31. IKASKETARAKO ARTIKULUA
«Mantendu sendo, mugiezin»
«Beraz, anaia maiteok, mantendu sendo, mugiezin» (1 KO 15:58, NWT).
sn 32. KANTA Iraun sendo!
ZER AZTERTUKO DUGU? a
1, 2. Zer zentzutan da kristau bat etxe orratz bat bezalakoa? (1 Korintoarrei 15:58, NWT)
TOKION 60 pisuko etxe orratz bat eraiki zuten 1978an. Eraikina maiz gertatzen ziren lurrikarak jasateko gai izango ote zen galdetzen zuen jendeak. Zer egin zuten ingeniariek eraikin honek lurrikarak jasan ahal izateko? Sendo eta, aldi berean, malgua izateko diseinatu zuten. Hor zegoen koxka! Kristauok etxe orratz hura bezalakoak gara. Zein zentzutan?
2 Kristau batek sendotasun eta malgutasunaren arteko oreka mantendu behar du. Sendo eta mugiezin eutsi behar die Jehobaren arauei eta hauek betetzeko determinazioa izan behar du (Irakurri 1 Korintoarrei 15:58, NWT b). Jehobaren arauak «obeditzeko prest» dago eta ez du kontzesiorik egiten. Bestalde, «arrazoitsua» edo malgua izan behar du aukera edo beharra dagoenean (St 3:17, NWT). Ikuspuntu orekatsu hau izaten ikasi duen kristaua ez da zorrotzegia, ezta permisiboegia izango ere. Artikulu honetan, mugiezinak nola izan gaitezkeen ikasiko dugu. Bestalde, Satanasek gure determinazioa ahuldu nahian erabiltzen dituen bost metodo ikusiko ditugu. Azkenik, bere saiakerei nola egin ahal diegun aurre aztertuko dugu.
NOLA MANTENDU GAITEZKE SENDO?
3. Legegile Gorenaren zer arau agertzen dira Eginak 15:28, 29an?
3 Jehobak, Legegile Gorenak, beti eman dizkio arau argiak bere herriari (Is 33:22-23 [33:22, NWT]). Adibidez, lehen mendeko zuzendari batzordeak kristauak sendo mantendu behar zirela aipatu zuen, hurrengo hiru arauak betez: 1) Idolatria baztertuz eta Jehoba bakarrik adoratuz, 2) odolaren santutasuna errespetatuz, eta 3) Bibliaren arau moralak obedituz (Irakurri Eginak 15:28, 29). Nola obeditu dezakete Jehoba gaur egungo kristauek hiru arlo hauetan?
4. Nola ematen diogu Jehobari erabateko debozioa? (Apokalipsia 4:11)
4 Idolatria baztertzen dugu Jehoba bakarrik adoratuz. Jehobak honako agindua eman zien israeldarrei: Berari erabateko debozioa ematea (Dt 5:6-10). Deabruaren tentazioen aurrean, Jesusek ere argi adierazi zuen Jehoba bakarrik adoratu behar dugula (Mt 4:8-10). Beraz, ez ditugu idolo erlijiosorik adoratzen, ezta gizakiak idolatratzen ere. Beste modu batera esanda: Ez ditugu jainko bezala tratatzen erlijioburu, politikari edo kirol eta entretenimendu munduan famatuak direnak. Gu Jehobaren, «gauza guztiak egin» dituenaren, alde jartzen gara, Bera bakarrik adoratuz (Irakurri Apokalipsia 4:11).
5. Zergatik obeditzen dugu bizia eta odolaren santutasunarekin lotutako Jehobaren legea?
5 Bizia eta odolaren santutasunarekin lotutako Jehobaren legea obeditzen dugu. Zergatik? Jehobarentzat odolak bizia, berak emandako opari baliotsua, irudikatzen duelako (Lb 17:14). Jehobak gizakiei animalien haragia lehen aldiz jatea baimendu zienean, odolik ez jateko agindu zien (Has 9:4). Israeldarrei Moisesen Legea ematean, arau hau errepikatu zien (Lb 17:10, NWT). Gainera, lehen mendeko zuzendari batzordea gidatu zuen odola baztertzearen araua kristau guztiei emateko (Eg 15:28, 29). Guk ere arau hau obeditzen dugu zer tratamendu mediko onartuko dugun erabakitzean. c
6. Zer ahalegin egiten ditugu Jehobaren arau moralen arabera bizitzeko?
6 Jehobaren arau moralei tinko eusten diegu (Heb 13:4). Hizkuntza figuratiboa erabiliz, Paulo apostoluak gure gorputz atalak hilaraztea aholkatzen digu. Hau da, gure esku dagoen guztia egin behar dugu gure baitan dauden desira txar guztiak ezabatzeko. Ondorioz, sexu moralgabekerira eraman gaitzakeen edozer gauza ikusteari edo egiteari uzten diogu (Kol 3:5; Jb 31:1). Tentazio baten aurrean, Jehobarekin dugun adiskidetasuna kaltetu dezakeen edozein pentsamendu edo ekintza segituan baztertzen dugu.
7. Zer egiteko determinazioa izan beharko genuke, eta zergatik?
7 Jehobak guk bihotzez obeditzea espero du (Erm 6:17). Bere legeak aldaezinak izan arren, gure onerako dira beti (Is 48:17, 18; 1 Ko 6:9, 10). Ahal dugun guztia egiten dugu Jehoba pozteko eta salmogilearen jarrera bera erakusteko: «Zure arauak betetzera makurtzen dut gogoa: nire sari dira betiko» (Sal 119:112). Hala ere, Satanas tinko mantentzeko dugun determinazioa ahultzen saiatuko da. Zer metodo erabiltzen ditu?
ZER ERABILTZEN DU SATANASEK GURE DETERMINAZIOA AHULTZEN SAIATZEKO?
8. Nola erabiltzen du Satanasek pertsekuzioa gure determinazioa ahultzeko asmoarekin?
8 Pertsekuzioa. Gure determinazioa ahultzen saiatzeko, Deabruak fisikoki erasotzen eta emozionalki presiopean jartzen gaitu. Jehobarekin dugun adiskidetasuna suntsitzeko asmoz, gu «irentsi» nahi gaitu (1 P 5:8). Lehen mendeko kristauak mehatxatu, jipoitu eta hil egin zituzten tinko mantentzeagatik (Eg 5:27, 28, 40; 7:54-60). Gaur egun ere, Satanasek pertsekuzioa erabiltzen jarraitzen du. Errusia eta beste herrialde batzuetan gure anai-arrebek jasotzen duten tratu krudelak, baita aurkarien eraso pertsonalek ere, hau egia dela erakusten dute.
9. Azaldu adibide batekin zergatik egon behar garen erne antzemateko errazak ez diren zeharkako presioekin.
9 Antzemateko errazak ez diren zeharkako presioak. Pertsekuzioaz gain, Satanasek azpijokoak erabiltzen ditu (Ef 6:11). Azter dezagun, adibidez, Bob izeneko anaiaren bizipena. Ebakuntza bat egin behar zioten eta medikuei ez zuela odol transfusiorik inolaz ere onartuko jakinarazi zien. Zirujauak bere erabakia errespetatuko zuela esan zion. Hala ere, ebakuntzaren aurreko gauean, Boben familia etxera itzuli ondoren, anestesistak Bobekin hitz egin zuen. Medikuek, ziurrenik, ez zutela odolik erabiliko esan zion, baina eskura izango zutela, beharra egongo balitz. Agian, familia aurrean ez bazegoen, Bobek iritziz aldatuko zuela pentsatu zuen anestesistak. Baina Bob sendo mantendu zen, ez zuela inondik inora odolik onartuko azpimarratuz.
10. Zergatik da giza arrazoiketa tranpa bat? (1 Korintoarrei 3:19, 20)
10 Giza arrazoiketa. Jehobaren arauak errespetatzen ez dituzten pertsonen antzera pentsatzen hasten bagara, gu ere Jehobaren arauak alde batera uzten hasi gaitezke (Irakurri 1 Korintoarrei 3:19, 20). Zergatik da «mundu honetako jakinduria» tranpa bat? Askotan, Jainkoa desobeditzera eramaten dituelako pertsonak. Pergamo eta Tiatirako kristau batzuek hiri hauetan ohikoak ziren ikuspuntu idolatra eta moralgabeak bereganatu zituzten. Jesusek aholku zuzena eman zien kongregazio hauei sexu moralgabekeria onartzen ari zirelako (Ap 2:14, 20, NWT). Guk ere, gaur egun, ikuspuntu oker hauek onartzeko presioari aurre egin behar diogu. Senideek eta ezagunek, gure emozioekin jolastuz, kontzesioak egitera animatu gaitzakete. Moralki garbi mantentzea garrantzitsua ez dela eta Bibliaren arau moralak zaharkituta daudela esan dezakete.
11. Sendo mantentzen garen bitartean, zer ez genuke egin beharko?
11 Batzuetan, Jehobak ematen digun gida guztiz argia ez dela pentsatu dezakegu. «Idatzirik dagoena baino harantzago» joateko tentazioa ere izan dezakegu (1 Ko 4:6). Jesusen garaiko erlijioburuak akats honetan erori ziren. Moisesen Legeari beraiek sortutako arau pertsonalak gehitu zizkioten. Eta, ondorioz, jendeari oso zaila egiten zitzaion obedientea izatea (Mt 23:4). Baina Jehobak gida argia ematen digu bere Hitza eta erakundearen bitartez. Horregatik, ez dugu bere gidari ezer gehitzeko beharrik (Es 3:5-7). Beraz, ez gara Bibliak dioena baino haratago joaten eta gai pertsonaletan ez diegu anai-arrebei araurik jartzen.
12. Nola baliatzen da Satanas «argudio hutsalez»?
12 Engainuak. Satanas «argudio hutsalez» eta «munduan agintzen duten indarretan oinarrituak» dauden arrazoiketez baliatzen da jendea engainatu eta banatzeko (Kol 2:8). Lehen mendean, hauen artean honakoak zeuden: giza arrazoiketetan oinarritutako filosofiak, Idazkietan oinarritzen ez ziren juduen irakaspenak eta kristauak Moisesen Legea obeditzera behartzen zituzten irakaspenak. Zergatik ziren hauek engainuak? Jendearen arreta benetako jakinduriaren Iturriarengandik, Jehobarengandik, aldentzen zutelako. Gaur egun, Satanasek komunikabideak eta sare sozialak erabiltzen ditu politikariek bultzatutako teoria konspiratiboak eta informazio faltsua zabaltzeko. COVID-19 pandemian zehar, honen adibide asko ikusi genituen. d Gure erakundearen gida entzun zuten Jehobaren lekukoek informazio faltsua entzun zutenek jasandako gehiegizko antsietatea aurreztu zuten (Mt 24:45).
13. Zergatik ibili behar dugu kontuz distrakzioekin?
13 Distrakzioak. «Garrantzitsuenak» diren gauzetan jarri behar dugu arreta (Flp 1:9, 10, NWT). Distraituta gaudenean, denbora eta indar asko alferrik galtzen dugu. Errutinaren parte diren gauzak ere, esaterako jatea, edatea, aisialdia eta lana, distrakzioak bihurtu daitezke gure bizitzako gauzarik garrantzitsuenak izaten uzten badiegu (Lk 21:34, 35). Gainera, egunero arazo sozial eta politikoei buruzko berri asko jasotzen ditugunez, kontuz ibili behar dugu eztabaida hauek gu ez distraitzeko. Bestela, gure barnean batzuen edo besteen alde egiten hasi gaitezke. Satanasek metodo hauek guztiak erabiltzen ditu ondo dagoena egiteko dugun determinazioa ahultzeko. Azter dezagun nola egin ahal diegun aurre bere saiakerei eta nola mantendu gaitezkeen sendo.
NOLA MANTENDU GAITEZKE SENDO?
14. Zer da Jehobaren alde sendo mantentzen lagunduko digun gauza bat?
14 Hausnartu zure eskaintza eta bataioan. Pauso hauek Jehobaren alde jarri nahi zenuelako eman zenituen. Gogoratu egia aurkitu zenuen momentua eta honetaz konbentzitu zintuena. Jehoba ezagutzera iritsi eta zure zeruko Aita bezala errespetatzen eta maitatzen hasi zinen. Zure fedeak damutzera eraman zintuen. Jehobak gorroto duena egiteari utzi zenion eta bere nahiaren arabera bizitzen hasi zinen. Jainkoak barkatu zintuela jakin zenuenean, bakea sentitu zenuen (Sal 32:1, 2). Bileretara joaten eta besteei ikasitako gauza zoragarriak kontatzen hasi zinen. Zeure burua eskaini eta bataiatu zinenetik, bizirako bidetik zoaz, eta zure onena emango duzu bertan jarraitzeko (Mt 7:13, 14).
15. Zergatik da ona Biblia aztertzea eta honetan hausnartzea?
15 Aztertu Jainkoaren Hitza eta honetan hausnartu. Sustrai sakonak dituen zuhaitza sendo mantendu daiteke. Antzera, gu ere sendo mantendu gaitezke gure fedea Jainkoaren Hitzean oinarritzen bada. Zuhaitza hazi ahala, bere sustraiak sakonagoak dira eta gehiago zabaltzen dira. Guk ere Biblia aztertu eta honetan hausnartzen dugunean, fedea sendotzen dugu eta gero eta argiago ikusten dugu Jainkoaren arauak onenak direla (Kol 2:6, 7). Jehobaren gidak, aholkuak eta babesak bere iraganeko zerbitzariei lagundu zien moduan hausnartu. Adibidez, Ezekielek arreta handia jarri zuen izandako ikuskari batean. Bertan, aingeru batek kontu handiz hartu zituen ikuskariko tenpluaren neurriak. Ikuskari honek Ezekiel sendotu zuen. Baina, horretaz gain, Jehobak adorazio garbirako jarri dituen baldintzen alde guk nola egin dezakegun irakasten digu (Ez 40:1-4; 43:10-12). e Jainkoaren Hitzeko gauza sakonak aztertu eta hauetan hausnartzeko denbora hartzen dugunean, guk ere emaitza onak lortzen ditugu.
16. Nola babestu zuen Bob anaia bihotz sendoa izateak? (Sal 112:7, Ke)
16 Landu bihotz sendoa. Dabid erregeak Jehobari zion maitasuna inoiz galduko ez zuela abestu zuen: «Sendo dago nire bihotza, ene Jainko» (Sal 57:7, NWT). Guk ere bihotz sendo bat izan dezakegu Jehobarengan konfiantza osoa badugu (Irakurri 112. Salmoa 7, Ke f). Azter dezagun nola lagundu zion honek lehen aipatutako Bob anaiari. Badaezpada odola eskura utziko zutela esan ziotenean, odola jartzeko aukerarik bazegoen, txikia izanda ere, ospitaletik joango zela esan zuen segituan. Beranduago, Bobek aipatu zuen: «Egin nahi nuenaz ziur nengoen, eta gertatu zitekeenak ez ninduen beldurtzen».
17. Zer ikasi dezakegu Boben bizipenetik? (Ikusi irudia ere)
17 Bobek sendo mantendu ahal izan zuen tinko eusteko erabakia ospitalera joan baino askoz lehenago hartu zuelako. Berak Jehoba pozteko desioa zuen. Gainera, Bibliak eta argitalpenek bizia eta odolaren santutasunari buruz esaten dutena arretaz aztertu zuen. Azkenik, ziur zegoen Jehobak saritu egingo zuela bere gida jarraitzen bazuen. Guk ere, zein zailtasun ditugun axola gabe, bihotz sendoa izan dezakegu.
18. Nola irakasten digu Baraken ereduak Jehobarengan konfiantza izaten? (Ikusi azaleko irudia)
18 Izan konfiantza Jehobarengan. Barakek Jehobaren gidan konfiantza izan zuenez, arrakasta izan zuen. Aztertu dezagun nola. Garai hartan Israelen ez zegoen babeski eta lantza bat bera ere. Hala ere, Sisera buruzagi kanaandarraren eta ondo prestatutako bere gudarostearen aurka borrokatzeko agindu zion Jehobak (Ep 5:8). Sisera eta bere 900 guda-gurdien aurka borrokatzeko, Debora profetisak menditik jaisteko esan zion Baraki. Guda-gurdiek eremu lauean abantaila handia izan arren, Barakek obeditu egin zuen. Soldaduak Tabor menditik jaitsi ahala, Jehobak euri zaparrada handia eragin zuen. Siseraren guda-gurdiak lokatzetan trabatu egin ziren eta Jehobak garaipena eman zion Baraki (Ep 4:1-7, 10, 13-16). Era berean, Jehobak guri ere garaipena emango digu Berarengan eta bere erakundeak ematen duen gidan konfiantza badugu (Dt 31:6).
SENDO MANTENTZEKO DETERMINAZIOA IZAN
19. Zergatik jarraitu nahi dugu sendo mantentzen?
19 Mundu honetako sisteman bizi garen bitartean, ahalegintzen jarraitu beharko dugu sendo mantentzeko (1 Tm 6:11, 12; 2 P 3:17). Agian pertsekuzioaren, antzemateko zailak diren zeharkako presioen, giza arrazoiketen, dezepzioen edota distrakzioen eragina sufrituko dugu. Baina ez gaitzatela astindu! (Ef 4:14). Horren ordez, sendo mantendu gaitezen Jehoba maitatzen eta obeditzen jarraituz. Baina, aldi berean, arrazoitsuak izan behar dugu. Horregatik, hurrengo artikuluan Jehoba eta Jesusen ereduak aztertuko ditugu, ez baitago beraiek baino arrazoitsuagoa den inor.
sjj 129. KANTA Iraun dezagun
a Adam eta Ebaren garaitik, Satanasek honako ideia bultzatu du: pertsonek euren kabuz ondo eta gaizki dagoena erabaki beharko luketela. Guk Jehobaren arauekiko eta bere erakundearen gidarekiko jarrera bera izatea nahi du Satanasek. Artikulu honek, Satanasen munduko jendeak ez bezala, Jehobaren arauak hausten ez ditugula ziurtatzen lagunduko digu. Gainera, Jehoba beti obeditzeko determinazioa izaten lagunduko digu.
b 1 Korintoarrei 15:58, NWT: «Beraz, anaia maiteok, mantendu sendo, mugiezin, eta egon beti lanpetuta Jaunaren lanean, Jaunarekin lotutako zuen lana alferrikakoa ez dela jakinda».
c Kristau batek Jainkoak odolari buruz duen ikuspuntua nola errespetatu dezakeen jakiteko, ikusi Gozatu bizitzaz betirako! liburuko 39 ikasgaia.
d Ikusi jw.org webguneko «Babestu zaitez informazio faltsutik» artikulua.
e Gehiago jakiteko, ikusi La adoración pura de Jehová: ¡por fin restaurada! (Le culte pur de Jéhovah enfin rétabli !) liburuko 13 eta 14 kapituluak.
f 112. Salmoa 7, Ke: «Barri txarrei ez dautse bildurrik izango, haren bihotza sendo dago Jaunagan».