8. IKASKETARAKO ARTIKULUA
sjj 123. KANTA Leialki obeditu Jainkoaren antolaketa
Jarraitu beti Jehobaren gida
«Ni, Jehoba, zure Jainkoa naiz, […] gidatzen zaituena» (IS. 48:17, NWT).
IDEIA NAGUSIA
Artikulu honek Jehobak bere herria gaur egun nola gidatzen duen ikusten lagunduko digu. Gainera, bere gida jarraitzen dugunean zer bedeinkapen jasotzen ditugun aztertuko dugu.
1. Zergatik behar dugu Jehobaren gida? Jarri adibide bat.
IMAJINATU oihan baten erdian galduta zaudela. Arriskuz inguratuta zaude; animalia basatiak, gaixotasunak transmititzen dituzten intsektuak, landare pozoitsuak eta arrokaz jositako bideak daude nonahi. Zenbat eskertuko zenukeen inguruko arriskuak ondo ezagutzen dituen eta hauetatik aldentzen lagundu ahal zaituen gidari bat izatea! Mundua baso hau bezalakoa da; gure osasun espirituala kaltetu dezaketen arriskuz beteta dago. Baina Gidari ezin hobea dugu: Jehoba. Berak arriskuetatik aldendu eta gure helmugara gidatzen gaitu. Zein da helmuga hau? Betiko bizia mundu berrian.
2. Nola gidatzen gaitu Jehobak?
2 Nola gidatzen gaitu Jehobak? Nagusiki, bere Hitzaren bitartez. Baina gizakiak ere erabiltzen ditu; adibidez, «morroi leial eta zentzuduna». Anaia hauek erabaki onak hartzen laguntzen digute, elikagai espirituala emanez (Mat. 24:45). Jehobak beste gizon trebe batzuk ere erabiltzen ditu; esaterako, eskualde arduradunak eta kongregazioko adindunak. Anaia hauek garai zailei aurre egiten laguntzen digute, animoa eta gida emanez. Zein eskertuta gauden azken egun zail hauetan fidagarria den gida izateagatik! Honek Jehobaren onespena mantentzen eta bizirako bidetik jarraitzen laguntzen digu.
3. Zer aztertuko dugu artikulu honetan?
3 Hala ere, batzuetan zaila izan daiteke Jehobaren gida jarraitzea, bereziki gizon inperfektuen bitartez jasotzen dugunean. Zergatik? Esaten digutena agian ez zaigulako gustatzen. Edo, beharbada, jaso dugun gida zentzuzkoa ez dela eta, ondorioz, Jehobarengandik ez datorrela uste dugulako. Momentu horietan batez ere honako konfiantza izan behar dugu: Jehoba dela bere herria gidatzen ari dena eta bere gida jarraitzeak beti bedeinkapenak ekartzen dituela. Konfiantza hori sendotzen laguntzeko, artikulu honetan hurrengoa aztertuko dugu: 1) Nola gidatu zuen Jehobak bere herria Biblia garaian? 2) Nola gidatzen gaitu gaur egun? 3) Zer emaitza on jasotzen ditugu bere gida beti jarraitzean?
NOLA GIDATU ZUEN JEHOBAK ISRAEL?
4, 5. Nola erakutsi zuen Jehobak Moises erabiltzen ari zela bere herria gidatzeko? (Ikusi irudia)
4 Jehobak Moises izendatu zuen Israel Egiptotik ateratzeko. Jainkoak froga argiak eman zizkien bere gida Moisesen bidez jasotzen ari zirela erakusteko. Adibidez, egunez laino-zutabe bat eta gauez su-zutabe bat eman zien (Irt. 13:21). Moisesek, zutabe hauek jarraituz, herri osoa Itsaso Gorriraino eraman zuen. Baina, orduan, Egiptoko armada israeldarrak pertsegitzen hasi zen. Israeldarrak Egiptoko armada eta Itsaso Gorriaren artean ihes egin ezinik zeudela konturatzean, izugarri ikaratu ziren. Beraien ustetan, Moisesek herria Itsaso Gorriraino eraman izana hanka-sartze handia izan zen. Baina hau ez zen akats bat izan. Moises erabiliz, Jehobak bere herria leku hartara nahita gidatu zuen (Irt. 14:2). Orduan, Jehobak modu harrigarri batean salbatu zituen israeldarrak (Irt. 14:26-28).
5 Hurrengo 40 urteetan, Jehobak bere herria laino-zutabe baten bitartez gidatu zuen basamortutik. a Moisesek gida honetan konfiantza izaten jarraitu zuen. Denbora batez, Jehobak Moisesen dendaren gainean jarri zuen laino-zutabea, israeldar guztien bistan (Irt. 33:7, 9, 10). Jehobak zutabetik hitz egiten zion Moisesi, eta berak Jehobak esandakoa azaltzen zien israeldarrei (Sal. 99:7). Beraz, israeldarrek argi eta garbi ikusi zezaketen Jehoba Moises erabiltzen ari zela beraiek gidatzeko.
6. Nola erantzun zioten israeldarrek Jehobaren gidari? (Zenbakiak 14:2, 10, 11)
6 Jehoba Moises bere ordezkari bezala erabiltzen ari zen froga argiak egon arren, tamalez, israeldar gehienek ez zituzten froga hauek onartu (Irakurri Zenbakiak 14:2, 10, 11). Izan ere, Moises behin eta berriz baztertu zuten, ez baitzuten onartzen Jehoba Moises erabiltzen ari zenik. Ondorioz, Jehobak ez zion israeldar belaunaldi horri promestutako lurraldean sartzen utzi (Zen. 14:30).
7. Aipatu Jehobaren gida jarraitu zuten batzuk. (Zenbakiak 14:24) (Ikusi irudia ere)
7 Hala ere, israeldar batzuek Jehobaren gida jarraitu zuten. Adibidez, honakoa esan zuen Jehobak: «Kaleb […] guztiz leiala izan zait» (Irakurri Zenbakiak 14:24). Jainkoak Kaleb saritu zuen, eta promestutako lurraldean non bizi nahi zuen erabakitzen utzi zion (Jos. 14:12-14). Israeldarren hurrengo belaunaldiak ere eredu ona jarri zuen Jehobaren gida jarraitzerako orduan. Josue israeldarren buruzagi izendatua izan zenean, israeldarrek «Moisesi bizitza osoan begirune izana zioten bezala» errespetatu zuten (Jos. 4:14). Ondorioz, Jehobak promestutako lurraldea emanez bedeinkatu zituen (Jos. 21:43, 44).
8. Nola gidatu zuen Jehobak bere herria erregeen garaian? Azaldu. (Ikusi irudia ere)
8 Urteak beranduago, Jehobak bere herria gidatzeko epaileak izendatu zituen eta, ondoren, erregeen garaian, profetak. Errege leialek profeten aholkuak jarraitu zituzten. Adibidez, Natan profetak Dabid erregea zuzendu zuenean, hau apala izan zen esandakoa onartuz (2 Sam. 12:7, 13; 1 Kro. 17:3, 4). Josafat erregeak Jahaziel profetaren gidan konfiantza izan zuen. Gainera, erregeak Jainkoaren profetengan fedea izatera animatu zuen Judako herria (2 Kro. 20:14, 15, 20). Larrialdi garaian, Ezekias erregeak Isaias profetarengana jo zuen (Is. 37:1-6). Erregeek Jehobaren gida jarraitu zuten bakoitzean, bedeinkapenak jaso zituzten eta nazioa babestua izan zen (2 Kro. 20:29, 30; 32:22). Beraz, argi eta garbi zegoen Jehoba profetak erabiltzen ari zela bere herria gidatzeko. Hala ere, errege eta israeldar gehienek Jehobaren profetak baztertu zituzten (Jer. 35:12-15).
NOLA GIDATU ZITUEN JEHOBAK LEHEN MENDEKO KRISTAUAK?
9. Nortzuk erabili zituen Jehobak lehen mendeko kristauak gidatzeko? (Ikusi irudia ere)
9 Lehen mendean, Jehobak kristau kongregazioa sortu zuen. Nola gidatu zituen garai hartako kristauak? Hasteko, Jesus kongregazio buru izendatu zuen (Efe. 5:23). Baina Jesusek ez zuen dizipulu bakoitza zuzenean gidatu. Apostoluak eta Jerusalemgo adindunak erabili zituen hauek aurrea hartu zezaten (Eg. 15:1, 2). Gainera, adindunek kongregazioak gidatzeko ardura jaso zuten (1 Tes. 5:12; Tit. 1:5).
10. a) Nola erantzun zioten lehen mendeko kristau gehienek jaso zuten gidari? (Eginak 15:30, 31) b) Zergatik baztertu dituzte batzuek Jehobak izendatutako ordezkariak? (Ikusi « Zergatik baztertu dituzte batzuek froga argiak?» taula)
10 Onartu al zuten garai hartako kristauek jasotako gida? Gehiengoek bai. Jarraibideak gogotsu bete zituzten eta «poz-pozik sentitu ziren jasotako animoari esker» (Irakurri Eginak 15:30, 31). Eta gaur egun? Nola gidatzen ari da Jehoba bere herria?
NOLA GIDATZEN GAITU JEHOBAK GAUR EGUN?
11. Nola gidatu ditu Jehobak gaur egun aurrea eramaten duten anaiak? Jarri adibide bat.
11 Gaur egun ere, Jehobak bere herria gidatzen jarraitzen du. Horretarako, Biblia eta bere Semea, kongregazio buru dena, erabiltzen ari da. Ikusi al dezakegu Jainkoak gaur egun ere giza ordezkariak erabiltzen dituen frogarik? Bai. Azter dezagun, adibidez, zer gertatu zen XIX. mendearen amaiera aldera. Charles Taze Russell eta bere laguntzaileak 1914. urtea Jainkoaren Erreinuaren ezarpenarekin lotutako data garrantzitsu bat izango zela ulertzen hasi ziren (Dan. 4:22, 23 [4:25, 26, NWT]). Ondorio horretara iristeko, Biblia profezietan oinarritu ziren. Gidatzen ari al zen Jehoba gizon hauek egindako ikerketa? Dudarik gabe, bai. 1914. urteko munduko gertakariek Jainkoaren Erreinua agintzen hasi zela baieztatu zuten. Lehen Mundu Gerrarekin batera, izurriteak, lurrikarak eta goseteak hasi ziren (Luk. 21:10, 11). Zalantzarik gabe, Jehoba bihotz oneko Biblia ikasle hauek erabiltzen ari zen bere herria laguntzeko.
12, 13. Zer egin zuten aurrea zeramaten anaiek Bigarren Mundu Gerran zehar predikazioa bultzatzeko?
12 Azter dezagun orain zer gertatu zen Bigarren Mundu Gerran zehar. Egoitza nagusian aurrea eramaten zuten anaiek Apokalipsia 17:8 aztertu zuten. Egin zuten ikerketari esker, Bigarren Mundu Gerra ez zela Harmagedon gerrarekin amaituko ulertu zuten. Horren ordez, gerraren ondoren garai baketsu bat egongo zela ulertu zuten eta, ondorioz, gehiago predikatzeko aukera izango zutela. Horregatik, zentzurik ez zuela eman arren, Jehobaren erakundeak Galaadeko Biblia Eskola antolatu zuen. Eskola honen helburua misiolariei mundu osoan zehar predikatzeko eta irakasteko trebakuntza ematea zen. Gerra garaian ere, erakundeak misiolariak bidali zituen beste herrialdetara. Gainera, morroi leialak Predikatzeko Biblia Ikastaroa b izeneko eskola berezi bat antolatu zuen. Eskola honek kongregazioko anai-arreba guztiei hobeto predikatzen eta irakasten laguntzeko helburua zuen. Era horretara, Jainkoaren herria helduko zen lanerako prestakuntza jasotzen hasi zen.
13 Gaur egun, argi eta garbi ikusi dezakegu garai zail haietan Jehoba bere herria gidatzen ari zela. Bigarren Mundu Gerraren ondoren, Jehobaren herriak askatasunez predikatu du herrialde askotan. Ondorioz, anai-arrebak mundu osoan zehar predikatzen ari dira, eta gero eta jende gehiago Jehoba ezagutzera iritsi da.
14. Zergatik izan dezakegu konfiantza Jehobaren erakundearen eta adindunen bitartez jasotzen dugun gidan? (Apokalipsia 2:1) (Ikusi irudia ere)
14 Gaur egun, Zuzendari Batzordeko kideek Jesu Kristoren gida bilatzen jarraitzen dute. Anai-arrebei ematen dizkieten argibideek Jehoba eta Jesusen ikuspuntuarekin bat egitea nahi dute. Aldi berean, eskualde arduradunek eta adindunek gida ematen diete kongregazioei. c Adindun gantzutuak eta orokorrean adindun guztiak Jesu Kristoren «eskuineko eskuan» daude (Irakurri Apokalipsia 2:1). Noski, gizon hauek inperfektuak dira eta akatsak egiten dituzte. Moisesek eta Josuek batzuetan huts egin zuten, baita apostoluek ere (Zen. 20:12; Jos. 9:14, 15; Erm. 3:23). Hala ere, Jesu Kristo morroi leiala eta adindunak kontu handiz ari da gidatzen, eta hau egiten jarraituko du «egunero sistemaren amaiera arte» (Mat. 28:20). Beraz, aurrea hartzeko izendatuak izan direnen bitartez jasotzen dugun gidan erabateko konfiantza izan dezakegu.
EMAITZA ONAK JASOTZEN DITUGU JEHOBAREN GIDA BETI JARRAITZEAN
15, 16. Zer ikasten duzu Jehobaren gida jarraitu zutenen bizipenetatik?
15 Jehobaren gida beti jarraitzen dugunean, orain ere bedeinkapenak jasotzen ditugu. Adibidez, Andy eta Rosek d beraien bizitza sinplifikatzeko aholkuak praktikan jarri zituzten (Mat. 6:22 e). Ondorioz, eraikuntza teokratikoetan boluntario bezala lan egiteko aukera izan zuten. Rosek dio: «Oso-oso leku txikietan bizi izan gara. Askotan, sukalderik ere ez genuen. Bestalde, argazkilaritza asko gustatzen zaidanez, argazkiak ateratzeko erabiltzen nituen gailu asko saldu behar izan nituenean negarrez amaitu nuen. Baina Abrahamen emazte Sararen antzera, aurrera, eta ez atzera, begiratzeko determinazioa nuen» (Heb. 11:15). Zer emaitza on lortu zituen bikote honek? Rosek dio: «Oso zoriontsuak gara Jehobari daukagun guztia ematen ari garela dakigulako. Proiektu teokratiko batean lanean gaudenean, oso erraza egiten zaigu mundu berrian bizitza nolakoa izango den imajinatzea». Andy-k ere honakoa dio: «Oso pozik gaude gure indar eta denbora guztia Jehobari ematen diogulako».
16 Zer beste emaitza on jasotzen ditugu Jehobaren gida beti jarraitzen dugunean? Ikus dezagun Marciaren eredua. Bere oinarrizko ikasketak amaitu ondoren, Jehobaren zerbitzuan gehiago egiteko jaso zuen aholkua jarraitu nahi izan zuen. (Mat. 6:33; Erm. 12:11). Berak dio: «Unibertsitatean lau urtez dohain ikasteko beka bat eskaini zidaten. Baina nik Jehobaren alde gehiago egin nahi nuen. Beraz, egin zidaten eskaintza hau onartu ordez, aitzindari izateko nahiko diru irabazten lagunduko zidan ofizio bat ikastea erabaki nuen. Hartu dudan erabakirik onenetakoa izan zen. Orain asko disfrutatzen dut aitzindari izateaz. Gainera, nire lan ordutegia malgua denez, Betelen boluntario bezala zerbitzatu dezaket eta Jehobaren alde beste hainbat gauza egiteaz gozatzen dut».
17. Zer beste emaitza on jasotzen ditugu Jehobaren gida beti jarraitzean? (Isaias 48:17, 18, NWT)
17 Batzuetan, Jehobaren erakundeak gure babeserako diren aholkuak ematen dizkigu. Adibidez, dirua maitatzearen eta Jainkoaren arauak haustera eraman gaitzaketen jardueren inguruan ohartarazten digu. Egoera hauetan ere Jehobaren gida jarraitzen dugunean, emaitza onak jasotzen ditugu. Gainera, kontzientzia garbia mantentzen dugu eta arazo asko saihesten ditugu (1 Tim. 6:9, 10). Ondorioz, Jehoba bihotz osoz zerbitzatu dezakegu. Ez dago poztasun eta bake handiagorik emango digun ezer (Irakurri Isaias 48:17, 18, NWT f).
18. Zergatik duzu Jehobaren gida beti jarraitzeko determinazioa?
18 Dudarik gabe, Jehobak giza ordezkariak erabiltzen jarraituko du larrialdi handian eta mila urteko erregetzan zehar gida emateko (Sal. 45:17 [45:16, NWT]). Jarraituko al dugu beti gida hau, nahiz eta guk beste zerbait egitea nahiago izan? Hau egitea errazagoa izango zaigu Jehobaren gida orain jarraitzen badugu. Beraz, jarrai dezagun beti Jehobaren gida, gu zaintzeko ardura jaso duten gizonen gida jarraituz (Is. 32:1, 2; Heb. 13:17, NWT). Hau egin ahala, erabateko konfiantza izan dezakegu gure Gidari den Jehobarengan. Berak arrisku espiritualetatik aldendu eta gure helmugara eramaten gaitu: betiko bizia mundu berrian.
ZER ERANTZUNGO ZENUKE?
-
Nola gidatu zuen Jehobak Israel?
-
Nola gidatu zituen Jehobak lehen mendeko kristauak?
-
Zer emaitza on jasotzen ditugu Jehobaren gida jarraitzean gaur egun?
sn 48. KANTA Ibili Jainkoaren bidean
a Jehobak herria promestutako lurraldera gidatzeko, «kanpamendu aurretik zihoan» aingeru bat izendatu zuen. Itxuraz, aingeru hura Mikel zen (lurrera etorri baino lehen, zeruan izandako Jesus) (Ir. 14:19; 32:34).
b Beranduago, Predikatzeko Biblia Eskola izena hartu zuen. Gaur egun, aste barruko bileran jasotzen den trebakuntzaren parte da.
c Ikusi «Zuzendari-batzordearen ardura» taula, aldizkari honetako 2021eko otsaileko alean, 18. or.
d Izen batzuk aldatuak izan dira.
e Ikusi Traducción del Nuevo Mundo (Traduction du monde nouveau) itzulpeneko bertset honen «si tus ojos están bien enfocados» («fixe une seule chose») ikasketarako oharra.
f Isaias 48:17, 18, NWT: «Ni, Jehoba, zure Jainkoa naiz, zure onerako irakasten dizuna, ibili behar duzun bidetik gidatzen zaituena. Ai nire aginduei arreta jarriko bazenie! Orduan, zure bakea ibai bat bezalakoa izango litzateke, eta zure justizia itsasoko olatuak bezalakoa».