Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

32. IKASKETARAKO ARTIKULUA

Imitatu Jehoba arrazoitsu izanez

Imitatu Jehoba arrazoitsu izanez

«Guztiek jakin dezatela arrazoitsuak zaretela» (FLP 4:5NWT).

sjj 89. KANTA Entzun, obeditu eta bedeinkapenak jaso

ZER AZTERTUKO DUGU? a

Zer zuhaitz mota izatea gustatuko litzaizuke? (Ikusi 1. paragrafoa)

1. Zer zentzutan izan behar dugu kristauok zuhaitz bat bezala? (Ikusi irudia ere)

 «ERRAZ makurtzen den zuhaitza ez du haizeak hausten». Esaera zahar honek zuhaitz batzuei sendo mantentzen laguntzen dien ezaugarri bat azpimarratzen du: malgutasuna. Kristauok ere, espiritualki sendo mantentzeko, malguak, hau da, arrazoitsuak izan behar dugu. Nola? Gure egoera pertsonala aldatzen denean egokituz, eta besteen ikuspuntu eta erabakiak errespetatuz.

2. Zer ezaugarrik lagunduko digute egoera aldaketetara egokitzen, eta zer aztertuko dugu artikulu honetan?

2 Jehobaren zerbitzariak garenez, arrazoitsuak izan nahi dugu, baita apalak eta errukitsuak ere. Artikulu honetan kristau batzuei egoera aldatzean ezaugarri hauek nola lagundu zieten ikusiko dugu. Gainera, ezaugarri hauek guri nola lagundu gaitzaketen aztertuko dugu. Baina, hasteko, azter ditzagun Jehoba eta Jesusen eredu bikainak, beraiek modu perfektuan erakusten baitute arrazoitsuak direla.

JEHOBA ETA JESUS ARRAZOITSUAK DIRA

3. Nola dakigu Jehoba arrazoitsua dela?

3 Jehobari «harkaitza» deitzen zaio sendoa eta mugiezina delako (Dt 32:4). Hala ere, arrazoitsua ere bada. Munduko aldaketen aurrean, bere nahia betetzen dela ziurtatzeko, egokitu egiten da. Jehobak bere irudira sortu gintuenez, aldaketetara egokitzeko gaitasuna dugu. Gainera, zer zailtasuni aurre egin behar diogun axola gabe, Biblia printzipio argiak eman dizkigu erabaki zuhurrak hartzen laguntzeko. Jehobaren ereduak eta eman dizkigun printzipioek honakoa erakusten dute: Jehoba «harkaitza» eta, aldi berean, arrazoitsua dela.

4. Eman Jehoba arrazoitsua dela erakusten duen adibide bat. (Lebitarrena 5:7, 11)

4 Jehobaren printzipioak perfektuak eta arrazoitsuak dira. Ez du gizakiekin modu zorrotzean jokatzen. Adibidez, Jehoba arrazoitsua izan zen israeldarrekin. Zer zentzutan? Ez zien guztiei, aberats eta behartsuei, eskaintza bera egitea eskatzen. Kasu batzuetan, pertsona bakoitzak eskaintzak bere egoeraren arabera egitea uzten zuen (Irakurri Lebitarrena 5:7, 11).

5. Eman Jehobaren apaltasunaren eta errukiaren adibide bat.

5 Jehoba apala eta errukitsua da. Ezaugarri hauek arrazoitsua izatera eramaten diote. Adibidez, Jehobak Sodomako jende gaiztoa suntsitzear zegoenean, bere aingeruen bidez Loti mendira ihes egiteko esan zion. Baina, Lot hara joateko beldur zenez, bera eta bere familia Zoarrera joateko eskatu zuen, nahiz eta Jehobak herri txiki hau suntsitzeko asmoa izan. Jehobak Loti esandakoa zehazki betetzeko agindu ahal zion. Hala ere, Jehobaren apaltasuna argi ikusi zen Loten eskaera onartu eta Zoar suntsitu ez zuenean (Has 19:18-22). Mendeak beranduago, Jehobak errukia erakutsi zien Niniveko biztanleei. Jonas profeta bidali zuen hiria eta bertako pertsona gaiztoak laster suntsituak izango zirela adierazteko. Baina, ninivetarrak damutu zirenean, Jehobak errukia sentitu zuen eta ez zuen hiria suntsitu (Jon 3:1, 10; 4:10, 11).

6. Jehoba bezala, Jesus arrazoitsua dela erakusten duten adibideak eman.

6 Jehobak bezala, Jesusek ere arrazoitsua zela erakutsi zuen. Adibidez, Jehobak «Israel herriko ardi galduengana» predikatzera bidali zuen, baina lan hau betetzean, Jesus arrazoitsua izan zen. Behin, israeldarra ez zen emakume batek bere alaba sendatzeko erregutu zion, deabru batek «oinaze gorritan» baitzuen. Jesusek, errukia erakutsiz, emakume honen alaba osatu egin zuen (Mt 15:21-28). Azter dezagun beste adibide bat. Jesusek behin honakoa esan zuen: «Ukatzen nauena ukatu egingo dut nik ere» (Mt 10:33). Baina, baztertu al zuen Jesusek Pedro, honek Jesus hiru aldiz ukatu ondoren? Ez, Pedrok erakutsi zituen damua eta fedea kontuan hartu zituelako. Berpiztu ondoren, Jesus Pedrori agertu zitzaion eta, seguruenik, barkatu ziola eta maite zuela ziurtatu zion (Lk 24:33, 34).

7. Filipoarrei 4:5 (NWT) aipuaren arabera, zer erreputazio izan nahi dugu?

7 Jehoba eta Jesus arrazoitsuak direla ikusi dugu. Eta gu? Jehobak gu ere arrazoitsuak izatea espero du (Irakurri Filipoarrei 4:5NWT b). Itzulpen batek honela itzultzen du bertset hau: «Izan ezazue arrazoitsu izatearen erreputazioa». Honakoa galdetu ahal diogu geure buruari: «Pertsona arrazoitsua, moldakorra eta tolerantea naizela uste dute besteek? Ala gogorra, zorrotza edo burugogorra naizela uste dute? Besteek gauzak zehazki nire erara egiteko insistitzen dut? Ala besteak entzuten ditut eta egokia denean beraien desioetara moldatzen naiz?». Zenbat eta arrazoitsuagoak izan, orduan eta hobeto imitatuko ditugu Jehoba eta Jesus. Arrazoitsuak izatea inportantea den bi egoera aztertuko ditugu: gure egoera aldatzen denean, eta gure ikuspuntu eta erabakiak desberdinak direnean.

IZAN ARRAZOITSU EGOERA ALDATZEAN

8. Zerk lagundu gaitzake arrazoitsuak izaten aldaketak daudenean? (Ikusi oharra ere)

8 Gure egoera aldatzen denean, arrazoitsuak izan behar dugu espero gabeko zailtasunak ekarri ditzakeelako. Osasun larrialdi bat gertatzen denean, edo egoera ekonomiko edo politikoa aldatzen denean, gure bizitza bat-batean hankaz gora jarri daiteke (Koh 9:11NWT; 1 Ko 7:31NWT). Jehobaren erakundeak eman digun eginkizuna aldatzen denean ere, hau onartzea zaila izan daiteke guretzat. Erronka zein den axola gabe, egoera berrira ondo egokitu gaitezke hurrengo lau urrats hauek jarraitzen baditugu: 1) Errealitatea onartu, 2) etorkizunera begiratu, eta ez iraganera, 3) arreta gauza positiboetan jarri, eta 4) besteen alde gauzak egin. c Azter dezagun nola lagundu zien anai-arreba batzuei urrats hauek jarraitzeak.

9. Nola egin zien aurre misiolari bikote batek espero gabeko zailtasunei?

9 Errealitatea onartu. Emanuele eta Francescak misiolari bezala atzerrira joateko eginkizuna jaso zuten. Hizkuntza ikasten eta kongregazio berrira egokitzen hasi zirenean, COVID-19 pandemiak jo zuen eta, ondorioz, besteengandik isolatu behar izan ziren. Orduan, egun batetik bestera, Francescaren ama hil egin zen. Francescak nola edo hala bere familiarekin egon nahi zuen, baina pandemiaren erruz ezin izan zuen bidaiatu. Zerk lagundu zion egoera zail hari aurre egiten? Lehenik, Emanuele eta Francescak elkarrekin otoitz egiten zuten, egun bakoitzari aurre egiteko beharko zuten jakinduria eskatuz. Jehobak, bere erakundearen bidez, une egokian erantzun zituen otoitz hauek. Adibidez, anaia batek bideo batean esandakoak asko animatu zituen: «Zenbat eta azkarrago onartu egoera berria, orduan eta azkarrago berreskuratuko dugu poztasuna, eta gure onena emateko aukera izango dugu». d Bigarrenik, telefonoz predikatzean trebeagoak izateko eta Biblia ikastaro bat hasteko helburuak jarri zituzten. Azkenik, bertako anai-arreben animoa eta laguntza maitekorra esker onez onartu zuten. Arreba jator batek urte betez egunero-egunero mezutxo bat bidaltzen zien Biblia aipu batekin batera. Antzera, gure egoera berria onartzen badugu, egin dezakegunarekin pozik egongo gara.

10. Nola egokitu zen arreba bat bere bizitzako aldaketa handi batera?

10 Etorkizunera begiratu, eta arreta gauza positiboetan jarri. Christina, Japoniako ingeles kongregazio batean zegoen arreba errumaniar bat da. Bera asko dezepzionatu egin zen bere kongregazioa itxi zenean. Hala ere, ez zen iraganean pentsatzen geratu. Horren ordez, japoniar kongregaziora joatea eta eremu hartan bere onena ematea erabaki zuen. Gainera, bere japoniera hobetzeko, Biblia eta Gozatu bizitzaz betirako! liburuxka erabiltzea proposatu zion bere lankidea izan zen bati, eta emakumeak onartu zuen. Christinak bere japoniera hobetzeaz gain, emakumea egian interesa erakusten hasi zen. Aurrera begiratzen dugunean eta positiboak garenean, espero gabeko aldaketek espero gabeko bedeinkapenak ekarri ditzakete.

11. Zerk lagundu zion arazo ekonomikoak izan zituen bikote bati?

11 Besteen alde gauzak egin. Azter dezagun zer gertatu zitzaion gure lana debekatuta dagoen herrialde batean bizi den bikote bati. Bertako ekonomia kolapsatu zenean, arazo ekonomikoak izaten hasi ziren. Nola egokitu ziren? Hasteko, euren bizitza sinplifikatzen saiatu ziren. Ondoren, arreta euren arazoetan jarri beharrean, besteak laguntzea erabaki zuten, predikazioan lanpetuta mantenduz (Eg 20:35). Honakoa esan zuen senarrak: «Predikazioan lanpetuta geundenez, ez genuen apenas denborarik gure arazoetan pentsatzeko. Alderantziz, denbora gehiena Jehobaren nahia egiten pasatzen genuen». Gogoan izan behar dugu gure egoera aldatzen denean oso inportantea dela besteak laguntzen jarraitzea, bereziki predikazioan.

12. Nola lagundu gaitzake Pauloren ereduak predikazioan moldakorrak izaten?

12 Predikazioan malguak izan behar dugu sinesmen, jarrera eta jatorri desberdinetako jendea topatzen dugulako. Paulo apostolua moldakorra zen, eta bere eredutik asko ikasi dezakegu. Jesusek «jentilen apostolu» izendatu zuen Paulo (Erm 11:13). Judu, greko, intelektual, jende xume, agintari eta erregeei predikatu zien. Hain desberdinak ziren pertsona hauen guztien bihotzetara iristeko, Paulo «ahalik eta gehien egokitzen saiatu» zen (1 Ko 9:19-23). Bere entzuleen kultura, jatorri eta sinesmenetan jarri zuen arreta. Honi esker, bakoitzari modu erakargarrian hitz egin ahal izan zion. Bera bezala, moldakorrak bagara eta pertsona bakoitza laguntzeko modu onena zein den pentsatzen badugu, guk ere predikazioan hobetuko dugu.

ERRESPETATU BESTEEN IKUSPUNTUA

Arrazoitsuak bagara, besteen ikuspuntua errespetatuko dugu (Ikusi 13. paragrafoa)

13. ⁠1 Korintoarrei 8:9​an aipatzen den zer arrisku baztertu dezakegu besteen ikuspuntua errespetatzen badugu?

13 Arrazoitsua izateak besteen ikuspuntuak errespetatzen lagunduko digu. Adibidez, arreba batzuei makillatzea gustatzen zaie; beste batzuei, aldiz, ez. Kristau batzuek alkohola neurriz edateaz gozatzen dute; beste batzuek, berriz, ezer ez edatea erabakitzen dute. Kristau guztiok nahi dugu osasuntsu egon, baina denok ez dugu osasuna zaintzeko modu berbera aukeratzen. Beti arrazoi dugula pentsatzen badugu eta anai-arrebak gauzak gure erara egiteko konbentzitzen saiatzen bagara, banaketak sortu eta besteak estropezu egitea eragin dezakegu. Noski, ez dugu inolaz ere hori egin nahi! (Irakurri 1 Korintoarrei 8:9; 10:23, 24). Biblia printzipioak praktikan jartzeak oreka eta bakea mantentzen lagundu gaitzake. Azter dezagun hau erakusten duten bi adibide.

Arrazoitsuak bagara, besteen ikuspuntua errespetatuko dugu (Ikusi 14. paragrafoa)

14. Zer Biblia printzipio hartu behar ditugu kontuan gure janzteko eta apaintzeko era erabakitzerakoan?

14 Janzteko eta apaintzeko era. Gure janzkeraren inguruan arau zorrotzak jarri ordez, Jehobak printzipioak eman dizkigu. Jainkoa ohoratzen duen moduan jantzi behar dugu, arrazoitsua izanez, eta modestia eta «zentzu ona» erakutsiz (1 Tm 2:9, 10NWT; 1 P 3:3). Beraz, ez dugu gure janzkeragatik arreta geureganatu nahi. Bestalde, Biblia printzipioek janzkera eta orrazkeraren inguruan arau pertsonalik ez jartzen lagunduko diete adindunei. Adibidez, kongregazio bateko adindunek modan zegoen orrazkera zeramaten gazte batzuk lagundu nahi zituzten. Gazte hauek ilea motza zeramaten, baina orraztu gabe. Nola lagundu ahal izan zieten adindunek araurik jarri gabe? Eskualde arduradunak, anaia gazte hauei hausnartzen laguntzeko, honakoa esatea proposatu zien adindunei: «Aurkezpen bat egiten ari zarenean entzuleek zure itxuran jartzen badute arreta, eta ez esaten ari zaren horretan, arazo bat dago zure janzteko eta apaintzeko eran». Azalpen sinple honi esker, adindunek arau zehatzik jarri gabe, anaia gazte hauek egin behar zutena ulertu zuten. e

Arrazoitsuak bagara, besteen ikuspuntua errespetatuko dugu (Ikusi 15. paragrafoa)

15. Zer Biblia arau eta printzipiok laguntzen digute osasun erabakiak hartzerako orduan? (Erromatarrei 14:5NWT)

15 Osasun erabakiak. Kristau bakoitzak erabaki behar du nola zaindu bere osasuna (Ga 6:5). Tratamendu mediko bat aukeratzerakoan, kristauok odola eta espiritismoa baztertzeko Biblia arauak obeditu behar ditugu (Eg 15:20; Ga 5:19, 20). Baina, gainerakoan, kristau bakoitzak erabaki beharko du zer tratamendu mota onartu. Batzuek medikuntza konbentzionalera soilik jotzen dute; beste batzuek, aldiz, medikuntza alternatiboa nahiago dute. Tratamendu bati buruz zein konbentzituta gauden axola gabe, anai-arrebek euren osasun erabakiak hartzeko duten eskubidea errespetatu behar dugu. Beraz, hurrengo lau ideia hauek gogoratu beharko genituzke: 1) Jainkoaren Erreinuak bakarrik lortuko du gu guztiz eta betirako osasuntsu egotea (Is 33:24NWT). 2) Gutako bakoitzak «erabat konbentzituta» egon behar du berarentzat hoberena zer den erabakitzerakoan (Irakurri Erromatarrei 14:5NWT f). 3) Ez ditugu besteak epaitzen, ezta estropezu egitea eragiten ere (Erm 14:13). 4) Kristauok, maitasuna erakusteaz gain, kongregazioaren batasuna erabaki pertsonalak hartzeko dugun askatasunaren aurretik jartzen dugu (Erm 14:15, 19, 20). Ideia hauek kontuan hartzen baditugu, anai-arrebekin harreman estua mantendu eta kongregazioan bakea bultzatuko dugu.

Arrazoitsuak bagara, besteen ikuspuntua errespetatuko dugu (Ikusi 16. paragrafoa)

16. Nola erakutsi dezake adindu batek beste adindunekin arrazoitsua dela? (Ikusi irudia ere)

16 Adindunak arrazoitsuak izan behar dira, eta honetan eredu ona jarri behar dute (1 Tm 3:2, 3NWT). Adibidez, adindun batek ez luke espero beharko bere iritziak beti onartuak izatea beste adindunek baino urte gehiago izateagatik. Berak badaki Jehobaren espirituak adindun taldeko edozein erabili dezakeela erabaki zuhur bat hartzeko. Eta Biblia printzipiorik hausten ez den bitartean, arrazoitsua den adindunak adindun taldeko gehiengoak hartutako erabakiaren alde egingo du gogo onez, nahiz eta berak beste iritzi bat izan.

ARRAZOITSU IZATEAREN ABANTAILAK

17. Zer bedeinkapenez gozatzen dute arrazoitsuak direnek?

17 Arrazoitsuak garenean bedeinkapen asko lortu ditzakegu. Anai-arrebekin harreman hobeak izateaz gain, kongregazioan bakeaz gozatu dezakegu. Jehobaren herrian dauden izaera eta kultura desberdinez disfrutatuko dugu. Zoragarria da, guztiok ezberdinak izan arren, Jehoba familia elkartu bat bezala adoratzen dugula jakitea. Eta, gainera, asko pozten gaitu arrazoitsua den Jainkoa, Jehoba, pozten dugula jakiteak; hau da garrantzitsuena.

sjj 90. KANTA Bata besteari adore eman

a Jehoba eta Jesus arrazoitsuak dira, eta guk ezaugarri hori lantzea nahi dute. Arrazoitsuak bagara errazagoa egingo zaigu egoera aldaketetara egokitzea, esaterako, aldaketak gure osasunean edo gure ekonomian gertatzen direnean. Gainera, kongregazioan bakea eta batasuna mantentzen lagunduko dugu.

b Filipoarrei 4:5NWT: «Guztiek jakin dezatela arrazoitsuak zaretela. Hurbil da Jauna».

c Ikusi «Cómo adaptarse a los cambios» («Comment faire face aux changements») artikulua ¡Despertad! (Réveillez-vous !) aldizkariaren 2016​ko 4. alean.

d Ikusi Jehobak pertsekuzioa testigantza bihurtzen du artikuluan agertzen den Dmitriy Mikhaylov anaiari elkarrizketa bideoa (Kristauon zerbitzu eta bizimodua lan koadernoa, 2021 martxoa-apirila).

e Janzteko eta apaintzeko erari buruz informazio gehiago nahi baduzu, ikusi Gozatu bizitzaz betirako! liburuko 52 ikasgaia.

f Erromatarrei 14:5NWT: «Gizon batek egun bat besteak baino inportanteagoa dela uste du; beste batek, aldiz, egun guztiak berdinak direla. Norberak erabat konbentzituta egon behar du bere barnean».