Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

44. IKASKETARAKO ARTIKULUA

sjj 33. KANTA Bota zure zama Jehobari

Nola egin aurre injustiziei?

Nola egin aurre injustiziei?

«Ez utzi gaizkiak garaitu zaitzan, baizik eta segi ongiaren bidez gaizkia garaitzen» (ERM. 12:21).

IDEIA NAGUSIA

Nola egin aurre injustiziei egoera oraindik gehiago okertu gabe?

1, 2. Nondik etorri daitezke injustiziak?

 JESUSEK alargun baten istorioa kontatu zuen. Honetan, alargunak epaile bati behin eta berriz justizia egitea eskatzen zion. Jesusen dizipuluen garaian injustiziak oso ohikoak zirenez, zalantzarik gabe, istorio hau oso ondo ulertuko zuten (Luk. 18:1-5). Istorio hau gaur egun ere oso garrantzitsua da guretzat, guztiok jasan baitugu noizbait injustiziaren bat.

2 Gaur egun, diskriminazioa, aurreiritziak eta zapalketak oso ohikoak dira. Beraz, injustiziak jasateak ez gaitu harritzen. Hala ere, askoz ere mingarriagoa da injustiziak anai-arrebengandik jasatea (Ekl. [Koh.] 5:7 [5:8, NWT]). Aurkarien esku injustiziak sufritzean, Jesusek erantzun zuen modua aztertzeak asko lagunduko digu. Injustiziaz tratatzen gaituzten aurkariekin pazientziaz jokatzeko gai bagara, are gehiago gure anai-arrebekin. Izan ere, anai-arrebek ez dute horrela jokatzen egiaren aurka daudelako, inperfektuak direlako baizik. Baina, nola sentitzen da Jehoba anai-arrebek edo beste batzuek modu injustuan tratatzen gaituztela ikustean? Axola al zaio gertatzen zaiguna?

3. Axola al zaio Jehobari bere zerbitzarien sufrimendua, eta zergatik?

3 Tratatzen gaituzten modua asko axola zaio Jehobari, justizia maite baitu (Sal. 37:28). Jesusek ondorengoa ziurtatzen digu: Jehobak, une egokia iristen denean, «ziztu bizian egingo [duela] justizia» (Luk. 18:7, 8). Laster, sufrimenduaren ondorioak desegingo ditu Jainkoak eta injustizia guztiarekin amaituko du (Sal. 72:1, 2).

4. Nola laguntzen digu Jehobak?

4 Justizia nagusi izango den garaia iritsi bitartean, Jehobak injustiziaren aurrean zentzuz jokatzen irakasten digu (2 Ped. 3:13, oharra). Alde batetik, bere Semearen bitartez eredu perfektua jarri digu. Bestetik, gaizki tratatzen gaituztenean aplikatu ditzakegun aholku praktikoak ematen dizkigu.

KONTU HANDIA IZAN INJUSTIZIEI ERANTZUTEKO MODUAREKIN

5. Zergatik izan beharko genuke kontu handia injustiziei erantzuteko moduarekin?

5 Injustiziengatik bihotzez minduta eta nahigabetuta sentitu gaitezke (Ekl. [Koh.] 7:7). Zerbitzari leial batzuek, Jobek eta Habakukek esaterako, gauza bera sentitu zuten (Job 6:2, 3; Hab. 1:1-3). Sentimendu hauek naturalak izan arren, kontu handia izan behar dugu erantzuteko moduarekin txorakeriarik ez egiteko.

6. Zer ikasten dugu Absalomen jokabidetik? (Ikusi irudia ere)

6 Injustizia baten aurrean, gure erantzuna justizia gure kabuz ezartzea izan daiteke. Baina horrela erantzuteak, arazo gehiago sortu ditzake. Aztertu dezagun Absalomen, Dabid erregearen semearen, jokabidea. Sutan jarri zen bere anaierdi Amnonek bere arreba Tamar bortxatu zuenean. Moisesen Legearen arabera, Amnonek heriotza merezi zuen (Leb. 20:17, NWT). Absalomen haserrea ulergarria zen arren, ez zuen justizia bere kabuz hartzeko autoritaterik (2 Sam. 13:20-23, 28, 29).

Absalomek, bere arreba Tamarrek jasan zuen injustiziaren aurrean, ez zuen haserrea kontrolatu (Ikusi 6. paragrafoa)


7. Nola erantzun zuen salmogile batek injustiziak ikustean?

7 Injustiziaz jokatzen dutenek zigorrik jasotzen ez dutela ematen duenean, zuzen jokatzeak merezi ote duen pentsatu dezakegu. Adibidez, gaiztoei zuzenak zapalduz ondo joaten zitzaiela iruditzen zitzaion salmogile bati: «Horra hor gaiztoak: lasai asko beti, ondasunak pilatzen» (Sal. 73:12). Injustiziarengatik hain nahigabetuta zegoenez, ia-ia Jehoba zerbitzatzearen bedeinkapenetan konfiantza galdu zuen (Sal. 73:14; Sal. 73:16, NWT). Izan ere, honakoa onartu zuen: «Ozta-ozta ez dut nik estropezu egin, ia-ia erori nintzen» (Sal. 73:2). Antzeko zerbait gertatu zitzaion Alberto a izeneko anaia bati.

8. Zer eragin izan zuen injustizia batek anaia batengan?

8 Alberto kongregazioko dohaintzetatik lapurtzeaz oker salatu zuten. Ondorioz, bere pribilegioak galdu zituen, baita gertatutakoa jakin zuten anai-arreba askoren errespetua ere. «Erresumina, haserrea eta frustrazioa sentitzen nituen», gogoratzen du berak. Min emozionalari bere espiritualtasunean eragina izaten utzi zionez, bost urtez inaktibo egon zen. Bizipen honek argi erakusten digu injustiziak jasatean gure haserrea kontrolatzen ez badugu gertatu daitekeena.

IMITATU JESUSEN INJUSTIZIEI AURRE EGITEKO MODUA

9. Zer injustizia jasan zituen Jesusek? (Ikusi irudia ere)

9 Jesusek injustiziei aurre egitearen eredu perfektua jarri zigun. Askok, bere familiakideek barne, gaizki tratatu zuten. Adibidez, bere familiakideek burua galdu zuela esan zioten, erlijioburuek deabruekin elkarlanean aritzea leporatu zioten, eta erromatar soldatuek iseka egin, jipoitu eta hil egin zuten (Mar. 3:21, 22; 14:55; 15:16-20, 35-37). Hala ere, Jesusek injustizia guzti horiek eta gehiago jasan zituen errepresaliarik hartu gabe. Zer ikasi dezakegu bere eredutik?

Jesusek injustiziei aurre egitearen eredu perfektua jarri zigun (Ikusi 9 eta 10 paragrafoak)


10. Nola egin zien aurre injustiziei Jesusek? (1 Pedro 2:21-23)

10 Irakurri 1 Pedro 2:21-23. b Jesusek injustiziei nola aurre egin irakatsi zigun eredu perfektua jarriz. Bazekien noiz isildu eta noiz hitz egin (Mat. 26:62-64). Bere aurka gezurrak esaten zituztenean, isilik mantentzea erabakitzen zuen batzuetan (Mat. 11:19). Hitz egiten zuenean, berriz, ez zituen bere aurkariak iraintzen edo mehatxatzen. Jesusek autokontrola erakusten zuen, «zuzen epaitzen duenaren eskuetan» jartzen baitzuen bere burua. Berak bazekien ikuspunturik inportanteena Jehobarena zela; eta ziur zegoen Jehobak injustiziak une egokian konponduko zituela.

11. Nola erakusten dugu gure hizkera kontrolatzen dugula? (Ikusi irudiak ere)

11 Injustizia baten aurrean, Jesus imitatu dezakegu esaten duguna kontrolatuz. Batzuetan, egoera ez okertzeko, hobe da garrantzi gutxiko injustizien aurrean ezer ez egitea edo isilik mantentzea (Ekl. [Koh.] 3:7; St. 1:19-20). Beste batzuetan, berriz, hitz egin beharko dugu agian, injustiziaren bat ikusi dugulako edota egia defendatu behar dugulako (Eg. 6:1, 2). Edozein kasutan, hitz egiten badugu, lasaitasunez eta errespetuz egin beharko genuke (1 Ped. 3:15, 16). c

Injustiziei aurre egitean, Jesus imitatu dezakegu noiz eta nola hitz egin kontu handiz erabakiz (Ikusi 11 eta 12 paragrafoak)


12. Nola konfiatzen dugu «zuzen epaitzen» duenarengan?

12 Jesus imitatzeko beste modu bat «zuzen epaitzen» duenarengan konfiantza erakustea da. Besteek oker epaitzen edo gaizki tratatzen gaituztenean, ziur egon gaitezke Jehobak egia ezagutzen duela. Konfiantza honek injustiziak jasaten lagunduko digu, badakigulako Jehobak bere garaian konponduko dituela. Gauzak Jehobaren eskuetan uzten ditugunean, ez diogu haserrea edo erresuminari gure bihotzean sustraiak botatzen utziko. Sentimendu horiek gaizki erantzutera eraman gaitzakete. Gainera, gure poztasuna suntsitu eta Jehobarekin dugun adiskidetasuna kaltetu dezakete (Sal. 37:8).

13. Zerk lagundu ahal digu injustiziei aurre egiten?

13 Noski, ezinezkoa da Jesusen eredu perfektua bete-betean jarraitzea. Batzuetan, damutzera eramango gaituzten gauzak egin eta esan ditzakegu (St. 3:2). Gainera, zenbait injustiziek zauri emozional eta fisiko sakonak utzi ahal dizkigute. Hori gertatuz gero, ziur egon Jehobak gure egoera ezagutzen duela. Jesusek ere injustiziak sufritu zituenez, gure sentimenduak ezagutzen ditu (Heb. 4:15, 16). Jehobak, Jesusen eredu perfektua jartzeaz gain, injustiziei aurre egiteko aholku praktikoak ematen dizkigu. Aztertu ditzagun lagungarriak izan daitezkeen Erromatarrei liburuko bi bertset.

«UTZI TOKIA HASERREARI»

14. Zer esan nahi du «utzi tokia haserreari» esaldiak? (Erromatarrei 12:19)

14 Irakurri Erromatarrei 12:19. Paulo apostoluak kristauei «utzi tokia haserreari» esan zienean, noren haserreari buruz ari zen? Testuinguruak argi adierazten du Jehobaren haserreari buruz ari zela. Jehobaren haserreari tokia uzten diogu, justizia bere garaian eta bere modura egiten uzten diogunean. John izeneko anaia batek, injustizia bat jasan ondoren, esan zuen: «Egoera nire erara konpontzeko desioaren aurka borrokatu behar izan nuen. Erromatarrei 12:19​ak Jehobaren zain egoten lagundu zidan».

15. Zergatik da hoberena Jehobaren zain egotea?

15 Jehobari arazoak konpontzen uzten diogunean, onura asko jasotzen ditugu. Adibidez, arazoa gure kabuz konpontzearen zama eta frustrazioa aurreztuko dugu. Jehobak bere laguntza eskaintzen digu, ondorengo hitzak esango balizkigu bezala: «Utzi injustiziak nire esku, ni arduratuko naiz». Jehobaren «nik ordainduko dut» promesa onartzen badugu, arazoa alde batera utziko dugu, Jehobak gauzak modurik hoberenean konponduko dituenaren konfiantza izanez. Horrexek lagundu zion lehen aipatutako Johni: «Jehobaren zain banago, ziur nago berak nik baino askoz ere hobeto konponduko dituela arazoak».

«SEGI ONGIAREN BIDEZ GAIZKIA GARAITZEN»

16, 17. Nola laguntzen digu otoitzak hurrengoa egiten: «segi ongiaren bidez gaizkia garaitzen»? (Erromatarrei 12:21)

16 Irakurri Erromatarrei 12:21. Paulok ondorengoa egitera ere animatu zituen kristauak: «Segi ongiaren bidez gaizkia garaitzen». Jesusek Mendiko Hitzaldian esan zuen: «Segi etsaiak maitatzen eta pertsegitzen zaituztenen alde otoitz egiten» (Mat. 5:44). Eta huraxe egin zuen berak. Pentsatu Jesus zutoinean iltzatzean sentitu zuen sufrimenduan. Imajinatu zer-nolako mina sentitu zuen, baita jasan zituen duintasun falta eta injustiziak ere!

17 Jesusek ez zion injustiziari irabazten utzi. Soldaduak madarikatu ordez, otoitz egin zuen: «Aita, barkaiezu, zeren ez dakite zertan ari diren» (Luk. 23:34). Gaizki tratatzen gaituztenen alde otoitz egiten dugunean, gure erresumina eta haserrea baretu daitezke. Honetaz gain, beraiei buruz dugun ikuspuntua aldatu daiteke.

18. Nola lagundu zien otoitzak Alberto eta Johni injustiziei aurre egiten?

18 Otoitzak lehen aipatutako anaiei injustiziei aurre egiten lagundu zien. Albertok dio: «Injustiziaz tratatu ninduten anaien alde otoitz egin nuen. Jehobari behin eta berriz otoitz egin nion, injustizia hau alde batera uzteko laguntza eskatuz». Zorionez, Alberto berriz ari da Jehoba leial zerbitzatzen. Johnek dio: «Mindu ninduen anaiaren alde, askotan egin nuen otoitz. Honi esker, anaia modu objektiboagoan ikusi ahal izan nuen, epaitu gabe. Gainera, barneko bakea lortu nuen».

19. Zer egin behar dugu sistema hau amaitu bitartean? (1 Pedro 3:8, 9)

19 Ez dakigu zenbat injustizia jasan beharko ditugun sistema hau amaitu aurretik. Gertatzen dena axola gabe, jarraitu dezagun beti Jehobaren laguntza otoitzean bilatzen. Gainera, imitatu dezagun Jesusen injustiziei aurre egiteko modua, eta jarraitu dezagun Biblia printzipioak aplikatzen. Hala egiten badugu, ziur egon gaitezke Jehobaren bedeinkapena jasoko dugula (Irakurri 1 Pedro 3:8, 9).

sjj 38. KANTA Jehobak sendotuko gaitu

a Izen batzuk aldatuak izan dira.

b Pedroren lehen gutuneko 2 eta 3 kapituluek hurrengoa deskribatzen dute: Lehen mendeko kristau batzuek, nagusi zakar edo kristauak ez ziren senarren eskutik injustiziak jasaten zituzten (1 Ped. 2:18-20; 3:1-6, 8, 9).