Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

45. IKASKETARAKO ARTIKULUA

sjj 138. KANTA Ile zuriaren edertasuna

Zer ikasten dugu gizon leialen azken hitzetatik?

Zer ikasten dugu gizon leialen azken hitzetatik?

«Adinekoek izaten dute jakinduria, urtetan aurreratuek zuhurtzia» (JOB 12:12).

IDEIA NAGUSIA

Jehoba obeditzen badugu, bedeinkapenak jasoko ditugu orain, eta betirako bizia etorkizunean.

1. Zergatik ikasi dezakegu adinekoen eredutik?

 GUZTIOK behar dugu gida erabaki garrantzitsuak hartzeko. Adindunei eta beste anai-arreba helduei esker lortu dezakegu. Guk baino urte gehiago badituzte, ez genuke automatikoki pentsatu behar beraien aholkua zaharkituta dagoenik. Jehobak guk adinekoengandik ikastea nahi du. Izan ere, denbora gehiago izan dute esperientzia, ulermena eta jakinduria eskuratzeko (Job 12:12).

2. Zer aztertuko dugu artikulu honetan?

2 Iraganean, Jehobak, adineko gizon leialak erabili zituen bere herria animatzeko eta gidatzeko. Aztertu ditzagun, adibidez, Moises, Dabid eta Joan apostoluen ereduak. Garai eta egoera desberdinetan bizi izan ziren. Beraien bizitza amaitzear zegoela, jakinduriaz beteriko aholkuak eman zizkieten gazteagoak zirenei. Hiru gizon leial hauek, Jainkoa obeditzearen balioa azpimarratu zuten. Jehobak beraien hitz zuhurrak guretzat gorde zituen. Beraz, gazteak edo adinekoak garen axola gabe, beraien aholkuak berrikustea lagungarria egingo zaigu (Erm. 15:4; 2 Tim. 3:16). Artikulu honetan, hiru gizon hauen azken hitzak aztertuko ditugu, baita hitz hauetatik atera ditzakegun ikasgaiak ere.

«LUZARO BIZIKO ZARETE»

3. Zer eginkizun bete zituen Moisesek?

3 Moisesek, bizitza osoan zehar, bere indar guztiarekin zerbitzatu zuen Jehoba. Profeta, epailea, buruzagia eta historialaria izan zen. Beraz, sekulako esperientzia zuen! Israeldarrak Egiptotik askatu zituen, eta Jehobaren mirari asko ikusteko aukera izan zuen. Gainera, Jehobak Bibliako lehen bost liburuak, 90. Salmoa eta, seguruenik, 91. Salmoa idazteko erabili zuen. Beharbada, Job liburua ere idatzi zuen.

4. Nortzuk animatu zituen Moisesek, eta zergatik?

4 120 urte zituela, hil baino lehentxeago, Moisesek israeldar guztiak elkartu zituen ikusi eta bizi zituzten gertaerak gogorarazteko. Batzuek, gazteak zirenean, Jehobaren mirariak eta egiptoarrek jasotako zigorra ikusteko aukera izan zuten (Irt. 7:3, 4). Jehobak Itsaso Gorriko urak banatzen zituela ikusi zuten eta bertatik oinez pasa ziren. Gainera, Faraoiaren gudarostearen suntsipena ikusi zuten (Irt. 14:29-31). Honetaz gain, Jehobak basamortuan babestu eta zaindu zituen (Deu. 8:3, 4). Orain, herria promestutako lurraldean sartzear zegoela, Moisesek israeldarrak animatzeko azken aukera aprobetxatu zuen. a

5. Zer ziurtatu zieten israeldarrei Moisesen azken hitzek? (Deuteronomioa 30:19, 20)

5 Zer esan zuen Moisesek? (Irakurri Deuteronomioa 30:19, 20). Israelgo nazioak etorkizun zoragarria zuela esan zuen. Jehobaren bedeinkapenarekin, israeldarrek promestutako lurraldean luzaro bizitzeko aukera zuten. A zer lurralde eder eta emankorra! Moisesek horrela deskribatu zien lurraldea israeldarrei: «Lurralde horrek zuek eraiki gabeko hiri handi eta ederrak ditu, zuek bildu gabeko ondasun-mota guztiz beteriko etxeak, zuek zulatu gabeko putzuak, zuek landatu gabeko mahasti eta olibadiak» (Deu. 6:10, 11).

6. Zergatik utzi zituen Jainkoak israeldarrak beste nazioen esku?

6 Moisesek, orduan, ohartarazpen bat egin zien. Lurralde zoragarri horretan bizitzen jarraitzeko, Jehobaren aginduak bete behar zituzten. Bizia aukeratzeko eskatu zien, Jehobari entzunez eta berari gogor eutsiz. Baina israeldarrek Jehoba baztertu zuten. Hortaz, denborarekin, Jainkoak asiriarren eta babiloniarren esku utzi zituen, konkistatzeko eta erbestera eramateko (2 Err. 17:6-8, 13, 14; 2 Kro. 36:15-17, 20).

7. Zer ikasten dugu Moisesen hitzetatik? (Ikusi irudia ere)

7 Zer ikasten dugu? Obedientziak bizira bideratzen gaituela. Israeldarrak promestutako lurraldean sartzear zeuden bezala, gu ere Jainkoak promestutako mundu berrian sartzear gaude. Bertan, lurra paradisu bihurtuta ikusiko dugu (Is. 35:1; Luk. 23:43). Satanas eta bere deabruak ez dira egongo (Ap. 20:2, 3). Jendea Jehobarengandik aldentzen duen erlijio faltsurik ere ez da egongo (Ap. 17:16). Gainera, giza gobernu zapaltzailerik ez da existituko (Ap. 19:19, 20). Paradisuan, ez da errebeldeentzako lekurik izango (Sal. 37:10, 11). Jendeak, edonon, Jehobaren lege zuzenak obedituko ditu eta, horri esker, bakea eta batasuna egongo dira. Ondorioz, guztiek elkar maitatu eta konfiatuko dute (Is. 11:9). A zer nolako etorkizun zoragarria! Are gehiago, Jehoba obeditzen badugu, ez gara paradisuan ehunka urtez soilik biziko, betirako baizik (Sal. 37:29; Joan 3:16).

Jehoba obeditzen badugu, ez gara paradisuan ehunka urtez soilik biziko, betirako baizik (Ikusi 7. paragrafoa)


8. Nola lagundu zion betirako bizitzeko promesak misiolari bati? (Judas 20, 21)

8 Betirako bizitzeko promesean hausnartzen jarraitzen badugu, Jainkoari gogor eutsiko diogu, zer zailtasun ditugun axola gabe (Irakurri Judas 20, 21). Promesa horrek, gainera, ahuleziei aurre egiteko indarra ematen digu. Afrikan denbora luzez misiolaria izan zen anaia bat, ahulezia baten aurka borrokatzen aritu zen. Berak esan zuen: «Betirako bizitzeko aukera arriskuan ikusteak, arazoaren aurka borrokatzen eta Jehobari oraindik gehiago otoiz egiten lagundu zidan. Bere laguntzari esker, ahulezia gainditu nuen».

«ARRAKASTA IZANGO DUZUE»

9. Zer proba jasan zituen Dabidek?

9 Dabid errege bikaina izan zen, baita musikaria, poeta, soldadua eta profeta ere. Baina proba asko jasan zituen. Adibidez, urte askotan, Saul erregearengandik ihes egin behar izan zuen, bera hil nahi zuelako. Errege izan ondoren, Dabidek berriro ihes egin behar izan zuen, bere seme Absalomek tronua lapurtu nahi ziolako. Probak izan eta akats larriak egin zituen arren, Dabid Jehobari leial izan zen hil zen arte. Berari buruz, Jehobak bere «bihotzaren atsegineko» zela esan zuen. Beraz, merezi du Dabiden aholkua entzuteak! (Eg. 13:22; 1 Err. 15:5).

10. Zergatik aholkatu zuen Dabidek Salomon?

10 Azter dezagun, adibidez, Dabidek bere seme Salomoni, hurrengo erregea izango zenari, eman zion aholkua. Jehobak Salomon gaztea aukeratu zuen adorazio garbia zabaltzeko eta Berari ohorea emango zion tenplua eraikitzeko (1 Kro. 22:5). Baina Salomonek zailtasunak izango zituen bere eginkizunean. Zer esango zion Dabidek? Ikusi dezagun.

11. Zer ziurtatu zion Dabidek Salomoni 1 Erregeak 2:2, 3​an, eta nola bete ziren hitz horiek? (Ikusi irudia ere)

11 Zer esan zuen Dabidek? (Irakurri 1 Erregeak 2:2, 3). Jehoba obedituz gero, Salomonek bizitzan arrakasta izango zuela esan zuen. Eta hala izan zen urte askoz! (1 Kro. 29:23-25). Salomonek tenplu aparta eraiki zuen. Gainera, Bibliako hainbat liburu idatzi zituen, eta bere hitzak Bibliako beste leku batzuetan ere erabili ziren. Honetaz gain, jakintsua eta aberatsa zenez, oso ezaguna egin zen (1 Err. 5:14 [4:34, NWT]). Baina, Dabidek azaldu zuen moduan, Salomonek arrakasta izango zuen Jehobari obeditzen zion bitartean. Tamalez, beste jainkoak adoratzen amaitu zuen. Ondorioz, Jehobak bere onespena kendu zion eta zuzentasunez agintzeko jakinduria galdu zuen (1 Err. 11:9, 10; 12:4).

Dabidek Salomoni esandako azken hitzetatik ondorengoa ikasten dugu: Jehobari obeditzen badiogu, erabaki onak hartzeko jakinduria emango digula (Ikusi 11 eta 12 paragrafoak) b


12. Zer ikasten dugu Dabiden hitzetatik?

12 Zer ikasten dugu? Obedientziak arrakastara bideratzen gaituela (Sal. 1:1-3). Noski, Jehobak ez digu Salomonen aberastasuna eta ospea promestu. Baina, bera obeditzen badugu, erabaki egokiak hartzeko beharrezko jakinduria emango digu (Esa. 2:6, 7; St. 1:5). Bere printzipioek lanbidea, hezkuntza, entretenimendua eta dirua bezalako gaietan gidatzen gaituzte. Jehobaren aholkua jarraitzen badugu, berarekin dugun harremana babestuko dugu eta betirako biziko gara (Esa. 2:10, 11). Gainera, adiskidetasun sendoak izango ditugu, baita familia zoriontsuak ere.

13. Nola aurkitu zuen Carmenek arrakastarako bidea?

13 Mozambiken bizi den Carmenek, goi-mailako hezkuntzak bizitzan arrakasta emango ziola uste zuen. Hortaz, unibertsitatera joan zen arkitektura ikastera. «Izugarri gustatzen zitzaidan ikasten ari nintzena!», idatzi zuen berak. «Baina denbora eta energia asko kentzen zizkidan, eskolan 7:30-18:00 arte egoten nintzen eta. Bileretara joatea asko kostatzen zitzaidan eta nire espiritualtasuna ahuldu egin zen. Barne-barnean, bi nagusiren morroi izaten saiatzen ari nintzela konturatu nintzen» (Mat. 6:24). Orduan, bere egoerari buruz otoitz egin eta argitalpenak aztertu zituen. Ondorengoa esan zuen: «Adindunen eta nire amaren zentzuzko aholkuak jaso ondoren, unibertsitatea utzi eta Jehoba denbora osoz zerbitzatzea erabaki nuen. Erabakirik onena hartu nuen! Ez naiz damutzen!».

14. Zer adierazi zuten Moisesek eta Dabidek euren azken hitzetan?

14 Moisesek eta Dabidek Jehoba maite zuten eta bihotzez estimatzen zuten bera obeditzea. Euren azken hitzetan, entzuleak, beraien eredua imitatzera eta Jehobarengandik gertu egotera animatu zituzten. Gainera, hurrengoa ohartarazi zieten: Jehoba baztertuz gero, bere onespena eta bedeinkapena galduko zituztela. Beraien aholkuak oso garrantzitsuak dira guretzat ere. Mendeak geroago, Jehobaren beste zerbitzari batek, Jainkoari leial izatearen balioa erakutsi zuen.

«EZERK EZ DU POZ HANDIAGORIK EMATEN»

15. Zer bizipen izan zituen Joanek?

15 Joan Jesusek maite zuen dizipulua zen (Mat. 10:2; Joan 19:26). Jesusekin denbora asko pasa zuen predikatzen eta mirariak nola egiten zituen ikusi zuen. Une latzetan ere bere ondoan jarraitu zuen. Nola exekutatu zuten ikusi zuen, baita bera berpiztuta ere. Kristau kongregazioa hazten ere ikusi zuen: talde txiki bat izatetik, berri onak «zerupeko izaki guztiei» predikatzen zitzaien arte ikusi zuen (Kol. 1:23).

16. Norentzat izan dira lagungarriak Joanen gutunak?

16 Bere bizitza luzea amaitzear zegoela, Joanek Jainkoaren hitz inspiratuan parte hartzeko pribilegioa izan zuen. Apokalipsia liburu harrigarria idatzi zuen (Ap. 1:1). Gainera, bere izena daraman ebanjelioa eta hiru gutun idatzi zituen. Hirugarren gutuna, berarentzat seme espiritual maitea zen Galiori zuzendu zion (3 Joan 1). Ordurako, Joanek seme-alaba espiritual ugari izango zituen. Adineko gizon leial honek idatzi zuenak, Jesusen jarraitzaile guztiak animatu ditu gaur egun arte.

17. Zerk sortzen du poza 3 Joan 4​aren arabera?

17 Zer idatzi zuen Joanek? (Irakurri 3 Joan 4). Jehobari obeditzeak poztasuna sortzen duela idatzi zuen. Joanek hirugarren gutuna idatzi zuenerako, pertsona batzuk irakaspen faltsuak zabaltzen eta banaketak sortzen ari ziren. Hala ere, beste batzuek, egiaren arabera bizitzen jarraitzen zuten, Jehoba obedituz eta bere aginduen arabera biziz (2 Joan 4, 6). Kristau leial hauek Joan poztu zuten, baita Jehoba ere (Esa. 27:11).

18. Zer ikasten dugu Joanen hitzetatik?

18 Zer ikasten dugu? Leialtasunak poztasunera bideratzen gaituela (1 Joan 5:3). Adibidez, pozik gaude Jehoba pozten dugulako. Nola lortzen dugu hau? Gaizki dagoena saihestuz eta bere aginduak obedituz (Esa. 23:15). Aingeruak ere pozten ditugu (Luk. 15:10). Pozik sentitzen gara, anai-arrebak leial mantentzen direla ikustean ere, bereziki proba eta tentaldien aurrean daudenean (2 Tes. 1:4). Satanasen mundua amaitzean, pozik sentituko gara Jehobari leial mantendu garelako.

19. Zer dio Rachelek egia irakasteari buruz? (Ikusi irudia ere)

19 Poztasun berezia sentitzen dugu besteei egia irakastean. Dominikar Errepublikan bizi den Rachelek, hori egitea sekulako pribilegioa dela onartzen du. Bere seme-alaba espiritualengan pentsatuz, hurrengoa dio: «Oso pozgarria da ikasleek, Jehobarengan duten maitasuna handitzen, berarengan konfiantza osoa jartzen eta bera pozteko aldaketak egiten dituztela ikustea. Zaila egiten zait nire sentimenduak hitzekin deskribatzea! Sentitzen dudan poztasuna, beraiengandik egindako ahalegin eta sakrifizioen gainetik dago».

Jehoba maitatzen eta obeditzen dugunean, eta besteei hori egiten irakasten diegunean, poza sentitzen dugu (Ikusi 19. paragrafoa)


GIZON LEIALEN AZKEN HITZAK JARRAITZEAREN ONURAK

20. Zer antzekotasun ditugu Moises, Dabid eta Joanekin?

20 Nahiz eta Moisesen, Dabiden eta Joanen garai eta egoera desberdinetan bizi, antzekotasun ugari ditugu beraiekin. Beraiek bezala, egiazko Jainkoa zerbitzatzen dugu, Jehobari otoitz egiten diogu, berarengan jartzen dugu konfiantza eta bere gida bilatzen dugu. Gainera, aspaldiko gizon leial horiek bezala, ziur gaude Jehobak obedienteak direnak bedeinkatzen dituela.

21. Nola bedeinkatuko gaitu Jehobak Moises, Dabid eta Joanen azken hitzak jarraitzen baditugu?

21 Jarraitu ditzagun, beraz, adineko gizon horien azken hitzak eta obeditu ditzagun Jehobaren aginduak. Ondorioz, egiten dugun guztian benetako arrakasta izango dugu. «Luzaro bizitzeko» aukera, bai, betirako bizitzeko aukera ere izango dugu (Deu. 30:20). Gure Aita maitekorra poztean, guk ere poza sentituko dugu. Jehobak guk imajinatu dezakeguna baino askoz hobeto beteko ditu bere promesa guztiak (Efe. 3:20).

sjj 129. KANTA Iraun dezagun

a Itsaso Gorriko mirariak ikusi zituzten israeldarren gehiengoa ez zen promestutako lurraldean sartu (Zen. 14:22, 23). Jehobak 20 urtetik gorakoak basamortuan hilko zirela esan zuen (Zen. 14:29). Hala ere, 20 urte baino gazteagoak ziren israeldar asko, Josue, Kaleb eta hainbat lebitar, Jordan ibaia zeharkatu eta promestutako lurraldean sartu ziren (Deu. 1:24-40).

b IRUDIEN AZALPENA: Ezkerrean: Dabidek bere seme Salomoni azken hitzak esaten dizkio. Eskuinean: Anai-arrebek Jehobaren jakinduria jasotzen dute aitzindarien eskolan.