1924 | Duela ehun urte
BULLETIN a izeneko 1924ko urtarrileko argitalpenak honakoa esan zuen: «Urte hasiera bataiatutako kristau guztiok […] Jaunaren zerbitzuan gehiago egiteko aukerak bilatzeko garai ona da». Urte hartan, Biblia ikasleek aholku hori bi modutan jarri zuten praktikan: iniziatiba ausartak burutuz eta beldurrik gabe predikatuz.
INIZIATIBA AUSARTA IRRATIA ERABILIZ
Beteleko anaiak urte bete baino gehiagoz WBBR irratia eraikitzen aritu ziren Staten Island-en (New York). Lur eremua garbitu ondoren, bi eraikin egin zituzten: etxebizitza handi bat langileentzat eta beste eraikin bat ekipamenduarentzat. Eraikin horiek amaitu ondoren, anaiak irrati saioa emateko beharrezkoa zen ekipamendua muntatzen hasi ziren. Hala ere, oztopo batzuei aurre egin beharko zieten.
Irratiaren antena nagusia instalatzea oso zaila izan zen. Antenak 91 metro zituen eta 61 metroko egurrezko bi zutaberen artean kokatu behar zuten horizontalki. Lehenengo saiakerak huts egin zuen. Baina Jehobaren laguntzan konfiantza jarriz, anaiek azkenik lortu zuten. Proiektuan parte hartu zuen Calvin Prosser anaiak hurrengoa esan zuen: «Gure lehen saiakerak arrakasta izan balu, gutaz harro sentituko ginen, honakoa esanez: “Begira zer lortu dugun!”». Anaiek euren arrakastaren meritua Jehobari eman zioten. Hala eta guztiz ere, arazo gehiago izan zituzten.
Irrati emanaldiak mundu mailan hasi berriak zirenez, beharrezko ekipamendua lortzea oso zaila zen. Beraz, anaiek dagoeneko erabilia zegoen 500 watteko transmisore errudimentario bat lortu zuten. Gainera, mikrofono bat erosi beharrean, telefono baten mikrofonoa erabili zuten. Behin, otsaileko gau batean, anaiek ekipamendu inprobisatu hori probatzea erabaki zuten. Irrati emanaldirako saio bat behar zutenez, anaiek Erreinuko kantak abestu zituzten. Horien artean, Ernest Lowe izeneko anaia egon zen. Berak egun hartan gertatutakoa modu dibertigarrian deskribatu zuen. Rutherford Epailea b Brooklyn-en zegoen, 25 kilometro ingurura, bere irratitik abesti horiek entzuten. Orduan, anaiek bere deia jaso zuten.
«Utzi zarata egiteari!», esan zien txantxetan Rutherford anaiak. «Katuak ematen duzue!». Zertxobait lotsatuta, anaiek transmisorea berehala itzali zuten. Hala ere, ziur zeuden dagoeneko euren lehen irrati emanaldirako prest zeudela.
1924ko otsailaren 24an, lehen irrati emanaldi ofizialean, Rutherford anaiak WBBR irratia «Mesiasen Erreinuko interesen alde» eskaini zuen. Berak irrati horren helburua zein zen aipatu zuen: «pertsonek zer sinesten duten axola gabe, hauei bai Biblia, bai bizi garen garaiaren esanahia ulertzen laguntzea».
Lehenengo irrati emanaldiak arrakasta handia izan zuen. Orduz geroztik, Jehobaren herriak WBBR irratia 33 urtez erabili zuen irrati saioak emateko.
ERLIJIOBURUEN AURKAKO SALAKETA AUSARTA
1924ko uztailean, Biblia ikasleek biltzar bat izan zuten Columbus-en, Ohion. Biltzar horretan mundu osoko ordezkariak egon ziren, eta hitzaldiak arabieraz, ingelesez, frantsesez, alemanez, grekoz, hungarieraz, italieraz, lituanieraz, polonieraz, errusieraz, ukraineraz eta eskandinaviar hizkuntzetan entzun ahal izan zituzten. Gainera, biltzarraren atal batzuk irratiz entzun ziren. Horretaz gain, anaiek Ohio State Journal egunkariari biltzarrean egun bakoitzean hitz egin zenari buruz idazteko eskatu zioten.
Uztailaren 24an, ostegunean, biltzarrera joandako 5.000 anai-arreba baino gehiago predikatzera irten ziren. Jendearen eskuetan ia 30.000 liburu utzi eta milaka Biblia ikastaro hasi zituzten. The Watch Tower aldizkarian, egun hura «biltzarreko unerik zoriontsuena» izan zela aipatu zen.
Biltzarraren beste une nabarmen bat ostiralean izan zen. Rutherford anaiak erlijioburuen aurkako salaketa ausart bat irakurri zuen. Berak agintariak, erlijioburuak eta merkatalburuak salatu zituen «jendeari Jainkoaren Erreinuari buruzko egia ezagutzen ez uzteagatik. Izan ere, Jainkoak bide hori erabiliko du gizakiak bedeinkatzeko». Bestalde, salaketa horrek zioen moduan, gizon horiek Nazioen Ligaren alde egin zuten, eta lurrean erakunde hori Jainkoaren Erreinuaren ordezkaria zela aldarrikatu zuten. Biblia ikasleek ausartak izaten jarraitu beharko zuten mezu hori zabaltzeko.
Beranduago, aldizkari honen artikulu batek esan zuenaren arabera, Columbus-eko biltzarrak anai-arreba sutsu horien fedea sendotu zuen. Gainera, oposizioaren aurrean predikatzeko ausardia
eman zien. Leo Claus biltzar hartan egon zen, eta honakoa gogoratzen du: «Biltzarra ondoren, salaketa hori gure eremuan zabaltzeko irrikaz geunden».Urrian, Biblia ikasleak Eclesiásticos denunciados c izeneko eskuorriaren milioika ale banatzen hasi ziren. Eskuorri hori Rutherford anaiak biltzarrean aurkeztutako salaketaren paperezko bertsioa zen. Frank Johnson Oklahoma-ko Cleveland herrixkan eskuorri horiek banatzen aritu zen. Baina, bere eremua amaitu ondoren, 20 minutuz zain egon zen anai-arrebak bera jasotzera etorri arte. Herrixkako gizonak haserre bere bila zebiltzanez, Johnson anaiak ezin zuen kanpoan besterik gabe itxaron. Beraz, inguruko eliza batean ezkutatzea erabaki zuen. Eliza hutsik zegoenez, apaizaren Biblian eta eserleku bakoitzean eskuorri batzuk utzi zituen, eta ziztu bizian atera zen handik. Oraindik denbora pixkatxo bat gelditzen zitzaionez, beste bi elizetara joan eta gauza bera egin zuen.
Frank anai-arrebekin geratutako tokira azkar itzuli zen. Gasolindegi baten atzean ezkutatu zen, bere bila zebiltzan gizonak begi bistatik galdu gabe. Gizonak kotxez pasatu ziren, baina ez zuten ikusi. Gizonek alde egin ondoren, inguruan predikatzen aritu ziren anai-arrebak Frank jasotzera joan ziren eta alde egin zuten.
Bertan egon zen anaia batek honakoa gogoratzen du: «Herrixkatik ateratzen ari ginenean, hiru elizen aurretik pasatu ginen. Eliza bakoitzaren aurrean, 50 pertsona inguru zeuden. Batzuek eskuorria irakurtzen zuten bitartean, beste batzuk eskuorria apaizari erakusten ari ziren. Une egokian alde egin genuen arazotan ez sartzeko! Jehobari eskerrak eman genizkion bere babesarengatik. Berak mezua zabaltzeko eta, aldi berean, Erreinuko etsaien eskuetan ez erortzeko behar genuen jakinduria eman zigun».
BIBLIA IKASLEEK AUSARDIAZ PREDIKATU ZUTEN
Beste herrialde batzuetako Biblia ikasleek ere ausardiaz predikatu zuten. Esaterako, Frantzia iparraldean, Józef Krett-ek Poloniatik etorritako meatzariei predikatu zien. Berak, «Hildakoen berpizkundea laster izango da» izenburuko hitzaldi bat emateko antolaketak egin zituen. Anai-arrebek herriko biztanleei hitzaldira joateko gonbidapena eman zietenean, bertako apaizak ez joateko esan zien. Baina apaizak esandakoak kontrako efektua izan zuen. 5.000 pertsona baino gehiago joan ziren hitzaldia entzutera, apaiza barne! Krett anaiak, apaiza bere sinesmenak defendatzera gonbidatu zuen, baina honek ezetz esan zion. Krett anaiak eramandako argitalpen guztiak banatu zituen, jendea Jaunaren Hitza entzuteko egarri zela konturatu baitzen (Am. 8:11).
Afrikan, Claude Brown anaiak Urre Kostara, gaur egungo Ghana den herrialdera, berri onak eraman zituen. Bere hitzaldiei eta banatutako argitalpenei esker, egia oso azkar zabaldu zen herrialde hartan. John Blankson, botikari izateko ikasten ari zena, Brown anaiaren hitzaldi bat entzutera joan zen. Bera segituan konturatu zen egia aurkitu zuela. «Egiak zoriontasunez bete ninduen», gogoratzen du Johnek, «eta horri buruz guztiei hitz egin nien farmazia eskolan».
Johnek Jainkoa trinitate baten parte ez dela ikasi zuen Biblian. Beraz, behin, eliza anglikano batera joan zen bertako apaizari horri buruz galdetzera. Apaizak, sutan, honakoa esan zion garrasika: «Zu ez zara kristaua, Deabruaren jarraitzailea baizik. Ospa hemendik!».
Etxera iritsi zenean, Johnek gutun bat idatzi zion apaizari, bilera publiko batean trinitatearen
irakaspena defendatzera gonbidatuz. Apaizak Johni farmazia eskolako irakasle nagusiarengana joateko eskatu zion. Orduan, irakasleak apaizari benetan idatzi zion ala ez galdetu zion Johni.«Hala da, Jauna», erantzun zion Johnek.
Irakasleak apaizari barkamena eskatzeko exijitu zion Johni. Beraz, John honakoa idazten hasi zen:
«Jauna, nire irakasleak zuri barkamena eskatzeko eskatu dit. Eta hori egiteko prest nago, baldin eta zuk doktrina faltsuak irakasten dituzula onartzen baduzu».
Irakasleak, zur eta lur, honakoa galdetu zion Johni: «Blankson, hau al da idatzi nahi duzuna?».
«Bai, Jauna. Hau da zintzotasunez idatzi dezakedan gauza bakarra».
«Gobernuaren babesa duen apaizaren aurka hitz egiten jarraitzen baduzu, eskolatik kanporatua izango zara».
«Baina, Jauna, […] zure klaseetan ulertzen ez dugun zerbait entzuten dugunean, ez al dizugu galderarik egiten?».
«Hala da».
«Ba, Jauna, hori da gertatu zena. Apaiza Biblia irakasten ari zitzaigun eta nik galdera bat egin nion. Galdera erantzuteko gai ez bada, orduan, zergatik idatzi behar diot barkamen gutun bat?».
Azkenean, ez zuten Blankson eskolatik bota, eta berak ez zion apaizari barkamen gutunik bidali.
ETORKIZUNARI BEGIRA
Urteko jarduerak laburbilduz, aldizkari honek hurrengoa aipatu zuen: «Dabiden moduan, guk ere ondorengoa esan dezakegu: “Indarrez jantzi ninduzun gudurako” (18. Salmoa 40 [18:39, NWT]). Urte hau oso animagarria izan da, Jaunaren eskua ikusi dugulako […]. Bere zerbitzari leialok […] testigantza ematen aritu gara pozik».
Urte amaieran, anaiek irratiz gehiago predikatzeko antolaketak egin zituzten. Hori lortzeko, beste irrati bat ireki zuten Chicago inguruan. Irrati horri HITZA (ingelesez, WORD) izena jarri zioten, Jainkoaren Hitza irratiz zabalduko zelako. 5.000 watteko transmisore bat erabiliz, irrati berri horrek Erreinuaren mezua ehunka kilometrotara zabalduko zuen, baita Kanadara ere.
1925. urtean, Jehobak Biblia ikasleei Apokalipsia 12. kapituluari buruzko informazio berri eta zirraragarria ulertzen lagundu zien. Hala ere, ulermen berri honen ondorioz, batzuek Jehoba zerbitzatzeari uztea erabaki zuten. Beste batzuk, aldiz, pozik jarri ziren zeruko gertakariak hobeto ulertzeagatik, baita gertakari horiek beraiengan izango zuten eragina ezagutzeagatik ere.
a Orain Kristauon zerbitzu eta bizimodua. Lan-koadernoa.
b J. F. Rutherford, garai hartako Biblia ikasleen artean aurrea hartu zuena, «Epaile» bezala zen ezaguna. Izan ere, Betelen zerbitzatu aurretik, noizbehinka epaile berezi bezala egin zuen lan Missouri-ko zortzigarren eskualdeko epaimahaian.
c Acte d’accusation Contre le Clergé