Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

43. IKASKETARAKO ARTIKULUA

sjj 90. KANTA Bata besteari adore eman

Nola gainditu ditzakezu zure zalantzak?

Nola gainditu ditzakezu zure zalantzak?

«Gauza guztiez ziurtatu» (1 TES. 5:21, NWT).

IDEIA NAGUSIA

Zalantza batzuek Jehobaren zerbitzuan eragina izan dezakete. Nola gainditu ditzakegu zalantza horiek?

1, 2. a) Zer zalantza izan ditzakegu Jehobaren zerbitzariok? b) Zer aztertuko dugu artikulu honetan?

 ADIN guztietako pertsonek zalantzak a izan dituzte noizean behin. Adibidez, demagun Lekuko gazte batek Jehoba berataz arduratzen ote den galdetzen diola bere buruari. Ondorioz, bataiatzeko zalantzak ditu. Pentsa dezagun beste egoera batean. Anaia batek, gaztea zenean, diru asko irabazi ordez, Jehobaren zerbitzuari lehentasuna ematea erabaki zuen. Baina urteak pasa dira, eta orain bere familia zaintzeko justu xamar dabil. Ondorioz, gaztea zenean erabaki zuzena hartu ote zuen galdetzen dio bere buruari. Azkenik, imajinatu dezagun adineko arreba bat. Desanimatuta sentitzen da, orain ezin duelako lehen bezainbeste egin. Agian gu noizbait antzera sentitu gara, eta hurrengo zalantzak izan ditugu: «Arduratzen ote da Jehoba nitaz? Merezi izan ote dute Jehobaren alde egin ditudan sakrifizioek? Oraindik erabilgarria ote naiz Jehobarentzat?».

2 Horiek bezalako zalantzak argitzen ez baditugu, Jehobarengan fedea galdu dezakegu, edota bera zerbitzatzeari utzi ahal diogu. Beraz, artikulu honetan Biblia printzipioek hurrengo zalantzak gainditzen nola lagundu ahal diguten ikusiko dugu: 1) Jehoba gutaz arduratzen ote den, 2) iraganean hartutako erabakiak onak izan ote ziren, eta 3) oraindik erabilgarriak ote garen Jehobarentzat.

NOLA GAINDITU DITZAKEZU ZURE ZALANTZAK?

3. Zein da gure zalantzak gainditzeko modu bat?

3 Gure zalantzak gainditzeko modu bat gure galderen erantzuna Jainkoaren Hitzean bilatzea da. Hori egiten badugu, gure fedea eta Jehobarekin dugun adiskidetasuna sendotu egingo dira eta, ondorioz, errazagoa egingo zaigu sendo irautea (1 Ko. 16:13).

4. Zer egin behar dugu «gauza guztiez ziurta[tzeko]»? (1 Tesalonikarrei 5:21, NWT)

4 Irakurri 1 Tesalonikarrei 5:21, NWT b. Bibliak «gauza guztiez ziurtatu» behar dugula gogorarazten digu. Nola egin dezakegu hori? Zerbaitetaz ziur ez gaudenean, Bibliak gai horren inguruan zer dioen aztertuz. Bueltatu gaitezen lehen aipatutako gaztearen kasura. Berak Jehoba berataz arduratzen ote den zalantzan jartzen du. Baina onartu beharko al luke besterik gabe hori horrela dela? Ez. «Gauza guztiez ziurtatu» beharko luke, gai horren inguruan Jehobak zer pentsatzen duen aztertuz.

5. Gai baten inguruan zalantza bat dugunean, nola «entzun» dezakegu Jehobaren erantzuna?

5 Biblia irakurtzen dugunean, nolabait esateko, Jehobaren ahotsa «entzun» dezakegu. Baina, noski, gai baten inguruan Jehobaren erantzuna jasotzeko, Biblia irakurri baino gehiago egin beharko dugu. Gai horri buruzko Biblia aipuak bilatu eta aztertu behar ditugu. Ikerketa hori egiteko, gure argitalpenak erabili ditzakegu (Esa. 2:3-6). Gainera, Jehobari otoitz egin ahal diogu, gure galderaren erantzuna bilatzeko gida eskatuz. Ondoren, gure egoeran lagunduko diguten Biblia printzipioak eta informazioa bilatu ditzakegu. Horretaz gain, gure antzeko egoera izan zuten Biblia pertsonaien ereduak aztertzeak ere asko lagunduko digu.

6. Nola laguntzen digute bilerek gure zalantzak gainditzen?

6 Bileretan ere Jehobaren ahotsa «entzun» dezakegu. Bileretara erregularki joaten garenean, hitzaldi edo komentario baten bidez, gure zalantza gainditzeko justu behar duguna entzun dezakegu (Esa. 27:17). Azter dezagun orain nola gainditu ditzakegun zalantza zehatz batzuk.

ARDURATZEN OTE DA JEHOBA NITAZ?

7. Zer galdetu ahal diogu geure buruari?

7 «Ba al daki Jehobak existitzen naizela?». Agian noizbait antzeko zerbait galdetu izan diozu zeure buruari. Ezer gutxi balio duzula uste baduzu, unibertsoko Sortzailearen laguna izatea ezinezkoa dela pentsatuko duzu beharbada. Baliteke Dabid Erregeak ere antzeko zerbait pentsatu izana. Bere ustez, harrigarria zen Jehoba gizaki xumeez arduratzea. Berak honakoa galdetu zuen: «Jauna, zer da gizakia, zu hartaz arduratzeko, zer gizasemea, zuk harengan pentsatzeko?» (Sal. 144:3). Nora jo dezakegu galdera hori erantzuteko?

8. ​1 Samuel 16:6, 7, 10-12 pasartearen arabera, zer da Jehobak pertsonengan ikusten duena?

8 Bibliak honakoa irakasten digu: Jehoba arduratu egiten dela jendearentzat garrantzitsuak ez diren pertsonetaz. Jehobak Saul ondoren erregea izango zena aukeratu nahi zuen. Horretarako, Samueli Jeseren etxera joateko esan zion, bere semeetako bat gantzutzeko. Jesek, bere zortzi semeak aurkeztu zizkion Samueli, bat izan ezik, Dabid, gazteena. c Baina Jehobak Dabid aukeratu zuen (Irakurri 1 Samuel 16:6, 7, 10-12). Zergatik? Jehobak Dabid benetan nor zen ikusi zuelako. Berak bazekien Dabidek gauza espiritualak asko estimatzen zituela.

9. Zergatik egon zaitezke ziur Jehoba zutaz arduratzen dela? (Ikusi irudia ere)

9 Jehobak dagoeneko zugan arreta jarri du. Zergatik dakigu hori? Zure egoerarako aholkurik onena ematen dizulako (Sal. 32:8). Horrek ondo ezagutzen zaituela erakusten du (Sal. 139:1). Jehobaren aholkuak praktikan jartzean emaitza onak jasotzen dituzula ikusiko duzu eta, ondorioz, argi geratuko zaizu Jehoba zutaz arduratzen dela (1 Kro. 28:9; Eg. 17:26, 27). Bestalde, Jehobak zure ahaleginak ikusten ditu, baita zure ezaugarri onak ere. Horregatik, zuregana hurbildu nahi du (Jer. 17:10). Eta oso pozik jartzen da bere laguna izan nahi duzula ikusten duenean (1 Joan 4:19).

«[Jehobaren] bila ibiltzen bazara, utziko dizu bera aurkitzen» (1 Kro. 28:9) (Ikusi 9. paragrafoa) d


ERABAKI ONAK HARTU OTE NITUEN IRAGANEAN?

10. Iraganean hartu genituen erabakietan pentsatzean, zer zalantza izan ditzakegu?

10 Denbora aurrera doala, norbait zalantzan jartzen hasi daiteke iraganean hartu zituen erabaki batzuk onak izan ote ziren. Jehoba gehiago zerbitzatzeko, agian lan on bat edo negozio arrakastatsu bat baztertu zuen. Baina urteak pasa dira, beharbada hamarkadak, eta iraganean erabaki ezberdin bat hartu zutenak orain eroso bizi direla ikusten du. Ondorioz, honakoa galdetu ahal dio bere buruari: «Merezi izan al dute Jehobaren alde egin nituen sakrifizioek? Edo, gehiago lan egin izan banu, orain agian erosoago biziko al nintzen?».

11. Zergatik zegoen desanimatuta 73. Salmoaren idazlea?

11 Antzeko galderak badituzu, 73. Salmoaren idazlea nola sentitu zen aztertu dezakezu. Bere garaian, Jehoba zerbitzatzen ez zutenek osasunaz, eta bizimodu oparo eta erosoaz gozatzen zutela zirudien (Sal. 73:3-5, 12). Salmogileak pertsona horiek itxuraz arrakasta zutela ikustean, Jehoba zerbitzatzeko egin zituen ahaleginek ez zutela merezi pentsatu zuen. Ondorioz, oso desanimatuta sentitu zen (Sal. 73:13, 14). Zer egin zuen sentimendu negatibo horiei aurre egiteko?

12. ​73. Salmoa 16-18​aren arabera, zerk lagundu zion salmogileari pentsamendu negatiboei aurre egiten?

12 Irakurri 73. Salmoa 16-18. Salmogilea Jehobaren santutegira joan zen, eta bertan argi pentsatu ahal izan zuen. Jehoba zerbitzatzen ez zuten batzuek bizimodu erosoaz gozatu arren, esperantzarik ez zutela ulertu zuen. Ondorioz, salmogileak barne bakea berreskuratu zuen, gauza espiritualei lehentasuna ematea erabakirik onena zela konturatu baitzen. Eta horrek Jehoba zerbitzatzen jarraitzeko indarrak eman zizkion (Sal. 73:23-28).

13. Iraganean hartutako erabaki batzuengatik zalantzak badituzu, zer egin dezakezu barne bakea izateko? (Ikusi irudia ere)

13 Jainkoaren Hitzaren laguntzarekin, zuk ere antzeko barne bakea izan dezakezu. Nola? Dituzun gauzetan, horien artean Jehobaren aprobazioan, arreta jarriz. Eta konparatu Jehoba zerbitzatzen ez dutenek dituzten gauzekin. Izan ere, pertsona horiek esperantzarik ez dutenez, askorentzat bizimodu erosoa izatea gauzarik garrantzitsuena da. Jehobak zuri, aldiz, etorkizunean gauza zoragarri asko jasoko dituzula promestu dizu. Zure etorkizuna orain imajinatu dezakezuna baino hobea izango da! (Sal. 145:16, NWT). Gainera, pentsatu honetan: Ezin duzu ziurtasun osoz jakin nolakoa izango zen zure bizitza orain, beste erabaki batzuk hartu izan bazenitu. Baina gauza bat ziurra da: Jehoba eta lagun hurkoa maite dituzulako hartzen dituzun erabakiek beti emaitza onenak ekarriko dituzte.

Imajinatu zeure burua paradisuan (Ikusi 13. paragrafoa) e


ORAINDIK ERABILGARRIA OTE NAIZ JEHOBARENTZAT?

14. Zein egoerari egin behar diote aurre batzuek, eta zer galdetu ahal diote euren buruari?

14 Jehobaren zerbitzari batzuek, adinagatik, osasun arazo batengatik edo desgaitasun fisiko batengatik, ezin dute nahi bezainbeste egin. Horregatik, Jehobarentzat ez direla inportanteak sentitu dezakete. Honakoa galdetu ahal diote euren buruari: «Oraindik erabilgarria izango ote naiz Jehobarentzat?».

15. Zertaz zegoen ziur 71. Salmoaren idazlea?

15 71. Salmoaren idazleak ere antzeko kezkak zituela adierazi zuen. Berak honakoa eskatu zuen otoitzean: «Ez eskutik utzi indarrak ahuldu zaizkidanean» (Sal. 71:9, 18). Hala ere, salmogilea ziur zegoen, Jehoba leialki zerbitzatzen bazuen, Berak gidatu eta lagunduko zuela. Salmogilea hurrengoaz ere konturatu zen: Jehoba oso pozik jartzen dela bere zerbitzariek, mugak izan arren, bera zerbitzatzeko ahal duten guztia egiten dutenean (Sal. 37:23-25).

16. Zer gauza egin ditzakete adineko anai-arrebek Jehobarentzat erabilgarriak izateko? (92. Salmoa 13-16 [92:12-15, NWT])

16 Adinekoa bazara, saiatu zure egoera Jehobaren ikuspuntutik ikusten. Osasun arazoak izan arren, berak espiritualki irauten lagundu ahal dizu (Irakurri 92. Salmoa 13-16 [92:12-15, NWT]). Egiteko gai ez zaren gauzetan arreta jarri beharrean, saiatu egin ditzakezun gauzetan zentratzen. Adibidez, zure eredu onarekin eta interes pertsonala erakutsiz, besteak sendotu ditzakezu. Bestalde, urtetan zehar Jehobak eman dizun laguntzari buruz hitz egin dezakezu, baita Jehobaren promesetan duzun esperantza biziari buruz ere. Eta ez inoiz ahaztu zure otoitzek eragin handia izan dezaketela besteengan (1 Ped. 3:12). Zein egoera dugun axola gabe, guztiok egin dezakegu zerbait Jehobaren eta besteen alde.

17. Zergatik ez ginateke besteekin konparatu beharko?

17 Hala ere, agian oraindik desanimatuta sentitzen zara ezin duzulako Jehobaren zerbitzuan nahi bezainbeste egin. Hala bada, ziur egon Jehobak asko estimatzen duela bere alde egiten duzun guztia. Eta ez zaitez besteekin konparatu! Zergatik? Jehobak ez zaituelako besteekin konparatzen (Gal. 6:4). Adibidez, Mariak usain goxoko olio oso garesti bat eman zion Jesusi (Joan 12:3-5). Alargun behartsuak, aldiz, tenpluko altxor ontzietan balio gutxiko bi txanpon txiki baino ez zituen bota (Luk. 21:1-4). Baina Jesusek ez zituen bi emakume horiek konparatu. Alderantziz, bai Mariak, bai alargun behartsuak fedea erakutsi zutela ikusi zuen. Jesusek modu perfektuan imitatu zuen bere Aita. Beraz, ziur egon gaitezke Jehobak zure fedeak eta maitasunak bultzatuta egiten duzun guztia ikusten duela. Are gehiago, egiten dugun guztia asko estimatzen du, guri gutxi dela iruditu arren.

18. Zerk lagunduko dizu zure zalantzak gainditzen? (Ikusi «Jainkoaren Hitzak zure zalantzak gainditzen lagundu ahal dizu» taula ere)

18 Guztiok izaten ditugu zalantzak batzuetan. Baina ikusi dugun moduan, Bibliak gure zalantzak gainditzen lagundu ahal digu. Beraz, ahal duzun guztia egin zure zalantzak argitzeko. Horrela, kezkatuta egon beharrean, konfiantzaz beteko zara. Gogoratu Jehobak pertsonalki ezagutzen zaituela. Bestalde, bere alde egin dituzun sakrifizio guztiak estimatzen ditu eta zu bedeinkatzeko nahia du. Gainera, ziur egon zaitezke Jehobak bere zerbitzari leial guztiak maite eta zaintzen dituela.

sjj 111. KANTA Zer-nolako poza dugun!

a ZER ESAN NAHI DU?: Zalantza batzuek Jehobarentzat baliotsuak ote garen edo iraganean hartu genituen erabakiak onak izan ote ziren pentsatzera eraman gaitzakete. Horiek dira artikulu honetan aztertuko ditugun zalantzak. Ez dugu Jehobarengan eta bere promesetan dugun fedea ahultzen duten zalantzez hitz egingo.

b 1 Tesalonikarrei 5:21, NWT: «Gauza guztiez ziurtatu; eutsi tinko on denari».

c Bibliak ez du zehazten zer adin zuen Dabidek Jehobak aukeratu zuenean. Hala ere, baliteke oraindik adoleszentea izatea (Ikusi aldizkari honetako 2011​ko irailaren 1​eko alea, 29. or., 2. para.).

d IRUDIAREN AZALPENA: Lekuko gazte batek Bibliara jotzen du aholku bila Jehobak zer pentsatzen duen jakiteko.

e IRUDIAREN AZALPENA: Anaia bat kristal garbitzaile bezala ari da lanean bere familia mantentzeko. Lan egiten ari dela, bere burua paradisuan imajinatzen du.