Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

45. IKASKETARAKO ARTIKULUA

Eskertu tenplu espiritualean Jehoba adoratzeko duzun ohorea

Eskertu tenplu espiritualean Jehoba adoratzeko duzun ohorea

«Adora ezazue, zerua eta lurra […] egin zituena» (AP 14:7).

sn 20. KANTA Bedeinkatu gure bilerak

ZER AZTERTUKO DUGU? a

1. Zer dio aingeru batek, eta nola sentitu beharko ginateke?

 AINGERU batek zuri hitz egingo balizu, kasu egingo al zenioke? Gaur egun, aingeru bat «nazio, arraza, hizkuntza eta herri guztiei» hitz egiten ari da. Zer dio aingeru honek? «Izan begirune Jainkoari eta eman aintza berari […]; adora ezazue, zerua eta lurra […] egin zituena» (Ap 14:6, 7). Jehoba da egiazko Jainko bakarra, eta guztiok adoratu beharko genuke. Jehobak bere tenplu espiritualean Bera adoratzeko aukera paregabea eman digu. Zein eskertuta sentitu beharko ginateke!

2. Zer da Jehobaren tenplu espirituala? (Ikusi « Zer ez da tenplu espirituala?» taula ere)

2 Baina, zer da zehazki tenplu espirituala? Eta non aurkitu dezakegu tenplu honetako hainbat atalen azalpena? Tenplu espirituala ez da eraikin fisiko bat. Jehobak bera modu garbian adoratzeko egin duen antolaketa da. Erreskatean, hau da, Jesusen sakrifizioan oinarrituta dago. Judean bizi ziren lehen mendeko kristau hebrearrei idatzitako gutunean, Paulo apostoluak antolaketa hau azaldu zuen. b

3, 4. Zer kezka izan zituen Paulok Judeako kristau hebrearren inguruan, eta nola lagundu zien?

3 Zergatik idatzi zien Paulok gutun hau Judean zeuden kristau hebrearrei? Ziurrenik, bi arrazoi nagusi izango zituen. Lehenik, kristau hauei animoa ematea. Kristau bihurtu aurretik, gehiengoek erlijio judua jarraitzen zuten. Beraz, erlijio-buru juduek, agian, iseka egingo zieten erlijioz aldatzeagatik. Zergatik? Kristauek ez zutelako beraien adoraziorako tenplu ikusgarririk, ez Jainkoari sakrifizioak egiteko aldarerik, ezta apaizgorik ere. Hau, agian, desanimagarria izango zen Jesusen jarraitzaileentzat eta euren fedea ahuldu ahal zen (Heb 2:1; 3:12, 14). Baliteke kristau batzuek erlijio judura itzultzea ere pentsatu izana.

4 Bigarrenik, irakaspen espiritual berri edo sakonak ulertzeko ahaleginak egiten ez zituztenengana zuzendu zen Paulo. Kristau hebrear hauek ez ziren Jainkoaren Hitzeko «janari sendoa[z]» elikatzen ari (Heb 5:11-14, NWT). Dirudienez, horietako batzuek Moisesen Legeari eusten jarraitzen zioten oraindik. Hala ere, Legeak eskatzen zituen sakrifizioek ez zutela bekatua guztiz ezabatzen azaldu zuen Paulok. Horregatik, Legea «balio gabe» gelditu zen. Orduan, Paulok irakaspen sakon batzuk azaldu zituen. Jesusen sakrifizioari esker, «itxaropen bikainago bat» izateko aukera zutela gogorarazteaz gain, «Jainkoarengana hurbiltzen» lagunduko ziela esan zien kristau hebrearrei (Heb 7:18, 19).

5. Zer ulertu behar dugu Hebrearrei liburutik, eta zergatik?

5 Paulok honakoa azaldu zien anai-arreba hebrearrei: orain kristau bezala Jehobari ematen zioten adorazioa, iraganean erlijio juduan ematen ziotena baino askoz hobea zela. Izan ere, Legearen arabera ematen zuten adorazioa «etortzeko ziren gauzen itzala besterik ez [zen]», baina «errealitatea Kristo da» (Kol 2:17). Objektu baten itzala objektu horren gutxi gorabeherako forma besterik ez da; ez da objektu erreala. Era berean, juduek iraganean Jainkoa adoratzeko zuten modua etorkizunean etorriko zen errealitatearen, hau da, tenplu espiritualaren itzala besterik ez zen. Jehobari ematen diogun adorazioa onargarria izateko, gure bekatuen barkamena lortzeko egin duen antolaketa ulertu behar dugu. Beraz, Hebrearrei liburuko azalpenean oinarrituta, konparatu dezagun «itzala» «errealitatearekin», hau da, juduen adoratzeko modua kristauen adoratzeko moduarekin. Honela, tenplu espirituala zer den eta nola eragiten digun hobeto ulertuko dugu.

TABERNAKULUA

6. Zertarako erabiltzen zen tabernakulua?

6 Itzala. Pauloren azalpena Moisesek K.a. 1512​an eraiki zuen tabernakuluan oinarritu zen (Ikusi «Itzala—Errealitatea» irudia). Tabernakuluak denda baten estruktura zuen eta, hasiera batean, israeldarrek leku batetik bestera eramaten zuten. 500 urte inguruz erabili zuten, Jerusalemen tenplua eraiki zen arte (Ir 25:8, 9; Zen 9:22). «Elkarketa-etxola» hau Jainkoarengana hurbiltzeko leku nagusia zen israeldarrentzat. Gainera, beraien sakrifizioak eta adorazioa eskaintzen zuten bertan (Ir 29:43-46). Hala ere, kristauentzat iristear zegoen eta hobeagoa zen beste zerbait irudikatu zuen tabernakuluak.

7. Noiz ezarri zen tenplu espirituala?

7 Errealitatea. Tabernakulua «zeruko gauzen […] itzal besterik ez» zen izan, eta Jehobaren tenplu espiritual gorena irudikatu zuen. Paulok honakoa esan zuen: «Santutegia [edo tabernakulua] orain gertatzen ari denaren irudi da» (Heb 8:5; 9:9). Beraz, Hebrearrei liburua idatzi zuen garairako, tenplu espirituala dagoeneko errealitate bat zen kristauentzat. Izan ere, tenplu espirituala K.o. 29. urtean ezarri zen. Urte hartan, Jesus bataiatu, espiritu santuz gantzutu eta Jehobaren «apaiz nagusi handia» bezala zerbitzatzen hasi zen tenplu espiritualean c (Heb 4:14; Eg 10:37, 38).

APAIZ NAGUSIA

8, 9.Hebrearrei 7:23-27​ pasartearen arabera, zer alde nabarmen dago Israelgo apaiz nagusien eta Apaiz Nagusi handia den Jesu Kristoren artean?

8 Itzala. Apaiz nagusia herriaren ordezkaria zen Jainkoaren aurrean. Tabernakulua erabiltzen hasi zirenean, Jainkoak Israelgo lehen apaiz nagusi bezala Aaron izendatu zuen. Hala ere, Paulok azaldu zuen moduan, «apaiz lebitarrak asko ziren, ezin baitzuten iraun, hil egiten zirelako» d (Irakurri Hebrearrei 7:23-27). Gainera, gizaki inperfektuak zirenez, apaiz nagusiek beraien bekatuen alde ere eskaini behar zituzten sakrifizioak. Hau da Israelgo apaiz nagusien eta Apaiz Nagusi handia den Jesu Kristoren arteko alde nabarmen bat.

9 Errealitatea. Jesu Kristok, gure Apaiz Nagusi bezala, «apaiz-zerbitzua Jainkoak egindako benetako santutegian betetzen du, eta ez gizakiek egindako itun-etxolan» (Heb 8:1, 2). «Jesusek […] beti irauten duenez, inoiz amaituko ez den apaizgoa» duela azaldu zuen Paulok. Gainera, Jesus «kutsugabea, bekatariengandik bereizia» zela eta bere bekatuengatik «ez du[ela], beste apaiz nagusiek bezala, […] egunero opariak eskaini beharrik» esan zuen. Aztertu ditzagun orain aldareak eta sakrifizioak, eta ikusi dezagun zer ezberdintasun zegoen bakoitzaren itzalaren eta errealitatearen artean.

ALDAREAK ETA SAKRIFIZIOAK

10. Zer adierazten zuten kobrezko aldarean egiten ziren sakrifizioek?

10 Itzala. Tabernakuluaren sarreraren kanpoan, kobrezko aldarea zegoen. Bertan, animalien sakrifizioak eskaintzen zitzaizkion Jehobari (Ir 27:1, 2, NWT; 40:29). Hala ere, sakrifizio hauek ezin zituzten pertsonen bekatuak guztiz barkatu (Heb 10:1-4). Tabernakuluan etengabe eskaintzen ziren animalien sakrifizioek gizakia bekatutik erabat askatuko zuen sakrifizio bat egongo zela adierazten zuten.

11. Zer aldaretan eskaini zuen Jesusek bere burua sakrifizio bezala? (Hebrearrei 10:5-7, 10)

11 Errealitatea. Jesusek bazekien bere bizia gizaki guztien alde erreskate bezala emateko bidali zuela Jehobak (Mt 20:28). Beraz, bataiatu zenean, Jesusek bere burua eskaini zuen Jehobaren nahia egiteko (Jn 6:38; Ga 1:4). Jesusek aldare sinboliko batean egin zuen eskaintza hau. Zer irudikatzen zuen aldare honek? Jainkoaren «nahia», hau da, bere Semeak gizaki bezala bere bizi perfektua sakrifikatzea. Jesusek «behin betiko» eskaini zuen bere bizia. Era horretara, berarengan fedea erakusten duten pertsonen bekatuak garbitu, edo erabat estali, daitezke (Irakurri Hebrearrei 10:5-7, 10). Orain, azter ditzagun tabernakuluaren barneko beste xehetasun batzuk.

SANTUA ETA SANTU-SANTUA

12. Nor sartu ahal zen tabernakuluaren gela bakoitzean?

12 Itzala. Tabernakulua eta beranduago Jerusalemen eraiki ziren tenpluak oso antzekoak ziren barrutik. Barnean, bordatutako kortina batek banatzen zituen bi gela zeuden: «toki santua» eta «toki santu-santua» (Heb 9:2-5; Ir 26:31-33). Santuaren barruan, urrezko argimutil bat, intsentsua erretzeko aldare bat eta mahai bat, Jehobari eskainiriko ogiarekin, zeuden. Gantzututako apaizak bakarrik sartu ahal ziren santuan apaiz lanak egiteko (Zen 3:3, 7, 10). Santu-santuan, Jehobaren presentzia irudikatzen zuen urrezko itun-kutxa zegoen (Ir 25:21, 22). Kortina zeharkatuz santu-santuan sartu ahal zen bakarra apaiz nagusia zen. Hau urtean behin soilik gertatzen zen, Barkamen Egunean (Lb 16:2, 17, NWT). Urtero-urtero, animalien odolarekin sartzen zen, bere buruaren eta nazio osoaren bekatuen barkamena eskatzeko. Denborarekin, Jehobak, bere espiritu santuaren bidez, tabernakuluaren atal hauek zer esanahi zuten argitu zuen (Heb 9:6-8). e

13. Zer irudikatzen dute tabernakuluko santuak eta santu-santuak?

13 Errealitatea. Jesusen jarraitzaileen artean, talde mugatu bat espiritu santuz gantzutua izan da. Hauek Jehobarekin harreman bereziaz gozatzen dute. 144.000 kristau hauek apaiz bezala zerbitzatuko dute zeruan Jesusekin (Ap 1:6; 14:1). Tabernakuluko santuak honakoa irudikatzen du: gantzutuek, lurrean dauden bitartean, Jainkoaren seme-alaba espiritual bezala duten egoera (Erm 8:15-17). Tabernakuluko santu-santuak zerua irudikatzen du, Jehoba bizi den tokia. Santua eta santu-santua banatzen zituen kortinak Jesusen giza gorputza irudikatzen du. Jesusek gorputz hori izan zuen bitartean, ezin izan zuen zeruan sartu tenplu espiritualeko Apaiz Nagusi handia bezala. Baina, Jesusek bere giza gorputza sakrifizio bezala gizaki guztion alde eman zuenez, kristau gantzutu guztiek zeruan bizitzeko aukera dute. Hauek ere beraien giza gorputza utzi behar dute zeruan sartu ahal izateko (Heb 10:19, 20; 1 Ko 15:50). Berpiztu ondoren, Jesus tenplu espiritualeko santu-santuan sartu zen. Denborarekin, gantzutuak ere bertan sartuko dira.

14.Hebrearrei 9:12, 24-26​ bertseten arabera, zergatik da hoberena Jehobaren tenplu espiritualaren antolaketa?

14 Jehobaren adorazio garbirako antolaketa erreskatean eta Jesu Kristoren apaizgoan oinarrituta dago. Argi dago ez dagoela hau baino hobea den antolaketarik. Israelgo apaiz nagusia gizakiek eraikitako santu-santuan sartzen zen animalien odolarekin. Jesus, aldiz, «zeruan bertan», hau da, lekurik santuenean sartu zen Jehobaren aurrean. Bertan, bere giza bizi perfektua gure alde eskaini zuen «bere buruaren opariaz [edo sakrifizioaz, NWT] bekatua desegiteko» (Irakurri Hebrearrei 9:12, 24-26). Jesusen sakrifizioak bekatua erabat eta betirako borratzen du. Orain ikusiko dugun bezala, gure itxaropena zeruan ala lurrean bizitzea den axola gabe, guztiok adoratu dezakegu Jehoba bere tenplu espiritualean.

ATARIAK

15. Nortzuk zerbitzatzen zuten tabernakuluko atarian?

15 Itzala. Tabernakuluak atari bat zuen, hesi batez inguratua zegoen eremu handi bat. Apaizek beraien lanak egiten zituzten bertan. Atarian, opariak erretzeko kobrezko aldare handi bat zegoen, baita apaizek euren zerbitzu sakratuaren aurretik garbikuntzarako erabiltzen zuten uraska ere (Ir 30:17-20, NWT; 40:6-8). Beranduago eraiki ziren tenpluek kanpoko atari bat ere zuten. Horrela, apaiz ez zirenek Jainkoa adoratu zezaketen bertan.

16. Nortzuk zerbitzatzen dute tenplu espiritualeko atari bakoitzean?

16 Errealitatea. Zerura Jesusekin apaiz bezala zerbitzatzera joan aurretik, gantzutuek lurrean leialki zerbitzatzen dute tenplu espiritualeko barruko atarian. Garbikuntzarako uraska handiak moralki eta espiritualki garbi mantentzearen garrantzia gogorarazten die gantzutuei, baita kristau guztiei ere. Baina, orduan, non zerbitzatzen du Jehoba gantzutuei leialki laguntzen dien «gizatalde handi[ak]»? Joan apostoluak «tronuaren […] aurrean zutik» ikusi zuen. Talde hau lurrean dago tenplu espiritualeko kanpoko atarian «gau eta egun […] [Jainkoa] bere tenpluan zerbitzatzen» (Ap 7:9, 13-15). Zein eskertuta gauden tenplu espiritualean Jehoba adoratzeko ohorea izateaz!

JEHOBA ZERBITZATZEKO DUGUN OHOREA

17. Zer sakrifizio eskaintzeko ohorea dugu?

17 Gaur egun, kristau guztiok dugu Jehobari sakrifizioak eskaintzeko ohorea. Nola? Jainkoaren Erreinuaren alde gure denbora, indarrak eta gauza materialak erabiliz. Paulok kristau hebrearrei esan zien bezala, «Jainkoari oparitzat etengabeko gorespena» eskaini ahal diogu, «geure ezpainez beraren izena aitortuz» (Heb 13:15). Jehobaren zerbitzuan gure onena emanez, Bera adoratzeko ohorea eskertzen dugula erakutsi dezakegu.

18.Hebrearrei 10:22-25​ pasartearen arabera, zer izan beharko genuke beti kontuan, eta zer ez genuke inoiz ahaztu beharko?

18 Irakurri Hebrearrei 10:22-25. Hebrearrei idatzitako gutunaren amaieran, Paulok Jehobaren adorazioan beti kontuan hartu behar ditugun gauza batzuk aipatu zituen. Hauen barne, Jehobari otoitz egitea, predikatzea, bileretara joatea eta elkar animatzea daude, «are gehiago Jaunaren eguna hurbiltzen ari dela» ikusita. Apokalipsia liburuaren amaieran ere, Jainkoaren aingeruak honakoa errepikatzen du bi alditan: «Jainkoa gurtu» (Ap 19:10; 22:9). Ez dezagun inoiz ahaztu Jehobaren tenplu espiritualari buruz ikasitako guztia, eta eskertu dezagun Jainkoa adoratzeko dugun ohorea!

sjj 88. KANTA Azaldu niri zure bideak

a Jainkoaren Hitzean aurkitzen dugun irakaspen sakonetariko bat Jehobaren tenplu espiritualarekin lotuta dago. Zer tenplu da hau? Artikulu honetan, Hebrearrei liburuan agertzen diren tenplu honen detaile batzuk aztertuko dira. Ikerketa hau egiteak Jehoba adoratzeko dugun ohorea are gehiago eskertzen lagunduko digu.

b Bibliako Hebrearrei liburuaren laburpen bat ikusteko, ikusi jw.org webguneko Hebrearrei liburuaren sarrera bideoa.

c Idazki Grekoetan, Hebrearrei gutunean bakarrik deitzen zaio Jesusi Apaiz Nagusi.

d Kontsulta liburu baten arabera, Jerusalemgo tenplua K.o. 70. urtean suntsitua izan zenerako, Israelen 84 apaiz nagusi baino gehiago egon ziren ziurrenik.

e Barkamen Egunean apaiz nagusiak egiten zuenaren esanahi sinbolikoa ulertzeko, ikusi jw.org webguneko La tienda bideoa.