40. IKASKETARAKO ARTIKULUA
sjj 30. KANTA Ene Jainkoa, Aita eta lagun mina
Jehobak «bihotz-hautsiak sendatzen ditu»
«Bihotz-hautsiak sendatzen ditu, haien zauriak osatzen» (SAL. 147:3).
IDEIA NAGUSIA
Jehoba asko arduratzen da zauri emozionalen erruz sufritzen ari direnez. Artikulu honetan, Jehobak gure mina nola arintzen duen aztertuko dugu, baita besteak nola kontsolatu ahal ditugun ere.
1. Nola sentitzen da Jehoba bere zerbitzariei gertatzen zaiena ikustean?
JEHOBAK bere zerbitzariei gertatzen zaien den-dena ikusten du. Badaki noiz gauden pozik eta noiz triste (Sal. 37:18, NWT). Jehoba izugarri pozten da, sentimendu mingarriei aurre egin behar izan arren, bera zerbitzatzeko gure onena ematen dugunean. Are gehiago, bera gu laguntzeko eta kontsolatzeko irrikan dago!
2. Zer egiten du Jehobak bihotza hautsita dutenen alde, eta zer egin behar dugu Jehobak gu zaintzea nahi badugu?
2 147. Salmoa 3aren arabera, Jehobak bihotz hautsien «zauriak osatzen» ditu. Aipu honetan, Jehobak emozionalki zaurituta daudenak goxo-goxo nola zaintzen dituen deskribatzen da. Baina Jehobak gu zaintzea nahi badugu, zer egin behar dugu guk? Azter dezagun adibide bat. Mediku trebe batek zaurituta dagoen norbaiti sendatzen lagundu ahal dio. Baina sendatzeko, zaurituak medikuaren aholkuak jarraitu beharko ditu. Era berean, emozionalki sendatu nahi badugu, Jehobaren aholkuak jarraitu beharko ditugu. Jehobak bere Hitza erabiltzen du emozionalki sufritzen ari direnei laguntzeko. Artikulu honetan, Jehobak hori nola egiten duen aztertuko dugu, baita bere aholku maitekorrak praktikan nola jarri ditzakegun ere.
JEHOBAK BALIOTSUAK GARELA ZIURTATZEN DIGU
3. Zergatik sentitzen dute batzuek ez dutela ezer balio?
3 Maitasunik gabeko mundu batean bizi gara eta, tamalez, pertsona askok ez dutela ezer balio sentitzen dute. Helen a izeneko arreba batek dio: «Nire gurasoak ez ziren batere maitekorrak. Nire aita biolentoa zen, eta egunero-egunero ez genuela ezertarako balio esaten zigun». Helenen antzera, agian norbaitek behin eta berriro zu kritikatu, gaizki tratatu, edo ez duzula ezer balio sentitzera eraman zaitu. Hala bada, beharbada zaila egin ahal zaizu norbait benetan zutaz arduratzen dela sinestea.
4. 34. Salmoa 19 [34:18, NWT] aipuaren arabera, zertaz egon gaitezke ziur?
4 Norbaitek gaizki tratatu bazaitu ere, ziur egon zaitezke Jehobak estimatu eta maite zaituela. Izan ere, «hurbil dago Jauna bihotz-hautsiengandik» (Irakurri 34. Salmoa 19 [34:18, NWT]). Beraz, «etsita», edo lur jota, sentitzen bazara, gogoan izan hurrengoa: Jehobak zuregan gauza onak ikusi zituen eta berarengana erakarri zintuen (Joan 6:44). Berarentzat oso baliotsua zarenez, zu laguntzeko prest dago beti.
5. Zer ikasi dezakegu Jesusek mespretxua sufritzen zuten pertsonak tratatu zituen modutik?
5 Jesusen eredua aztertzen dugunean, Jehobaren sentimenduei buruz asko ikasi dezakegu. Jesus lurrean egon zenean, oso atsegina izan zen mespretxua sufritzen zuten pertsonekin (Mat. 9:9-12). Esaterako, gaixotasun larri bat zuen emakume batek, sendatzeko esperantzarekin, Jesusen jantzia ukitu zuen. Orduan, Jesusek emakumea kontsolatu eta bere fedearengatik zoriondu egin zuen (Mar. 5:25-34). Berak modu perfektuan imitatzen du bere Aita (Joan 14:9). Beraz, ziur egon zaitezke honetaz: Jehobak asko estimatzen zaitu eta zure ezaugarri onak ikusten ditu, zure fedea eta berari diozun maitasuna barne.
6. Zer egin dezakezu ez duzula ezer balio sentitzen baduzu?
6 Zer egin dezakezu ez duzula ezer balio sentitzen baduzu? Jehobarentzat baliotsua zarela ziurtatzen duten Biblia aipuak irakurri eta horietan hausnartu b (Sal. 94:19, NWT). Gainera, ez zaitez besteekin konparatu eta ez zentratu egin ezin dituzun gauzetan. Izan ere, Jehobak ez du eman dezakeguna baino gehiago espero (Sal. 103:13, 14). Eta iraganean abusuak sufritu badituzu, gogoan izan ez dela zure errua! Gogoratu Jehobak besteak gaizki tratatzen dituztenak epaituko dituela. Tratu txar horiek jaso dituztenak, aldiz, lagundu egingo ditu (1 Ped. 3:12). Txikitan tratu txarrak sufritu zituen Sandra izeneko arreba batek dio: «Erregularki eskatzen diot laguntza Jehobari neure burua modu orekatsuan ikusi ahal izateko, berak ikusten nauen bezalaxe».
7. Nola lagundu ahal dizute izan dituzun zailtasunek Jehobaren zerbitzuan erabilgarria izaten?
7 Ez ezazu inoiz ahaztu Jehobak besteei laguntzeko erabili ahal zaituela. Berak predikazioan berarekin batera lan egiteko ohorea eman dizu (1 Ko. 3:9). Bestalde, bizitzan izan dituzun zailtasunek besteei enpatia erakusten eta nola sentitzen diren ulertzen lagundu ahal dizute. Izan ere, zuk uste baino gehiago egin dezakezu besteen alde. Aurretik aipatutako Helenek Jehobaren eta anai-arreben laguntza jaso zuen eta, orain, berak besteei lagundu ahal die. Honakoa dio: «Ez nuela ezer balio sentitzen nuen. Baina Jehobari esker, orain maitatua sentitzen naiz, eta besteei lagundu ahal diet». Helen oso pozik dago aitzindari erregular bezala zerbitzatzeaz.
JEHOBAK GUK BERE BARKAMENA ONARTZEA NAHI DU
8. Zer ziurtatzen digu Isaias 1:18ak?
8 Jehobaren zerbitzari batzuk oso gaizki sentitzen dira bataiatu aurretik edo ondoren egindako akatsengatik. Baina ez dugu ahaztu behar Jehobak bihotzez maite gaituela eta gure bekatuak barkatzeko erreskatea eman zuela. Dudarik gabe, Jehobak bere oparia onartzea nahi du. Gainera, Jehobak honakoa ziurtatzen digu: berarekin gauzak konpondu c ondoren, erabat barkatuko digula (Irakurri Isaias 1:18). Zenbat eskertzen dugun Jehobak gure bekatuak ahaztea! Ez hori bakarrik; ez ditu egin ditugun gauza onak sekula ahazten (Sal. 103:9, 12; Heb. 6:10).
9. Zergatik saiatu behar dugu arreta orainaldian eta etorkizunean jartzen, eta ez iraganean?
9 Iraganean egindako akatsengatik gaizki sentitzen bazara, saiatu orain egiten ari zaren gauzetan zentratzen, baita etorkizunean egin ahal izango dituzun gauzetan ere. Paulo apostoluak eredu bikaina jarri zigun. Bera gaizki sentitzen zen kristauak gogorki pertsegitzeagatik. Hala eta guztiz ere, bazekien Jehobak barkatu ziola (1 Tim. 1:12-15). Jarraitu al zuen iraganean egindako bekatuei bueltak ematen? Argi dago hori ez egitea erabaki zuela. Adibidez, ez zuen fariseu errespetagarri bat izatera iristeko egin zituen gauzetan pentsatzen jarraitu (Flp. 3:4-8, 13-15). Horren ordez, Paulok predikazioan bere onena eman zuen, eta bere arreta etorkizunean jarri zuen. Pauloren antzera, guk ere ezin dugu iragana aldatu. Baina orain dugun egoera Jehoba goresteko erabili ahal dugu, eta gure arreta berak promestu digun etorkizun zoragarrian jarri dezakegu.
10. Zer egin dezakegu iraganean egindakoagatik norbait mindu badugu?
10 Beharbada gaizki sentitzen zara iraganean egindakoagatik norbait mindu zenuelako. Hala bada, zer egin dezakezu? Ahal duzun guztia egin kaltea konpontzeko. Horretaz gain, zintzotasunez barkamena eskatu dezakezu (2 Ko. 7:11, NWT). Gainera, Jehobari mindu dituzunak lagundu ditzan eskatu. Izan ere, Jehobak bai zuri, bai mindu dituzunei irauten eta bakea berreskuratzen lagundu ahal dizue.
11. Zer ikasi dezakegu Jonas profetaren eredutik? (Ikusi irudia ere)
11 Bestalde, iraganeko akatsetatik ikasi eta Jehobak zu erabiltzea erabakitzen duen modua onartu. Ikusi zer gertatu zitzaion Jonas profetari. Jainkoak eskatu bezala Ninivera joan beharrean, berak kontrako norabidera ihes egin zuen. Horregatik, Jehobak diziplinatu zuen (Jns. 1:1-4; 1:15-2:1 [1:15-17, NWT]; 2:8-11 [2:7-10, NWT]). Hala ere, Jonasek bere akatsetik ikasi zuen eta, ondorioz, Jehobak profeta bezala erabiltzen jarraitu zuen. Berriro ere Ninivera joateko eskatu zion eta, oraingoan, Jonasek segituan obeditu zuen. Egia da Jonas gaizki sentitzen zela egin zuen akatsarengatik. Baina, hala ere, Jehobak eman zion eginkizuna bete egin zuen (Jns. 3:1-3).
JEHOBAK ESPIRITU SANTUA ERABILTZEN DU GU KONTSOLATZEKO
12. Zer erabiltzen du Jehobak bakea emateko trauma edo galeraren bat izan badugu? (Filipoarrei 4:6, 7)
12 Trauma edo galeraren bat sufritu badugu, Jehobak bere espiritu santua erabiliko du gu kontsolatzeko. Azter dezagun Ron eta Carolen bizipena. Zoritxarrez, bere semea suizidatu egin zen. Beraiek diote: «Gure bizitzan proba latzak sufritu genituen, baina guztien gainetik hau okerrena izan zen. Gau asko lorik egin gabe pasatzen genituenean, Jehobari otoitz egiten genion. Orduan, Filipoarrei 4:6, 7 aipuko hitzek deskribatzen duten bakea benetan sentitzen genuen» (Irakurri). Egoera latz baten ondorioz bihotza hautsita baduzu, Jehobari otoitz egin ahal diozu. Gainera, zure bihotza nahi duzun guztietan zabaldu ahal diozu eta zure otoitzak nahi bezainbeste luzatu ditzakezu (Sal. 86:3; 88:2 [88:1, NWT]). Beraz, behin eta berriro eskatu Jehobari bere espiritu santua. Berak ez ditu zure otoitzak inoiz baztertuko (Luk. 11:9-13).
13. Nola lagundu ahal digu espiritu santuak Jehoba leialki zerbitzatzen jarraitzen? (Efesoarrei 3:16)
13 Izan al duzu indarrik gabe utzi zaituen zailtasunik? Hala bada, espiritu santuak Jehoba leialki zerbitzatzen jarraitzeko indarrak eman ahal dizkizu (Irakurri Efesoarrei 3:16). Ikus dezagun zer gertatu zitzaion Flora izeneko arreba bati. Bere senarrarekin batera misiolari bezala zerbitzatzen zuen. Baina, orduan, bere senarrak adulterio egin zuen eta dibortziatu egin ziren. Florak dio: «Bere traizioak eragindako angustiak barrenak jan zizkidan. Jehobari bere espiritu santua eskatzen nion iraun ahal izateko. Jehobak kontsolatu ninduen eta, hasiera batean ezinezkoa zirudien arren, bere laguntzarekin indarrak berreskuratu nituen eta irauteko gai izan nintzen». Orain, Jehobaren laguntzari esker, Florak Berarengan konfiantza gehiago duela sentitzen du. Gainera, ziur dago edozein probaren aurrean Jehobak eutsiko diola. Florak dio: «119. Salmoa 32ko hitzak nire kasuan bete dira: “Zure aginduen bidetik lehiatuko naiz [edo jarraituko dut gogo biziz, NWT], barrua lasaitzen didazunez gero”».
14. Zer egin dezakegu Jehobaren espiritu santuak guregan eragina izateko?
14 Zer egin beharko zenuke Jehobari bere espiritu santua eskatu ondoren? Jehobaren espiritu santua jasotzea erraztuko duten gauzak egin. Horien artean, bileretara joatea eta predikatzea daude. Gainera, egunero-egunero Biblia irakurri ezazu. Hori egiteak Jainkoaren pentsamenduetan hausnartzen lagunduko dizu (Flp. 4:8, 9). Bestalde, Biblia irakurtzen duzunean, fijatu zaitez zailtasunak izan zituzten Jehobaren zerbitzariengan, eta hausnartu Jehobak irauten lagundu zien moduetan. Aurretik aipatutako Sandrak arazo asko izan zituen bere bizitzan. Berak dio: «Joseren pasarteak nire bihotza ukitu zidan. Josek zailtasun eta injustizia asko sufritu zituen. Baina ez zuen gauza horiek Jehobarekin zuen harremana ahuldu zezaten utzi» (Has. 39:21-23).
JEHOBAK ANAI-ARREBAK ERABILTZEN DITU GU KONTSOLATZEKO
15. Nortzuk kontsolatu ahal gaituzte, eta nola? (Ikusi irudia ere)
15 Sufritzen ari garenean, anai-arrebak «oso kontsolagarri[ak]» izan daitezke (Kol. 4:11). Izan ere, Jehobak anai-arrebak erabiltzen ditu gu kontsolatzeko. Nola kontsolatu ahal gaituzte? Gurekin denbora pasatuz eta gure kezkak enpatiaz entzunez. Horretaz gain, animagarria den Biblia aipu bat partekatu edo gurekin batera otoitz egin dezakete d (Erm. 15:4). Batzuetan, anaia edo arreba batek Jehobak nola pentsatzen duen gogoratzen eta, ondorioz, oreka mantentzen lagundu ahal digu. Anai-arrebek laguntza praktikoa ere eman ahal digute, esaterako, larrituta sentitzen garenean guretzat jateko zerbait prestatuz.
16. Besteen laguntza jasotzeko, zer egin beharko dugu beharbada?
16 Batzuetan besteen laguntza eskatu behar izango dugu. Gure anai-arrebek maite gaituzte eta lagundu nahi digute (Esa. 17:17). Baina beharbada ez dakite nola sentitzen garen edo zer behar dugun (Esa. 14:10). Horregatik, larrituta sentitzen bazara, lagun helduekin hitz egin. Horrela, nola sentitzen zaren azaldu eta nola lagundu ahal dizuten esan ahal diezu. Bestalde, eroso sentitzen zaren adindun bat edo birekin hitz egin dezakezu. Arreba batzuentzat beste arreba heldu batekin hitz egitea lagungarria izan da.
17. Zerk eraman ahal gaitu besteen animoa ez jasotzera, eta zer egin dezakegu?
17 Ez zaitez anai-arrebengandik isolatu. Minduta sentitzen garenean, normalean ez dugu besteekin egoteko gogorik. Izan ere, batzuetan, anai-arrebek ez gaituzte guztiz ulertzen, edo esan eta egiten dutenarekin mindu ahal gaituzte (St. 3:2). Hala ere, mantendu beraiengandik gertu, Jehobak zu animatzeko erabili ahal ditu eta. Depresioa duen Gavin izeneko adindun batek honakoa dio: «Askotan, lagunekin egotea egin nahi dudan azken gauza da». Hala eta guztiz ere, Gavinek anai-arrebekin egoteko ahaleginak egiten ditu. Bestalde, Amy izeneko arreba batek hau esaten du: «Iraganean gertatu zitzaizkidan gauzengatik, zaila egiten zait besteengan konfiantza izatea. Baina Jehobak egiten duen moduan, anai-arrebak maitatzen eta beraiengan konfiantza izaten ikasten ari naiz. Badakit hori egiteak Jehoba zoriontsu egiten duela eta, ondorioz, ni ere pozik nago».
JEHOBAREN PROMESEK KONTSOLATU AHAL GAITUZTE
18. Zer espero dugu laster gertatzea, eta zer egin dezakegu orain?
18 Laster, Jehobak min fisikoa eta emozionala sortzen diguten gauza guztiak erabat ezabatuko ditu (Ap. 21:3, 4). Orduan, sentitu dugun min guztia ez da «bihotzera itzuliko» (Is. 65:17, NWT). Artikulu honetan ikusi dugun moduan, Jehobak orain ere gure «zauriak osatzen» ditu. Beraz, aprobetxatu Jehobak zu kontsolatzeko erabiltzen dituen laguntza guztiak. Eta ez ezazu inoiz ahaztu zutaz «arduratzen» dela (1 Ped. 5:7).
sjj 7. KANTA Jehoba, gure indarra
a Izenak aldatu egin dira.
b Ikusi « Zu oso baliotsua zara Jehobarentzat» taula.
c Jehobarekin gauzak konpontzeko, damututa gaudela erakutsi behar dugu, berari barkamena eskatuz eta gure jokabidea aldatuz. Bekatu larri bat egin badugu, horretaz gain, kongregazioko adindunen laguntza ere bilatu behar dugu (St. 5:14, 15).
d Esaterako, aztertu «antsietatea» eta «kontsolamendua» gaietako aipuak Kristauon bizimodurako Biblia aipuak argitalpenean.