Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

30. IKASKETARAKO ARTIKULUA

Jarraitu zure maitasuna hazten

Jarraitu zure maitasuna hazten

«Maitasunean benetakoak izanez, hazi gaitezen gauza guztietan» (EF 4:15).

sjj 2. KANTA Jehoba da zure izena

ZER AZTERTUKO DUGU? a

1. Zer ezagutu zenuen Biblia ikasten hasi zinenean?

 GOGORATZEN al duzu Biblia ikasten hasi zinen momentua? Jainkoak izen bat duela jakiteak harritu egin zintuen agian. Beharbada aske sentitu zinen Jainkoak ez duela jendea suzko infernu batean torturatzen jakitean. Eta, seguruenik, bihotzean zirrara sentitu zenuen maite dituzun hildakoak berriro ikusiko dituzula jakitean, baita beraiekin batera lurreko paradisuaz gozatzeko aukera izango duzula ikasi zenuenean ere.

2.  Bibliako egiak ikasteaz gain, zer beste aurrerapen egin zenituen? (Efesoarrei 5:1, 2)

2 Jainkoaren Hitza aztertzen joan zinen heinean, Jehobari zenion maitasuna hazten joan zen. Maitasun horrek ikasitakoa praktikan jartzera bultzatu zintuen. Alde batetik, Biblia printzipioetan oinarritutako erabaki hobeak hartu zenituen. Bestetik, Jehoba poztu nahi zenuenez, zure jokaera eta jarrera hobetu zenituen. Haur batek guraso maitekor bat imitatzen duen bezala, zu ere zure zeruko Aita imitatzen hasi zinen (Irakurri Efesoarrei 5:1, 2).

3. Zer galdetu ahal diogu geure buruari?

3 Honakoa galdetu ahal diogu geure buruari: «Bataiatu nintzenetik, handitu al da Jehobari diodan maitasuna? Gehiago hurbildu al naiz Jehobaren pentsatzeko eta jokatzeko modura, bereziki anai-arrebei maitasuna erakusterako orduan?». Zure «hasierako maitasuna» nolabait hoztu bada, ez zaitez desanimatu. Lehen mendeko kristauei ere antzeko zerbait gertatu zitzaien. Baina, Jesusek ez zituen baztertu, eta gu ere ez gaitu baztertzen (Ap 2:4, 7). Berak badaki egia ikastean sentitu genuen maitasuna berriro ere piztu dezakegula.

4. Zer aztertuko dugu artikulu honetan?

4 Jehobari eta besteei diegun maitasuna hazten jarraitzeko zer egin behar dugun aztertuko dugu artikulu honetan. Ondoren, gure maitasuna sendotzean jasotzen ditugun bedeinkapen batzuk ikusiko ditugu.

HANDITU JEHOBARI DIOZUN MAITASUNA

5, 6. a) Zer zailtasun izan zituen Paulok predikazioan? b) Zerk lagundu zion Jehoba zerbitzatzen jarraitzen?

5 Paulo apostoluak pozik zerbitzatu zuen Jehoba, baina ez zen beti erraza izan. Askotan bidaia luzeak egiten zituen, eta garai hartan bidaiatzea oso gogorra zen. «Arriskuak ibaietan» eta «arriskuak bide-lapurren aldetik» izan zituen bere bidaietan. Honetaz gain, aurkariek behin baino gehiagotan jipoitu zuten (2 Ko 11:23-27). Eta, hau guztia gutxi balitz, anai-arreba batzuek ez zioten esker ona erakutsi beraien alde egindako ahalegin zintzoengatik (2 Ko 10:10; Flp 4:15).

6 Zerk lagundu zion Paulori Jehoba zerbitzatzen jarraitzen? Bibliari eta bere bizipen propioei esker, asko ikasi zuen Jehobaren izaerari buruz. Ondorioz, bene-benetan sinetsi zuen Jehobak maite zuela (Erm 8:38, 39; Ef 2:4, 5). Ez hori bakarrik, Jehoba bete-betean maitatzera iritsi zen. «Lehen nahiz orain fededunak zerbitzatuz» erakutsi zuen hau (Heb 6:10).

7. Zein da Jehobari diogun maitasuna hazteko modu bat?

7 Biblia arretaz aztertzen badugu, Jehobari diogun maitasuna hazi egingo da. Biblia irakurtzen duzun heinean, saiatu pasarte bakoitzak Jehobari buruz erakusten dizuna ikusten. Galdetu zeure buruari: «Nola erakusten du pasarte honek Jehobak maite nauela? Zer arrazoi ematen dizkit Jehoba maitatzeko?».

8.  Nola lagundu gaitzake otoitzak Jainkoari diogun maitasuna hazten?

8 Jehobari diogun maitasuna hazteko beste modu bat berari egunero otoitz egitea da (Sal 25:4, 5). Hau egitean, Jehobak gure otoitzak erantzungo ditu (1 Jn 3:21, 22). Asiako Khanh izeneko arreba batek dio: «Hasieran, Jehoba, berari buruz ikasitakoagatik maite nuen. Baina, nire otoitzak erantzuten zituela ikustean, Bera oraindik gehiago maitatzen hasi nintzen. Honek Jehoba poztuko zituen gauzak egiteko desioa piztu zidan». b

HANDITU BESTEEI DIEZUN MAITASUNA

9. Pauloren hitzen arabera, nola erakutsi zuen Timoteok anai-arrebei zien maitasuna sendotu zuela?

9 Kristau egin eta urte batzuetara, Paulok Timoteo ezagutu zuen. Gazte bikain honek Jehoba eta pertsonak maite zituen. Urte batzuk beranduago, hauxe esan zien Paulok filipoarrei: «Ez dut, izan ere, [Timoteo bezalako] beste adiskide minik, ni neu bezala zuen gauzez benetan arduratzen denik» (Flp 2:20). Paulok ez zuen aipatu Timoteo antolatzaile edo hizlari trebea zenik. Orduan, zerk ukitu zuen Pauloren bihotza? Timoteok anai-arrebei zien maitasunak. Dudarik gabe, Timoteo egondako kongregazioetan irrikaz espero ziren bere bisitak (1 Ko 4:17).

10. Nola erakutsi zieten maitasuna anai-arrebei Anna eta bere senarrak?

10 Guk ere anai-arrebak laguntzeko moduak bilatu ditzakegu (Heb 13:16). Azter dezagun aurreko artikuluan aipatutako Annaren bizipena. Ekaitz bortitz baten ondoren, bera eta bere senarra Lekukoen familia baten etxera joan ziren bisitan. Etxeko teilatua bertan behera erori zitzaienez, familiak ez zuen arropa garbirik. Annak dio: «Beraien arropa hartu, garbitu eta plantxatuta itzuli genien. Guretzat ezer gutxi izan zen, baina honen ondoren, gaur egun ere lagun onak izaten jarraitzen dugu». Anai-arrebei zieten maitasunak laguntza praktikoa ematera bultzatu zituen Anna eta bere senarra (1 Jn 3:17, 18).

11. a) Nola sentitzen dira askotan besteak maitasuna erakusten diegunean? b) Esaera Zaharrak 19:17​aren arabera, zer egiten du Jehobak maitasuna erakusten dugunean?

11 Atseginak garenean eta besteei maitasuna erakusten diegunean, Jehoba imitatzen saiatzen ari garela ikusi dezakete besteek. Eta hau, agian, guk espero duguna baino gehiago estimatzen dute. Aurretik aipatutako Khanhek bera lagundu zutenen oroitzapen politak ditu. Berak dio: «Arreba maite batzuek beraiekin batera predikatzera eramaten ninduten. Baina ez hori bakarrik. Ni jasotzeaz gain, beraiekin zerbait jatera gonbidatzen ninduten eta etxera bueltako bidean laguntzen zidaten. Zenbat eskertzen dudan hau guztia! Beraientzat izugarrizko lana izan zela konturatzen naiz orain. Eta, gainera, maitasunez egin zuten». Noski, denek ez dute beraien alde egin duguna eskertuko. Hau dio Khanhek lagundu ziotenei buruz: «Asko gustatuko litzaidake nire alde egin duten gauza atsegin guztiak ordainetan eman ahal izatea, baina ez dakit orain non bizi diren. Hala ere, Jehobak badaki, eta otoitz egiten dut Berak, nire partetik, ordainetan eman diezaien». Hala da, Jehobak besteen alde egiten ditugun gauza atsegin guztiak ikusten ditu, baita txikienak ere. Berak balio handiko eskaintza bat bezala ikusten ditu, itzuliko dizkigun zorrak bezala (Irakurri Esaera Zaharrak 19:17).

Norbaitek espiritualki aurrera egiten duenean, besteei laguntzeko moduak bilatzen ditu (Ikusi 12. paragrafoa)

12. Nola erakutsi ahal diote anaiek maitasuna kongregazioari? (Ikusi irudiak ere)

12 Anaia bazara, zer egin dezakezu besteei laguntzeko eta maitasuna erakusteko? Jordan izeneko anaia gazte batek kongregazioan gehiago laguntzeko zer egin zezakeen galdetu zion adindun bati. Adindunak dagoeneko egindako aurrerapausoengatik zoriondu zuen eta gehiago egiteko aholku batzuk eman zizkion. Adibidez, bilera aretora lehenago iristea eta besteak agurtzea, bileretan komentatzea, predikatzeko taldearekin predikatzeko ohitura izatea eta besteak laguntzeko modu praktikoak bilatzea. Jordanek aholku hauek praktikan jarri zituen eta, hauek nola egin ikasteaz gain, anai-arrebei zien maitasuna handitu zuen. Jordan honetaz konturatu zen: Anaia bat laguntzaile izendatzen dutenean, ez dela besteak laguntzen hasten; besteak laguntzen jarraitzen duela baizik (1 Tm 3:8-10, 13).

13. Nola lagundu zion maitasunak Christian izeneko anaia bati berriz ere adindun izaten?

13 Eta iraganean laguntzailea edo adinduna izan bazara? Jehobak zure lana eta hau egitera bultzatu zintuen maitasuna gogoratzen du (1 Ko 15:58). Gainera, erakusten jarraitzen duzun maitasuna ere ikusten du. Christian izeneko anaia bat dezepzionatu egin zen adindun izateari utzi zionean. Hala ere, honakoa dio: «Jehoba zerbitzatzeko, nire eskutan zegoen guztia egitea erabaki nuen, adindun nintzen ala ez axola gabe». Denborarekin, adindun izendatu zuten berriz ere. Berak honakoa onartzen du: «Berriro adinduna izateak pixka bat urduri jartzen ninduen. Baina, Jehobak ni berriro adindun izatea nahi bazuen, Berari eta anai-arrebei diedan maitasunagatik egingo nuen».

14. Zer ikasten dugu Georgiako arreba baten hitzetatik?

14 Jehobaren zerbitzariok gure maitasuna Lekukoak ez direnei ere erakusten diegu (Mt 22:37-39). Adibidez, Georgia herrialdean bizi den Elena izeneko arreba batek honakoa dio: «Hasieran, predikatzera bultzatzen ninduen gauza bakarra Jehobari nion maitasuna zen. Baina maitasun hau hazten zihoan heinean, beste pertsonei nien maitasuna ere hazten joan zen. Izango zituzten arazoak imajinatzen eta euren bihotza ukituko zituen gaietan pentsatzen saiatzen nintzen. Modu honetan pentsatzen nuenean, beraiei laguntzeko nuen desioa gero eta handiagoa zen» (Erm 10:13-15).

ZER BEDEINKAPEN JASOTZEN DITUGU BESTEEI MAITASUNA ERAKUSTEAN?

Maitasun ekintza bakar bati esker, askok bedeinkapenak jaso ditzakete (Ikusi 15 eta 16 paragrafoak)

15, 16. Irudian ikusten den bezala, zer bedeinkapen jasotzen ditugu anai-arrebei maitasuna erakusten diegunean?

15 Anai-arrebei maitasuna erakusten diegunean, beraiek ez dira probetxua ateratzen duten bakarrak. COVID-19 pandemia hasi zenean, Paolo izeneko anaia batek eta bere emazteak adineko arreba batzuei predikatzen lagundu zieten, beraien gailu elektronikoak erabiltzen irakatsiz. Hasiera batean arreba bati zaila egin zitzaion, baina azkenean lortu zuen, eta bere familia Oroitzapenera gonbidatu zuen. Guztira 60 konektatu ziren bideodeiez. Paolo eta bere emaztearen esfortzuei esker, arreba honek eta bere familiak probetxua atera ahal izan zuten. Beranduago, honakoa idatzi zion arrebak Paolori: «Eskerrik asko adinekoei irakasteagatik. Jehoba gutaz arduratzen da, eta zuek lan gogorra egin duzue gu laguntzeko. Ez dut sekula ahaztuko».

16 Zer ikasi zuen Paolok hau bezalako bizipenetik? Maitasuna dela garrantzitsuena, eta ez izan ditzakegun ezagutzak edo abileziak. Berak hau dio: «Lehen eskualde arduradun bezala zerbitzatzen nuen. Anai-arrebek agian nire hitzaldiak ahaztu dituzten arren, beraiei emandako laguntza oraindik gogoan dutela konturatu naiz».

17. Nor gehiagok aterako du probetxua guk maitasuna erakusten dugunean?

17 Besteei maitasuna erakusten diegunean, guk geuk ere espero gabeko modutan aterako dugu probetxua. Zeelanda Berrian bizi den Jonathan izeneko anaia batek hala dela uste du. Behin, sargori zen larunbat arratsalde batean, aitzindari bat bera bakarrik predikatzen ikusi zuen. Jonathanek hurrengo larunbatean berarekin predikatzea erabaki zuen. Une horretan ez zen konturatu zenbateko probetxua aterako zion maitasunez beteriko ekintza hari. «Garai hartan», dio Jonathanek, «ez zitzaidan predikatzea gustatzen. Baina, aitzindari honen irakasteko modua entzuteak eta predikazioan zituen emaitzak ikusteak lan honetaz gozatzeko desioa piztu zidan. Gainera lagun onak izatera iritsi ginen eta espiritualki hazten, predikazioaz gozatzen eta Jehobarengana gehiago gerturatzen lagundu zidan».

18. Zer nahi du Jehobak guk egitea?

18 Jehobak berari eta besteei diegun maitasuna haztea nahi du. Ikasi dugun bezala, Jehobari diogun maitasuna sendotzeko, honakoa egin dezakegu: Biblia irakurri, honetan hausnartu eta erregularki otoitz egin. Bestalde, anai-arrebei laguntza praktikoa ematen badiegu, beraiek gehiago maitatzea lortuko dugu. Gure maitasuna hazten doan heinean, Jehobarengana eta anai-arrebengana are gehiago gerturatuko gara, eta beraien adiskidetasunaz betirako gozatuko dugu!

sjj 109. KANTA Bihotz-bihotzez maitatu

a Egian berriak garen edo Jehoba urte askoz zerbitzatu dugun axola gabe, guztiok jarraitu dezakegu espiritualki aurrera egiten. Artikulu honetan hau lortzeko modu garrantzitsu bat ikusiko dugu: Jehobari eta besteei diegun maitasuna hazten jarraitzea. Honetan hausnartu ahala, pentsatu zer aurrerapen egin dituzun dagoeneko eta zer egin dezakezun aurrera egiten jarraitzeko.

b Izen batzuk aldatuak izan dira.