29. IKASKETARAKO ARTIKULUA
Prest al zaude larrialdi handirako?
«Prest egon» (MT 24:44).
sjj 150. KANTA Jehoba da gure salbatzailea
ZER AZTERTUKO DUGU? a
1. Zergatik da zuhurra prest egotea hondamendi bat gertatu aurretik?
BIZIA salbatu dezakegu zerbait gertatu aurretik prest bagaude. Adibidez, hondamendi batek jotzen duenean, ondo prestatu direnek bizirik ateratzeko eta besteak laguntzeko aukera gehiago dituzte. Europako erakunde humanitario batek honela azaltzen du: «Prestaketa onak biziak salbatu ditzake».
2. Zergatik prestatu beharko ginateke larrialdi handirako? (Mateo 24:44)
2 «Larrialdi handia» bat-batean hasiko da (Mt 24:21). Baina beste hondamendiek ez bezala, larrialdi handiak ez gaitu guztioi ustekabean harrapatuko. Izan ere, duela 2.000 urte, Jesusek egun honetarako prest egon behar zutela ohartarazi zien bere jarraitzaileei (Irakurri Mateo 24:44). Prest bagaude, errazagoa izango da guretzat garai zail hori gainditzea eta besteei gauza bera egiten laguntzea (Lk 21:36).
3. Nola lagunduko digute iraupenak, errukiak eta maitasunak larrialdi handirako prest egoten?
3 Azter ditzagun larrialdi handirako prest egoten lagunduko diguten hiru ezaugarri. Nola erantzungo genuke kazkabar moduko epai mezua predikatzea eskatzen badigute eta sinesgabeek gure aurka egiten badute? (Ap 16:21). Iraupena beharko dugu Jehoba obeditzeko, bere babesean konfiantza izanez. Zer egingo genuke anai-arrebek gauza material batzuk edo guztiak galduko balituzte? (Hab 3:17, 18). Errukia beharko dugu, behar duten laguntza emateko. Nola erreakzionatuko genuke, nazio koalizio baten erasoaren ondorioz, denbora batez anai-arrebekin toki txiki batean elkarrekin bizi beharko bagenu? (Ez 38:10-12). Besteenganako maitasun sendoa beharko dugu garai zail hori gainditu ahal izateko.
4. Nola erakusten du Bibliak iraupena, errukia eta maitasuna lantzen jarraitu behar dugula?
4 Jainkoaren Hitzak iraupena, errukia eta maitasuna lantzen jarraitzera animatzen gaitu. Lukas 21:19ak dio: «Iraupenaren iraupenez lortuko duzue bizia». Kolosarrei 3:12, Ke aipuak esaten du: «Jantzi zaiteze bihotzeko errukiz». Eta 1 Tesalonikarrei 4:9, 10ak dio: «Jainkoak berak irakasten baitizue elkar maitatzen […]. Hala ere, senideok, saia zaitezte, arren, gero eta maitasun handiagoa izaten». Aipu hauek dagoeneko iraupena, errukia eta maitasuna erakutsi zuten kristauentzat idatzi ziren. Hala ere, ezaugarri horiek lantzen jarraitu behar zuten. Guk ere gauza bera egin behar dugu. Oso lagungarria izango zaigu lehen mendeko kristauek hauetako ezaugarri bakoitza nola erakutsi zuten aztertzea. Ondoren, kristau horiek nola imitatu ditzakegun eta larrialdi handirako prest gauden ala ez ikusiko dugu.
SENDOTU ZURE IRAUPENA
5. Nola iraun zuten zailtasunen aurrean lehen mendeko kristauek?
5 Lehen mendeko kristauek iraupena behar zuten (Heb 10:36). Garai hartako ohiko arazoak izateaz gain, beste zailtasun batzuei ere aurre egin behar izan zieten. Kristau askok erlijioburu judutar eta agintari erromatarren eskutik pertsekuzioa jasan zuten, baita euren familiarengandik ere (Mt 10:21). Ez hori bakarrik, kongregazioa banatu nahi zuten apostatengandik babestu behar ziren batzuetan (Eg 20:29, 30). Hala ere, kristau horiek leialki iraun zuten (Ap 2:3). Nola? Biblian aurkitzen diren iraupen ereduak aztertu zituzten, adibidez Jobena (St 5:10, 11). Bestalde, otoitzean indarra eskatu zuten (Eg 4:29-31). Gainera, irauteak dakartzan emaitza onetan jarri zuten arreta (Eg 5:41).
6. Zer ikasten dugu Meritak oposizioaren aurrean irauteko egin zuena aztertzean?
6 Guk ere irautea lortuko dugu Biblian eta argitalpenetan aurkitzen ditugun iraupen ereduak maiz aztertzen baditugu eta hauetan hausnartzen badugu. Hauxe egin zuen Albaniako Merita izeneko arreba batek. Honi esker, familiarengandik jasotako oposizio biolentoari aurre egin ahal izan zion. Honela dio: «Joben bizipena aztertzeak izugarri hunkitu ninduen. Berak asko sufritu zuen eta, bere proben arrazoia ezagutu ez arren, honakoa esan zuen: “Hil arte ez diot uko egingo nire integritateari!” (Jb 27:5, NWT). Nire zailtasunak, Jobek zituenekin konparatuta, ezer gutxi zirela konturatu nintzen. Gainera, berak ez bezala, nik banekien nor zegoen nire zailtasunen atzean».
7. Momentu honetan zailtasun larririk ez badugu ere, zer egiten ikasi beharko genuke orain?
7 Zer gehiago egin dezakegu gure iraupena sendotzeko? Jehobari gure kezkak sarritan eta zintzotasunez azaldu (Flp 4:6; 1 Ts 5:17). Agian momentu honetan ez duzu zailtasun larririk. Hala ere, bilatzen al duzu Jehobaren gida minduta edo nahastuta sentitzen zaren edo zer egin ez dakizun bakoitzean? Orain dituzun arazo txikiei aurre egitean Jehobari erregularki otoitz egiten badiozu, etorkizunean erronka handiagoei aurre egitean, bitan pentsatu gabe, gauza bera egingo duzu. Ziur egon zaitezke Jehobak badakiela zehazki zu noiz eta nola lagundu (Sal 27:1, 3).
8. Nola erakusten digu Miraren ereduak gaur egungo zailtasunen aurrean irauteak etorkizuneko erronkei aurre egiten lagunduko digula? (Santiago 1:2-4) (Ikusi irudia ere)
8 Orain zailtasunak ditugunean Jehobari leial mantentzen bagara, etorkizunean larrialdi handian irauteko aukera gehiago izango ditugu (Erm 5:3, NWT). Zergatik esan dezakegu hau? Anai-arreba askori zailtasun baten aurrean irauteak hurrengo erronkaren aurrean irauten lagundu die. Izan ere, Jehoba beraiek laguntzeko prest dagoela ikusi dute, beraien fedea sendotuz. Eta fedeak, ondorioz, hurrengo zailtasunaren aurrean irauten lagundu die (Irakurri Santiago 1:2-4). Mira izeneko Albaniako aitzindari batek hala dela sentitu du. Batzuetan, arazo asko dituen pertsona bakarra bera dela sentitzen du. Baina, orduan, Jehobak azkeneko 20 urteetan zenbat lagundu dion gogoratzen du, eta honakoa esaten dio bere buruari: «Mantendu leial, ez alferrik bota urte hauek guztiak eta Jehobaren laguntzarekin gainditu dituzun zailtasunak». Zuk ere Jehobak dagoeneko irauten lagundu zaituen modutan pentsatu dezakezu. Eta ziur egon zaitezke honetaz: Zailtasun baten aurrean irauten duzun bakoitzean, Jehoba konturatu egiten da eta sarituko zaitu (Mt 5:10-12). Horrela, larrialdi handia iristen denerako, jada nola iraun jakingo duzu eta irauten jarraitzeko determinazioa izango duzu.
ERAKUTSI ERRUKIA
9. Nola erakutsi zuen errukia Siriako Antiokiako kongregazioak?
9 Azter dezagun zer gertatu zen Judeako kristauek gosete handi bat sufritu zutenean. Siriako Antiokiako kongregazioak gosete honen berri izan zuenean, kristau hauek Judeako anai-arrebengandik errukia sentitu zuten. Baina, ez hori bakarrik. Sentimendu honek ekintzara bultzatu zituen. Izan ere, «Judeako senideei laguntza bidaltzea erabaki zuten, bakoitzak ahal zuena» (Eg 11:27-30). Gosetea sufritzen ari ziren anai-arrebak urruti bizi arren, Antiokiako kristauek laguntzeko determinazioa izan zuten (1 Jn 3:17, 18).
10. Nola erakutsi dezakegu errukia gure anai-arrebek hondamendi edo larrialdiren bat sufritzen dutenean? (Ikusi irudia ere)
10 Gaur egun, guk ere errukia erakutsi dezakegu anai-arrebek hondamendi natural edo larrialdiren bat sufritu dutela jakitean. Geure burua segituan eskaintzen dugu, agian adindun bati proiekturen batean lagundu dezakegun galdetuz, mundu mailako lanerako dohaintzak eginez edo kaltetuen alde otoitz eginez (Es 17:17). b Adibidez, 2020an, 950 larrialdietarako laguntza batzorde baino gehiago osatu ziren mundu mailan, COVID-19 pandemiagatik beharrean zeudenak laguntzeko. Oso eskertuta gaude batzorde hauetan parte hartzen duten anai-arrebek egiten duten lanagatik. Errukiak bultzatuta, anai-arreba hauek laguntza materiala eta espirituala eman dute eta, kasu batzuetan, etxeak eta bilera-aretoak konpondu edo berreraiki dituzte (Konparatu 2 Korintoarrei 8:1-4).
11. Nola ohoratzen dugu gure zeruko Aita errukia erakusten dugunean?
11 Besteek gure ahaleginak ikusten dituzte hondamendi baten ostean errukia erakusten dugunean. Hori da 2019an Dorian urakanak Bahametako bilera areto bat suntsitu ondoren gertatu zena. Anai-arrebak bilera aretoa berreraikitzen ari zirela, Lekukoa ez zen kontratista bati lan horretarako aurrekontu bat eskatu zioten. Berak honakoa esan zuen: «Tresnak, lan orduak eta materialak […] dohainik ematea gustatuko litzaidake. […] Zuen erakundearen alde egin nahi dut hau, elkarren artean nola jokatzen duzuen ikusteak hunkitu nauelako». Pertsona gehienek ez dute Jehoba ezagutzen, baina askok bai ikusten dute Jehobaren lekukoek egiten dutena. Gure errukiz beteriko ekintzek Jehobarengana hurbiltzen lagundu ahal die pertsonei. Izan ere, «hain baita errukitsua» Bera. Zelako ohorea! (Ef 2:4).
12. Nola prestatzen gaitu larrialdi handirako errukia orain lantzeak? (Apokalipsia 13:16, 17)
12 Zergatik erakutsi beharko dugu errukia larrialdi handian? Bibliaren arabera, mundu honetako gobernuen alde jartzen ez direnek zailtasunak izango dituzte, bai orain, bai larrialdi handian (Irakurri Apokalipsia 13:16, 17). Baliteke gure anai-arrebek laguntza behar izatea oinarrizko gauzak lortu ahal izateko. Beraz, gure Errege Jesukristo jendea epaitzera etortzen denean, errukia erakusten aurkitu gaitzala. Hau egiten badugu, honako gonbidapena egingo digu: «Hartzazue […] erreinua» (Mt 25:34-40).
SENDOTU ZURE MAITASUNA
13. Erromatarrei 15:7aren arabera, nola sendotu zuten lehen mendeko kristauek elkarren arteko maitasuna?
13 Maitasuna lehen mendeko kristauen ezaugarri bereizgarria zen. Baina, erraza izan al zitzaien maitasuna erakustea? Azter dezagun Erromako kongregazioan zegoen aniztasuna. Batzuk judutarrak ziren. Hauei, Moisesen Legea obeditu behar zutela irakatsi zieten. Beste batzuk, aldiz, jentilak ziren. Hauek ohitura desberdinekin hezi zituzten. Eta gainera, ziurrenik, esklabo zirenak, esklabo ez zirenak eta esklaboak zituztenak egongo ziren. Kongregazioan desberdintasun hauek izan arren, nola jarraitu zuten elkarren arteko maitasuna sendotzen? Paulo apostoluak honakoa aholkatu zien: «Egiozue harrera ona elkarri» (Irakurri Erromatarrei 15:7). Zer esan nahi zuen Paulok? «Harrera ona» esamoldeak norbait atsegintasunez eta hospitalitatea erakutsiz onartzea esan nahi du, etxekoa edo gertuko laguna izango balitz bezala. Adibidez, ihes egin zuen Onesimo esklaboari zer-nolako harrera eman behar zitzaion esan zion Paulok Filemoni: «Hartzazu modu atseginean» (Flm 17, NWT). Priszilak eta Akilak ere, ongietorria emanez, Apolo «berekin hartu zuten», nahiz eta honek kristautasunari buruz beraiek baino gutxiago jakin (Eg 18:26). Kristau haiek ez zuten euren arteko desberdintasunek banaketak sortu zitzaten utzi.
14. Nola erakutsi zuten maitasuna Anna eta bere senarrak?
14 Guk ere anai-arrebei maitasuna erakutsi ahal diegu gure lagun taldean onartuz. Hori egitean, ziurrenik beraiek ere maitasuna erakutsiko digute (2 Ko 6:11-13). Ikus dezagun Anna eta bere senarraren bizipena. Misiolari bezala Afrika mendebaldera joan eta gutxira, COVID-19 pandemia hasi zen. Iritsi berriak zirenez, ezin izan zituzten kongregazioko anai-arrebak aurrez aurre ezagutu. Nola erakutsi ahal izan zuten orduan euren maitasuna? Bideodeiak erabiltzen zituzten anai-arrebekin kontaktuan jartzeko, eta beraiek ezagutzeko gogo handia zutela esaten zieten. Anai-arrebek, hunkituta, askotan deitu eta mezuak bidaltzen zizkieten. Zergatik ahalegindu ziren misiolari hauek kongregazio berriko anai-arrebak ezagutzen? Annak dio: «Ez dut sekula ahaztuko garai on eta txarretan nire familiari erakutsitako maitasuna. Honek besteei maitasuna erakustera bultzatu nau».
15. Zer ikasten dugu Vanessaren eredutik anai-arrebak maitatzeari buruz? (Ikusi irudia ere)
15 Gutako gehienak jatorri eta izaera desberdina duten anai-arrebez osaturiko kongregazioetan gaude. Nola sendotu dezakegu beraienganako dugun maitasuna? Beraien ezaugarri onetan arreta jarriz. Zeelanda Berrian bizi den Vanessa izeneko arreba bati zaila egiten zitzaion kongregazioko batzuekin ondo eramatea. Baina bere onetik ateratzen zutenengandik urrundu beharrean, beraiekin denbora gehiago pasatzea erabaki zuen. Hori egiteak Jehobak anai-arreba horiek zergatik maite dituen ikusten lagundu zion. Berak dio: «Nire senarra eskualde arduradun izendatua izan zenetik, izaera desberdina duten anai-arreba gehiagorekin egoten gara, eta errazagoa egiten zait beraiekin ondo eramatea. Orain aniztasuna gustatzen zait. Argi dago Jehobari ere gustatzen zaiola, oso anitza den talde batera erakarri baikaitu». Besteak Jehobak bezala ikusten ditugunean, maite ditugula erakusten dugu (2 Ko 8:24).
16. Zergatik izango da maitasuna ezinbestekoa larrialdi handian? (Ikusi irudia ere)
16 Maitasuna ezinbestekoa izango da larrialdi handian. Hau hastean, non topatuko dugu babesa? Azter dezagun zer jarraibide eman zion Jehobak bere herriari antzina Babilonia erasotua izan zenean: «Zoaz, ene herria, sartu zaitez zure geletan; itxi itzazu ateak zure ondoren; zaude ezkutatua pixkatxo batean; haserrea igaro dadin artean» (Is 26:20, Ur). Agian, larrialdi handian guk gauza bera egin beharko dugu. Gure kasuan, gela hauek kongregazioak izan daitezke. Larrialdi handian anai-arrebekin elkartuta jarraitzen badugu, Jehobak babestuko gaituela promesten digu. Beraz, anai-arrebak toleratzea ez da nahikoa. Gogor lan egin behar dugu beraiek maitatzeko. Izan ere, hau orain egitea ezinbestekoa izan daiteke gu bizirik ateratzeko.
ORAIN PRESTATU
17. Zer egiteko gai izango gara larrialdi handian geure burua orain prestatzen badugu?
17 «Jaunaren egun handia» garai zaila izango da gizakiarentzat (So 1:14, 15). Jehobaren herriak ere zailtasunak izango ditu. Baina geure burua prestatzen badugu, lasai egoteko eta besteak laguntzeko gai izango gara. Izan dezakegun edozein erronkaren aurrean iraungo dugu. Gure anai-arreba maiteek sufritzen dutenean, ahal duguna egingo dugu beraiek laguntzeko errukia erakutsiz eta beraien beharrak asetuz. Eta anai-arrebak orain maitatzen saiatzen bagara, etorkizunean beraiengandik gertu mantenduko gara. Ondorioz, Jehobak hondamendiak eta larrialdiak egongo ez diren mundu batean betiko bizitzeko oparia emango digu (Is 65:17).
sjj 144. KANTA Eduki bistan saria
a Larrialdi handia laster hasiko da. Gizakiak inoiz bizi ez duen garairik zailenerako prest egoteko, iraupena, errukia eta maitasuna beharrezkoak izango dira. Artikulu honetan galdera hauek erantzungo dira: Nola landu zituzten ezaugarri hauek lehen mendeko kristauek? Nola landu ditzakegu guk ere gaur egun? Nola prestatuko gaituzte larrialdi handirako?
b Laguntza lanetako proiektu batean parte hartu nahi dutenek, lehenengo, Solicitud de voluntario local de diseño y construcción (DC-50) edo Solicitud para el programa de voluntarios (A-19) eskaera bete eta, ondoren, proiektuan laguntzeko gonbidapena jaso arte itxaron behar dute.