Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

47. IKASKETARAKO ARTIKULUA

sjj 103. KANTA Artzainak Jehobaren opariak dira

Anaiok, adindunak izateko helburua al duzue?

Anaiok, adindunak izateko helburua al duzue?

«Gizon bat arduradun izateko ahalegintzen ari bada, oso lan ona nahi du» (1 TIM. 3:1, NWT).

IDEIA NAGUSIA

Artikulu honetan adindun izateko Bibliako baldintzak aztertzen dira.

1, 2. Zein da adindunen eginkizuna?

 DENBORA BATEZ laguntzaile bezala zerbitzatzen aritu bazara, ziurrenik adindun izateko bidean zaude. Gustatuko al litzaizuke eginkizun hau betetzea? (1 Tim. 3:1, NWT).

2 Zein da adindunen eginkizuna? Predikazioan aurrea hartzea, anai-arrebak zaintzea eta irakastea, eta kongregazioa hitzez eta ereduz sendotzea. Arrazoi osoz, Bibliak langileak diren adindunei «opari» deitzen die (Efe. 4:8, NWT).

3. Zer baldintza bete behar ditu anaia batek adindun izateko? (1 Timoteori 3:1-7, NWT; Titori 1:5-9, NWT)

3 Zer baldintza bete behar dituzu adindun izateko? Adindun izateko baldintzak betetzea ez da lanpostu bat lortzea bezala. Normalean, lanpostu bat lortzeko, nahikoa izaten da nagusiak eskatzen dituen abileziak izatea. Kontrara, adindun izan nahi baduzu, predikatzeko eta irakasteko abileziak baino gehiago beharko dituzu. 1 Timoteori 3:1-7 (NWT a) eta Titori 1:5-9 (NWT b) pasarteetan adierazten diren baldintzak betetzea beharrezkoa da (Irakurri). Hau kontuan izanik, nola bete ditzakezu baldintza horiek kongregazio barruan eta kanpoan izen ona izateko, familiaburu eredugarria izateko, eta anai-arrebak gogo onez zerbitzatzeko? Aztertu dezagun.

IZEN ONA IZAN

4. Zer esan nahi du «akasgabea» izateak?

4 Adindun izateko, anaiak «akasgabea» izan behar du. Zer esan nahi du honek? Kongregazioan izen ona duela, ezin zaiolako ezer txarrik leporatu. Gainera, «kanpokoen artean izen ona izan behar du». Lekukoak ez direnek anaiaren sinesmenak kritikatu ditzakete. Baina, ez lukete bere zintzotasuna edo jokabidea zalantzan jartzeko arrazoirik izan beharko (Dan. 6:4, 5). Galdetu zeure buruari: Izen ona al dut kongregazio barruan eta kanpoan?

5. Nola erakusten duzu «ona dena maitatu» egiten duzula?

5 «Ona dena maitatu» egiten baduzu, besteengan gauza onak bilatuko dituzu eta euren ezaugarri onengatik zorionduko dituzu. Besteen alde gauza onak egitean, baita eskatzen ez zaizuna egitean ere, pozik egongo zara (1 Tes. 2:8). Zergatik da hain garrantzitsua ezaugarri hau adindunentzat? Denbora asko pasatzen dutelako kongregazioa sendotzen eta eginkizunez arduratzen (1 Ped. 5:1-3). Hala ere, besteak zerbitzatzeak dakarren poztasuna, edozein sakrifizioren gainetik dago (Eg. 20:35).

6. Zein da «hospitalitatea» erakustearen esanahia? (Hebrearrei 13:2, 16; ikusi irudia ere)

6 «Hospitalitatea erakusten duen» anaiak, besteen alde gauza onak egiten ditu, baita bere lagun minak ez direnen alde ere (1 Ped. 4:9). Biblia hiztegi batek horrela deskribatzen du hospitalitatea erakusten duen gizona: «Atsegina da, ezagutzen ez dituenekin ere, eta oso pozik gonbidatzen ditu bere etxera». Galdetu zeure buruari: Bisitariei ongietorria emateagatik ezagutzen al zait kongregazioan? (Irakurri Hebrearrei 13:2, 16). Horrelako gizona eskuzabala da bisitariekin, esaterako, Jehobaren alde gogor lan egiten eta bizimodu sinpleagoa duten anai-arrebekin. Hauen barne, eskualde arduradunak eta kanpotik datozen hizlariak daude (Has. 18:2-8; Esa. 3:27; Luk. 14:13, 14; Eg. 16:15; Erm. 12:13).

Ezkondutako bikote batek hospitalitatea erakusten die eskualde arduradun bati eta bere emazteari (Ikusi 6. paragrafoa)


7. Nola erakusten du adindun batek ez duela «dirua maitatu behar»?

7 «Ez du […] dirua maitatu behar», hau da, ez die gauza materialei lehentasunik ematen. Behartsua ala aberatsa den axola gabe, Erreinua lehenik bilatzen jarraitzen du, bizitzako arlo guztietan (Mat. 6:33). Hortaz, bere denbora, indarrak eta beste baliabideak Jehoba adoratzeko, familia zaintzeko, eta kongregazioa zerbitzatzeko erabiltzen ditu (Mat. 6:24; 1 Joan 2:15-17). Galdetu zeure buruari: Zein da diruari buruz dudan ikuspuntua? Pozik al nago bizitzeko beharrezkoak diren gauzekin? Edo nire lehentasuna diru eta ondasun gehiago lortzea al da? (1 Tim. 6:6, 17-19).

8. Nola erakusten duzu «ohituretan neurritsua» zarela eta «autokontrola» duzula?

8 «Ohituretan neurritsua» bazara eta «autokontrola» erakusten baduzu, bizitzako arlo guztietan orekatsua zarela erakutsiko duzu, adibidez, jatean, edatean, janzkeran, itxuran eta entretenimenduan. Mundu honetako bizimodu desegokia ere baztertzen saiatuko zara (Luk. 21:34; St. 4:4). Gainera, lasai mantenduko zara, baita besteak zurekin atseginak ez direnean ere. Bestalde, anaiak «ez du mozkorra izan behar», ezta alkohol asko edatearen ospe txarrik izan behar ere. Galdetu zeure buruari: Neurritsua al naiz nire ohituretan eta autokontrola erakusten al dut nire bizimoduarekin?

9. Zer esan nahi dute «zentzuduna» eta «ordenatua» espresioek?

9 «Zentzuduna» bazara, Biblia printzipioetan oinarrituz, egoera desberdinak aztertzeko gai izango zara. Biblia printzipio hauek sakonki aztertzean, bereizmena eta ulermena izango dituzu. Ez dituzu erabakiak arinegi hartuko, baizik eta datu guztiak dituzula ziurtatuko zara (Esa. 18:13). Ondorioz, Jehobaren pentsaera erakusten duten erabaki orekatsuak hartuko dituzu. «Ordenatua» den anaiak gauzak ondo antolatzen ditu eta puntuala da. Gainera, fidagarria izateagatik eta argibideak jarraitzeagatik ezaguna da. Azpititulu honetako ezaugarriak lantzeak, izen ona izaten lagunduko dizu. Azter ditzagun familiaburu eredugarria izateko Bibliako baldintzak.

FAMILIABURU EREDUGARRIA IZAN

10. Nola erakusten dute senarrek «familia ondo zuzen[tzen]» dutela?

10 Ezkonduta bazaude eta adindun izan nahi baduzu, zure familiak ere eredugarria izan beharko luke. Beraz, zure «familia ondo zuzendu» beharko zenuke. Familiaburu arduratsu eta maitekor batek, besteak beste, Jehobaren adorazioaren atal guztietan aurrea hartzen du. Zergatik da hori hain garrantzitsua? Paulo apostoluak hurrengoa arrazoitu zuen: «Zeren gizon batek ez badaki bere familia zuzentzen, nola zainduko du Jainkoaren kongregazioa?» (1 Tim. 3:5, NWT).

11, 12. Anaia batek adindun izan nahi badu, zergatik da hain garrantzitsua bere seme-alaben jokabidea? (Ikusi irudia ere)

11 Aita denak, adin txikiko «seme-alabak menpean izan behar ditu seriotasun osoz». Beraz, maitasunez irakatsi eta hezi behar ditu. Noski, haurrak direnez, barre egitea eta jolastea gustatuko zaie. Baina, obeditzen, besteak errespetatzen, eta ondo portatzen irakatsi behar die. Gainera, ahal duen guztia egin behar du seme-alabek Jehobarekin harreman ona izateko, Biblia printzipioak aplikatzeko, eta bataioraino iristen laguntzeko.

12 «Gehiegikeriaz eta errebeldiaz salatu ezin diren seme-alaba sinestedunak ditu». Etxean bizi den eta bataiatuta ala bataiatzear dagoen semeak edo alabak bekatu larri bat egiten badu, nola eragingo dio horrek aitari? Aita hezkuntza eta diziplina ematean arduragabea izan bada, agian ez lituzke adindun izateko baldintzak beteko (Ikusi aldizkari honetako 1996​ko urriaren 15​eko alea, 21 or. 6 eta 7 para.).

Familiaburuak bere seme-alabak hezten ditu, Jehoba eta kongregazioaren alde ekintza desberdinak eginez (Ikusi 11. paragrafoa)


ANAI-ARREBAK ZERBITZATU

13. Nola erakutsi dezakezu «arrazoitsua» zarela, eta ez «burugogorra»?

13 Ezaugarri kristauak erakusten dituzten anaiak kongregazioarentzat opariak dira. «Arrazoitsua» den anaiak bakearen alde egiten du. Ezaugarri hau erakusteagatik ezaguna izan nahi baduzu, entzun besteei eta saiatu beraien ikuspuntua ulertzen. Imajinatu adindun taldearen parte zarela eta, Biblia printzipioetan oinarrituz, erabaki bat hartzen duzuela. Gogo onez onartuko al zenuke, nahiz eta beste erabaki baten alde egon? «Ez [zara] burugogorra izan behar», hau da, ez zara egoskor jarriko gauzak zure erara egiteko, baizik eta besteen aholkuak estimatuko dituzu (Has. 13:8, 9; Esa. 15:22). Honetaz gain, adindun izan nahi duenak «ez du liskarzalea izan behar», eta «ez du erraz haserretu behar». Zakarra edo gogorra izan beharrean, atsegina eta jatorra izango da. «Baketsua» denez, bakeak egiteko aurrea hartuko du, baita egoera zailenetan ere (St. 3:17, 18). Bere hitz atseginek ingurukoak baretuko dituzte, baita aurkariak ere (Ep. 8:1-3; Esa. 20:3; 25:15; Mat. 5:23, 24).

14. Zer esan nahi dute «ez du duela gutxi kristau bihurtu den norbait izan behar» eta «leiala» espresioek?

14 Adindunak «ez du duela gutxi kristau bihurtu den norbait izan behar». Nahiz eta urte askoz bataiatuta egotea beharrezkoa ez izan, kristau heldua izateko denbora behar da. Adindun izan aurretik, Jesusen antzera, anaia apala dela eta edozein eginkizun jasotzeko Jehobaren zain pozik dagoela erakutsi behar du (Mat. 20:23; Flp. 2:5-8). «Leiala» dela erakusten du, Jehobari eta bere arauei gogor eutsiz, eta bere erakundearen bidez emandako argibideak jarraituz (1 Tim. 4:15).

15. Hizlari aparta izan behar al dute adindunek? Azaldu.

15 Biblian argi adierazten da adindunek «irakasteko gai» izan behar dutela. Esan nahi al du honek hizlari aparta izan behar duzunik? Ez horixe! Baldintzak betetzen dituzten adindun asko, nahiz eta hizlari onenak ez izan, predikazioan eta sendotze bisitetan irakasle onak dira (Konparatu 1 Korintoarrei 12:28, 29 eta Efesoarrei 4:11). Jarraitu, beraz, irakasteko gaitasunak hobetzen! Zer egin dezakezu hau lortzeko?

16. Nola izan zaitezke irakasle hobea? (Ikusi irudia ere)

16 «Hitz leialari tinko eutsi behar dio». Irakasle trebea izateko, ziurtatu irakastean eta anai-arrebei aholkuak ematean, Biblian oinarritzen zarela. Horretarako, Biblia eta argitalpenen ikasle ona izan (Esa. 15:28; 16:23). Bibliako bertseten aplikazio zuzena egiteko helburuarekin, saiatu ondo ulertzen gure argitalpenek bertset hauei buruz ematen dituzten azalpenak. Irakastean, entzuleen bihotzera iristen saiatu. Irakasle trebeagoa izateko asmoz, zergatik ez dizkiezu esperientzia duten adindunei aholkuak eskatzen? Hauek aplikatzean, asko hobetuko duzu (1 Tim. 5:17). Adindunek anai-arrebak «animatzeko» prest egon behar dute. Hala ere, batzuetan, «zentsuratzeko» beharra dagoela ikusi dezakete. Edozein kasutan, beti atseginak izan behar dira. Jesus, Irakasle Handia, jatorra eta maitekorra izan zen, eta irakasten zuena Biblian oinarritzen zuen. Bera imitatzean, beraz, irakasle ona izango zara (Mat. 11:28-30; 2 Tim. 2:24).

Kongregazioko laguntzaile bat, esperientzia duen adindun batekin dagoela aprobetxatuz, Bibliarekin besteak nola animatu ditzakeen ikasten ari da. Kongregazioan aurkeztuko duen hitzaldi bat entseiatzen ari da ispiluaren aurrean (Ikusi 16. paragrafoa)


SAIATU HELBURUA LORTZEN

17. a) Zerk lagunduko die laguntzaileei adindun izateko helburua lortzen? b) Zer izan behar dute kontuan adindunek izendapen bat aztertzean? (Ikusi « Erakutsi modestia anaia batek adindun bezala zerbitzatu ote dezakeen aztertzean» taula ere)

17 Adindun izateko baldintzak aztertu ondoren, agian, laguntzaile batzuek inoiz ezingo dituztela bete pentsatu dezakete. Baina, gogoratu ez Jehobak, ezta bere erakundeak ere, ez dutela baldintza hauek modu perfektuan betetzerik espero (1 Ped. 2:21). Berez, Jehobaren espiritu boteretsua da ezaugarri horiek lantzen laguntzen dizuna (Flp. 2:13). Ba al dago hobetu nahiko zenukeen ezaugarririk? Hitz egin Jehobarekin horri buruz. Ikertu ezaugarri hori eta eskatu adindunen bati hobetzeko aholkuak.

18. Zer egin dezakete kongregazioko laguntzaile guztiek?

18 Jarraitu dezagun guztiok, adindunek barne, artikulu honetan aztertutako ezaugarriak lantzen (Flp. 3:16, NWT). Kongregazioko laguntzaile al zara? Saiatu zaitez anai-arrebak gehiago zerbitzatzeko helburua lortzen! Eskatu Jehobari moldakorra eta kongregazioan erabilgarriagoa izateko laguntza (Is. 64:7 [64:8, NWT]). Jehobak eskuzabaltasunez bedeinka ditzala adindun izateko egiten dituzuen ahaleginak!

sjj 101. KANTA Elkartuta zerbitzatzen

a 1 Timoteori 3:1-7, NWT: «Esaten dudan hau fidagarria da: gizon bat arduradun izateko ahalegintzen ari bada, oso lan ona nahi du. Arduradunak honelakoa izan behar du: akasgabea, emazte bakarreko senarra, ohituretan neurritsua, zentzuduna, ordenatua, hospitalitatea erakusten duena, irakasteko gai; ez du mozkorra izan behar, ezta biolentoa ere, arrazoitsua baizik; ez du liskarzalea izan behar, ezta dirua maitatu behar ere; bere familia ondo zuzendu behar du, eta seme-alabak menpean izan behar ditu seriotasun osoz (zeren gizon batek ez badaki bere familia zuzentzen, nola zainduko du Jainkoaren kongregazioa?); ez du duela gutxi kristau bihurtu den norbait izan behar, horrela, ez dadin harropuztu eta ez dezan Deabruak jaso zuen kondena bera jaso. Gainera, kanpokoen artean izen ona izan behar du, inork ezer leporatu ezin izateko eta Deabruaren tranpa batean ez erortzeko».

b Titori 1:5-9, NWT: «Kretan utzi zintudan oker zeuden gauzak zuzentzeko eta hiriz hiri adindunak izendatzeko, eman nizkizun jarraibideen arabera: adindunak akusaziorik gabea izan behar du, emazte bakarreko senarra, gehiegikeriaz eta errebeldiaz salatu ezin diren seme-alaba sinestedunak dituena. Izan ere, Jainkoaren etxezain bezala arduradunak akusaziorik gabea izan behar du; ez du burugogorra izan behar, ez du erraz haserretu behar; ez du mozkorra, ezta biolentoa ere izan behar, ez ditu kodiziaz dirua eta ondasunak bilatu behar. Horren ordez, hospitalitatea erakutsi eta ona dena maitatu behar du, zentzuduna, justua eta leiala izan eta autokontrola eduki behar du. Irakasteko arteari dagokionez, hitz leialari tinko eutsi behar dio, horrela, osasuntsua den irakaskuntza bidez besteak animatzeko eta irakaskuntza honen kontra hitz egiten dutenak zentsuratzeko».