Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

BIOGRAFIA

Interes pertsonala erakusteak bedeinkapen iraunkorrak dakartza

Interes pertsonala erakusteak bedeinkapen iraunkorrak dakartza

Nire ama eta arrebarekin, Pat-ekin, 1948an

«Eliza anglikanoak ez du egia irakasten. Jarraitu honen bila». Nire amonak, anglikanoa zenak, hau esan ondoren, ama egiazko erlijioa bilatzen hasi zen. Hala ere, ez zuen Jehobaren lekukoekin hitz egin nahi eta Toronton (Kanada) zegoen gure etxera etortzen ziren bakoitzean, ezkutatzeko esaten zidan. Baina, 1950​ean, amaren ahizpa gaztea Lekukoekin Biblia aztertzen hasi zenean, ama elkartu zitzaien. Izebaren etxean aztertzen zuten Biblia, eta denborarekin bataiatu egin ziren.

Aita Kanadako Eliza Elkartuaren adinduna zen. Beraz, elizan igande goizetan haurrentzat zeuden klaseetara bidaltzen gintuen astero arreba eta bioi, eta ondoren berarekin 11​etako mezara joaten ginen. Arratsaldetan, aldiz, amarekin Jehobaren lekukoen bileretara joaten ginen. Argi eta garbi ikusi genezakeen bi erlijioen arteko aldea.

Hutchesondarrekin 1958​an New Yorken ospatutako nazioarteko biltzarrean

Amak bere sinesmen berriei buruz aspaldiko lagunak ziren Bob Hutcheson eta bere emazte Marioni hitz egin zien, eta hauek ere egia onartu zuten. Hutchesondarrek hiru seme izan arren, 1958​an New Yorkeko hirian ospatu zen nazioarteko biltzarrera beraiekin batera eraman ninduten. Atzera begiratzen dudanean, ni beraiekin joatea izugarrizko esfortzua izango zela konturatzen naiz. Baina, biltzar hura nire oroitzapen onenen artean dago.

ERAKUTSI ZIDATEN INTERES PERTSONALAK NIRE ETORKIZUNEAN ERAGINA IZAN ZUEN

Nerabezaroan, baserri batean bizi izan nintzen, eta bertan animaliak zaintzeaz gozatu nuen. Horregatik, albaitari izatea pentsatu nuen serioski. Amak kongregazioko adindun bati nire asmoak aipatu zizkion. Berak, maitasunez, «azken egunetan» bizi garela gogorarazi zidan. Gainera, hainbat urtez unibertsitatera joateak Jehobarekin nuen harremanean izango zuen eraginean hausnartzen lagundu ninduen (2 Tm 3:1). Ondorioz, unibertsitatera ez joatea erabaki nuen.

Institutua amaitu ondoren, nire bizitzarekin zer egingo ote nuen pentsatzen jarraitzen nuen. Egia da astebururo predikatzera joaten nintzela, baina ez nuen predikazioaz disfrutatzen, eta gainera ez nuen neure burua aitzindari bezala ikusten. Aldi berean, aitak eta osabak, Lekukoak ez zirenez, Torontoko aseguru konpainia garrantzitsu batean denbora osoz lan egitera animatzen ninduten. Osabak enpresan postu inportante bat zuenez, lana onartu nuen.

Denbora asko pasatzen nuen lanean, eta Lekukoak ez zirenekin ibiltzen nintzen. Beraz, zaila egiten zitzaidan erregularki bileretara joatea eta predikatzea. Hasiera batean, Lekukoa ez zen nire aitonarekin bizi nintzen. Baina bera hil ondoren, bizitzeko beste toki baten beharrean nengoen.

Hutchesontarrak, 1958​ko biltzarrera eraman nindutenak, nire guraso bezala ikusten nituen. Beraien etxean bizitzera gonbidatu ninduten eta espiritualki hazten lagundu zidaten. 1960​an, bere seme Johnekin batera bataiatu nintzen. Johnek aitzindaritza hasi zuen, eta honek predikazioan gehiago egitera animatu ninduen. Kongregazioko anaiek espiritualki aurrera egiten ari nintzela ikusi zuten eta, denborarekin, gaur egun Kristauon zerbitzu eta bizimodua bileraren arduradunaren lana egiteko izendatua izan nintzen.

LAGUN PAREGABEA ETA AITZINDARITZA

Gure ezkontza egunean 1966​an

1966​an, Randi Bergerekin ezkondu nintzen. Bera behar handiagoa zegoen toki batean zerbitzatzeko irrikan zegoen aitzindari sutsu bat zen. Adindun ibiltariak gugan interesa erakutsi zuen eta Orilliako (Ontario) kongregaziora laguntzera joatera animatu gintuen. Beraz, gure gauza guztiak jaso eta hara joan ginen.

Orilliara heldu bezain pronto, aitzindaritza hasi nuen. Izan ere, Randiren gogo biziak nigan dagoeneko oso eragin baikorra izan zuen. Aitzindari ona izateko gogor lan egiten hasi ondoren, Biblia erabiltzeak eta pertsonak hau ulertzen laguntzeak sortzen duen poztasuna sentitzen hasi nintzen. Bertan nengoela, bikote bati beraien bizimodua aldatzen eta Jehobaren zerbitzariak izatera iristen laguntzeko aukera izan nuen. Zelako bedeinkapena!

HIZKUNTZA BERRI BAT, PENTSATZEKO ERA BERRI BAT

Torontora bisitan joan nintzen batean, Arnold MacNamara ezagutu nuen. Bera Betelen aurrea eramaten zuen anaietariko bat zen. Aitzindari bereziak izan nahi ote genuen galdetu zigun. Segituan erantzun nion: «Noski baietz! Edozein tokitan gainera, Quebec ez den bitartean!». Garai hartan, ingelesa hitz egiten zen Kanadako eremuetako pertsonek frantsesa hitz egiten zuten Quebec-eko pertsonen inguruan iritzi negatiboa zuten. Izan ere, Kanadatik independizatu nahi zuen sentimendu politiko bat zegoen Quebec-en. Honek guztiak nigan eragina zuela onartu behar dut.

Arnold-ek erantzun zidan: «Quebec da momentu honetan sukurtsalak aitzindari bereziak bidaltzen dituen toki bakarra». Joango ginela erabaki genuen segituan. Banekien dagoeneko Randik bertan zerbitzatu nahi zuela. Denborarekin, hartu nuen erabaki hau nire bizitzako onenetarikoa izan zela konturatu nintzen!

Bost astez frantseseko klaseak izan ondoren, Randi eta biok, beste bikote batekin batera, Rimouski-ra joan ginen, Montrealen ipar ekialdean 540 kilometrotara. Bilera batean iragarki batzuk irakurri nituenean, argi geratu zen oraindik asko genuela ikasteko. Hurrengo lurralde biltzarrean «Austriako ordezkariak» izango genituela esan beharrean, «ostruka ordezkariak» izango genituela esan nuen.

«Etxe Zuria» Rimouski-n

Rimouski-n, gu laurok, beste lau arreba ezkongaberekin eta Huberdeaustarrekin eta hauen bi alabekin batera bizi ginen. Huberdeaustarrek etxe handi bat alokatu zuten eta bertan ginen aitzindari guztien artean ordaintzen genuen. «Etxe Zuria» deitzen genion fatxada eta zutabeak zuriak zituelako. Normalean, 12 eta 14 pertsona inguru bizi ginen bertan. Aitzindari bereziak ginenez, Randi eta biok goizez, arratsaldez eta gauez predikatzen genuen. Beti zegoen gurekin predikatzeko prest zegoen norbait, baita negu gorriko gauetan ere. Hau asko eskertzen genuen.

Oso harreman estua genuen aitzindari leial hauekin. Guretzat familia ziren. Batzuetan, suaren inguruan elkartzen ginen, edo osagai ezberdinak zituzten enpanadak egiten genituen guztion artean. Honi «pierogi eguna» deitzen genion. Anaietako bat musikaria zenez, larunbat gau askotan abestu eta dantza egiten genuen.

Rimouski-ko eremuan oso emaitza onak izan genituen! Bost urtetan zehar, gure Biblia ikastaro batzuk aurrera egin eta bataiatu ziren, eta kongregazioa 35 berriemaile inguru izatera heldu zen. Honek guztiak asko poztu gintuen.

Quebec-en prestaketa bikaina jaso genuen berriemaile bezala. Jehobak predikazioan eta materialki nola lagundu zigun ikusi genuen. Horretaz gain, frantsesa hitz egiten zuten pertsonak maitatzera heldu ginen, baita beraien hizkuntza eta kultura ere. Honek beste kulturak ere maitatzen lagundu zigun (2 Ko 6:13).

Espero gabe, sukurtsalak Tracadie-ko herrira joateko eskatu zigun, New Brunswick-eko ekialdeko kostaldean. Hau erronka bat izan zen guretzat. Alde batetik, duela gutxi apartamentu bateko alokairu kontratua sinatu genuen. Bestetik, eskola batean irakasle bezala lan egiten nuen denbora erdiz. Gainera, gure Biblia ikasleetako batzuk berriemaile izatera iritsi ziren. Eta bilera areto bat eraikitzen ari ginen.

Eginkizun berri onen inguruan asteburu osoan zehar otoitz egin ondoren, Tracadie-ra bisitan joan ginen, eta Rimouski-ren parean oso ezberdina zela ikusi genuen. Baina Jehobak gu hara joatea nahi zuenez, hara joatea erabaki genuen. Jehoba probapean jarri eta oztopo guztiak banan-banan nola kentzen zituen ikusi genuen (Ml 3:10). Randi oso emakume espirituala, sakrifikatua eta umore onekoa zenez, tokiz aldatzea erraza izan zen.

Robert Ross zen gure kongregazio berriko adindun bakarra. Bera eta bere emaztea, Linda, aitzindariak izan ziren bertan, eta euren lehen haurra jaio ondoren, han geratzea erabaki zuten. Haurtxoa zaindu behar zuten arren, beraien ongietorri beroak, determinazioak eta predikazioan erakusten zuten gogo biziak asko animatu gintuen.

BEHARRA DAGOEN TOKIETAN ZERBITZATZEAREN BEDEINKAPENAK

Gure lehen negua eskualde arduradun bezala

Tracadie-n bi urtez aitzindari izan ondoren, berriz ere espero gabeko eginkizun bat jaso genuen: Ibiltari lanean zerbitzatzeko gonbidapena. Zazpi urtez ingeleseko eskualdeetan zerbitzatu genuen eta, ondoren, Quebec-eko frantseseko eskualde batera joan ginen. Bertako lurralde arduradunak, Léonce Crépeault-ek, nire hitzaldiengatik zoriontzen ninduen. Baina, ondoren, beti galdetzen zidan: «Zer egin dezakezu zure hitzaldiak praktikoagoak izateko?». a Bere interes pertsonalak nire irakaskuntza zehatzagoa eta ulertzeko errazagoa izaten lagundu zidan.

Inoiz ahaztuko ez dudan eginkizun bat 1978​ko Montrealgo nazioarteko biltzarrean jaso nuena da. Janaria prestatzeaz arduratzen zen departamentuan lan egin nuen. 80.000 lagun espero genituen eta janaria prestatzeko sistema berri bat antolatu zen. Menua, kozinatzeko tresnak eta janaria prestatzeko modua guztiz berriak ziren. 20 bat hozkailu handi genituen, baina batzuetan gaizki funtzionatzen zuten. Lehen egunaren aurretik, ezin izan genuen estadiora gauerdira arte sartu dena prestatzeko, lehenago kirol ekitaldi bat egon zelako. Eta labeak egunsentia aurretik piztu behar genituen gosaria prestatu ahal izateko. Nekatuta geunden, baina asko ikasi nuen beste boluntarioen lan gogorretik, heldutasunetik eta umore onetik. Oraindik ere lagun onak izaten jarraitzen dugu. Izugarri gozatu genuen Quebec-en izandako biltzar historiko honetaz; batez ere, bertan 40 eta 50​eko hamarkadetan pertsekuzio gogorra egon zela jakinda.

Randirekin biltzarra prestatzen laguntzen Montrealen 1985​ean

Asko ikasi nuen Montrealen izandako lurralde biltzarretako arduradunez. Urte batean, David Splane, orain Zuzendari Batzordeko kide dena, biltzarraren arduraduna izan zen. Beranduago, beste biltzar batean, niri eman zidaten eginkizun hau, eta Davidek izugarri lagundu zidan.

2011​an, Randi eta biok 36 urtez ibiltari lanaz gozatu ondoren, Kongregazioko Adindunen Eskolako irakasle izatera gonbidatu ninduten. Bi urtetan 75 ohe ezberdinetan egin genuen lo, baina ahalegin guztiek merezi izan zuten. Aste bakoitzaren amaieran, adindunak oso eskertuta sentitzen ziren, Zuzendari Batzordea euren espiritualtasunaz arduratzen zela ikusten zutelako.

Beranduago, Erreinuaren Berriemaileen Eskolaren irakasle izan nintzen. Ikasleak, askotan, larrituta sentitzen ziren ordutegi estuagatik. Izan ere, egunero, zazpi bat orduz egon behar zuten klasean eta, ondoren, hiru orduz ikasi. Gainera, astero, lau edo bost parte hartze prestatu behar zituzten. Beste irakasleak eta biok hau guztia Jehobaren laguntzarekin bakarrik lortuko zutela gogorarazten genien. Ikasleak txundituta geratzen ziren, Jehobarengan konfiantza jartzen zutenean, uste zutena baino gehiago lortu zezaketela ikusteaz. Beti izango dut hau gogoan.

INTERES PERTSONALA ERAKUSTEAK BEDEINKAPEN IRAUNKORRAK DAKARTZA

Nire amak besteei erakusten zien interes pertsonalak bere Biblia ikasleei aurrera egiten lagundu zien. Gainera, aitak egiarenganako zuen jarrera leundu zen. Ama hil eta hiru egunera, zur eta lur geratu ginen aita bilera aretora hitzaldi publikoa entzutera joan zela jakiteaz. Hurrengo 26 urteetan bileretara joaten jarraitu zuen. Nahiz eta aita ez zen inoiz bataiatu, astero bileretara heltzen zen lehen pertsona bera zela esan zidaten adindunek.

Amak eredu bikaina jarri zigun nire arrebei eta niri. Nire hiru arrebek eta euren senarrek Jehoba leialki zerbitzatzen dute. Arrebetako batek Portugaleko sukurtsalean zerbitzatzen du, eta beste batek Haitikoan.

Randi eta biok aitzindari berezi bezala zerbitzatzen dugu orain Hamiltonen, Ontarion. Ibiltari lanean izan ginenean, asko gozatu genuen beste anai-arreben bisita eta Biblia ikastaroez. Baina, orain oso pozik gaude gure Biblia ikasleak direlako aurrerapausoak ematen dituztenak. Lagun berriak ditugu kongregazioan eta asko animatzen gaitu Jehobak anai-arreba hauek garai on eta txarretan nola lagundu dituen ikusteak.

Atzera begira, bihotzez estimatzen dugu askotan erakutsi diguten interes pertsonala. Trukean, besteekiko «maitasuna» erakusten saiatu gara, ahal zuten onena ematera animatuz (2 Ko 7:6, 7). Familia batean, esaterako, emaztea, semea eta alaba denbora osoko zerbitzuan zeuden. Senarrari aitzindaritzan inoiz pentsatu ote zuen galdetu nion. Berak dagoeneko etxeko hiru aitzindariei laguntzen ari zela esan zuen, beraz galdetu nion: «Jehobak baino hobeto lagundu ditzakezula uste al duzu?». Bere familiakideek gozatzen zutenaz berak ere gozatzera animatu nuen. Sei hilabetera, aitzindaritza hasi zuen.

Randi eta biok hurrengo belaunaldiei Jehobaren ekintza miragarriei buruz hitz egiten jarraituko dugu. Besteek Jehobaren zerbitzuaz guk bezainbeste gozatzea espero dugu (Sal 71:17, 18).

a Léonce Crépeault-en biografia aldizkari honen 2020​ko otsaileko alean agertzen da, 26-30 orrialdeetan.