1923: Duela ehun urte
«1923. URTEA oso zirraragarria izatea espero dugu», esan zuen aldizkari honek 1923ko urtarrilaren 1eko alean. «Ohore handia da sufritzen ari den mundu honi testigantza ematea, laster garai hobeak helduko direla aldarrikatuz». 1923. urtean zehar, Biblia ikasleek aldaketak egin zituzten euren bileretan, biltzarretan eta predikazioan. Ondorioz, gaur egun egiazko adorazioa bereizten duen batasuna erakusten hasi ziren.
BATASUNA BILERETAN
1923. urtean zehar, erakundeak aldaketa batzuk egin zituen bileretan Biblia ikasleen artean batasuna bultzatzeko. «Otoitz, gorespen eta testigantza» izeneko bileran, astero aipu bat aztertzen zen, eta aipu honen azalpena The Watch Tower aldizkarian argitaratzen hasi zen. Gainera, Biblia ikasleak egutegi bat inprimatzen hasi ziren. Bertan, asteroko bileran aztertuko zen Biblia aipua azaltzen zen, baita egun bakoitzerako ikasketa pertsonalean edo familia adorazioan abesteko himno bat ere.
Bilera horietan, Biblia ikasleek predikazioan izandako bizipenen bat partekatu, Jehobari eskerrak emateko arrazoiren bat aipatu, kanta bat abestu edo otoitz bat egiten zuten. Eva Barney, 1923. urtean bataiatu zen 15 urterekin. Berak honakoa gogoratzen du: «Bileran parte hartu nahi bazenuen, zutik jarri eta honelako zerbait esaten zenuen: “Jaunari eskerrak eman nahi dizkiot nire alde egin dituen gauza on guztiengatik”. Batzuei asko gustatzen zitzaien parte hartzea. Barney arrebak honakoa ere dio: «Godwin anaia maiteak gauza askorengatik eman nahi zizkion eskerrak Jaunari. Baina, bere emazteak bilera zuzentzen ari zen anaia urduritzen ari zela ikusten zuenean, bere senarraren berokitik tira egiten zuen. Orduan, Godwin anaia isildu eta eseri egiten zen».
Hilabetean behin, kongregazio bakoitzak «Otoitz, gorespen eta testigantza» bilera berezi bat izaten zuen. Aldizkari honek, 1923ko apirilaren 1eko alean, honela deskribatzen du bilera hau: «Bileraren erdia predikazioan izandako bizipenak kontatzeko eta elkar animatzeko iruzkinak egiteko erabili behar da […]. Ziur gaude bilera animagarri hauek anai-arreben arteko batasuna sendotuko dutela».
Charles Martin izeneko Vancouver-eko (Kanada) berriemaile batek etekin handia atera zien bilera hauei 19 urte zituenean. Honakoa gogoratzen du: «Bilera hauetan lehen aldiz ikasi nuen ateetan zer esan. Askotan, norbaitek atez ateko predikazioan izandako bizipen bat kontatzen zuen. Bizipen hauek zer esateko eta eragozpenei nola erantzuten jakiteko ideiak ematen zizkidaten».
BATASUNA PREDIKAZIOAN
«Predikatzeko egunak» izateak ere anai-arreben arteko batasuna sendotu zuen. Aldizkari
honetako 1923ko apirilaren 1eko alean, honako albistea eman zen: «Denok lan berean elkartuta egoteko, […] 1923ko maiatzaren 1a, asteartea, predikatzeko eguna izatea erabaki da, baita hemendik aurrera hilabete bakoitzeko lehen asteartea ere. […] Kongregazio guztietako berriemaile guztiek lan honetan parte hartu beharko lukete».Biblia ikasle gazteek ere predikazioan parte hartzen zuten. Hazel Burford arrebak 16 urte zituen garai hartan. Berak honakoa dio: «Bulletin aldizkariak buruz ikasteko elkarrizketa ereduak zituen. a Nire aitonarekin batera gogotsu parte hartu nuen jarduera guzti hauetan». Hala ere, anaia bati berak egiten zuena ondo iruditzen ez zitzaiola jakin zuenean, Burford arreba harritu egin zen. Berak dio: «Adineko anaia maite batek besteei ez niela hitz egin behar pentsatzen zuen. Garai hartan, batzuek ez zuten ulertzen Biblia ikasle guztiek, “mutil eta neskatx[ek]” barne, gure Sortzaile Gorena goretsi behar zutela» (Sal 148:12, 13). Baina, Burford arrebak ez zuen amore eman. Beranduago, Galaad eskolako bigarren klasera joan zen eta Panaman misiolari bezala zerbitzatu zuen. Denborarekin, anai-arreba haiek gazteek predikazioan parte hartzearen inguruan zuten ikuspuntua aldatu zuten.
BATASUNA BILTZARRETAN
Eskualde eta lurralde biltzarrek ere anai-arreben arteko batasuna sendotu zuten. Biltzar horietako askotan, predikatzeko egunak antolatzen ziren. Adibidez, Winnipeg-en (Kanada) izandako biltzarrean, «Winnipeg-eko bonbardaketa berezia» izeneko predikatzeko egun bat antolatu zen martxoaren 31n. Biltzarrera joan ziren guztiak parte hartzera gonbidatuak izan ziren. Predikatzeko egun berezi hauetan, pertsona askorekin hitz egiten zen eta emaitza onak egoten ziren. Winnipeg-en abuztuaren 5ean ospatu zen beste biltzar batean, 7.000 lagun inguru joan ziren. Hau izan zen ordura arte Kanadan izandako biltzarrik handiena.
1923ko abuztuaren 18-26 bitartean, Jehobaren herriak biltzar inportante bat ospatu zuen Los Angelesen, Kalifornian. Aurreko asteetan, biltzar honen berri eman zen egunkarietan eta Biblia ikasleek 500.000 gonbidapen baino gehiago banatu
zituzten. Gainera, biltzarra iragartzen zuten kartelak ipini ziren garraio publikoan eta auto pribatuetan.Abuztuaren 25ean, larunbatean, Rutherford anaiak «Ardiak eta ahuntzak» izeneko hitzaldian «ardiak» nortzuk ziren argi eta garbi azaldu zuen. Hauek jarrera egokia duten eta lurreko paradisuan biziko diren pertsonak dira. Gainera, «Ohartarazpen bat» izeneko ebazpena irakurri zuen. Ebazpen honetan, kristandadea salatu eta bihotz onekoei «Babilonia handi[tik]» separatzeko eskatzen zitzaien (Ap 18:2, 4). Beranduago, Biblia ikasle sutsuek ebazpen honen kopiak banatu zituzten mundu osoan zehar.
«Bilera animagarri hauek anai-arreben arteko batasuna sendotuko dute»
Biltzarreko azken egunean, 30.000 pertsona baino gehiagok entzun zuten Rutherford anaiak emandako hitzaldi publikoa: «Nazio guztiak Harmagedonera doaz, baina orain bizi diren milioika lagun ez dira inoiz hilko». Jende asko joango zela jakinda, Biblia ikasleek eraiki berria izan zen Los Angeles Coliseum-a alokatu zuten. Guztiek programa entzungo zutela ziurtatzeko, anaiek estadioko altaboz sistema erabili zuten. Garai hartan, punta-puntako teknologia zen. Beste askok irrati bidez entzun zuten programa.
PREDIKAZIOA MUNDU MAILAN ZABALTZEN DA
1923an, predikazioa nabarmenki zabaldu zen Afrika, Europa, India eta Hego Amerikan. Indian, A. J. Joseph anaia, bere emaztea eta sei haurrak zaintzeaz gain, hindi, tamilera, teluguera eta urdu hizkuntzetako argitalpenen produkzioaz arduratzen zen.
Sierra Leonan, Alfred Joseph eta Leonard Blackman Biblia ikasleek Brooklyn-en (New York) zegoen egoitza nagusira idatzi zuten laguntza eskatuz. 1923ko apirilaren 14ean, erantzuna jaso zuten. Alfredek honakoa esan zuen: «Larunbat gau bat zen espero gabeko dei bat jaso genuenean». Ahots ozen bat entzun zuen, honakoa galdetuz: «Zu al zara predikatzeko laguntza eskatuz Watch Tower erakundera idatzi duzuna?». «Bai», erantzun zuen Alfredek. «Beno, ni bidali naute», esan zuen dei hau egin zuenak. William R. Brown zen. Egun hartan bertan iritsi zen Karibetik, bere emaztea Antonia eta bere bi alaba Louise eta Lucy-rekin batera. Anaiek ez zuten luze itxaron behar izan Brown familia heldu berria ezagutzeko.
Alfredek honakoa ere esan zuen: «Hurrengo goizean bertan, Leonard eta biok astero bezala Biblia aztertzen ari ginela, gizon altu bat ikusi genuen atean. Brown anaia zen. Anaia hau oso sutsua
zen eta, hurrengo egunean bertan, hitzaldi publiko bat eman nahi zuen». Hilabete bat baino gutxiagoan, Brown anaiak berarekin ekarritako argitalpen guztiak utzi zituen jendearen eskuetan. Handik gutxira, 5.000 liburu gehiago jaso zituen, baina laster liburu gehiagoren beharra izan zuen. Hala ere, jendeak ez zuen Brown anaia liburu saltzaile bezala ikusten. Bere bizitza osoan zehar, Jehobaren zerbitzari sutsua izan zen eta bere hitzaldietan etengabe egiten zion erreferentzia Bibliari. Horregatik, «Biblia Brown» izena eman zioten.Bitartean, Alemaniako anaiek sukurtsala tokiz aldatzea erabaki zuten, Barmen-eko ofizinak txiki geratu zirelako. Gainera, Frantziak laster hiria inbadituko zuela entzun zuten. Biblia ikasleek argitalpenak inprimatzeko aproposa zen toki bat aurkitu zuten Magdeburg-en. Ekainaren 19an, anaiek inprimatzeko tresnak eta beste gauza guztiak jaso eta Magdeburg-eko Betel berrira joan ziren. Egoitza nagusiari mudantza amaitu zela abisatu eta hurrengo egunean bertan, Frantziak Barmen-eko hiria hartu zuela azaldu zen egunkarietan. Toki aldaketa honekin anai-arrebek argi ikusi zuten Jehobaren bedeinkapena eta babesa zutela.
Brasilen, George Young anaiak asko bidaiatu zuen berri onak zabaltzeko. Gainera, sukurtsal berri bat ezarri zuen eta The Watch Tower aldizkaria portugesez argitaratzen hasi zen. Hilabete gutxi batzuetan, 7.000 argitalpen baino gehiago utzi zituen jendearen eskuetan. Bestalde, Sarah Ferguson izeneko emakume bat asko poztu zen Young anaiak bere familia bisitatu zuenean. 1899tik, The Watch Tower aldizkaria irakurtzen aritu zen, baina ez zuen bataiatzeko aukerarik izan. Hilabete batzuk beranduago, Ferguson arrebak eta bere lau seme-alabek bataiatzeko pauso garrantzitsu hau emateko aukera izan zuten azkenean.
«JAINKOA SUTSU ETA POZIK ZERBITZATZEN» JARRAITZEN DUTE
1923ko abenduaren 15eko The Watch Tower aldizkariak urte horretan zehar batasunaren alde egin ziren aldaketek Biblia ikasleengan izandako eragina azaldu zuen: «Argi ikusi daiteke kongregazioek […] fede sendoa dutela. […] Prest egon gaitezen lan gehiago egiteko, eta Jainkoa sutsu eta pozik zerbitzatzen jarraitzeko hurrengo zerbitzu urtean».
1924. urtea ere oso zirraragarria izan zen Biblia ikasleentzat. Beteleko anaiak lanean ibili ziren hainbat hilabetez Staten Island-eko lur-eremu berri batean, Brooklyn-eko egoitza nagusitik hurbil. Bertan eraikitako instalazioak 1924. urtearen hasiera aldera amaitu zituzten. Instalazio hauek anaiartearen batasuna sendotzen eta berri onak inoiz bezala zabaltzen lagundu zuten.
a Orain Kristauon zerbitzu eta bizimodua lan koadernoa.