatzeko zalantzak badituzu, pentsatu Jesusek erabilitako adibide honetan (Irakurri Joan 4:34). Bere Aitaren nahia egitea janariarekin konparatu zuen. Janaria guretzat ona den bezala, Jehobak eskatzen digun guztia gure onerako da. Ez du kalte egingo dizun ezer egiterik nahi. Zu bataiatzea nahi al du Jehobak? Bai (Eg 2:38). Berak bataiatzeko eskatzen badizu, seguru zure onerako dela. Munduko janaririk goxoena dastatzeko zalantzarik ez zenuke egingo, ezta? Orduan, zergatik bataiatzeko zalantza egin?

20. Zer aztertuko dugu hurrengo artikuluan?

20 Zergatik itxaron? Askok esaten dute: «Oraindik ez nago prest». Beno, ondo pentsatzeko gauza da eta denbora eta esfortzu handia behar da prest egoteko. Izan ere, zeure burua Jehobari eskaintzea eta bataiatzea bizitzan hartu dezakezun erabakirik inportanteena da. Zeure burua aztertzean, desio hori hor dagoela ikusten baduzu, zer egin dezakezu prestatzeko? Galdera hori hurrengo artikuluan aztertuko dugu.

sjj 28. KANTA O, Jehoba, nor da zure laguna?

a Biblia ikasle batentzat, bataioa ezinbesteko pausoa da. Zerk eraman dezake erabaki hori hartzera? Maitasunak. Baina zeri eta nori? Artikulu honetan erantzunak ikusiko ditugu eta bataiatu ondoren zer-nolako bizitza izan dezakegun aztertuko dugu.

b 45. Salmoa 4NWT: «Zure distiran egin aurrera garaipenerantz; segi egia, apaltasuna eta zuzentasunaren alde egiten, eta zure eskuin eskuak gauza harrigarriak lortuko ditu».